Hasiera »
Olatz Sanchezen bloga - Latitudeak
Olatz Sanchez Lamikiz
Latitudeekin dantzan dabilen barakaldarra naiz, han eta hemen, Iparra eta Hegoa orratz. Hizkuntza ttipiez arituko naiz, besteak beste; ikusi eta ikasi dudana zurekin konpartituko dut. Küpaelueyu, kiñetrokin, espazio zati bat eskainiko dizut zentzurik zabalenean, dela idatzi puxka, dela lur zati, dela bitxikeria, dela begirada. Haiek geureganatu eta iraultzen ahaleginduko naiz espazio berriak sortzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
Artxiboak
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
Abenduak lau. Gaur ez da Euskararen Nazioarteko Eguna.
2013-12-04 // Historia, Hizkuntza // Iruzkinik ez
Abenduak lau ditu gaur. Ez da Euskararen Nazioarteko Eguna, baina berdin eskainiko dizkiot berba batzuk euskarari.
Atzo Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zelarik, kartel ugari eta erreportaia asko topatu nituen han hemen, euskararen inguruan berbaz, euskararen etorkizunaz kezkaturik, aurrerapausoak gogoraturik. Gogoetez eta ospakizunez harago, ama hizkuntzaz mintzatzen den Miren Agur Meaberen olerkia ekarri nahi izan dut lerroartera, egunero nirekin batera diren euskaltzaleei besarkada beroa helarazteko:
Aho hortzetatik
Emango dizut nire esnea;
Fonemak, silabak, hitzak, esaldiak…
Neure beste esnea.
Zure abestiaren fonetika,
Zure ipuinen lexikoa,
Zure jolasen ortografia,
Zure sentimenduen sintaxia
Zure pentsamenduaren gramatika.
Miren Agur Meabe.
Hitzak soberan dira orduan, izan ere, hitzen, aditzen eta hizkuntzen inguruan ederki mintzatzen baita Miren andereñoa.
Ama hizkuntza jaiotzetik magalean izan edo aurreraxeago adoptaturik izan ( nire ustez biak dira zilegizkoak oso), mundua desberdin usaintzera zaramatza. Ipuinen tonua, berben jarioa, kantuen melodia, animalia eta zuhaitzen izenak, kantuak…..dena bestela ageri da, magiaz zipriztindurik baitaude esaldi eta esanahi guztiak. Kasu, magia hizkuntza guztiek gordetzen dute haien baitan, ni neureaz ari naiz ordea.
Doazela beraz, eupada eta besarkada handia abenduaren hiruan ezezik, gainontzeko 364 egunetan ere euskarara hurbildu diren lagun eta ikasle guztiei, euskaraz mintzatu eta bizitzeko erabakia hartu dutenei, adore hura plazara ateratzeko ausardia izan dutenei ( ez dezagun ahantzi, non zauden, errazagoa dela beste hizkuntza batean mintzatzea….).
Zorionez, euskararen eguna ikasleekin elkartu naizen guztietan ospatu dugu dela kantu baten bitartez, dela berba berri bat deskubrituz edo besterik gabe, gelan sartu eta hogeitaka ikasle jakinminak jota topatuz etxetik urrun samar. Distantziaren apetak, nonbait. Orduan ospatu dut euskara nire baitan bizi izana, orduan zoriondu ditut euskaradun ditudan adiskide guztiak.
Rapa Nui: Te pito o te henua. Munduaren zilborra
2013-11-29 // Historia, Hizkuntza // Iruzkinik ez
Badirudi zilborrak harri bitxi batekin zerikusi handia duena: kondaira batek dioenaren arabera, txaluparen oreka gorde nahirik, Hotu Matua erregeak bi harritzar garraiatu zituen Hivatik Rapa Nuira. Irlara iritsitakoan bi harriak erabili zituen lurraldea mugatzeko eta hala, harri bana jarri zuen irlaren mutur banatan. Te Pito O Te Henua izena daukana garrantzitsuena da, iparorratzak zoratzeko moduko energia berezia baitauka gorderik eta bertako bizilagunek harri hura baliatzen dute eskaintza eta egun berezietan, beronek ematen dituen bibrazio onak xurgatzeko.
Nerudak dio Rapa Nui “Itsaso zabalaren zilborra zara, itsasoaren tailerra, diadema galdua” dela, sumendiaren garrek itsasoa garaitu zuten, nonbait, eta hantxe azaldu zen lur puxka txiki hura, hamarnaka sumendiz osaturikoa.
Eta halaxe ei da, sumendi baten ondorioz “jaiotako” irla bitxia baita Rapa Nui, munduko ezein lekutatik urrun. Mapari begiratuta, bazter hura apenas dago ikusgai, mapetatik haratago dagoen lurraldea ahu edo moai izeneko estatuek besarkatzen dute isilpean. Bitxia da harrizko estatuen historia; tira, kondairez beterik dago irla, irudimenaren oasia da. Edozein kasutan, estatuok bertako herritarrek eurek eraiki zituzten; batzuek diote hilobi antzekoak zirena eta haien arteko guda baten ondorioz erdia baino gehiago suntsitu zituztena, moai bakoitzak tribu bat ordezkatzen zuen eta. Halako teoria ugari dago baina bakar batek ere ez ditu historialari guztiak asetu.
Egun irlan Rapa Nui hizkuntza hitz egiten da baina berez, mende batzuk atzera rongo-rongo hizkuntza sistema ideografikoa zerabilten, hau da, irudiz osaturiko hizkuntza. Ezker eskuin eta ondoren eskuin ezker idatzi eta irakurtzen da. Tradizioak esaten duenaren arabera XII-XII mende artean asmaturiko hizkuntza da baina aurkitu, XIX mendean Rapa Nui irlan aurkitu zuten rongo-rongo hizkuntza. Marrazo haginez eginiko “arkatz” zorrotzak oinarri harturik, egurrezko tauletan margotzen zuten. Izaki antropomorfikoak ziren nagusiki, hainbat jarreratan margotuak. Bestelako uretako zein lurreko animaliak irudikatzen zituzten: izarrak, landareak, hegaztiak… Irudi geometrikoak ere baziren haien idazkietan.
Huraxe zen XVIII mendera arte irlan erabiltzen zuten hizkuntza idatzia. Tangata rongo-rongo izeneko abeslari eta idazle finek ezagutzen zuten idazkera hura eta egur edo harrizko taula batzuez lagundurik, ahozko tradizioa mantentzeko eta memoriarako tresna gisa erabiltzen zuten, besteak beste.
Tauletako inskripzioen esanahia 1862 eta 1863 urteen artean galdu zen Perutik etorritako nagusiek taulak lantzen zituzten gizonak bahitu zituztenean; ondorioz, Rapa Nui irlatik joan behar izan zuten, esklabu. Hizkuntza irakurtzen eta sortzen zekitenak haien sorlekutik urrun eraman zituzten eta erbestean hil ziren. Haiekin batera, hizkuntzaren sekretua ere hil omen zen.
Rongo-rongo hizkuntzaren zeinu bakoitzak hitzak, aditzak, mugimenduak eta zenbakiak dakartza: esanahi anitza duten esaldiak. Hizkuntza artea izatetik zein hurbil egon daitekeen erakusten digun historia eta istorio tristea da, heriotzera kondenaturiko enegarren hizkuntzarena.
Irlaren jatorria eta haren antzinako hizkuntzaren berezitasuna literatura eta magiarako osagai perfektuegiak dira.
.
Tehueltxeak eta musikarik gabeko haizea.
2013-11-21 // Historia, Hizkuntza // Iruzkinik ez
Tehueltxeak Argentina eta Txilen bizi ziren; Neuquen eta Buenos Aires artean lekututa zeuden, Magallaneseraino. Iparraldekoak Günün-a-künna izena zuten eta Chubut ibaiaren mugalderaino iritsi ziren. Hegoaldeko bizilagunen izena Aonikenk zen eta berauek Magallanes itsasarteraino hedatu ziren.
XIX. mendearen bukaeran “ Campaña del Desierto” izenekoa gertatu zen Julio Argentino Rocak gidaturik; kanpainaren helburua indioak edo jatorrizko herrietako bizilagunak Argentinako Patagoniatik garbitzea zen. Ezer gutxi balio zuten lantza eta geziek, ingelesen armak askoz ere boteretsuagoak baitziren. Sei mila gizonez osaturiko espedizioa Rio Negro ibairaino iritsi zen. Hilabete batzuen buruan hildako kopurua mila lagun baino altuagokoa zen, beste horrenbeste atxilotu zeuden eta bi mila lagun txikituta eta jazarriak izan ziren. Lagun haien etorkizuna heriotzera kondenaturik egon ezean, esklabutza izango zuten bizimodu berri.
Bien bitartean ingelesak Patagoniara joan eta etorrian aritu ziren: gaixotasunak ekartzeaz gain, aisialdi eredu berria eta ankerra asmatu zuten: indioak ehizatzeari ekin zioten, izan tehuelche, mapuche, ona edo yagan.
Ehizak sari bikoitza zuen: patacon edo zilarrezko txanpona, pesoa alegia, indigena baten belarri truk. Haizea musikarik gabe geratu zen Patagonian, gorturik.
Eta historiaren hariari tiraka, hara non Manuel Rivasen”Vento Tehuelche” izeneko olerkia topatu dudan galizieraz, euskaraz, katalaneraz eta gazteleraz idatzirik, “Elurraren urtzea” izenburu duen olerki liburuan. Amaiera gisa:
Un par de orellas de tehuelche valía unha libra esterlina dio, Houbo cazadores de indios que decidiron aforrar munición e cobraron por orellas de vivo. Tehuelthe belarri pareak libra esterlina bat balio zuen; Indio ehiztariak izan ziren munizioa gorde nahi eta bizien belarriengatik kobratu zutenak.
As ánimas que penduran nas pugas dos amares das inmensas chacras teñen esa desfigura inmortal; Chacra mugagabeen alanbreen arantzan eskegita dauden arimak desitxura ezilkor hori dute.
Orientan o vento arfante polo mudo territorio da morgue. O laio intempestivo, incesante, do único sobrevivente á procura das matogueiras do ñire, cunha raspa de perca nos dentes. Morgeko lurralde mututik bideratzen dute haizea arnasestuka. Bizirik geratu zen bakarraren kexu ezgaraiko, amaigabekoa, ñireko sastrakaren bila, perka hezurra hagin artean.
O vento,
O vento sen orellas,
O vento de ninguén,
Bramando a verba infinda
Haizea, haizea belarririk gabe; inoren haizea, berba mugagabea urrumatuz.
Desesperazioak kiskalitako aita.
2013-11-13 // Historia, Hizkuntza // Iruzkinik ez
1983ko azaroaren 9an bere semea eta alaba atxilotu zituzten; garai hartan atxiloketak oso arriskutsuak ziren: inokomunikatu egiten zintuzteten eta atxilotua sarritan desagertu egiten zen, senide eta lagunek ezertxo ere jakin gabe. Atxiloketa ugari ausaz gertatzen zen, aurretik abisurik eman gabe. Panikoa txiletarren buru bihotzetan bizi zen, poliziak edonor atxilotu eta torturatu baitzezakeen. Kezkaturik, Sebastian seme alabaren bila hasi zen baina gobernuak ez zien gizonaren eskakizunei jaramonik egin. Atxiloketa gertatu eta bi egunera, azaroaren 11n hain zuzen ere, Concepcion herriko enparantzan protesta egin zuen; gorputza parafinaz eta gasolinaz busti zuen haren seme- alabak ahalik eta lasterren topatzeko presio gisa. Polizia bat harengana hurbildu zen, enparantza erditik alde egin zezan; Sebastianek poxpolo kutxa atera, poxpoloa izeki eta bere bururantz bota zuen sugar txikia. Handik ordu batzuetara hil egin zen gorputzean izan zituen erreduren ondorioz. Gizona erabat kiskali zen.
Sebastianek bere burua erre eta ordu batzuetara seme-alabak aske utzi zituzten; alabak hospitalera joateko aukera eduki zuen aitari bizirik zegoela kontatzera baina ordurako hilzorian zegoen.
30 urte bete dira zorigaiztoko egun hartatik; torturaren aurkako erakundeak sortu dira gizonaren izenean, poesiak, artea, oroimenerako lekuak eraiki dira…
Duela 30 urte Txile lotsagorritu zen desesperazioak jota Sebastianek hartutako erabakiarekin. Bidegabekeria, beldurra eta torturak etxeko auzokide bihurtzen direnean eromena hari fin batek lotzen du, berau apurtzen den arte. Ondoren, heriotza dator aurrez aurre.
Atakama basamortuko altxor bilatzaileak: zeruak eta heriotzak bat egin zutenekoa
2013-11-05 // Historia, Hizkuntza // Iruzkinik ez
Munduko basamortu lehorrena da Atakama; Txileko iparraldean dago eta turistentzako ohiko geldiunea da. Basamortuak paisaia bitxia dauka: batzuetan ez dakizu hare artean edo Marten, bietako zein bazterretan zauden. Begiek lasaitua hartu ohi dute ezerezera begiratu eta deus ikusten dutenean, bakean datzate zentzumenak.
Patricio Guzmanen “Nostalgia de la luz” dokumentala (gehiago…)
Mari mari: agur beroa
2013-10-29 // Historia, Hizkuntza // Iruzkinik ez
Hizkuntza beste agurtzeko modu dago. Maputxeen hizkuntzan agurtzen dugunean gure hamar atzamarrak eskaintzen ari gara agurtzeaz batera; atzamarrok jakituria gordetzen dute haien baitan, besteak beste.
(gehiago…)