Lurrak okupatu eta bizimodu alternatiboa eraiki dute Bretainian, aireportu bati aurre egiteko
Naoned ondoan Frantziako Gobernuak onartu duen aireportuaren aurkakoek mobilizazioekin jarraitzen dute, Bretainian. Proiektuari kontra egiteko, ekintzaile eta inguruko herritarrek hala eskatuta, 2009an eremuan bertan bizitzen jarri ziren ehunka pertsona. ZAD izendatu zuten herria, Zone A Defedre edo Defendatu Beharreko Gunea. Ordutik, ia basoan bertan, sistema kapitalistarekin zerikusirik ez duen alternatiba eraikitzen aritu dira Hexagono osotik gerturatutako herritarrak. Hala ere, 2012aren amaieratik, hainbat aldiz izan dira istiluak poliziarekin, eta zadistek Larzac-eko espiritua esnarazi nahi dute.
Urrian 1.200 polizia unitate joan ziren ZADera eta hiru urtetan eraikitako komunitatea ordu gutxitan eraitsi zuten. Zera adierazi zuen Barne ministroaren ordezkari Patrick Lapouzek:
Mugimendua amaitu da, bi urtez legerik gabeko eremua izan da. Ni ezin naiz bertara joan poliziaren babesik gabe, eta joaten naizenean harriak botatzen dizkidate autoan nagoela (…) Bertara itzultzea debekatuko diegu, eta ukuilu batean sartuta 150 bakarrik geratzen direnean, ez dute askorik iraungo.
Baina bertan diraute. Joan den azaroan Asterix Operazioa izenpean, lurrak berriz okupatu zituzten herritarrek, hemen azpiko bideoan ikus daitekeenez. Ikusi mobilizazioetan parte hartzen dutenak adin guztietakoak direla.
Eta ondoren polizia etorri zen berriro.
Eta handik egun batzuetara, berriz okupatu zituzten lurrak. Eta gero polizia etorri zen berriro. Eta berriz ere okupazioa. Eta hala diraute ordutik. Borrokan.
Aspaldiko kontuak
Naoned hiriarentzat bigarren aireportuaren proiektu hau –dagoeneko bai baitu beste aireportu bat– ez da berria. Orain ia 40 urte aurkeztu zuten, baina honengatik edo hargatik, ez da sekula aurrera eraman, orain urte batzuk berriz ere kaxoitik atera eta behin betiko egitea deliberatu zuten arte.
Baina ZAD izenez bataiatutako eremu honetan bizitzak aurrera darrai, eta bizimodu alternatiboa eraikitzeko gai izan dira herritarrak: artzaintza, okindegi organikoak, konponketa tailerrak, baserriak, sukalde komunitarioak, mikro-garagardotegia, liburutegi mugikorra, Radio Klaxon irrati librea… Aurrean ordea, ez dute edonolako arerioa: munduko eraikuntza enpresarik handienetakoa den Vinci, Parisen baimena eta dirua izango duena. Beren webgunean irakur daitekeenez, 183.000 langileko munstroa da, 100 bat herrialdetan lanak dituena. Rural Rebels and Useless Airports erreportajean nabarmendu dutenez, multinazional honek eginak ditu zentral nuklearrak, uranio ustiategiak Afrikan, petrolioa garraiatzeko hodiak, autopistak, aparkalekuak eta bestelako egitura handiak ere.
Larzac berri bat sortzera arriskatuko al da Hollanden Gobernua, orain proiektuaren aurkako mobilizazioa indarra hartzen ari denean? Bretainian proiektu handien aurkako mugimenduak badu sustrairik, Plogoff zentral nuklearraren aurkako borroka historikoa lurralde zeltiar hauetan eraman zuten aurrera, eta gaian interesa duenak, jakin Eguzki Bideoak kolektiboak dokumentala euskaratuta banatzen duela.
Euskal Herrian ere izan da ZADen mobilizatu direnekin elkartasun adierazpenik. Bizi! mugimendu altermundialistako kideek beren elkartasuna adierazi izan diete hainbat ekintzaren bitartez.
Frantziako Lehen Ministroak ordea, aurrera egingo dutela adierazi du.
Eta amaitzeko, argazki erreportaje bat youtubeko bideo honetan.
10:00 minututik aurrera poliziarekin aurrez aurre dauden gazteek botatzen dituztenak dituzue hemen azpian. Pello Zubiriaren itzulpena.
“Eh, hi, Flic [polizia frantsesa kale hizkeran, pikolo, madero edo zipaio moduan]… Ez haiz txorimalo bat, hi ere gizona haiz. Pentsatu al duk? Nahi duk elkarrekin pentsatzea? Utz ezak ezkutu hori lurrean, goazen pentsatzera.
Noren interesak babesten dituk, Flic? Zer duk erokeria hau? Zer duk mundua? Zer egin behar dugu? Iritsi baita zer egin behar dugun galdetzeko garaia. Zer egin behar dugun… eta elkarrekin. Ez batzuek besteen kontra baizik batzuek eta besteek elkarrekin.
Hi, Flic! Haurrekin paseatzera hoan hurrengo aldian, hitz egin iezaiek loreez, landareez, biziaren ederraz…
Bizi dena zaindu behar dugu, naturak biziarazten gaitu.
Bitxia duk zuen lanbidea, egia esan ez diat ulertzen etxeratutakoan nola lortzen duzuen lo egitea…
Non zagok ondo egindako lanaren plazerra? Ez dakik? Teilatua egin duen zurgina pozik duk egunaren akaberan. Laborariak jendea elikatzen dik, hura ere pozik duk. Hik zer egiten duk?
Noren interesak babesten dituk, Flic? Ez duk ulertu mekanismoa?”
[Besteak hasten dira CRSak lotsarazteko kontsigna ahoskatzen].
Informazio gehiago:
ZADeko borrokaz bideo bilduma YouTuben.
Rue 89: L’aéroport de Notre-Dame-des-Landes, projet inutile ou mégalo?
Le Grand Soir: Notre-Dame-des-Landes : un projet de 1967 pour répondre aux défis de notre temps
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks