Komun
2023ko ekainean Euskal etnopoloak antolaturik, berbaldi laburra egin nuen Baionan, hizkuntzak eta komunak non egiten duten bat adierazteko zelanbait (etnopoloaren kolokioaren gaia honako hau zen: Amankomunak, baliabide partekatuak. Zer nolako erronka?). Berbaldi horretan esandako batzuk post honetan laburturik (edo):
- Hizkuntza da lehen komuna, lehen amankomuna. Ze, hizkuntza ez da gramatika (hori eraikia da, sortua da), hizkuntza komunitatea da, hizkuntza egitate komunitarioa da. Hizkuntza sistema linguistikoa da, bai, baina lurralde kognitiboa ere bada.
- Eraikuntza librea da, denok egunero erabili eta moldatu egiten duguna, egunero lantzen, aldatzen eta eguneratzen dugun ondare komuna da. Librea esan dut eta, gure kasuan, seguruenik inguruetan baino “libreago”: wikipedia indartsua dugu, idatzizko komunikabiderik indartsuenak lizentzia librean argitaratzen dira (Argia, Berria, 26 tokiko komunikabide gutxienez), Euskaltzaindiak ere lizentzia librean airatzen ditu bere edukiak, eta abar.
- Hiruki bat osatzen da: lurraldea, hiztunak eta hizkuntza daude erpin bakoitzean. Izan ere, lurralde bako hizkuntza gutxi dago (baten bat egon daiteke, baina …), hiztun bako hizkuntzak badira, baina horiei hizkuntza hilak deitzen dizkiegu (latina adibidez). Hizkuntza batek hiztunak eta lurraldea behar du. Hizkuntza batek, beraz, komunitatea behar du. Eta horrek oinarrizko kontzeptu batera garamatza: hizkuntza komunitatea (edo hiztun komunitatea).
- Zer da hizkuntza komunitatea? Euskarazko wikipediak dio hizkuntza komunitate batek honako osagaiak izan behar dituela:
- Ingurune eta lurraldetasun politiko-juridiko-sozial jakin batean kokatua egon behar du.
- Hiztun multzoa izan behar du.
- Funtzionatzeko norma komunitario bereziak izan behar ditu hiztun multzo horrek.
- Hiztun multzo horrek erabili egin behar du delako hizkuntza. Jakitea ez da nahikoa (adibidez, latinak ez du hizkuntza komunitatea osatuko, erabiltzen ez delako).
- Hiztun multzo horrek jarrera eta ekintza komun batzuk egin behar ditu (adibidez, Euskal Herrian dauden hiru islandiarrek ez lukete osatuko hizkuntza komunitatea elkarrekin jarduten ez badute).
- Sinpleago esanda, eta gurera ekarrita, honako hau izan daiteke euskal hizkuntza komunitatea: bere gizarte garapenerako eta sozializaziorako perspektiban, eta hizkuntza aniztasunaren testuinguruan, lurraldeko hizkuntzarekiko (euskararekiko) identifikazioa, sentimenduak, eta jarrera eta portaera aktibo eta positibo komunak partekatzen dituen komunitatea.
- Aurrera egiteko, gaur eta hemen zer behar dugu: hizkuntza politika ausarta ala hizkuntza komunitatea sendoa, azkarra? Ezer izatekotan, galdera tranpa da, bai, dikotomikoa ez dena. Gehienok erantzungo genuke hizkuntza politika ausarta eta komunitate indartsua. Biak. Eta bai, hala da, baina … Oinarria hizkuntza komunitate azkarra da, nire ustez. Legeak kontra izanda (eta oraindik badira, bai hemen, bai Bidasoaz beste aldean, ofizialtasunak ofizialtasun), iraun dugu, halamoduz baina iraun dugu. Oinarrian hizkuntza komunitatea dagoelako. Izan ere, nire ustez, hizkuntza politikaren azken xedeak, azken helburuak hizkuntza komunitatea azkartzea izan beharko luke. Eta neurgailu horren arabera epaitu beharko genituzke hizkuntza politikari lotuta aurrera eramaten diren ekinbide guztiak. Hala ere, Europako turbokapitalismoaren barru-barruan dagoen gurea bezalako komunitate batek iraun dezake, biziberritu daiteke, aldeko hizkuntza politika bat barik? Ba, jakina ezetz. Hori ere behar dugu, hemen eta orain.
- Trinkotzea: Jose Maria Sanchez Carrion “Txepetx”-ek hizkuntza komunitatearen trinkotzea jarri zuen normalizaziorako inflexio puntu gisara. Komunitatea trinkotzea bai. Honela zioen berak: “Hizkuntza minorizatu baten hiztunek alde batera utzi behar duten lehen superstizioa da Gobernuaren ekimenak (izan Estatua, autonomia-erkidegoa, kantoia edo dena delakoa) berak bakarrik edo kanpotik ekarritako aditu kualifikatuaren laguntzaz konponduko dituela gaitz guztiak eta hartuko dituela neurri egokiak mehatxatutako hizkuntzari dagokion erabilera lehengoratzeko. Atzerabidean den minoria bat ez da salbatuko minoriako kide ez direnen intentzio oneko ekintzen bidez. Bakarrik salba daiteke bere kabuz: eta, orduan, bere kideek hartzen badute atzerapen hori gelditzeko borondatea, erakundeak eta beharrezkoak diren baliabideak lortzen badituzte, hartu ahal izango dituzte beharrezkoak diren neurriak».KOrdutik, ehunka elkarte sortu dira, ehunka ekimen, ehunka proposamen, trinkotze hori helburu. Nik doktoretza-tesian aztertu nituen trinkotzearen abaro horretan sortu ziren eta diren euskara elkarteak, batez ere Hego Euskal Herrikoak, eta ondorioetako bat izan zen, trinkotzea dutela eta zutela helburu, baina ez dagoela inondik ere trinkotze hori definituta, trinkotze hori zehaztuta. Eta uste dut beharrezkoa dela trinkotze hori definitu, trinkotze hori egunerokora ekartzea.
- Komunitatea, hizkuntza, trinkotzea, ahalduntzea. Esan dudan bezala, ondare komunen artean, hizkuntza dugu lehena edo lehenetarikoa, eta beste hainbat ondareren oinarri ere badugu hizkuntza. Inuitek honako esaera dute: hizkuntza da erabilerarekin zorrozten den arma bakarra. Eta hala da. Hizkuntzaren ondarea mantentzeko beharrezkoa da, nahitaezkoa da hizkuntza horri eusten dion komunitatea mantentzea, komunitate hori ahalduntzea, komunitate hori biziberritzea.
- Hizkuntza gutxi-asko salbatuta dago, hiztegiak daude, herrietako hizkerak jaso dira eta jasotzen ari dira, ikerketa asko daude eta egongo dira. Xamar ikerlari nafarrak dioen modura, hizkuntza salbu dago, baina salbu ez garenok gara hizkuntza hori ezpain-lumetan darabilgunok. Eta hiztun barik, ezinezkoa da ondarea zaintzea, ez hemen ez inon. Amaitu nahiko nuke aldarri txiki batekin: munduan bioaniztasuna galtzen ari da, munduan klima aldaketaren larrialdia dugu buru gainean. Ba, gogoratu, munduko bioaniztasuna mantentzeko beharrezkoa dela hizkuntza gutxitu eta gutxietsiak mantentzea, hainbat ikerketak probatu duten modura. Hortaz, lanera!
” ondorioetako bat izan zen, trinkotzea dutela eta zutela helburu, baina ez dagoela inondik ere trinkotze hori definituta, trinkotze hori zehaztuta.” Nola definitu orduan trinkotze hori? Zarautzen sortu dugun euskara taldean ere helburu horixe dugu. Baina, nola sortu lorpen adierazleak trinkotzen ari garela ziurtatzeko? Nola ebaluatu? Nola trinkotu?
Ez daukat erantzun beterik (seguruenik erantzun beterik ez dagoelako eta, izatekotan, erantzun hori derrigorrez eta nahitaez kolektiboa behar duelako). Hala ere, Elgoibarreko Izarrako lagunek eskatuta, honako hau egin nuen (eta gero blogeratu): https://blogak.argia.eus/txerra-rodriguez/2021/10/04/hamar-apunte-trinkotzeari-buruz/