Herri mugimenduen menua osatu nahian
“Jakintza a(u)nitz: Herri borrokak, ezagutza emantzipatzaileak eta formazio politikoa” izeneko jardunaldiak egin dituzte ostegunean Donostian Joxemi Zumalabe Fundazioak antolatuta. Bikain uztartu dituzte gerri mugimendua eta herri mugimendua.
Goizeko 10:00etan zen hitzordua Ibaetako Irakasleen UE Fakultatean, nahiz eta ia 11:00 ziren hasterako. Zapalduen antzerkiak gidatu du goizeko saioa. Burua, gerriak eta hankak mugituz elkar ezagutu dute bertaratutakoek. Salto, dantza eta antzerki artean botere harremanak landu eta egungo gizartearen joera agerikoenak bistaratu dituzte; gorputza eta burua biak baitira garrantzitsuak herri mugimenduetan, Zapalduen antzerkiko kide batek esan duenez.
Besteak beste, Rol playing-a, ezagutza jolasak eta konfiantza sortzeko dinamikak egin dituzte, eta berehala konplizitatea eta giro ona nabarmendu dira parte hartzaileen artean. Belaunaldi, genero eta mugimendu ezberdinetako jendea nahasirik ibili da gorputzarekin eta gorpuzkerarekin jolasean.
Hainbeste gerri eta buru mugimenduk gosea ere pizten du, eta bazkalosteko tartearen ondoren, herrialde desberdinetatik etorritako ordezkariek formakuntza politikoaren inguruan hitz egin dute.
Olatz Dañobeitia eta Josefina Rojo BorBor (K) egitasmoko kideek eman diote hasiera arratsaldeko saioari. Orain urtebete inguru abiatu zen BorBor (K). Helburu nagusia, hezkuntza herrikoia herri mugimenduetara eramatea. Euren ibilbidea hiru fasetan bereiztu dute eta jada azkenean daude. Aurrera begira, hiru asteburu iraungo duen ikastaro bat egingo dute.
Hainbat erronka ditu BorBor (K) egitasmoak; horien artean, beste herrialdeetako borrokak ezagutu eta aliantzak sortzea, euskarazko pentsamendua sustatzea, herri mugimenduetan zaintzak behar duen lekua izatea eta ezagutza kolektiboa bultzatzea.
Arratsaldeko bigarren eta azken hitzaldia berriz, Mar Dazak eta Nicola Foronik eman dute: “Programa Democracia y Trasformación Global”. Peruko esperientzien berri eman du bikoteak. Kapitalismoaren, kolonialismoaren eta patriarkatuaren aurrean sortutako mugimenduez hitz egin dute. “Erraldiakaltasuna bilatzea ezinbestekoa da”, esan du Dazak borroka ugariei aipamena eginez.
“Aldaketa ez du errealitateak ekarriko. Aldaketa, errealitate hori sortzen duen jendeak ekarriko du”, esan du Foronik. Eta aldaketa horretarako Perun jakintza elkarrizketen bidez ematen dituzten formakuntzak azaldu dituzte.
Behin bi esperientzia hauek ezagututa hausnarketarako ordua iritsi da. Antolatzaileek menu bat prestatzeko eskatu die bertaratutakoei, hitzaldietan jasotako osagaiak erabiliz. Hala, talde txikietan batu eta lanean hasi dira.
Azkenik, eguna borobiltzeko eta etxera inor goseak joan ez zedin postre bikaina prestatu dute Joxemi Zumalabeko kideek: eztabaida eta hitzaldien erretratoa egin du ilustrazioekin Loinaze Lekuonak, eta bertso saio motz bat egin dute Nerea Ibarzabalek eta Malen Amenabarrek.
Lehen platera eta postrea jan dituzte ostegunez, baina bigarren platera geratzen da ostiralerako.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks