Hasiera »
Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio
Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Wole Soyinka-ren jende alaia
2021-12-12 // bAst // Iruzkinik ez
Wole Soyinka-ren jende alaia
Seasons of anomy (la estación del caos/une saison d’anomie) liburutik:
[Anabasa garaiak]
Ahime makurtu egin zen semeordearengana eta xuxurlatu zion:
-Mintzatu natzaizun garai hartan ez zegoen ehiztari-klanik jatorrizko komunitatean. Oinarrizko produktua arraina zen. Eta gure Fundatzaileak galdera hau egin zuen: “Nola babestuko gara esklabu-trafikatzaileak berriro agertzen badira?” Zuk galdetu zenuen zein zen gure erlijioa, eta nik erantzun nizun, egiaz bakar bat ere ez. Baina gure artean leku berezi bat ematen diogu Ogun-i. Zuk ikusi duzu gure ola martxan. Begira arma horiei: herrialde guztitik heltzen dira onenen bila.
Historia-kiratsa zerion urmaelari. Esklabuak, urrea, petrolioa. Gerra zaharrak. Buruhezur itsuak, odola, izerdia eta hezurrak, agonia zetzan itsaso-zolan, betirako isilduriko oihuak nahasturik lohi beltzarekin. Nonahiko indar iraganekoak.
Bere aulki hutsari begira, mintzen zuen gauza bakarra zen pentsamendu haiek ez zirela bereak, eta are gutxiago hitzak. Batoki-ren eta honen inguru arrunt eta zaratatsuaren krimena are izugarriagoa egiten zen, handiagoa neurriz, gogo sentiberak berariaz ustelduta, leialtasun gatibu zentzugabeak sortuta, ahaidetasun edo interes … loturek menderatutako pertsonetan. Mehatxuen eskalan, agintedun boterearen ustel sakon hura zen gehien nabarmentzen zena, egun argiz egindako lapurreta eta sarraskiak baino gehiago.
-Utz nazazu hortik kanpo. Nik ez nekien deus ere eta ez dut jakin nahi deus ere.
-Bai, susmatu zenuen. Eta behin baino gehiagotan. Baina lagundu zenuen. Gogoratzen Iriyisek hemen antzeztu zuenekoa? Begiratu, hemen, oihan isolamendu honetan, tribu berri bat sortu zen, langileen tribua, ahal tribal esklusibista luzatzen zutenen tentakulu pozoitsuetatik urruti. Ikusten duzu nola izan zen posible hemen erakunde berriak sortzea, hirietako diru-gose disidentea ere sar ez zedin eran?
Gogora etorri zitzaizkion Ahime-ren hitzak: “Lurrak ematen duenetik bizi gara, ibaiak ematen duenetik ditugu urak; nolabait tratatzen baditugu, helduko da eguna haien beharra izanen duguna eta haiek gu arbuiatuko gaituztena. Elikagaia sakratua da…”.
-Sayi tenientea naiz.
Ofeyi hasi zen azaltzen gaizki-ulerturen bat izango zela, baina gizonak tristeziaz egin zuen irribarre:
-Bai, badakit zuk Magari kapitaina ikustea eskatu duzula. Sentitzen dut hil egin dela esatea. Orain hiru urte hil zuten aireportuan, , armadako mutil batzuek zibil batzuei tiro egitea galarazi nahirik zebilenean. Jakin badakit, goardiak esanda, zuek kapitainaren lagunak zaretela…
-Bai…
Liburuaren gaia
Konpositore gazte bat da Ofeyi eta honen abestiak, liluragarri eta sarkorrak dira, herrialdea menderatzen duen korporazio batentzat egiten dituen arren. Iriyise du neskalaguna, jazz abeslaria. Aiyéró eskualdea txist gustatu zaie eta hedatu egin nahi dute hango bizimodua herrialde osora. Historiatik aldendua dago Aiyéró. Udaberri baten ordez anabasaren sasoia helduko da. Ofeyik bere maitea galduko du… eta haren bila joango da herrialdi suntsituan zehar.
(liburuaren kontrazala)
Wole Soyinka Britannica
Soyinka (munduko jenderik alaienari buruzko kronikak)
Wole Soyinkak ia berrogeita hamar urte eman ditu nobelarik publikatu gabe. The Interpreters [Interpreteak] (1964) eta The Season of Anomy [Anabasa garaiak] (1972) nobelen ondotik The Chronicles of the Happiest People on Earth [Munduko jenderik alaienari buruzko kronikak] du bere libururik berriena. Bostehun orrialdeko lana. Antzerkia eta poesia izan ditu generorik landuenak, baina orain egina du eleberri mamitsua.
Hemen argitaratzaileak liburuaz dioena:
“Wole Soyinka bere sustraietara itzuli da: ipuin kontaketara. Eta prosako fikziozko azken lana egin eta ia 40 urte igaro direla pentsatuta, Wole Soyinkak nobela honekin frogatzen du ipuinak kontatzeko indarrik ez duela galdu! Nobela honek dena lortu du: adiskidetasuna eta traizioa; itxaropena eta zinismoa; hilketa; dramarik ez da falta, dena Nigeria garaikidea atzeko planoan kokatuta. Soyinka baten lanetik espero zenezakeen moduan, pertsonaia koloretsu ugari ditu, ikuspegi sakonak, iruzkin burutsuak eta hizkuntza dotoreena! Soyinka adituaren eskuetan, itxuraz desberdinak diren hariak ehuntzen dira. “Lurreko jenderik alaienaren kronikak” irakurketa bikaina eta eztabaidaezina da hasieratik bukaeraraino. ”
Interpreteak [Wole Soyinka]
Rwanda bihotz-minez
2021-12-05 // bAst // Iruzkinik ez
Rwanda bihotz-minez
Liburuan datorren Rwandako mapa
Gisenyi-Butare
Bagoaz airean doan autobus handian mundutik Kigalirantz. Han behean, gure azpian, mila muino, bananadi, etxebizitza biribilak misteriopean babesten, auzo eta baserri, erreka uher, zein ez dakizun bat-batekoan erreka diren ala bide diren.
Noranzko erreka, urruti baita itsasoa, esker eskuin ipar ala hego. Urruti. Bizi behar bitartean. Gu bezala, noraezean.
Irudiko luke, lurrak, amilka Kilimanjarotik behera bertan eusteko hezurrik ez eta, lokatzadi ikaragarrietan bildu zirela. Hori dela mila muinoko Rwanda.
Lur hartua dugu. Bagoaz aterantz; gorputza mailadirantz ateratzean, a zer bafada, lurrun, usain, asfalto eta galipot, banana ustel, haize hego, giza izerdi… Bizitza da eromen. Bafada. Harrapatu zaitu Afrikak betirako. Herio eta bizi, lurrun eta usaimen, ez zaitu askatuko. Kigaliko uholdeen arroilak, auzo intimoen ezkutu ezin ukituak… Dena publiko dirudien eta ia dena ezkutu, misterio eta magia den. […]
Ruhengeri- Kagitumba
[…] Bidea hobeto hartzeko, jaits gaitezen berriro mendi honen oinetaraino, eta gero, asfaltatutako bidean gora eta gora; gero azkar batean behera. Han, jaisterakoan txori ikuspegitik begiratu duguna, zoko batean ezkutatzen zaigu: Nemba, parrokia, ertain mailako ikastetxea eta batez ere erietxea, zabala eta handia, egoki hornitua, sendagileentzat etxe erosoekin. Han ezagutu ditut Medicus Mundi erakundeko zenbait sendagile euskaldun, bizkaitar eta nafar. Zenbat lan, zenbat ardura erietxea eta zerbitzuak, sendagileentzat etxetxoak, horniketa guztiak taxuz eratzeko; mendi ikaragarri haietako ezkutalekuak beldurgarriak ere bai… Gerrateetan iskiludunen pasaleku, zenbat bekaizkeria sortu ere… Eta zenbat negar, dena hustua eta txikitua izan delako, hutsetik berriro hasi behar denean. Medicus Mundi, Iruñako Miguel Angel Argal apaizak asmatutako egintzak han jarraitzen du. Noiz ikusi duzu hainbeste ikusia duen sendagile bat negarrez? Ba, hortxe, hor ikusi dut sendagile euskaldun bat negarrez. Diru asko jarria du Medicus Mundik eredugarria eta oso beharrezko den erietxe honetan. Behin eta berriz desegin du gerrak. Tinko eusten diote; gaur egun administratzailea ez ez beste guztiak bertakoak dira. Baina suntsipenak baino gehiago bestelako gertaera lazgarriak eragin zuen nire adiskidearen negarra. Gerra zen. Iheslari pila zegoen kanpaleku batean, minez eta gorrotoz. Alde guztietakoak zaintzen ziren Nembako erietxean. Itolarria zen lana. Hartua zuten borrokan elbarritutako gizaseme bat. Hor dator, militarren jeep bat haren bila. Beraiek artatuko dutela eta uzteko,. Bai eta utzi ere elbarriaren taldekoak zirelakoan. Haiek, hartu eta iheslarien kanpalekura eraman zuten:
-Ez zenuten bada “etsai” bat- beste izen bat erabili zuten haiek- nahi? Hara hemen bada, bat.
Emakumeen erakusleihoa
[…] Erakusleiho honetan deskribatzen dizkizudan emakumeak, ez dira epika heroiko ikaragarri baten jabe. Hori bai, nik Rwandan bizi izan dudan une tragikoari dagokionez, emakume horietako gehienen azkena tragikoa izan da. Denak ezagutu ditut oso gertutik. Denak maite. Errespetuak pasioari eusten dion moduan, baina, zirrara puntu batez zeinek ematen dion maitasun garbi horri gozotasuna. Hori bera da nik orrialde hauekin eman nahi nizuekeena.
Rwanda bihotz-minez liburuaren azala
Nor haugu hi, kalekume?
Bai, mutil, nor haugu? Gaur goizean Nkuriyingoma, hire hezitzaile berria, hi baino hamahiru urte zaharragoa, hiragana hurbildu denean, ukabila erakutsiz zera esan diok:
-Ni ez naik ezagutzen; ba kontuz nirekin, bestela ukabil honekintxe zartako bat eman eta txiki-txiki egingo haut.
Gero Nkuriyingomak, erdi burlati erdi izuti, guri kontatu ziguk zer jarrera hartu behar duen galdetuko balu bezala.
[…]
Basotik gatoz
[…]
Gau barrandari, sator eta belarri-tente, zure paperen behatzaile, faxak, internetak, labezomorro lanetan zuk uste ez duzun zirrikituetatik sartuko zaizu eta kontrolatuko. Gero, susmo gaiztoa, zurrumurrua, “harcèlement”, zirikatzea eta jazarpena erabiliko du zure atzetik eta zure aurrean ere bai sarri. Eta txikitu egingo zaitu; “resilience” ikaragarri batez hornitua ez bazaude behintzat. Zuk, zakur menderatu eta apaldua bezala, isilera, lubakira, basamortura ihesi joateko larrian, mahaitik jaikiko zarenean, eskuak dardara platerak erori eta bere aurrean baldar puskatu egingo zaizkizu. “Ave, Caesar imperator” izango da plater horiek haur nerabe bazina bezala erortzen utzi eta puskatzean zure barrenean sortuko duten musika.
Ipuin
Kaiman bilakatu zen gizona
Bazen behin, Kanakuze izeneko neska eder bat. Hiri nagusiaren inguruko herrixka batean bizi zen. Gizaseme askok egiten zuen Kanakuze emaztetzat hartzeko amets. Kanakuze berriz, bere buruan zerabilenak garbi, eder, gizen eta lanean saiatua behar zuen. Eta familiarekiko zuhurra, zaindua eta begiratua.
Bazen gizaseme bat gau eta egun Kanakuze bere emazte izan zedin erreguka zebilkiona. Bahati zuen hark izena.
Egun batez, joan zen Bahati azti petrikilo eta sendatzaile Sengoga izeneko batengana. Kanakuze bere amodioan jauzteko sendagai edabe bat behar zuen, hau da, sendagai lilurakor bat. […]
Gehigarriak
Ahoskera
Hasteko, kinyarwandari buruz bi hitz. Kinyarwanda deitzen da Rwandako hizkera. Bantu familiako hizkera da. Rwandan, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean eta Ugandako hegoaldean zabaldua. Burundi eta Tanzania mendebaldeko kirundiarekin ulergarria gertatzen da.
Oro har, ahoskera euskaratik nahiko gertu dago: bost bokalak, adibidez, oso argiak dira: a, e, i, o eta u. Euskal hizkeran bezala ahoska daitezke inolako beldurrik gabe.
[…]
***
Iokin Otaegi Aritz Loiola/argazki press
Iokin Otaegi (1930) irakaslea, udako esperientzia baten ondoren, 1988aren hasieran Rwandara abiatu zen Gisenyi ondoko arte eskola bateko zuzendari izateko. Gerratea zela eta, 1994an ebakuatua izan zen, 1995. urteko hondarretan Rwandara itzuliz. Eta 2002. urteko irailean amaitutzat eman zuen bere profesional ibilbidea.
Marrazkilaria: Kofi Kankolongo
Kofi Kankolongo 1954. urteko uztailean Kinshasan (Kongo Errepublika Demokratikoa) jaioa da. Kinshasako Arte Ederretako goi tituluaren jabe egin zen 1979an. Rwandan Nyundoko Arteskolako irakasle da. Bere artista lanek eremu zabala harrapatzen dute: zeramika, eskultura, akuarela, pintura, dekorazioa… Etenik gabe dihardu margogintza, eskultura eta zeramika lanetan; eta sarri agertzen dira bere erakusketak Laku Handietako areto kulturaletan, batez ere Rwandan, han bizi baita. [liburu hegaletik ateratako informazioa]
****
Iokin Otaegiren hilberria Felix Ibargutxi kazetari fin prestu estimatuak honela eman zuen El Diario Vasco egunkarian, 2018ko uztailean:
Kofi Kankolongo eta Iokin Otaegi. / GORKA SALMERON
Iokin Otaegi, salletar emankorra
Gipuzkoako hainbat ikastetxetan jardun ostean Rwandara egin zuen, eta hango bizipenekin ‘Rwanda bihotz-minez’ liburua idatzi
FELIX IBARGUTXI Martes, 10 julio 2018, 09:53
Lehengo larunbatean, uztailak 7, Iokin Otaegi hil zen, Euskal Herriak eman duen salletar emankorrenetako bat. Ez dakienarentzat: salletarrak kristau pentsamoldeko anaidi batzuk dira, irakaskuntzara emanak. Tradizio handikoak dira, adibidez, Donostia, Irun, Eibar eta Andoaingo ikastetxeak. Orain dela 30 urte gogotik hasi ziren urritzen anai salletarrak eta ikastetxe horiek kolaboratzaile guztiz laiko batzuk bereganatu beharrean gertatu ziren.
Iokin (hala idazten zuen berak) 1930en jaio zen, Matxinbentako Largarate baserrian. Umetan familia Lasarteko Oztaran bailarako Arrillaga baserrira aldatu zen. Salletar egin zen, Pedagogian lizentziatu eta irakasle jardun zuen, lehenbizi Zarautz eta Bilbon. 1961etik aurrera, La Salleko anaia izateko askoa zuten gazteen laguntzaile lanetan aritu zen; ondoren, Zaragozako auzo baztertu batean egin zuen lan soziala. Gero, 1970eko hamarkadan, Legazpiko salletarrengana aldatu zen, eta arrasto sakona utzi, besteak beste herriari buruzko historia liburuaren prestaketan parte hartu zuelako.
1988an, Rwandara joan zen, zenbait urtez bertako arte-eskola bateko zuzendari izateko. Gero, 2008an, liburua atera zuen han bizitutakoaz: ‘Rwanda bihotz-minez’ Hiria arg.) Erdi-kontaketa erdi-saiakerako liburua zen, eta hitzaurrean honela mintzo zen: «Zergatik aukeratu nuen Rwanda? Erraza da erantzuna: nire izaera urduriari zegokionez, baketsua eta bakean zegoen herria zelako».
Baina, jakina denez, 1990tik zetorren gerra zibila –hutu eta tutsien artekoa– neurriz kanpoko bihurtu zen 1994an. Iokin ebakuatu egin behar izan zuten. 1995ean, berriro itzuli zen Rwandara, eta handik aurrera maisu-maistrak hezitzera dedikatu zen, «ondo begiratua eta ondo kontrolatua». 2002an utzi zuen Afrikako herrialde hori, «bihotzeko urradura sakon eta samin batekin».
Iruñeko Errotxapean egin zuen gero lana, eta Bilboko San Frantzisko kaleko baztertuekin gero. Baina Afrika beti gogoan zuenez, azkenean aipatutako ‘Rwanda bihotz-minez’ liburu horren idazketari ekin zion. Bertako marrazkiak Rwandako ikasle ohi batek egin zizkion: Konfi Kankolongo-k. Bi lagunok azaltzen diren argazki hori Gorka Salmeronek egina da, beronen aita eta Iokin oso lagunak zirenez gure argazkilaria Rwuandaraino joan baitzen 1992an, hilabeteko argazkigintza-ikastaroa eskaini zuelarik. Argazki hori, dena dela, askoz geroagokoa da.
Argitalpen horren hitzaurrean, Iokinek eskerrak ematen zizkion Patxi Ezkiagari, «bultzaka» jardun zitzaiolako, animoak emanez, alegia. Patxi ekainaren 28an hil zen, Iokin uztailaren 7an. Hara hor bi salletar gogoangarri.
****
Marrazkilaria: Kofi Kankolongo
Iruñeko historia
2021-11-28 // bAst // Iruzkinik ez
Iruñeko historia
Hiriaren ibilbidea historian barna
[[[Liburu honen helburu nagusia Iruñeko historiaren bilakaera aztertzea da, jakintza arlo eta ikuspuntu ezberdinetatik begiratuta. Historiari buruzko artikulu sorta honetan aztergai ditugu geografiak, hiriaren bilakaera politikoak, gizartearen egitura sozialak, kulturaren garapenak eta hizkuntzen presentziak baldintzatu eta bideratutako zenbait prozesu; izan ere, faktore horiek guztiek garrantzi handia izan dute Iruñearen bilakabidean aldi historiko guztietan. Hori dela eta, ezinbestekoa izan zaigu diziplina-anitzeko ikuspuntu batetik abiatzea eta bilakaeran eragina izan duten ezaugarri guztien azterketa egitea.
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak Iruñeko historiari buruzko jardunaldiak antolatu zituzten 2002ko abenduan eta 2003ko maiatzean. Euskararen bizitzan, lehenbiziko aldiz seguru aski, baziren Iruñeko historiaren jakintza eta euskararen goi-mailako ezagutza zituzten unibertsitate mailako adituak. Haiengana jo genuen euskaraz idatzitako hiriaren lehen historia gauzatzeko. Orain orduko ponentzia haiek eguneratu ditugu, eta hiriaren ikuspegia zabaltzen duten beste hainbat lanekin osatu. Emaitza eskuetan duzun liburu eder eta aitzindari hau duzu.]]]
>>> Iruñearen bigarren fundazioa erromatarrek gauzatu zuten, herrixka baskoiaren gainean edo haren kokagune berean. Hiri erromatarra K.a. 75. Eta 74. urteen arteko neguan sortu zen, uste denez Ponpeiok lautadaren ipar-ekialdeko ertzaren gainean kanpalekua jarri zuenean. Metropoliarekin gerran zegoen Sertorio menperatzeko helburuarekin Erromak bidali zuen jenerala zen Ponpeio. Galia behar zuenez bere hornidurarako, Iruñea aukeratu zuen Pirinioetako pasabidea hortik igarotzeko.
Hiri erromatarrak bere fundatzailearen izena hartu zuen, eta Pompaelo edo Pompailon gisa ezaguna izan zen, Ponpeioren hiria alegia; hortik dator gaur egungo Pamplona deitura. Distirarik handiena I. mendearen azken laurdenaren eta II.aren amaieraren artean ezagutu zuen. Ondoren, herri germaniarren lehen inbasioak, 275. urtean hor nonbait, desegin eta suntsitu egin zuen, eta lau mendetako bizi-iraupenari amaiera eman zion.
>>> Jose M. Jimeno Juriok, Historia de Pamplona liburuaren eranskin kronologikoan, lau suntsiketa aipagarrienak nabarmentzen ditu:, 275ean, 409an, 778an eta 924an. Tribu germanikoen lehen inbasioaren ostean, hiria, txiroa eta era apalean birsortua, sueboek, bandaloek eta alanoek suntsitu zuten Pirinioak gainditu osteko hegoalderako bidean. 409. Urtea zen. Urte batzuk geroago, 778. Urtean, karlomagno Iruñetik igaro zen Zaragozatik zetorrela eta, Orreagan menderatua izan aurretik, harresiak botatzeko eta hiria sakeatzeko agindu zuen. Kordobako lehen kalifa Abd al-Rahman III.ak hiriari eraso zion 924an eta, Jimeno Jurioren esanetan, “harri gainean harririk gabe” utzi zuen ia.
>>> San Zernin burguaren forua: Zenbait urteren buruan, auzo berria tamaina handiko herrigune bilakatu zenean, Alfontso borrokalariak esku hartzea erabaki zuen atzerritar etorri berrien gizarte-egoera normalizatzeko, ordura arte indarrean zegoen gizarte-egituran toki zehatzik ez baitzuten: pribilegiodunen taldekotzat ezin ziren hartu, eta ez ziren, halaber, nobleziaren edo kleroaren menpeko nekazariak. Gizaki askeak ziren (franko edo ingenuoak ere deiturikoak), ohitura, hizkuntza, lanbide eta tradizio juridiko desberdinak zituztenak. Horregatik, trataera berezia eta legedi propioa eman behar zitzaizkien. Giza talde berri honen egoera normalizatzeko bidea 1129. urtean emaniko forua izan zen.
>>> Nafarroak eta Iruñeak aldaketa erabatekoa jasan zuten XVI. mendearen hasieran. Konkistarekin batera luzaroan izandako guda zibila bukatu zen, beaumontarren eta agaramontarren arteko zatiketak XVII. mendea arte segitu baldin bazuen ere. Hurrengo hiru mendeetan, gutxi gora behera, egonkortasuna nagusitu zen. Iruñea Nafarroako benetako hiriburu bihurtu zen, eztabaidarik gabe. Ondorioz, Erdi Aroan errege-erreginen begikoak izandako beste hainbat hiri bigarren lerroan geratu ziren, esate baterako Hiriberri, Lizarra edo Zangoza.
>>> Inmigrazioan, etxeetan, hizkuntzan zein lanbidetan aldaketa sakonak eman ziren XIX. mendeko Iruñean, eta horiek azaltzen saiatu naiz aurreko atalean. Hala ere, hasieran esan bezala, aldaketa hauek hobeki ulertu nahi baldin baditugu, iraultza liberalarekin lotu behar ditugu ezinbestean. Azken batean, liberalismoak bultzatu zituen horietako asko, eta hain zuzen ere liberalismoaren aurka formulatu ziren aldaketa horiek eragiten zituzten ondorioen aurkako jarrerak eta borrokak. Gizarte eredu eta antolaketa berria, kapitalismoarena, martxan zegoen, eta aldaketa horiek eragiten zituzten ondorioen aurkako jarrerak ikertzea. Azken batean, jarrera horiek moldatu zituzten XIX. mendeko borrokak, baita neurri handi batean XX. mendeko bilakaera politikoa baldintzatu ere.
Liburuko bosgarren atalaren hasiera
>>> 1900ean, Iruñeko biztanleak 30.000 ere ez ziren. Jende gehiago hiltzen zen jaiotzen zena baino, haur hilkortasuna izugarria baitzen. Hala ere, bazen hazkunde demografiko apala, baina hura kanpoko jendea hirira etengabe bizitzera etortzeari zor zitzaion; gehienbat, Nafarroako beste eskualde batzuetako jendea izaten zen.
>>> Iruñeko eta Nafarroa garaiko historia diktadura frankistaren menpe aztertuko dugu hurrengo orrialdeetan: 40 urte luze, ilun eta latz horien historia hain zuzen ere.
>>> Jakina da oso bortitza izan zela Nafarroan 1936ko uztailaren 19an gertatutako estatu kolpearen hasiera. Desagertu egin ziren bigarren errepublikaren urteetan zehar indarrean zeuden berme juridiko guztiak, 1931ko abenduko konstituzioak babesten zituenak. Uztailaren 19ko gauerditik aurrera ordu gutxi batzuetan mendean hartu zuten Nafarroako hiriburua milizia karlistek, falangistek eta batik bat armadako patruilek.
>>> Azken urteetan eraikitako ekipamendu garrantzitsuenak: Nafarroako Liburutegi Nagusia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusa, Nafarroako Unibertsitateko hainbat eraikin, Yamaguchi parkea, Argaren ibai parkea, Vianako Printzearen Kanpo Kontsultetarako eraikina, Civivox Zentroen sarea, Baluarte eraikina, Autobus Geltokia, Corte Ingles, Merkataritza Guneak. […] Eta ezin aipa gabe utz dezakegu hiru kiroldegi handien eraikuntza: Arantzadikoa, Beritxitoskoa eta Mendillorrikoa.
Yamaguchi parkea, iruñea Turismo.Navarra.com
>>> Jaio nintzen urtean, frankismoaren legediak zinemaren zentsura arindu zuen, eta horren ondorioz, 1976ko otsailean La trastienda pelikula estreinatu zen, emakume bat erabat biluzik aurreneko aldiz pantailaratzen zuen filma hain zuzen ere: Maria Jose Cantudo Iruñean egindako film batean. Garai hartako pelikula ezin topikoagoa zen arren (zolda handikoa, bide batez esanda), hautsak harrotu zituen, Opus Deiren mediku baten bekatuak agerian uzten zituelako. Dena den, 31 urte geroago emandako elkarrizketa batean, Maria Jose Cantudok berak beste ikuspegi bat gaineratu zuen, ezustean eta, erne ez zegoen edonorentzat, oharkabean pasatzeko aproposa. “Oso giro alaitsua zegoen orduko Sanferminetan, baina gehienetan ni nintzen kaleetan zegoen emakume bakarra”.
>>> Musikaren eta emakume musikagileen hiria da Iruñea. 1858an Iruñeko Udal Musika Akademia sortu zuten eta 40 emakumek (ikasleen %36) eman zuten izena bertan. XIX. mende amaieratik musikari emanak biziko ziren artisten ugaltzearen erakusgarri dira San Gregorio kalean sortutako Felisa Munarriz Armendariz (1892-1977), musika ibilbidea Italian egindakoa, Pilar Laborda (1877-1893) opera abeslaria, Dolores Sanz Valdes pianista eta beste batzuk. Baina Emiliana Zubeldia Inda musikagile eta pianista profesionala izan zen nazioartean proiekzio handiena lortuko zuena.
Emiliana Zubeldia Inda pianista (1888-1987) unam web
Emiliana Zubeldia Inda pianista (1888-1987) unam web
>>> Juan Beriain abadea ezaguna da gurean, bere lanak oraino kausigaitzak oso badira ere. Larramendik aipatua bere 1745eko hiztegi hirukoitzean, Jimeno Juriok eginiko ikerketei esker idazle honen nondik norakoak ezagunak dira. Utergan 1566an jaioa, 1592an apaiztu eta Orbako Etxaguen hasi zen erretore lanetan, 1602an Utergara itzuli zen arte; bertan hil zen 1633an. Juan Beriain bi libururen egilea izan zen: Tratado de cómo se ha de oir misa escrito en romance y bascuence, lenguajes de este obispado de Pamplona, Iruñea: Carlos Labaien, 1621. Eta, Doctrina christiana, Iruñea: Carlos Labaien, 1626.
>>> Errege eta erreginen artean idazle onak izan ditugu. Ez dirudi Margarita Nafarroakoak (Anguleman jaioa, 1492-1542), Heptameron idatzi zuenak, Iruñea gehiegi ezagutu zuenik, edo iruindar titulua ematen ahal zaionik, baina, Teobaldo I.a Champagnekoak adibidez, Trobadorea deitua, ondo ezagutu zuen Iruñea, eta bertan bizi izan zen. Izan ere, Nafarroako erregea izan baitzen 1234tik hil zen arte. Champagneko kondea zen eta Antso VII.a Azkarraren iloba, Nafarroako Blanka erreginaren semea baitzen. Champagnen sortua zen 1201ean eta Iruñean hil zen 1253an. Ez zen oso gerlari sutsua izan, gurutzatua izan bazen ere, baina oso gogor kritikatu zituen etxean gelditzen zirenak sarrazenoen aurka borrokatu gabe. Dena dela, amodioa nahiago zuen gerra baino, nahiz eta, dirudienez, oso zorte txarra izan zuen amodio gaietan, berak maite zuen damak ez baitzuen bera maite, eta halaxe bizi omen zen sufrikarioz beterik, amodiozko eta desengainuzko poemak sortzen eta musikatzen bere laud eta bihuelarekin.
Ene iratxoekin solasean
2021-11-21 // bAst // Iruzkinik ez
Bixente Serrano Izko (Ene iratxoekin solasean)
«Inoiz ez gaude bakarrik, batzuetan uste dugunaren despit. Ez, eta Crusoe ere ez zen inoiz bakarrik egon: bere mamuak izan zituen lagun hasieran, Ortziral gero. Gizakia gizaki denetik, geure baitako solasak izan ditugu, aberatsak oso, askotan, gure baitako hainbat eta hainbat mamu eta iratxorekin etengabe egiten ditugunak. Zertan eskizofreniko izan gabe, logikarekin, adimenarekin, gauzen ikerketen inguruko prisma, ertz, begi zorrotz eta lausoekin zer-begiraturik duten geure baitako iratxo asaldagarri desberdinak ditugu solaskide. Iratxo asaldagarriak, gure lehen bat-bateko begiraden aurrean gauzak etengabe bertze angelu batetik ikustera garamatzatenak, edo bai behintzat saiatu. Horixe, Ene iratxoekin solasean emanaldi hau […]».
Horrela hasten da Bixente Serrano Izkok prestatu zuen sarrera, 2020ko ekainean utzi gintuen baino lehentxeago idatzia.
bAst 2021
96.- Honako hau izan nian Beldurra bera zaldi saiakeraren testuaren hasiera:
“-Libre izan nahi dut!
-Baina, baina zergatik?
-Behar dudalako.
-Hau bai tranpan erortzea!”.
“Bultza-motor izan baldin bazen, eztanda-motor bihurtu zaigu gaur. Hain zuzen ere, martxa honetan, Historiari berari leherraraziko dion motor dugu gaurko ekonomia”.
135.- Maitagarriagoa, ordea, maitasunaren mitoa. Esperantza, sufrikario eta etsipen poema eder sakonak, agian genero guztietako poemarik ederrenak, sortuak ditik. Maitasunaren inguru sortu duguna mito delako seinale ukaezina, nonbait. Amodioa, hasi eta behin, zenbat eta gehiago eman nahi, hainbat eta berekoiago:
“Maitasuna maitearekiko distantzia osoa kentzeko irrika da, hots, batasun osoaren irrika. Beraz, banaketa jasanezinaren esperientzia, banaketa kitatzeko esperantza eta, bat egin arte sakrifikatzeko beharra dauzka [maitasunak] bere baitan”.
145.- Ideia zahar-zaharra duk, bai horixe, etsai kementsu bat asmatzearen abantailak. Bertze ikuspegi batetik atzematen dik Nietzschek abantaila hori, baina betiere jendearen sufrimenduak zuritu eta areagotzeko, dela jendeak eramangarri jasateko lotsarik gabe, dela jendea gustura sufritzeko prest ager dadin:
““Demonioaren” ideia aurkikuntza bitxi-bitxia izan zen: arerio bortitz eta izugarria zenez, lotsagarri izateari utzi zion holako izaera bateko arerio batengandik sufrimenduak jasan beharrak”.
171.- Jaiotza eta heriotzaren arteko bertze diferentzia handi bat: jaiotzen ikasi gabe jaio gaituk guztiok; gutxi batzuk, aldiz, hiltzen ikasita hiltzen duk.
“Bizitzen ikasten ari nintzelakoan, nola hil ikasi egin dut”.
244.- “Historia osoa, funtsean, honetan baizik ez datza: gero ongiletzat jota izan ziren gaizkile haietaz hitz egitean, alegia.”
-Historia bakarra izanen balitz, garaileena izanen lukek.
295.- Mikropoema bat paratu nian egun hartan. Zer eginen zioagu, ba?
“Hertsi nazazu ni neu,
baina zelaiak, otoitz,
ez hesi,
ez iezazkidazu itxi”.
299.- -Nietzschek ez irakurtzea- oso liburu gutxi irakurtzea– gomendatzen ziok, hainbatean, pentsatu nahi duenari. Konpultsiozko irakurketez gehiegi zekielako ote? Baina konpultsio hori idaztearen beldurrak, paper zuriaren beldurrak eragiten digunean, aitzakia bihurtzen zaiguk irakurketa, izu horri ihes egiteko eta, azken batean, geure buruari gezur egin eta baretzeko.
407.- Libre izan ote daitekek gaur inor, bertze bat menderatu gabe? Baina ezaguna duk aitzakia: libreki hartzen dik menekoak bere menekotasuna.
432.- Halako mikroipuin bat Gabonetarako, arruntean esperantza berriez beteriko sasoi baterako: “Inoiz ez zuen aitortu porrot egiten zuela: esperientziatzat, eskarmentutzat jotzen zuen porrot bakoitza. Eta horrela zihoan: eskarmentuz eskarmentu, porrot egiten beti”.
500.- Ahanztura ere gezurretan ibiltzeko era bat duk, batik bat nork bere buruari gezur egin nahi dionean.
bAst 2021
Teodora eta Justiniano
2021-11-14 // bAst // Iruzkinik ez
Teodora eta Justiniano
Teodora Meister von San Vitale in Ravenna
Teodora [Giuseppe de Sanctis]
Erromatar Inperioaren gainbehera eta erortzea (Edward Gibbon)
[…]
Ekialdeko mundua makurtu egin zen Acacioren alabaren aiurri eta fortunaren aurrean. Magistratu seriosek, gotzain ortodoxoek, jeneral garaileek eta errege gatibuek erreginatzat gurtu zuten Konstantinoplan, hiriko antzerkia, ikusle askoren aurrean, kutsatua zuen emagaldua.
[…]
Teodorak heriotza edo erbestea agintzen zuenean senatari edo gotzain batentzat, agindua konfiantzazko mezulari bati ematen zitzaion, eta honen ardura bizkortzeko bere ahoz esandako mehatxua egiten zion: “Ene aginduak betetzen huts egiten baduzu, zin dagizut, betiko bizi denagatik, zu larrutzeko aginduko dudala”.
[…]
Teodoraren izena ohore berdinez sartu zen Justinianoren fundazio gupidatsu eta karitatetsu guztietan. Erregealdiko erakunde ongintzazkoena, enperatrizak bere ahizpa zorigaiztokoagoengana zuen ulerkortasunarena izan zen, zeinak prostituziora erakarri edo behartuak izanak baitziren. Bosforoko itsasertz asiarrean zegoen jauregi bat monasterio zabal bikain bihurtu zuen, eta diru kopuru oparo bat esleitu zitzaien Konstantinoplako kale eta putetxeetatik jasotako bostehun emakumeri. Erretiro seguru eta santu horretan, behin betiko itxituran geratu ziren, eta batzuek, etsi-etsiturik, itsasora bota zuten beren burua, baina penitentziagile gehienak esker oneko zeuden, bekatutik eta miseriatik askatuak, andre ongile eskuzabalari esker.
Justiniano pozten zen Teodoraren zuhurtziaz eta bere legeak emazte gur eginaren aholku jakintsuei egozten zizkien, emazte hori jasoa baitzuen jainkozko dohaintzat. Honek adorea erakutsi zuen herritar multzoen eta gorteko terroreen artean. Justinianorekin bateratu zenez geroztik, badirudi haren kastitatea eztabaidaezina zela; izan ere, etsairik gogorrenek isilik baitiraute; eta nahiz eta Acacioren alaba maitasunez ase izan, txaloa merezi du gogoaren sendotasunak, sakrifikatu baitzituen plazera eta ohitura, betebeharraren edo interesaren aurrean. Teodoraren desira eta gurariak ez ziren sekula bete, seme legitimo baten bedeinkapenarekin, eta neska bat lurperatu zuen, ezkontzatiko fruitu bakarra alegia. Frustrazio hori gorabehera, ahal iraunkor guztizkoa izan zuen; bere arte edo merituei esker, Justinianoren estimua izan zuen, eta itxurazko desadostasunak zorigaiztokoak izan ziren, benetakoak zirela sinetsi zuten gortesauentzat.
Beharbada haren osasuna minberatu egingo zen, gaztetasun lasaka izan zuelako, baina beti izan zen gaixobera, eta medikuek bainu bero apolotarrak hartzeko aholkatu zioten. Bidaian, enperatrizari eskolta eman zioten pretorioko prefektuak, diruzain nagusiak, zenbait konde eta patriziok, eta lau mila laguntzaileko jarraigo berebizikoak. Pasa behar zuen bideak konpondu zituzten, jauregi bat eraiki zuten bera hartzeko, eta, Bitinia zeharkatzen zuen bitartean, limosna oparoak eman zituen elizetarako, monasterioetarako eta ospitaleetarako, zeruari eska ziezaioten osasuna berreskura zezala. Azkenean, ezkondu eta hogeita laugarren urtean, erregealdiko hogeita bigarrenean, minbiziak zimelduta hil zen, eta haren senarrak, aktore emagaldu baten ordez Mendebaldeko birjinarik nobleena eta garbiena aukeratu ahal izan zuenak, erremediorik gabeko galera hura deitoratu zuen.
Hadriano Marguerite Austin
2021-11-07 // bAst // Iruzkinik ez
Hadriano Marguerite Austin
Hadrianoren oroitzapenak (Marguerite Yourcenar) Euskaratzaile: Joxe Austin Arrieta
Erromatar Inperioaren mugak Hadriano-ren enperadorego-aldian (117-138 k.o.) _____
Erromatar probintzien mugak. – – – – – – – – – –
Ez ezazu, hala ere, bestelakorik pentsa: oraindik ez nago beldurraren irudipenei amore emateko bezain ahula, itxaropenaren irudipenak bezain absurdoak bait dira berauek, eta, zalantzarik gabe, askoz lazgarriagoak.
Bizitza osoaren gutxienez hirutik bat betetzen duen fenomeno honetan horren gutxi pentsatzen badugu, beronen bertuteak aintzakotzat hartzeko beharrezkoa den umiltasun apurra bera ere falta zaigulako da, noski. Lotan Caius Caligula eta Aristides Zuzena elkarren modukoak dira; lo nagoela, nire burupe hutsal bezain garrantzitsuak ezerezean dantza; egoera horretan, ez dut nire atarian trabeska etzanda lo dagoen zerbitzari beltzarekiko inolako ezberdintasunik.
Gizakiak ez ditut mespretxatzen. Hala egingo banu, ez nuke inolako eskubiderik izango, ezta arrazoirik ere, berauek gobernatzen saiatzeko. Badakit hutsalak direla, ezjakinak, gutiziatsuak, urduriak, ia-ia edozer gauza egiteko kapaz direla, gailentzekotan, beren buruak baita beuren begien aurrean ere balia-araztekotan, edo, bestela, sinpleki, sufrimendua ekiditekotan.
Ikusi nuen haien abiatzea: han zihoan enperadorea, zaldiz, irmo, miresgarriki lasai, baita emakume-talde pairakor hura ere, literatan etzanik; pretoriar goardiak ere bazihoazen, Lusius Quietus beldurgarriaren numidar aintzindariekin nahas-mahasean. Eufratesen bazterretan negua igaroa zuen armada hura abiatu egin zen, beraz, bere buruzagi gorena iritsi eta berehala: partar kanpaina hastapen ezin hobeagoz bideratzen zela zirudien.
Emakumeen egoera hamaika ohitura bitxik moldaturikoa da: aldi berean zapalduak eta babestuak dira, ahul eta ahaltsuak, gutxietsiegiak eta gurtuegiak. Ohitura jazargotsu eta kontraesankorrezko nahas-mahas honen erdian, gizarteari dagokiona naturari dagokionari gainezarri egin ohi zaio: oraindik ez da batere erraza alderdi bata bestetik bereizten.
Datak batzuak besteekin nahasi egiten zaizkit: nire oroimenak halako fresko bakar bat eratzen du, non hainbat sasoi ezberdinetako gorabeherak eta bidaiak gainpilatu egiten bait dira. Efesoko Erastos merkatariaren itsasontzi luxuz apainduak Ekialderamntz zuzendu zuen bere branka, hegoalderantz gero, eta azkenik niretzat Mendebaldea bihurtua zen Italia honetarantz.
Ontziek Antinoe eraikitzen hasia zèn ibai-gunera eraman gintuzten atzera berriz. Joaneran baino gutxiago ziren: Lucius, azken bolada hartan oso gutxitan berrikusia nuena, Erromara itzulia zen, bere emazte gaztea seme batez erditu berria zenaren kariaz.
Hiritar soil bezala, aspaldidanik hasia nintzen Sabiniako mendien eta hango iturburuen barrenean hedatzen diren lursailak erosten eta elkarretaratzen, bere mahastientzako eremua osatu eta zabaldu nahi duen nekazari batek erabili ohi duen egoskogortasun pairakor berbera erabiliz; …[…]
Arrianok hauxe idatzi dit:
Hartutako aginduen arabera, bukatua dut Ponto Euxinoaren itsas-inguraketa. Kiribila kiribildu Sinopen egin dugu, hango biztanleak beti ere esker oneko izango bait dituzu, duela zenbait urte, zure jagoletza zuzenaren pean, portua berritu eta zabaltzeko egin zirèn lan eskergengatik… […]
“Hadrianoren oroitzapen”ei buruzko ohar bilduma
Badira zenbait pertsonaia, berauen erretratua sakonxeago erakustea komenigarri zatekeena: Plotina, Sabina, Arriano, Suetonio. Baina Hadrianok ezin ikus zitzakeen zeiharka baizik. Antinoo bera ere ezin begiztatua izan daiteke errefrakzioz baizik, enperadorearen gomuten bitartez, hau da, xehetasun grinatsu batez, eta, halabeharrik, zenbait okerkuntza ere tarteko direla.
Soegoile
2021-10-31 // bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain // Iruzkinik ez
Soegoile
Contemplateur: soegile, begistazale, soegoile.
Contemplatif: begiesle
Contemplation: begieste, soegoite, espiritüzko ikuste, gogozka
Contempler: begietsi, soegon, gogozkatü
Junes Cazenave-ren hiztegia
Begi zolia bAst
Egin ala egon?
Zer da hobea, egitea ala egotea?
Lana eta langile izatea ondo ikusia eta goretsia izan da euskal usarioan. Eta da. Egon, bai, baina egin ondoren. Atseden hartzeko. Eta berriro ekiteko. Berriro egiteko. Egonean egote hori, pixka batean bai, baina, erne, lo hartu gabe.
Lana beharrezkoa dela ezin uka, baina zein du neurria?
Ogia egin, ohea egin, … ongi!
Errepideak egin, etxeak egin, trenbideak egin, obra handiak egin, bai, baina zenbat? Noiz arte? Noraino? Bukaerarik gabe? Ez aldian ez aldean?
Noiz utz egiteari, eta noiz egon?
Eta egonean zenbat denbora egon?
Gaur egun EGIN & egon da gizartearen martxa. Ez ote hobe egin & EGON? Edo egin&egon?
Bizirik gaudela sinesteko, derrigorrezkoa al da egitea?
Gogoan dugu Artzeren “Gizona, lana eta makina” hura.
“Lana lana lana lana lana lana…makina eta lana, lana, lana;……… eta gizona?”
Non geratzen da gizakia?
Ez al dukegu hobe, soegoitea edo begiestea?
Mendi bat zulatu gabe ezin al dugu utzi?
Ur bat zikindu gabe…
Beha Juan Luis Aizpuru Beristain 2021
Ikasi & ikasi
Txikitatik ikasten gabiltza, ikasten eta ikasten, gero eta gehiago jakiteko. Gogora ditzagun Miranderen hitzak. “Zergatik ikasi? ahanztekoz gero, ikasiak oro. Zergatik ikasi?” Mirande, Jon (1976).
So egin & so egon
Contempler (nola erran hiztegia)
= regarder, kontenplatu – so egon – beha egon – begietsi
SO EGOTE. (orotariko euskal hiztegia)
Zuri so egoite txit atsegiñez. ‘Con la dulzura de tu felicísima contemplación’ . Or Aitork 346.
SO ON EGIN. “Sourire, so hun egin” Gèze. (orotariko euskal hiztegia)
SO EGIN (BN, S; SP, VocBN, Dv, H; sogin R-uzt, S; Ht VocGr 415, Arch VocGr, VocBN, Gèze, Dv (S), H; zo egin VocS 144). Ref.: A (soegin, sogin); Lh; Lrq (sogin). Mirar; considerar. (Con complemento en dativo o alativo). “So egitea, regarder” SP. “1.º mirar; 2.º (S), considerar” A, que cita a Inchauspe. “Soik, regarde (toi, homme)” Lrq. “Soizie, regardez (pl.)” Ib. “Soizu, regardez (sing.)” Ib. “Son, regarde (toi femme)” Ib. Leiçarraga (Decl ã 7v) da so egitia como equivalente suletino de behatzea. Cf. Ax 17 (V 8): “Zeren anhitz moldez eta diferentki mintzatzen baitira euskal herrian. […] Batak erraiten du behatzea , eta bertzeak so egitea“. Cf. SO BAT EGIN.
Egin & izan
Jaioberri bati eskatzen zaio gauzak egitea? Hil-hurren dagoen bati? Ohean datzan gaixoari? Urtebetetzea duenari? Adiskide dugunari?…
Iluntze Juan Luis Aizpuru Beristain 2021
Hari musikala eta apokalipsia
[Isabel Coixet-en idatzia] Lagun batek gomendatua.
Asmakizun zoragarri asko daude, bizitza hobetzen digutenak: hor dira tipulak malkorik gabe zuritzeko betaurrekoak, Thermomix-a, arnasketa kontrolatzen laguntzen diguten app-ak (biziki gomendatzen dizuet RespiRelax), eranskailua duten atrapapelusillak. Baina beste batzuk ezarri dira, zertarako diren jakin gabe guk, horien saltzaileak aberastea ez bada. Orain hamarkada batzuetatik hona inguruan ditugun horroreen artean, bada bat bereziki nahasten nauena: hari musikala. Hotel, mediku-kontsulta, ile-apaindegi, taberna, txiringito, denda, jatetxe eta are banketxeek ere ematen digute, guk eskatu gabe.
Graziarik gabeko oinarri latazko ahosdunak, isiltasuna edo elkarrizketak inbaditzen dituztenak, euren “txunda-txunda” patetikoa inposatzeko eta garunean guri kaka gehiago sartzeko, berez dakargunaz gain. Orain bertan, hotel-areto batean ari naiz hau idazten, saiatuz “I want you back now” ozen errepikatzen ari den abesbatza saihesten. Mantra jasanezina da, gotele-murruen aurka doana areto hutsean, ez baitago inor, isilean jasaten duen bat salbu: neu. Ez dut inongo aldetik ikusten soinu-inposizio hau egiteko beharrik. Haren aurka egiten dut behin eta berriro, baina neure buruan sartzeko modu maltzurra dauka. Beharbada, gaur bereziki makaldua dago neure kontzentrazio-gaitasuna. Zergatik ezin dut gogo-aldendu musika (nolabait esateko) zaporegabe, koloregabe, gizatasunik gabeko honetatik? Zergatik? Lerro pare bat idazten dut, eta gero ezabatzen, konturatzen bainaiz leloa transkribatzen ari naizela behin eta berriro, Jack Torrance The shining filmean bezala.
Nahigabetzen hasi naiz, eta borrokatzen, parera heldu gabe baina, “Iwantyoubacknowbaby” inpernuko kantinela honekin. Altxa eta banoa harrera-lekura. Eskatu dut, ia arrenka, bolumena jaits dezatela. Arrakastarik ez. Erraten didate dena “haiek” kontrolatzen dutela eta ezin dutela ezer egin. Baina nortzuk dira haiek? Galdetu dut. Non daude? Zein izaki arimagabek erabakitzen ditu aurpegirik gabeko abesbatza honen tonua eta bolumena, “I want you back now” alarau egiten duena zortzi minutuko bukleetan, inortxok ere ez entzuteko? Nork du nahiago kantinela jasanezin hau, isiltasuna edo norberaren arnasa baino? Zergatik sinetsarazi diete hainbeste leku eta jaberi burrunba hori bezeroen bizitza hobetzeko dela? Teoria batzuk darabilzkit gogoan, zein baino zein apokaliptikoagoa. Orain, txertatu guztioi ustez sartu dizkiguten txip horietaz hainbeste hitz egiten denean, bururatzen zait ez dagoela buru-kontrola egiteko modu hoberik, hari musikal hau baino, zeina hedatzen den etengabe erupzioan dagoen sumendi baten laba bezala. Eta laba bero hori, boys band tronatu baten imitatzaile baten imitatzaile itxurakoa, garunean sartzen doakizu astiro baina nahitaez, eta ezin izango da atzera egin. Eta benetako zerbait entzuten dugunean, robot-grabazio estudioan sortu gabeko zerbait, egiazkoa, arima eta ahots sentibera eta afinatu batek sortua, orduan, beharbada, ez dugu preziatzen jakingo.
Ilunsentia I Martxe Arana
Ilunsentia II http://asociacionartistica.org/project/martxe-arana/ Martxe Arana
Feriatzaileak: Patton eta pottokak
2021-10-24 // bAst // Iruzkinik ez
[[Zortzi Oscar sari jaso zituen Patton pelikularen eszena batzuk Urbasan eta Iruñean filmatu ziren 1969ko udaberrian. Maisonnave hotelean ostatu hartuta zeuden amerikanoak, eta haientzat zerbitzu lanetan ari zen nobela honetako protagonista, Martin Galdeano, bere adiskide Luis Urrarekin batera.
Bigarren Mundu Gerra irudikatzeko tanke eta jeep ugari erabiliko zutenez, bi gazte nafarrei ez zitzaien ezinezkoa iruditu produkzio handi hartan negozioa egitea eta, bidenabar, zerbait berezia feriatzea. Lapurreta asmoa ez zen munta txikikoa ordea, nolabaiteko laguntzaren premian zeuden, konplize bat agian. Une horretan justuki abiatuko da kontakizun hau.
Patxi Larrionen lehendabiziko nobelak, bizitasun harrigarri batez, koktel batean bezala irabiatu ditu jukutriak eta sekretuak, anbizioa eta traizioa, adiskidantza eta desira.]]
feriatu. (orotariko euskal hiztegia)
Egia da bekhatore itsusiez, feriatuez eta ageriez minza gaitezkela libroki. SP Phil 359s (He 362 famatuez, publikoez eta guziez ).
” Norbaiten feriatzea, donner, payer la foire à quelqu’un. Feria nazazu, donnez moi la foire” SP. “Donner, recevoir un cadeau de retour de la foire. Feriatuko zaitut, feria nazazu, je vous ferai, faites-moi un cadeau de foire” H. v. FERIA EGIN.
Feriar, vender (o comprar) en la feria.
Urthe asiera huntan, Don Diego Echague, / zertaz det feriatuko lotsarik izan bage? (1798). BertsZB 169. Bedorren esaerak / ematen dit jela, / feriatu nai gaitu / txekorrak bezela. Sor AKaik 115.
Hona hemen lehen txatala.
(letra beltxak gureak)
1
—Vodka! Hori da koktel horrek behar duena!
Barraren izkinatik zetorren gaztigua. Hara itzulikatu ziren Martin eta Luis. Gizon luzanga bat zen, zigarreta ezkerreko eskuan, kopa eskuinekoan.
— Lagundu nahi? —beraiekin biltzeko gonbita egin zion Martinek.
— Dastatzen ez behintzat —armagnacetik ari zen gizona.
Filmaziokoa zen inondik ere, janzkerak salatzen zuen.
Gauerdi irian berebiziko mugimendua zegoen Maisonnave hoteleko kafetegian, hamar egun zeramatzaten errodajekoek han ostatu hartuta. Patton izeneko militar bati buruzkoa zen pelikula, Iruñean eta Ultzaman, eta bereziki Urbasan filmatu behar zutena.
Martin eta Luis ez ziren arrotzak kafetegian, baina amerikanoen etorrerak sarriagotu egin zituen haien bisitaldiak; zerbitzuan ziharduten, argia izan baitzen Gendulain kapitainaren agindua:
— Filmatze lanek irauten duten bitartean libre zaudete kuarteleko betebeharrez. Amerikanoak hornitzea izanen da zuen ardura aurrerantzean.
Espainiako Armadak kontratua egina zuen ekoizlearekin. Bere gain jeep, tanke, kamioi eta gainerako ibilgailuak jartzea; baina ez hori bakarrik, soldadutzan ari ziren txortak ere figurante moduan beharko zituzten amerikanoek.
1969ko apirila zen. Unibertsitatean Kazetaritza ikasketak amaitzeko gertu, bost hilabete pasa zeramatzaten bigarren urtez jarraian Martinek eta Luisek soldadutzan, alferez izateko bidean. Ameskoarra zen Martin, baina Iruñeko izeba Ireneren etxean erroldatu eta, herriko karlista amorratu baten laguntza tarteko, zailtasunik gabe lortua zuen gaua kuarteletik kanpo igarotzeko baimena. Luisek, iruinseme petoa, ez zituen barrakoietako izarak inoiz erabili, haren aita ez zen-eta alferrik ibili Gendulain kapitainarekin gerra garaian.
Unibertsitatean bertan tratukide bilakatu ziren bi gazteen arteko konplizitatea areagotu baino ez zuten egin aurrena soldadutzak eta ondoren Gendulain kapitainaren agindupeko zeregin berriek. Negoziorako beste ate bat zabaldu zitzaien bat-batean, gasolinaren iruzur aukera nabarmen biderkatzen baitzuen amerikanoentzako horniketak. Luisek ezaguna zuen Gipuzkoa etorbideko gasolindegiko jabea. Tratua garbia zen: bi zerbitzatu eta lau kobratu; ebatsitakoaren parte bat gasolindegikoak atxikitzen zuen, bestea Martinen eta Luisen patriketara. Diru erraza. Erregaiaren kontsumoak gora egin zuen filmazioarekin, txortez zamaturiko ibilgailuek egunero egin behar baitzuten Urbasarako joan-etorria eta horrek asko handitu zituen gasolinaren kontsumoa eta, honenbestez, iruzurra.
— Vodka gehiago, jauna?
Martini ezaguna begitandu zitzaion koktelarentzat vodka iradoki zuen gizon luzanga hura, Patton pelikulako kontuak hasi berriak baziren ere, amerikanoak aspaldi ari ziren-eta Nafarroan barrena toki aproposen bila, filmatzeko kanpoaldeak eta atseden txokoak.
— Morroi horrek —ohartarazi zion Martinek Luisi— badik zerbait Goñirekin…
Otsailean, Goñi lotinant-koronelak Gendulain kapitainari bisita egin zionean, Martin Luisekin zen Komandantzian. Kapitainak bi txortei adierazi zienez, Goñi zen arrain nagusia. Bost urte lehenago, Battle of the Bulge filmatu zenean ere, Goñi izan zen Espainiako Armadaren arduradunetako bat. Eta 1956ko Embajadores en el Infierno, Dibisio Azulari buruz Forquek egindako pelikulan ere aholkulari aritu zen.
Koktel berariazkoa asmatzearen kontua Martini bururatu zitzaion, Maisonnave hotelean zeuden amerikanoekin harremanetan sartzeko aitzakia gisa. Emakumezkoak laketago bazituzten ere, filmazioan ari zen edonorekin irabazpideren bat sortzeko irrikatan ziren bi lagunak. Migel Lizarbe barmanari gustatu egin zitzaion Martinen proposamena eta Patton izeneko koktela sortu zuen; bazeukan zer berri eskaini aseezinak ziruditen attrezzoko eta makillajeko emakumezkoei.
Koktela prestatzen ari zen bitartean, Luis eta Martinez gain, hiru emakumezko zituen Lizarbek botilen dantzari begira: whiskia, Grand Marnier, laranja azala eta azkenik…
— Vodka neurri bat ala bi?
— Bat ez, bi! Ez utzi Patton jauna gasolina premian! —eta amerikanoak aulki altua ekarri zuen bi alferezgaien eta emakumezkoen taldera.
Blonda izan zen Patton koktela dastatzera ausartu zen lehena. Kopa zabalari musu eman ondoren Luisi eskaini zion edalontzia.
— Zure neurriko tragoa duzu.
Luisek zekien ingeles apurra frantsesarekin dotoretzen zuen amerikanoekin solasean ari zelarik:
— D’accord, baina zure ezpainetatik nahiago… horiek bai nire neurrikoak.
Emakumearengana luzatu zuen burua. Hura ez zen kikildu, musu gozoa utzi zuen Luisen ezpainetan. Zirri-festa ez zen horretan amaitu, koktelaren aitzakian musu gehiago lapurtu zizkien Luisek hiru emakumezkoei, lotsagabeki banatzen zituen lausenguak.
Amerikano luzangak ez zuen koktela dastatu nahi izan, baina txama egin zuen Martinekin. Luisek aski lan bazuen makillajeko blondarekin, attrezzoko bi emakumezkoek logeletarako bidea hartua baitzuten musuen jostetaz asperturik.
Laugarren armagnacak mingaina askatu zion amerikanoari. Pete zuen izena, Domezain abizena, Aezkoakoa sortzez, 30eko hamarkadaren hasieran osaba baten deiari kasu egin eta San Frantziskora joana, denbora gutxi igaro zuen artzain lanetan, osabak berehala lortu baitzion beharra tailer batean. Erabateko kanbiamendua 40an heldu zitzaion, soldadu sartzea baitzen nazionalitate amerikarra lortzeko bide errazena; Europa zuen helmuga, baina aurretik Afrikatik igaro behar, Siziliatik sartu ziren, eta handik ia Europa osoa korritu Patton jeneralaren agindupean. Sherman tankeek ez zuten sekreturik Pete Domezainentzat. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta Armadan jarraitu zuen, baina segituan heldu zitzaion Hollywoodeko deia.
— Irudien bidez edertu behar genuen garaipena —sakonetik mintzo zen Pete—. Gerra-zinemak adituen premia zeukan. Halaxe utzi nuen Armada eta produkzio lanetan hasi nintzen.
Efektu bereziez arduratzen zenaren bigarrena zen Pete Domezain. Urte batzuk lehenago Battle of the Bulge pelikulan ibilia zen Segovia aldean.
— Orduan ez zaizu arrotza hemengo tresneria —Martinek bere aldera bideratu nahi izan zuen elkarrizketa, bazekien-eta Espainiako Armadaren ibilgailu zenbait Bigarren Mundu Gerran amerikanoek erabilitakoak zirela.
— Ez tresneria, ezta beharginak ere.
Martinek ulertu zionez, Goñi lotinant-koronelaz eta enparauez ari zen. Patton honen filmazioan ez zuen Battle of the Bulge hartan gertatutakoak berriz gertatu behar.
— Alimaleko lana egin lokalizazioak topatzen eta prestatzen, eta ia ez ginen Bruneteko kuartel ingurutik irten! Diru gehiegi horren emaitza eskaserako.
Pete Domezainek argi zeukan, oraingoan ez zuten edozein toki onartuko. Otsailean filmatzen ibiliak ziren Almerian eta Segovian, kanpoaldeen grabazioari Nafarroan eman behar zioten akabera.
Patton Nafarroan filmatzeak parez pare zabaldu zion sorterrira itzultzeko aukera Domezaini, Aezkoako Orbaran geratzen zitzaion familia bakarrari bisita egitekoa.
— Izeba bizirik ote den jakiteko bederik.
Solasaldiak iraun zuen bitartean, Martinek tarteka galderaren bat egiten zion edo burua mugitzen zuen kontakizunaren hariari jarraitzen ziola adierazi nahian.
Ordu biak jo hurren bost lagun bakarrik ziren Maisonnave hoteleko kafetegian: barra garbitzen Lizarbe koktelaria, Luisen eskua ipurtaldetik ezin askaturik blonda, Pete Domezainen kontakizunari adi Martin.
— Berandu gabiltza —zutitu egin zen Pete—. Bihar Frantzia zeharkatu behar dugu.
— Cobra operazioan parte hartu al zenuen? — Martinek gustuko zuen zapaltzen zuen lurra ezagutzea, are gehiago Gendulainen agindua jaso ondoren; kapitainak George Smith Patton jeneralaren biografia bat ekarri zion kuarteleko liburutegitik.
— Han galdu nuen bigarren Sherman tankea —Pete Domezainek patriketan sartu zituen eskuak.
— Non lehendabizikoa?
— Alameinen.
— Jarraituko al dugu festa Casa Marinan? —Luisek eten egin zuen haien solasa, makillajeko blondak orduantxe ihes egin baitzion gaueko musu luzeena emanik.
— Ni gabe izan beharko du —Pete hoteleko hallera abiatu zen—. Bihar Urbasara joan beharrean gara.
Martinek kaleko atetik agurtu zuen Pete Domezain.
Baina Luisek ez zuen presarik:
— Hi, nora hoa? Hondarrekoa hartu behar diagu!
— Hemen ez behintzat —Lizarbe barmanak lehor erantzun zion eskuan erratza zuela.
Luis kalera irten zenerako Martin hotel ondoko jauregiari beha ari zen. Lagunaren eskua sentitu zuen besotik heltzen:
— Goazen Casa Marinara, Martin…
— Ez. Gaurkoan eskuz hustu beharko dituk barrabilak. Bihar zeregina diagu.
Luis ez zegoen erraz amore emateko. Kontseiluko plazara ailegatutakoan banku batean eseri zen:
— Logurarik ba al dugu ba!
— Altxa hadi. Urbasan behar diagu argitzen duenerako.
— Zer esaten ari haiz? Ez gaituk inoiz eguerdia baino lehen Olaztira joan.
— Uranga tailerrean harrera eginen zioagu Domezaini.
San Antonera iristean kalea neurtzeko imintzioa egin zuen Luisek, Martinek besotik kontu egin zion. Gisa horretan joan ziren etxeraino, ameskoarra isilik eta iruinsemea etengabeko purrustadan.
— Ez zakiat zer kristo darabilkian buruan, Martin. Mereziko ahal du behintzat! Gaurkoa ez diat nolanahi barkatuko.
LaSacristana.com
Urdu-ritu gabe irakurtzekoak
2021-10-17 // bAst // Iruzkinik ez
Urdu-ritu gabe irakurtzekoak
Gure gizartean badira pakistandarrak, eta haien hizkuntza, urdua baita, (ingelesez ere argitaratu arren) aintzat harturik,Tamania blogari pakistandar-kanadiar batek (Super Urdu Mom webgunearen arduradunak) gomendatzen dizkigun liburuak ekarri nahi ditugu hona.
Soniah Kamal
Harrotasuna eta aurrejuzkuak Pakistanen (Ezkonezina)
Lagun baten ezteietan, Alys Binat ingeles irakasleak Darsee aurkitzen du, amerikar hezkuntza jasoa duena, eta bien artean berehala mesfidantza gailentzen da. Nahiz eta pixkaka barnatzen diren bien gustuko gauzetan, liburuetan eta abar, bien arteko gizarte-maila desberdintasunak gaindiezina dirudi; Darseeren izebak Alysek lan egiten duen eskola-katea bere jabetzakoa baitu.
Soniah Kamal
Mohsin Hamid
Mohsin Hamid
Mundu guztian zehar, ateak agertzen ari dira. Bertze hiri, bertze herrialde, bertze bizitza batzuetarako ateak. Eta gerrak zauritutako hiri batean, Nadia eta Saeed berriro ere maiteminduta daude. Bizirauteko desesperazioan, ate bat zabaltzen dute eta zeharkatzen. Baina ateak alde baterako bakarrik dira. Ez dago atzera-bueltarik.
Fatimah Asqhar
Fatimah Asqhar Argazkia: Cassidy Kristiansen.
Izan gaitezen esker oneko poeta honekiko, hain abil baita gogoratzeko, berrirudikatzeko olerkietan, guri erakusteko nolakoa den bizitza bere osoan, galeraren ostean, traumaren ostean, sendakuntzaren ostean, pozaren ostean, gertatuko zaigunaren ostean.
After (poema liburua)
Super Umezurtz
Gaur, jantzi dut ene kapa jaiotze-agiri legez
eta jauzi egin dut, besoak zabalik zerura.
Badakit -behin izan zen gizon bat.
Edo beharbada emakume bat.
Saia nadin berriro: behin, bazen familia bat.
Zer izan zen lehenbizi?
Zer egin orduan, noiz eta zuk duzun
historia bakarra collagea baita?
Atzarria, gurasoak oraino
hilik. Kanpoan, hostoak zabalduak
euren buruak udaberri berbataiatuak.
Saia nadin berriro. Behin bazen herri bat
egun beluri batean, ohartzeke atean zuen
handitasunaz.
Gaur, atzarri naiz:
Batman, errege Gotham-en gain.
Hiria dirdir ene oinetan
arrenka salba dezaten.
Amets bera berriro:
polizia lasterka ene familia
aurpegigabearen gibeletik pistolekin.
Ene osabak jauzi egiten du tulipaz beteriko
sail batera, besoak hegal bihurtzen zaizkio,
balek agurtzen duten heinean.
Gaur, atzarri naiz, ezpainak eroriak
eta edana, kartak eskuan
joker ene bularrean. Gaur atzarri naiz
haserre munduarekin duen minagatik
gehiago egin nahirik nik legez.
Errefuxiatu guztiak superheroiak al dira?
Bizirik irten diren guztiek al dute bilau bat barruan?
Gaur, jantzi dut ene kapa jaiotze-agiri legez
eta jauzi egin dut, besoak zabalik zerura.
Nola erran bertzenaz hemen nagoela?
Kamila Shamsie
Pakistanen jaio zen, Karachin, 1973an. Literary Award pakistandarra jaso zuen 1999an. Londresen bizi da. Haren liburuak Italian itzuli eta argitaratu ziren: Salt and saffron eta Kartografia. Shamsie ahots berri bat da indiar azpikontinentearen giro literarioan. Istorio urbanoak idazten ditu, non mundu glamour handiagoko batek, Karachiko metropolikoak, nahitaez aurre egin behar dion tradizioari eta iraganari.
Hanif Kureishi
Hanif Kureishi bbc-radio 4
(Azken hitza/The last word) liburuaren laburpena
Mamoon Azam ikastera heldu zen Ingalaterrara Indiatik, eta bertan geratu zen bere bizitza guztian, eta hórrela idazle nagusienetarik bat bilakatu, eta gentleman baten ohiturak hartu. Haren bizitza hiru emakumerekliko harremanean oinarritzen da. Peggy, lehen emazteam gizarte britainiar itxira sarrera eman ziona; Marion iparramerikarra, zeinarekin harreman sexual bereziak izan baitzituen, eta azkenik, Liana, ezkontide hartuko duen italiarra, adiskide atsegina bere idazle bizitzaren azken aldirako; izan ere, aldi horretan, gizonak bere berekoikeria gainditzen lanak izango baititu.
L’ultima paraula- azken hitza- Hanif Kureishi
Living leyend- Mustansar Hussein Tarar -legenda bizia
Mustansar Hussein Tarar
Mustansar Hussein Tarar idazlea
Raakh / راکھ
Mustansar Hussein Tarar
Izenburua: Raakh – راکھ
ISBN: 9693506715
Egilea: Mustansar Hussain Tarar
Hizkuntza: Urdu
Argitalpen urtea: 2015
Formatua: Azal gogorra
Orrialde kopurua: 588
Eleberria
Fatimah Asqhar
[Has zaitez zauden lekuan. Erabil ezazu daukazuna. Egin ezazu ahal duzuna.]
Ken Bugul idazle senegaldarra
2021-10-10 // bAst // Iruzkinik ez
Ken Bugul [Mariétou Biléoma Mbaye] [ Senegal, 1948] Argazkia: Ana Portnoy
LE BAOBAB FOU / EL BAOBAB QUE ENLOQUECIÓ/THE ABANDONED BAOBAB/DIE NACHT DES BAOBAB
[BAOBAB EROTUA]
Egun batean jatetxe batean, Jean Wermer ezagutu nuen, arabiar printze bat bezala jantzita. Nitaz lehen unetik interesatu zen. Berehala egin ginen lagun, Leonoraren laguna baitzen. Ni limurtu nahian aritu zen diskrezioz, begia kliskatuz disimuloz, belgikarrek egiten zekiten eran. Negua zen. Hotz bikain bat egiten zuen beso bero batzuen artean hondoratzeko eta zorionaren zirrara sentitzeko. Markatu ninduen proba batetik atera berria nintzen, hortaz, pentsatu nuen Jean Wermer-ekin egonkortasuna aurki nezakeela. Denborarik gehiena berarekin ematen nuen. Bakarrik bizi zen etxe batean, lantegi, etxebizitza eta erakusketa galeria zen hartan: Jean Wermer margolaria zen.
-Badakizu dantzan?-galdetu zidan haietako batek. Ezustekoan hartu ninduen galderak eta ezetz erantzuteko zorian egon nintzen.
–Dantzan ba al dakidan? Jakina baietz!
-Ah, bai, beltz guztiek bezala. Guk kontrata zaitzakegu. Dantzari gisa, soldata finko bat irabaziko duzu, astero ordainduko dizugu, eta ehuneko bat jasoko duzu likore eta txanpainetan, animatzaile izateagatik. Gau hartan bertan hasi nintzen. Dantzaren bidez bilatzen nuen nahita, biltzen ninduen zarakar hartatik libratzea, larraren kurruska, beroaren murmurioa naturalki aurkitzea galerazten zidan hartatik.
Frantses kolegioa, gure arbaso galoak, kooperazioa, trukaketa, herrien arteko adiskidetasuna; horiek guztiek dimentsio berri bat sortua zuten: atzerritarra.
Zeure etxean aitortua ez izatea, destinoak molda eta gida zitzakeen lotura benetakoen artean. Zalantzarik gabe, beharrezkoa zen naretasun eta onarpen aura hura. Nik gehiegitan jokatua nuen paper berbera: emakume beltz bat, denbora askoan bere arbaso galoetan sinetsi zuena, eta aitortua ez izatean, pentsatu zuena errudunak hauek zirela: haurtzaro ez bizitakoa, kolonizazioa eta ama-aiten arteko bereizketa.
Babesle bat bilatu eta hura baztertzea, ez justifikatzeagatik amak gu bion artean ezarri zuen isiltasuna, emakume izan nintzen egunetik.
Egileari elnacional.cat –ek egindako elkarrizketatik pasarte batzuk:
Zona beltz askotatik pasa naiz ene bizitzan, eta oraindik pasatzen naiz bakarren batetik. Niri beharrezkoa zait hori idazketaren bidez ateratzea. Bestetik, egile afrikarrek beren kontinenteari buruz idazten dutenean, beti daukate polizia-ukitua, intriga, gauzak ikusteko gure ikusmolde kosmogonikoarekin lotura daukana. Afrikan beti dago sekretu bat, ezagutu beharreko misterio bat…Ez da dena dirudiena. Gauzak ikertu behar dira, genero beltzaren erara nolabait.
Nago orain hasten dela egiaz ene bizitzako marginalitatea. Gauzen bazterretan bizitzea gustatzen zait, periferian, ekilibrista izateko bi munduren artean. Bizi naizen eran bizitzeak, pertenentzia sentimendutik liberatua, beste era batera sentiarazi dit marginalitatea. Baina marginalitate era hau atsegin dut, uzten baitit ezberdin adierazten eta bizitzen. Ezberdina naiz. Eta gero eta gehiago.
Neure adinean, berdin dit. Egun bakoitza jaio berri banintz bezala da….
Lehen idazle afrikarrek, independentzien aurrekoek, salatu egin zuten kolonizazioa eta kolonizatzaileekiko lankidetza. Ondorengo idazleek, Sony Labou Tansi-k eta Ahmadou Kourouma-k esaterako, independentzien erregimenak salatu zituzten. Garai bat zen… Ilusioen garaiaren ondotik desilusioena etorri zen. Baina Afrika mugimenduan dago. Eta ez dut gustuko nola tratatzen duten maiz garaiotan.
Ezin duzu gizarte bat osorik salatu… ezin dira sistematikoki kritikatu afrikar gizarteak. Europarrek gustatzen zaien bakarra da eurek Afrikaz espero dutena idazten duten egileak; eurentzat Afrikari buruzko literatura soilik izan daiteke salaketa, salaketa, salaketa… badira egile afrikarrak talentu handia zutenak, baina europar argitaletxeek bazter utzi dituztenak, William Sassine esaterako… Europan bizi direnak bakarrik ezagutzen dira eta hedabide europarrek nahi dutena esaten dutenak.
Afrikak bizirauten du, gatazkak gatazka, baina Mendebaldeak badirudi ez duela aditu nahi gauzak aldatzen ari direla. Ikusmolde ezkor baten klitxean iraun nahi du. Horrek egiten dit minik gehien. Ez nago ados sistematikoki gure gizarteak kritikatzearekin. Ustelkeria, europarrek manipulatutako politikariak eta espolio sistematikoa egon arren, afrikar asko dira kontinenteari iraunarazten diotenak beren duintasunarekin. Guk, Afrikan bizi baikara, badakigu, trabak traba, jendeak iraun egiten duela. Atsekabe eta txirotasunagatik ere, ez dago miseriarik. Miseria arimaren pobrezia da, baina Afrikan mantentzen da partekatzearen, egindako lanaren sentimendua… jendeak energia handia du, eta dinamika oso baikorra, itxaropen handikoa.
Afrikar kontinentean bada txirotasunik, baina ez miseriarik. Miseria da, egoera txarrak espirituari eragiten dionean, bihotzari, gizakiaren beraren muinari… Egiaz, miseria handiagoa dago Europan eta Estatu Batuetan, Afrikan baino. Afrikan mundu guztiak pasatzen du eguna, beti, konponbide bila, ez arazoak sortzen. Mendebaldeko gizarteak itxiak dira, elkartasunik gabekoak. Jendeak ez du elkar agurtzen… Sistemak itxi egin ditu. Mendebaldeak arazo espiritual bat dauka.
Salatu behar litzatekeena da gauzen munduko ordena. Kolonialista zirenak neokolonialista bihurtu dira, baina ez da hori bakarrik, klase politikoa klase ustela bihurtu da Planeta guztian, ingurumena suntsitzen ari da, eta orain mugak itxi dira, baina europarrak mundu osoan ibili dira, dena okupatu dute. Europarrak mugi daitezke, baina gu ez…
Hemen esan ohi da emakume afrikarrak otzanak direla, gizasemeek agin diezaieten uzten dutela. Baina usu emakumeak dira etxeaari eusten diotenak, eta juxtu horregatik, ez dute ezergatik justifikatu behar… Emakume afrikarrak oso harro daude familia sostengatzeaz, nahiz eta diru gutxi irabazi. Emakume afrikarrak ez dira zorigaitzezkoak… Ederrak dira, alaiak, erakargarriak, kementsuak…