Zaila ala erraza?
Aisia blogean Jaime Altunak plazaratu ditu hiru artikulu (bat, bi eta hiru) eta nik bakarrera batu ditut eta neure blogera ekarri: kopiatu eta ebatsi.
Pasa den ostiralean, Sustatun, honako izenburua duen artikulua argitaratu zen: “Eta euskara uste baino hizkuntza errazagoa balitz?”.
Tarteka entzuten den gaia izanda eta ematen ditudan ikastaroetan
askotan ateratzen den kontua denez, honi buruz hainbat hausnarketa,
iritzi eta datuak ordenatzea pentsatu dut. Hori bai, nire iritzia argi
eta garbi hasieratik utzita “ez dago hizkuntza zailik, ezta errezik ere”.
1. Moreno Cabrera “ez da munduan teknikoki hizkuntza bakar bat ere ikasteko besteak baino zailago denik”
Hala dio Juan Carlos Moreno Cabrera linguista madrildarrak. Hauek dira Moreno Cabreraren arabera euskararen inguruko aurreiritzi nagusienak:
– Euskara hizkuntza zaharra, arkaikoa edo primitiboa da.
– Euskara hizkuntza zaila da erabat edo hein batean
– Euskara batua hizkuntza artifizial eta asmatua da
– Euskara elkarren artean ulertezinak diren hamaika dialekto ezberdinetan zatitua dago.
Euskararen ustezko zailtasunaren inguruan hauxe idatzi izan du:“Munduko
hizkuntza guztiak konplexutasunaren ikuspuntutik gutxi gora-behera
berdinak direla frogatu du gaurko hizkuntzalaritzak”. Eta hiru puntu azpimarratzen ditu:
– Ezin dugu esan hizkuntzak zailak edo errazak direnik modu absolutuan.
–
Zailtasuna ez da ezaugarri linguistiko bat. Hizkuntza zailtasuna edo
erraztasuna hiztunen hizkuntzei buruzko iritziekin lotuta daude.
– Hizkuntza
zailtasuna definitzeko, kontuan hartu behar ditugu hiztunen hizkuntza
gaitasuna eta hiztunen beste hizkuntzei buruzko iritziak.
2. Xamar: “bi hizkuntzen arteko distantzia batetik edo bestetik begiratuta berdina da”
Modu didaktikoago erabiliz, Juan Carlos Etxegoien “Xamar”-ek Oreka liburuan honako hau azaltzen digu euskararen ustezko zailtasuna gezurtatzeko: Askotan
aipatzen da hizkuntza batzuk zailak direla ikasteko. Beste gauza bat da
norberak dakizkien hizkuntzak jakinda beste batzuk ikasteko dauzkan
erraztasunak eta zailtasunak. Helduek bigarren hizkuntza bat
ikasterakoan dakitenarekin egiten dute konparaketa, oharkabean bada
ere. Espainolez dakienak italiera “erraza” aurkitzen du adibidez, bi
mintzoek hizkuntza familia berekoak izanik, antz handia dutelako.
Daniera, berriz, “zaila” egiten zaio, aski ezberdina baita. Aldiz,
suediar batek daniera “erraza” deritzo eta italiera “zaila”. Daniera
eta suediera familia berekoak direlako. Beraz, “zailtasunak” hizkuntzen
artean dagoen kidetasunean datza. Baina bi hizkuntzen arteko distantzia
hori batetik edo bestetik begiratuta berbera da.
Xamarrek goiko irudia erabililtzen du hau dena ilustratzeko:
Adibidez,
euskara zaila omen da. Espainol edo frantsesetik euskarara dagoen
distantzia “handia” denez , euskara zaila da. Baina jauzi hori
euskaratik erdarara horietara dagoen berbera da, ez handiago, ez eta
txikiagoa ere. Beraz, erdaldun batek euskara ikasteko gainditu behar
duen tartea, euskaldun batek erdara ikasteko izan duen berbera da. Hala
izanik, euskara ikastea espainola ikastea bezain zaila (edo erraza) da.
3. “Ahal izatetik, nahi izatera”
HUHEZI-k
2002an sortutako material interesgarri honetan, hizkuntzen arteko
aurreiritzien atalean, jarduera bat proposatzen du hizkuntza zaila eta
errazen aurreiritzia jorratzeko. Hemen duzue proposatzen den jarduera:
Helburua:
ikasleak ondorio hauetara iristea: ez daudela hizkuntza “errazak” edo
“zailak”; lehen hizkuntza edozein delarik ere, munduko hizkuntza
guztietako hiztunentzat ez dago hizkuntza zailik.
Prozedura:
Esan ezazu hurrengo baieztapenetatik zeinekin zaude konformeago.
Konparatu zeure iritzia eta zure albokoarena eta, ondoren, zuenak
gelako gainerako ikaskideen iritziekin.
– Badira hizkuntza errazak eta hizkuntza zailak.
– Ez da egokia hizkuntza errazago edo zailagoez mintzatzea
– Hizkuntzak ikasteko berezko erraztasun edo talentua duen jendearentzat, hizkuntza guztiak dira ikasteko errazak.
– Hizkuntza
“zailetako” jaiotzzatiko hiztunei gehiago kostatzen zaie bere hizkuntza
ikastea. Hizkuntza “errazagoetako” hiztunek, aldiz, azkarrago ikasten
dute berea.
– Hizkuntzak
ikastea dela eta, aldeko jarrera eta joera egokia duten pertsonentzat,
hizkuntza jakin bat ikastea beste zeinahi ikastea bezain erraza da.
– Jaiotzatiko
hiztunarentzat bere hizkuntza ikastea erraza da, edonork –dela
txinatar, katalan, portugaldar, arabiar, gaztelau, hindi, alemaniar,
euskaldun edo dena dela- erraz eta berdin-berdin ikasten du bere
hizkuntza.
4. “Hezhiz”
Urtxintxa Eskolak 2008-tik HezHiz programa
garatzen ari da. Gaztetxoen artean erabilera sustatzeko hizkuntzarekiko
jarreren lanketarako egitasmo bat da. Munduko hizkuntzen atalean Hizkuntza zailak eta errazak izeneko gaia lantzen da honako ariketa erabiliz:
Haurtxo hauen artean nork ikasiko du lehenago bere ama hizkuntza hitz egiten? Eta nor izango da azkena?
Aurreko
adibideetan bezala, ariketa honen helburua hizkuntza zaila ala errezik
ez dagoela adieraztea da. Izan ere, ariketa honek gaiari buruz
hausnartzeko eta iritzia emateko aukera ematen baitu.
5. Sustatun egindako azterketa
Artikulu honen hasieran, atzo aipatu nuen moduan, Sustatun
egindako azterketa baten bidez, euskaraz erabiltzen ditugun aditzak ez
direla zailak erakutsi nahi izan dute. Euskararen zailtasuna aditz
laguntzailearen paradigmarengatik justifikatu baitute askok. Ariketa
txiki batekin, ordea, ondorio honetara iritsi dira: “Euskaraz, aditz zailak baino gehiago, gutxi erabiltzen diren aditz multzo handia dago”. Hemen ikusi dezakezue azterketa guztia: “Eta euskara uste baino hizkuntza errazagoa balitz?”
Bukatzeko zalantza bat
Aurreko
guztia esan eta gero, George Lakoff-en “No pienses en un elefante”
liburuarekin gogoratu naiz. Liburu horretan ideia nagusi hau luzatzen
digu: markoak
sortu behar dira, etsaiaren joko-eremuan ibili behar ez izateko.
Besteen hizkera erabiltzen baduzu bestearen markoa erabiltzen ari
izara eta ahori zure kontra dator. Hauxe da, beraz, nire zalantza: komeni
al da topiko hauei buruz hitz egitea?. Aurreiritzi hauek gezurtatzen
saiatzen garenean, ez al gara ideia bera finkatzen laguntzen ari? Zuek
zer uste duzue?
Euskararen zailtasuna edo erraztasuna etengabe frogatzen ibili beharra kantsagarria izan daiteke. Eta bistan da topiko hori era interesatuan zabaltzen dutela batzuek (aitzaki modura sarri).
Dena dela, kontuz ibili behar dugu geu ere topikoetan ez jausteko. Baieztapenak testuinguruan jarri behar dira beti ere. Eta euskara hizkuntza zaila edo erraza izan daiteke aldagai askoren arabera.
Adibidez, inguruan sentitzen ez den hizkuntza, norberaren bizitzan esanahirik ez daukana zailagoa da bizirik sumatu eta norberaren komunikazio-beharrak asetzen laguntzen duena baino. Kode konplexu matematiko eta ia sakratu modura aurkezten den hizkuntza zailagoa izan daiteke errealitatearekin lotuta antzematen dena baino. Motibazio edo lotura afektiborik eragiten ez digun hizkuntza zailagoa da norberarena sentitzen dena edo haren komunitateak sinpatiaren bat eragiten diguna baino.
Bestalde, nik zailtasuna dela eta galdera kokatzen saiatuko nintzateke: euskararen kasuan zer da zaila? Aditzak ikastea, azterketa bat gainditzea edo norbaitekin euskaraz egitea?
Euskara ikasleei galdetu beharko genieke, baina batzuetan paradoxa moduko bat ikusi dut. Euskaraz nahikoa eroso jarduten duen jendeari euskara zaila dela entzutea:. eske aditzak, eske idazlanak…. Eta pentsaten duzu, zaila zer da baina? Euskaraz egitea ala euskara jakitearen adierazle ei diren kontzeptu batzuen jabe izatea?
Eskerrik asko gaiari heltzeagatik. Nire artikuluarekin, eta gazteekin gaia lantzen dugunean,ondorio honetara iritsi nahi dut: ez dago termino absolutuetan hizkuntza zaila edo errazei buruz hitzegiterik. Aipatzen dituzun aldagaiak (inguruan sentitzen ez den hizkuntza, lotura afektiboa, norberaren komunikazio-beharrak…) pertsonalak dira, norberaren baitakoak. Hau da, zailtasuna edo erraztasuna norberaren ezaugarrietan datza, ez hizkuntzaren ezaugarrietan. Horrelakoetan noizbait entzun izan dudan adibidea datorkit burura, distantziarena: Toki bat urruti ote dagoen galdetzen badugu, urruti nondik zehaztu beharko genuke. Tutera Donostiatik urruti dago baina Corellatik oso gertu. Hizkuntzekin antzera egin beharko genukeela iruditzen zait: hizkuntza zaila? norentzat?
Izan ere, nire 8 urteko alabarentzat euskarazko aditzek ez dute inolako zailtasunik, nahiz eta (oraingoz) “oparitu zenidan” esan ordez “oparitu zidazun” esaten duen. Gastelaniazko aditzekin aldiz (oraingoz) nahiko lan dauka!
Pasa den egunean El Pais-en artikulu txiki bat agertu zen ( Adán y Eva se entendian a besos) eta besteak beste “clic” hizkuntzak aipatzen ziren. Irakurri nuenean euskararen ustezko zailtasunaz akordatu nintzen. Hona hemen aukeratu dudan zatia:
“Pese a las extinciones masivas de bosquimanos -y de sus lenguas-
acaecidas en los últimos siglos, quedan aún un cuarto de millón de
hablantes de khoe. Las otras lenguas clic son mucho más raras: algunas
agonizan con solo un centenar de hablantes, y muchas otras se han
extinguido en los últimos tres siglos. La Universidad Nacional de Taiwan
y la Enciclopedia Británica contienen muestras de audio de muchas de
estas lenguas.
Pese al parco repertorio de chasquidos básicos, los
hablantes de khoisán pueden matizar cada clic de varias formas
-nasalizándolo, aspirándolo, sonorizándolo- y combinarlo con distintas
consonantes convencionales, hasta producir algunos de los sistemas
fonéticos más complejos que se conocen. El lenguaje !xoo llega a
distinguir de este modo más de 120 consonantes, un récord mundial
seguramente imbatible.”
Finlandian ere aipatu dute …. ze gatxa da gaztelania