Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Zazpi aholku

2022-05-30  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Zazpi aholku

Katalunian egon zen Catala sempre izeneko foro bat. Foro horrek zazpi aholku, zazpi agindu, zazpi konpromiso jartzen zituen mahai-gainean. Interesgarria iruditu zait horiek euskaratzea eta blogera ekartzea. Ea zer deritzozuen!

  1. Beti egiten dut berba guztiekin katalanez, duten aurpegia dutela, duten kolorea dutela. Salbuespena bakarra turistak dira, Baldin eta eskatzen badidate berariaz katalanez ez egiteko. Harrigarria da turistek zenbat ulertzen duten keinuak eta adeitasuna konbinatuz gero. Baina hemen bizi den guztiekin, etorri berri-berria izan arren, katalanez baino ez dut egiten, lehen egunetik. Eta, horrela eginda, ia inork ez dit eskatzen hizkuntzaz aldatzeko.
  2. Ez dut ezer esaten ez aipatzen besteek berba egiten duten hizkuntzari buruz: besteek gura dutena egin dezaten nik gura dudana errespetatzen duten bitartean. Ez ditut animatzen katalanez egitera, uzten dut ekintzek nigatik egin dezatela berba, eta pentsatzen dut askoz indartsuagoa dela eurek katalana entzun dezatela, eurak konbentzitzen saiatzea baino.
  3. Normalean katalanez berba egiten ez duen batek egiten duenean, jarraitzen dut ezer gertatu ez balitz bezala: ez naiz liluratuta gelditzen, ez dut laudatzen. Ez dut gaia aipatzen ere. Kontraesana badirudi ere, konprobatu dut metodorik eraginkorrena dela, seguritatea ematen dietela eta aurrera egitera animatzen. Harrituta gelditzen nintzenean edo aldaketaz pozten nintzenean, edo euren aurrean aipatzen nuenean, lotsatu egiten ziren eta batzuetan arin samar pasatzen ziren gaztelaniara (ondo pentsatuta, logikoena da ez harritzea, gura badugu denok katalanez egitea, gura badugu hori izatea arau orokorra).
  4. Ez naiz haserretzen, ez dut eztabaidatzen katalanez berba egiteko dudan eskubideari buruz. Kontu hori ez dago eztabaidagai, eta kito. Eskubideak ez dira eztabaidatzen, praktikatzen dira. Baten batek probokatzen badit, paso egiten dut: asko presionatzen badu, esaten diot baietz, arrazoia duela. Eta kito. Oso erabilgarria da adibidez: “Zuk esaten baduzu …” eta ostean isiltasuna. Magia hutsa da! Ah, eta batez ere, batez ere, ez dut eztabaidatzen gaztelaniaz katalanez berba egiteko dudan eskubideari buruz: hori egitea eztabaida hasi aurretik galtzea da.
  5. Inork egiten badu txantxaren bat nire katalanari buruz, berdin-berdin erantzuten diot. Adibidez, auzoko pakistandar batzuek nitaz egiten zuten barre haiei katalanez egiten nienean, “hi hi hi katalan, hi hi hi …” eta neuk erantzuten nien hortzak erakutsita “hi hi hi urdu, hi hi hi …”. Eta txantxa hortxe bertan amaituko da. Gaur egun ez didate ezer esaten eta haietako bat katalanez hasi zait. Ez badago modurik txantxari buelta emateko, ez dut erantzuten.
  6. Ez ditut toleratzen ez interpreteak ez bitartekariak. Badakizue: etorkin batekin katalanez hasten zarenean, tartean sartzen direnak eta kritikatzen zaituztenak gaixoek ez dakitelako. Eta itzultzen dute esaten duzuna gaztelaniara, zu baino irekiago eta solidarioago direla erakusteko. Jende honekin ez da inolako gupidarik izan behar, zero, eta jakinarazi behar diegu gogor nagusiak garela eta badakigula munduko arazoei aurre egiten. Eta adierazi behar diegu gure interlokutorea tontotzat hartzen ari dela.
  7. Baten batek esaten didanean ez duela katalana ulertzen, galdetzen diot xalo-xalo: “Eta zergatik?” Horrek normalean defentsa guztiak suntsitzen ditu, aza-aurpegia geratzen zaie, ez dutelako espero, seguruenik lehenengoa naizelako hori galdetzen. Baina badira sumindu egiten direnak eta “estamos en España y a mi nadie me puede obligar bla, bla, bla” esaten dutenak. Nik esaten diet, adeitasun handiz, arrazoia duela eta abar. Eta, hortik aurrera, mozten dut elkarrizketa, eta kito. 

Bollera eta ahobizi

2022-05-23  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Bollera eta ahobizi

Aurreko batean, Marikobason dabilen herriko gazte batek retuiteatu zuen neska baten tuita. Han agertzen zen neska hori kamiseta batekin (espainolez, baina nik euskaraz emango dut): zure teoriari kalea falta zaio. Itzel gustatu zitzaidan eta Marikobasoko gazteekin zenbat ari naizen ikasten gogorarazi zidan.

Bollera ahobizien testigantzak irakurrita, behin baino gehiagotan gogoratu naiz esaldi horrekin. Eta autokritika egiteko ere erabili beharko nukeela iruditzen zait (baina hori ez da gaurko gaia). June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak bollera euskaldunekin egindako elkarrizketak asko gozatu ditut (testigantzez gain, badira beste kontu batzuk, ekarpenak, hitzak eta sorkuntza). Eta testigantzek teoria eraikitzeko balio dutela erakutsi didate berriro ere (tarte berean, Borrokalari transgeneroak eta Araka ditzagun gure bazterrak irakurtzen ari nintzen eta horietan ere bizipenek duten garrantzia agerikoa da, baina horiek agian beste inoiz blogeratuko ditut).

Eta zer diote bizipen horiek? Ba denetarik. Bakoitzetik esaldi bana edo bina ekarri dut, niri deigarrien egin zaizkidanak (eta, jakina, denak irakurtzeko gonbitea da hauxe):

Nahia Urdanpilleta eta Batirtze Lertxundi

Niri, euskal bollera bezala (hau da, lesbiana politizatu bezala) batzuetan hurbiltasun edo erosotasun gehiago eman dit Mostoleseko bollera batek, bere identitatea auzian jarri ez duen euskaldun batek baino.

Argi Lertxundi

Euskararen erabilera, nortasun lesbikoarekin lotzen dugun neurrian, zapalkuntza desberdinak eta nortasun disidenteak borrokatzeko ibilgailu bilakatzen dugu.

Nagore Zuazo

Gaztetatik Bilbon euskaraz ibiltzea izan zen nire apustua, eta lesbianismoan berriro zerotik hastea bezala izan zen. Anbientetik mugitzen hasi ginenean flasha gogorra izan zen. Jaso nuen lehenengo  argazkia izan zen guztiz erdalduna zela. Bai jendeak erdaraz egiten zuelako nahiz eta euskalduna izan, bai musikalki, janzkera, izateko era; oso mundu erdalduna zen. Niretzako nahiko frustrantea izan zen.

Garazi/Gatx Eizagirre

Noka baliagarria al da genero-bitartasuna zalantzan jartzen dugun pertsonontzat?

Nolatan hasten da norbait noka hizketan? Zerk bultzatuta? Norekin? Non? Nola ikasten du aurretik ez bazekien? Zer gertatzen da prozesu horietan? Zeintzuk dira nokarako bide horiek egiten ari diren, garen hiztunak? Genero-bitartasunak nola eragiten du pertsona horiengan?

7 menos 20 taldea

Gaur egun, uste dut Gasteizeko lesbianen mundua euskalduna dela. Garai hartan bakarrenetarikoa nintzen eta gaur egun erdalduna denari euskaraz esaten dena itzultzen zaio.

B.A.L.A. 

LGTBtik diskurtso oso anglo eta kolonialak heltzen ari ziren.

Termino angloak gure errealitatera moldatzen saiatzen gara eta hori ezin bada egin agian izango da ezin direlako gurera ekarri. LGTBekin egiten ari den merkantilizazioa EHtik harago doa eta termino zabalagoak erabiltzea beharrezkoa da, beti ere egungo errealitatearekin lotuz, beste borroka batzuei gure diskurtsoekin itzala egin gabe.

Ana Jaka eta Josune Ortiz

Bere ustez, “hitz berriak sortzea autodeterminazio modu bat da”, maileguekiko dependentziak “nortasuna inportatzea” suposatzen duelarik (Ana Jaka).

Maren Zubeldia

Euskaltzaletasunak erakutsi dizkidan tresnak gure identitate mariokerra eraikitzeko erabili nahi nituzke.

Izaskun Aranbarri

Bertso munduan sexu aniztasunak lortu duten ikusgarritasunak milaka kanpaina baino gehiago balio du. Baina irla txiki bat iruditzen zait.

Ez da bidea

2022-05-18  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Ez da bidea

Artikulu bat idatzia nuen. Eta bertan honako hau esaten nuen lerrokada batean:

Ikasi eta irakasteko dinamiketan hizkuntzen eta hiztunen ingurukoak ere irakatsi behar dira, irakatsi uler bedi modu parte-hartzailean eta ez-hierarkikoan, mesedez. Eskolak bihurtu behar ditugu aktibazio linguistikorako espazioak. Horretarako, ezinbestekoa da gaitze soziolinguistikoa martxan jartzea (Izaro Arruti eta Sandra Pietrok egindako lana nabarmentzekoa da, han tresna asko agertzen baitira).

Gordeta nuen artikulua, oraindik ondu behar nuelako, oraindik findu eta txukundu behar nuelako (baina seguruenik lerrokada hori ukitu barik). Eta bat-batean neure eskuetara heldu zen Soziolinguistika ez da bidea izeneko artikulua, eta dena aldatu zen, lehengo artikuluak galdu zuen zentzua eta goitik behera aldatu-edo izan nuen buruan. Baina nagiak harrapatu ninduen eta bere horretan utzi nuen, zirriborro eternoen karpean.

Eta, joe, berreskuratu gura nuen soziolinguistika ez da bidea izeneko artikulua. Izan ere, ni izan naiz soziolinguistika hezkuntzan txertatu behar dela behin baino gehiagotan aipatu duenetako bat. Eta bat nator oro har artikuluak dioenarekin (irakasleen gaitze soziolinguistikoarekin batik bat), eta bat nator soziolinguistika ez dela bidea ideiarekin.

Baina … soziolinguistika domestikoa bai da bidea (bale, nik erdi asmatutako kontzeptua da, baina balio du, balio duenez). Eta artikuluaren egileek ere bat egiten dute (eurentzako hori soziolinguistika ez bada ere), ze aditu zer taula proposatzen duten ikasleekin lan egiteko:

Soziolinguistika ez da bidea

Regueiglobertso

2022-05-09  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Regueiglobertso

Apirilaren 6an Korrika Deriotik pasatu zen (eta bere uriolan kilometro batzuk egin nituen). Eta hurrengo egunean hitzordua nuen Igorren, aspaldiko partez Regueibertso (oraingoan Regueiglobertso bihurtua) han zelako. Eta Sechu Sende eta Manolo Maseda lagun zaharrak ikusteko paradak ezin dira desaprobetxatu.

Eta zer da Regueiglobertso ba? Ba, Galiziako, Kataluniako eta Euskal Herriko gazteen arteko elkartruke programa bat, inprobisazioak zeharkatuta. Gure kasuan, bertsoa, galiziarren kasuan regueifa eta katalanen kasuan glosa. Giro ederra bizi izan genuen Igorren, saio gogoangarria eta abarrekin. Kronika ederrak paratu ditu Sechuk (baita Caterina Canyelles katalanak ere):

Um Regueifabus levou 40 adolescentes a Euskal Herria ao Regueiglobertso, um Galeusca de regueifa, glosa catalá e bartsolarismo basco. Que aventuraza! pic.twitter.com/hPPJHoYgzV

— séchu sende (@toxolobo) April 14, 2022

Dez desenhos para lembrar quatro dias de cançom improvisada em Euskal Herria. pic.twitter.com/bYDU3cSX4R

— séchu sende (@toxolobo) April 15, 2022

A punt de començar la mostra de REGUEIGLOBERTSO, un intercanvi d’estudiants de Galiza, Euskadi i Catalunya que treballen la improvisació oral.
Aquest any, a Igorre, EH. pic.twitter.com/HQI4Hyuu6e

— Caterina Canyelles (@29febrer) April 7, 2022

Eta, horren ostean, zer dut nik gehitzeko? Ba, ikusgarria iruditzen zaidala ikuspuntu soziologiko batetik han gertatzen dena. Batetik, Igorreko neska-mutikoak daude, arratiarrak, eskualde industrial eta landatar batekoak. Bestetik, galiziarrak: Vila de Cruces bezalako herri batekoak, galiziera-hiztunak bai, baina landatarrak erabat, eta, bestetik, Milladoirokoak, Santiago inguruko herri gazte eta “modernoak”. Azkenik, bartzelonarrak. Itxura aldetik, zeharo ezberdinak denak, ilekera, arropa eta mugitzeko eta egoteko modua. Eta berbakera eta parranda egiteko modua. Eta abar. Baina, …, hala ere, itzelezko konexioa, itzelezko estekatzea han eta hemengoen artean, hizkuntzak eta hura jolaserako erabiltzeak bakarrik esplika dezakeena, nire uste apaltxoan.

Eta horrek eragin dit buruko ganbarari bueltak ematea (baina ondoriorik atera ez dudanez eta irakurlea ni baino azkarragoa denez, ba …).

Doan

2022-05-02  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Doan

1981ean AEK-k euskara ikastearen doakotasuna aldarrikatzen zuen (datua Zeinek esango zigun ikerketa-liburu ezin interesgarritik hartu dut, aurrerantzean ikerketa bera ekarriko dut blogera, sakon). 2022ko Korrikan ere aldarrikapen nagusi hori izan du AEK-k, 40 urte baino gehiago pasa diren arren.

Tesia egiten ari nintzenean, hainbat pertsona elkarrizketatu nuen. Horietako batek, artez eta zehatz, esaten zidan euskararen aldeko borrokak erradikaltasun handiagoa behar duela. Eta nik esan nion ea gehiago zehazterik zuen, ea zein borroka izan zitekeen oraingoak baino erradikalago. Eta artez erantzun zidan: euskara ikastearen doakotasunaren aldeko borroka zela berak orain eta hemen ikusten zuen borrokarik erradikalena. Niri zer pentsatua eman zidan horrek (eta urte batzuk pasatu diren arren, oraindik ondo gogoan dut hark esandakoa, bistan denez) eta zer pentsatua ematen jarraitzen dit.

Iruditzen zait doakotasuna borroka erradikala dela, ezinbestekoa ere bai. Baina uste dut euskaltegiek (edo helduen euskalduntzeak, gurago bada) bestelako arazoak ere badituztela: irakasteko metodologietatik ikasleen motibaziora, eta tartean beste hainbat. Hala ere, bai, doan, doan eta doan ikasi beharko litzateke euskara. Gaur eta hemen.

Hitz-ekin

2022-04-25  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hitz-ekin

Korrika pasatu da eta emozio uholdeak piztu ditu han, hemen eta hor. Komunikabideetan denetariko erreportaje eta elkarrizketa, eta saio berezi, eta abar egin dira. Horietako batzuk segitu ditut (denak jarraitzea ia inposiblea da) eta nik bi nabarmenduko nituzke (aupamen berezia egin gurako nieke tokiko hedabideetako jarraipenei, biba zuek!).

Batetik, Kanaldudek egunero egin duen programara. Artaxoa eta Errekaleor, Oztibarre eta San Inazio, Deierri eta Beasain, eta beste hainbat herri ezagutzeko parada izango duzu programa horietan. Pantxika Maitiaren gozotasunarekin bidaiatuko duzu euskal herrietan zehar, euskara lekuko. Eta gero etorriko da Eneko Gorri bere elkarrizketa zorrotzekin, Laba, Marikobaso, Uema edo Geu elkartea ezagutzeko. Korrika nun, Kanaldude han: nire ustez, programa honek erakusten du beste behin diru gutxi izan arren, gauza biziki interesgarriak egin daitezkeela gogo eta ilusioarekin. Biba zuek! Milesker handi bat!

Korrika nun, Kanaldude han:

– Balmaseda

– Errekaleor

– Artaxoa

– Zarrakaztelu

– Donaixti

– Errezu

– Bilbo

– Aulesti

– Beasain

– Baiona

Bestetik, Argiak Hitzetatik ekintzetara erreportaje sorta egin du. Sei gai landu dituzte: Arte Ederretako ikasleek 90eko hamarkadan irakasle euskaldunak izateko eramandako borroka, lehen bertso eskola zelan eta non sortu zen kontatzen duena, Euskalduntxarrak irrati-saioaren ingurukoa, Brebeta euskaraz egiteko oraindik martxan den borroka, Union Tutera futbol-taldearen ingurukoa eta Abokatu euskaldunen sindikatuak egindako desobedientzia ekintzak.

Korrikak ere balio du euskararen aldeko borroka lehen lerrora ekartzeko eta, bide horretan, bi ekarpen hauek oso baliagarriak dira (ziur naiz beste horrenbeste daudela, baina ez ditut ezagutzen, inork lagundu nahi badit …). Hitzetatik ekintzetara.

Putzutik plazara

2022-04-04  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Putzutik plazara

Aurreko batean ere blogeratu nuen Putzutik plazara podcasta. Oraingoan hirugarren edizioa plazaratu dute. 12 podcast egin dute euskararen iragan eta etorkizunari buruz, ikasleek egindakoak dira eta batzuk hobeak, baina denak nire ustez interesgarriak (eta gazteei buruz horrenbeste berba egiten den honetan, ba ariketa polita da gazteek ere zer esaten duten entzutea, ezta?). Ba tori 3. edizioko 12ak eta gozatu:

3.1 Euskaldun egiten gaituena.

3.2 Plis plas euskara

3.3 Bizi-iraun

3.4 Berritsuen txokoa

3.5 Iparrik gabe

3.6 Txatxangorriaren talk-a

3.7 Mihia

3.8 Nortasun taupadak

3.9 Guk euskaraz, zuk zergatik ez?

3.10 Euskaraz, euskararen kontra

3.11 Bagare

3.12 Denboraren esanahia

Pentsatzeko leku bat

2022-03-28  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Pentsatzeko leku bat

Orain ez asko, Artium-en izan naiz. Pentsatzeko leku bat erakusketa ikusi genuen, besteak beste. Erakusketa horretan Euskal Herrian frankismo betean (1957-1979) garatu ziren arte eskola eta arte praktika esperimentalak museoratzen dira.

Itzela da urte horietan artearen inguruan bazter hauetan garatu ziren praktika esperimentalak: academia errante-tik Errekaldeko herri unibertsitatera. Eta Debako arte eskola, eta ikastola eta eskolekin harremanak garatu zituztenak (Zumeta, besteak beste). Eta abar. Eta abar. Erakusketaren katalogoan agertzen dira horietako asko xehetuta.

Eta guztia zeharkatzen, Oteiza. Baina nik baino hobeto ekarri zituen horiek guztiak Ismael Manterolak, Maite ditut maite liburuan. Edo DAPAko kideek honako bideo honetan:

Eta frankismoaren abaroan garatu ziren borroka batzuei buruz zer gutxi dakigun, zer gutxi transmititu zaigun pentsatzen aritu naiz. Eta zelan euskara urte horietan guztietan berrikuntzekin, esperimentazioarekin, aurrerabideekin nahastu, hibridatu eta berkokatu zen. Ai! Uste dut funtsezkoak zaizkigula irakaspen horiek guztiak aurrera begira ere, etorkizuna hein handi batean iraganean dugula.

MRKBS

2022-03-21  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

MRKBS

Ezagutza prozesu kolaboratiboa da. Ezagutza kolektiboa da, kolektiboki eraikitzen dena eta kolektiboki korapilatzen dena. Istorioetatik, geografietatik, egutegietatik eta moduetatik ikasten da (testuingurutik hain zuzen ere), ekintzen inguruko gogoetaren bidez. Baina ezagutza gure zentzumenetatik iragazi egiten dugu (entzumen, ikusmen, dastamen eta abarretatik), baina batez ere iragazten dugu gure buruko eskemetatik. Hainbat koloretako betaurrekotatik, eguneroko kontraesan eta koherentzietatik.

Ikasketa prozesua izan behar da esperimentaziorako gune segurua. Eraldaketa soziala pentsatzeko, izendatzeko eta egiteko forma berriak arakatu behar ditu ikasketak. Metodologia, gainera, koherentea izan behar da bilatzen dugun horrekiko. Eta ez dugu ahaztu behar dena dela ikasteko parada, momentu oro dela pedagogikoa, dena dela hezitzailea.

Eta Marikobaso izeneko espazioa txukuntzen eta atontzen bost zapatu goiz (eta arrasti batzuk) auzolanean ibili ostean, orain jarri naiz testu hau idazten. Eta baten batek esaten zuen esaldi batekin (nor ote?) gogoratu naiz: edozein lan intelektual ekintzatik baino ezin da ganoraz egin.

Derioko bidegurutzetik gertu (gure artean, Derioko Kurtzea) dago Marikobaso auzoa. Eta bidegurutzeen gainean eraiki dugu gure etxetxoa, gure ametsen faktoria, gure kabitxoa. Euskara, feminismoa, ekologismoa eta kulturaren gaineko bidegurutzeetan, gure kurtzeetan. Guk egin dugu, gu egiten ari gara, gu geu, inori eta ezeri baimen eske ibili barik, ertzetatik erdigunerako bidean. Guk geuk egin, guk geuk hanka sartu, guk geuk asmatu eta gu geu gozatzeko.

Bihotzean mundu berri bat zeramatela esaten zuten anarkista zaharrek. Ez dakit guk bihotz berri bat daramagun, baina tira, mundu berri bat eraiki gura dugu txikitik, euskaratik, feminismotik, gure lurra defendatuz eta kultura egiteko eta kontsumitzeko molde berri batetik. Pasibo izatetik aktibo(ago) izatera.

Hainbat inspirazio iturri izan ditugu: Laudioko Faktoria, Galizia aldeko zentro sozialak (aupa Gentalha), Sopelako Plaza beltza, Bilboko Bira eta abar. Baina hori guztia derioztartua, eta gure indarren arabera eraikia. Eta bagabiltza, lehen ekitaldiak egin ditugu (martxoaren 8an booty riots dantza ikastaroa eta martxoaren 11n Binilo pintxada, musika jamaikarra, euskara eta emakumea uztartuta) eta zapatu honetan inauguratu dugu espazioa bera.

Baina, kontuz, diru-bilketa kanpaina egiten ari gara itsulapiko webgunean eta dirua behar dugu. Ekarpena egingo al duzu, irakurle?

 

Berbaizuren balio soziala

2022-03-10  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Berbaizuren balio soziala

Gaurkoan ikerketa bitxi samar bat ekarri gura dut blogera. Ander Anakabek egin du ikerketa eta Deustualdeko Berbaizu euskara elkartearen gainekoa da. Kasu honetan bide berri bat ireki du eta Berbaizuren balio sozialaren monetizazioa ikertu du.

Azken finean, Ander Anakabek izan duen helburua hauxe da: Berbaizuk sortzen duen balio soziala kalkulatzea. Ekonomia sozialaren abaroan egin du ikerketa egileak. Izan ere, “ekonomia sozialaren esparruan murgilduko ez bagina, oso zaila izango litzateke Berbaizuk gizartean zer nolako eragina duen kalkulatzea, kontabilitate tradizionalean jarraituta ekarpen asko ez direlako kontuan hartzen” (Anakabe, 2021).

Berbaizuk eragin sozial zuzena (hau da, soldatetan eta abarretan gastatutakoa) 77.170 eurokoa da. Zeharkako eragin soziala, berriz, 13.699 eurokoa (hornitzaileekin eta abarrekin gastatutakoa). Baina balio sozial osoa ia hirukoitza da (eta egileak berak aipatzen du monetizatzeko oso zailak izan diren kontzeptuak badaudela, euskaldunak saretzea edo aktibatzea, esate baterako): 288.006.

Ez naiz kapaza datu ekonomiko horiek zuzenak diren ala ez ebazteko (neure formazio ekonomikoa zeharo eskasa da). Hala ere, uste dut zenbakietara ekarri dutela herri mugimendu edo elkarte baten lanaren balorazio soziala. Eta alimalekoa da. Kontabilitate sozialean ere ekarpena egiten dute euskararen aldeko mugimenduek eta agian beste hainbat elkartetako balio soziala kalkulatzeko aprobetxatu beharko genuke Berbaizuko hau. Metodologia beretsuarekin mugimenduaren balio soziala monetizatzea agian garrantzitsua izan daiteke.

13 / 140«Aurrekoa1012131415203040Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA