Hitz hutsak
Dut taldearen kanta mitiko baten izenburua da Hitz hutsak hori (entzun eta gozatu!). Letra horretan bi ahapaldi nabarmendu nahiko nituzke:
“Gezur batean bizi gara” eta “ez dut inoiz onartu errealitateari uko egiten dion jendea”
Eta zertara dator hau guztia? Azken urteotan, mila plangintza irakurri behar izan ditut, mila proposamen eta mila ekintza. Eta behin baino gehiagotan paper horietan hitz hutsak daudela iruditu zait. Hitz hutsak.
Izan ere, euskararen aldeko prozesua zerbait izatekotan, komunitarioa da, komunitatea sortu eta birsortzeari begirakoa. Eta hor gauzak zelan egin diren eta horrek zer balio sinbolikoa dakarren neurtu egin behar da. Hori da benetan lanaren emaitza. Eta ez plangintzetan jartzen diren adierazle batzuk (jende kopurua baino ez al da garrantzitsuagoa etorritakoen iritzia esate baterako?).
Gainera, batzuetan susmoa dut euskararen arazoak espezialiston gain delegatzen ari dela jendartea. Espezialistok gure ardura dugu, jakina, baina erantzukizun osoa ez dago gure bizkar. Ekintzen norabidea zehazten laguntzean datza gure lana, baina guk geuk bakarrik ezin dugu (eta hori askotan islatzen da plangintzetan agertzen diren hitz huts horietan).
Hortaz, gauza konplexuei konplexu erantzun egin behar zaie, ez sinplikatuz. Euskararen auzia zeharo konplexua da. Hainbat faktorek eragiten dute: politikoek, hirigintzakoek, ekonomikoek, kulturalek, psikologikoek, antropologikoek, sozialek, … Hauek guztiek zerikusia dute eta, beraz, erantzunak ere faktore horiek guztiak hartu behar ditu kontuan.
Batzuetan gertaera konlplexuei modu sinple batez erantzun edo eraginda asko aurreratzen da, zenbaitetan erantzunak berak ematen baitio izaera gertaerari.
Euskal herria: euskararen herria