Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta

2022-03-01  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta

Erraietatik idatzi du Joan Mari Torrealdaik bere azken liburua. Egunkariaren sorreraz eta garapenaz dihardu liburuak, eta egurra banatzen du, gupida barik (eta eskertzen da, benetan). Baina hau ez da liburuari buruzko hausnarketa, ezpada liburuak eragindako hausnarketa.

Euskalgintza sarritan aipatzen du liburuak. Eta dio euskalgintza independentea eta autozentratua izan behar dela, erreferentzia propioetan ardaztuta egon behar dela. Hau da, euskaran ardaztutako egitasmo autonomoa, hizkuntza komunitata erdigunean duena. Eta bat nator, erabat.

Egunkariaz ere ari da, jakina. Eta mundua gure begiekin erakusten digula dio, egunkariak egunero herri bat ematen digu, bestela edonon ukatua dugun herria. Egunkariak (eta gaurko Berriak) egunero marraztu zuen nazioa, egunero eraiki zuen nazioa. Eta herri hau alfabetatu egin du, mamiz bete du, edukiz hornitu, informazio, gogoeta, aisia eta iritziarekin herria egin du. Eta bat nator, erabat.

Eta estilo liburua (eta horrek euskarari ekarri dizkionak). Eta … euskalduna eta euskal herritarra bereiztearen garrantzia. Eta beste mila kontu, egunero gosaltzen duguna albistez blai. Egunero. Gure euskalgintzaren historiarako beste mugarri bat.

Komunitate epistemikoa #kontzeptugisa

2022-02-22  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Komunitate epistemikoa #kontzeptugisa

Bat aldizkariaren 120. zenbakiak gazteen hizkuntza praktiken gaineko artikuluak dakartza. Horien artean nik nabarmendu gura dut Estibaliz Amorrortuk, Jone Goirigolzarrik eta Ane Ortegak idatzitakoa. Artikuluan ekintza-ikerketa partehartzaile baten berri ematen da. Ikerketan gazte batzuk (Bilbo ingurukoak) hiztun aktibo bihurtzeko prozesua azaltzen da. Egileek honela laburbiltzen dute ikerketa bera:

Aurretik ezagutzen ez ziren unibertsitate-ikasleekin talde bat osatu genuen, beren-beregi eurekin batera euskararen erabileraren inguruan hausnarketa egiteko, ezagutza eraikitzeko eta gehiago erabiltzeko saiakerak egiteko, ikertu-ekin-hausnartu prozesu ziklikoa erabilita.

Nik, batez ere, bi kontzeptu nabarmenduko nituzke ikerketa horretatik. Batetik, babesgunea (Allartean blogak honen inguruko artikulu gogoangarria dakar) eta, bestetik, zubi-espazioa. Babesgunea honela definitzen dute: gizarte-espazioak non hizkuntza gutxitua erabili nahi dutenek horrela egin dezaketen, hori egitea “normala” eta espero daitekeena dela ontzat ematen delako. Eta zubi-espazioa honela: mendekotasun-egoera baten eta ekitatea gertatu eta finkatu den beste egoera baten artean” ezartzen dena da. Espazio horietan, ikaskuntza berriak ahalbideratzen dira, “sozializazio berriak” bizitzen dira, diskurtso eta praktika alternatiboak sortzen dira eta horiek pertsonei “boterea” ematen diete.

Baina, kontuz, ez bata ez bestea ez dira dikotomikoak, ez estatikoak. Egiten dira, landu behar dira, egunez egun eraiki behar dira. Akonpainamendua behar dute, jarraipena behar dute.

Azkenik, baina ez garrantzi gutxien duelako, azpimarratu gurako nuke beste kontzeptu bat: komunitate epistemikoa. Honela definitzen dute egileek: komunitate epistemikoa ezagutza eraikitzen duen komunitate gisa ulertzen dugu, non ikerketa, zentzu zabalean hartuta, funtsezkoa den, eta non partaideek parte hartze aktiboa egiten duten, eurak protagonista diren fenomenoa ikertuz.

Eta komunitate epistemikoaren kontzeptu honek gogora ekarri dit Imanol Artolaren Euskahalduntze tailerrak. Baina tira …

“Euskara elkarteek euren helburua birformulatu behar dute”

2022-02-15  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Deustualdeko Prest aldizkarian egin zidaten elkarrizketaren bertsio luzea, Uriolan argitaratutakoa.

“Euskara elkarteek euren helburua birformulatu behar dute”
Txerra Rodriguez (Argazkiak: Ecuador Etxea)

Inork gutxik aztertu ditu euskara elkarteak. Txerra Rodriguezek berriz (Derio, 1978) argi zuen doktorego tesia egitea erabaki zuenean ardatz izango zituela. 30 urte mihigintzan. Euskara elkarteek euskararen biziberritzean izan duten eragina 1987-2017 da bere lanaren emaitza.

Euskara elkarteak berrikuntza artefaktu izan direla diozu. Bilboaldean zein ekarpen egin dute?

Bilboaldeko euskara elkarteen ekarpenen artean munarri batzuk daude. Lehenengoa, garrantzitsuena eta ziurrenik Euskal Herri mailan ikaragarrizko eragina izan duena Bilboko Kafe Antzokia izan da. Horren abaroan beste batzuk sortu dira, Plateruena, Ondarroakoa edota Derioko Baserri Antzokia adibidez. Bilboko eta inguruko euskaldunentzako gune erreferentziala izan da, eta da. Beste ekarpen bat, herri aldizkariena da. Euskara elkarteen ekarpen nagusienetakoak dira, nagusiena ez bada. Hirugarrenik, Berbalagun taldeak aipatuko nituzke. Sorrera Donostian izan bazuten ere, eragin handiagoa Bizkaian izan dute, Deustuko taldea beste talde batzuekin eta AEK eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin ellkartu zirenean. Ordutik, beste hedapen bat lortu du ekimenak.

Bada ekarpen berririk?

Sorreran aktibazio programak deitu zirenak eta gero Euskaraldia izena hartu dutenak. Lehendabiziko saiakera Egia auzoan, Donostian izan zen. Laster zabaldu ziren hainbat herritara, Deustu, Agurain, Andoain… hori azken urteotako ekarpen esanguratsu bat da.

Duela 20 urte sortu ziren Prest!, Aikor, Anboto, Begitu eta Bizkaie! tokiko aldizkariak euskara elkarteek sustatuta.

Izan dira eta dira euskaldun guztientzako moduko aldizkariak. Aurretik, euskal prentsan, oso euskaldunentzako hedabideak baino ez zeuden, Argia kasu. Duela 20 urte aldaketa ekarri zuten tokiko aldizkariek. Masiboak eta doakoak ziren, eta euskaldun bat zegoen etxe guztietara heltzea zuten helburu. Eta hori asko da. Ziur nago Deustualdeko etxe askotan sartzen den euskarazko komunikabide bakarra Prest! dela. Hori irakaragarrizko ekarpena da. Herri aldizkariek lana sortu dute euskaraz ikasi duten kazetarientzat. Ekarri dute ere bestela sekula idatziko ez zuen jende bat idazten hastea. Ekarri dute bestela publizitatea euskaraz egingo ez zuen jendeak publizitatea euskaraz egitea. Ekarpen horiek mahai gainean jarri behar dira. Hori beste inork ez du lortu.

“Herri aldizkari gabe beste modu batean egongo ginateke”

Baina papera krisian dago eta digitala kudeatzen zaila da.

Gizartearen ibilbidea paperaren kontra doa eta digitalizazioaren alde. Baina digitalizazioa, baliabide aldetik, arazoa da eta, beste alde batetik, komunitatea trinkotzeko erronka handia. Saiakera asko egin dira baina oraindik, salbuespenak salbuespen, tekla hori ez da behar den moduan ikutu. Oso baliotsuak izan dira eta dira herri aldizkariak. Herri aldizkari gabe beste modu batean egongo ginateke gaur egun.

Bilboko Udalak zein erantzukizun du euskararen normalkuntzan?

Udalak ez du lortu hogeitaka urte luzetan eredu izaten. Gizarteari begirako gauza batzuk egin ditu, baina etxea garbitu barik espaloia garbitzera joan da. Hizkuntza eskubideak urratzen dira egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Oso deigarria iruditu zait beti eta, konparazioak gorrotagarriak dira, baina Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan 15 langile daude. Bilbokoan, ejem, horrek dakarrenarekin. Bilboko Udalak badu erantzukizun bat.

Eta elkarteek?

Hamaika ahalegin eta hamaika txiringito. Getxon, Gasteizen edota Iruñean euskararen aldeko herri mugimendua askoz ere indartsuago dago gaur egun Bilbon baino. Nahiz eta hiru hiri horiek oso auzo markatuak izan, euskararen aldeko mugimendua bateratuta dago. Bilbon, ostera, auzoetan antolatzearen aldeko hautua egin da. Eta uste dut horrek hein batean Bilbo osoan eragiteko zailtasuna ekarri diela elkarteei. Auzotartasun horregatik. Horrek zer pentsatua ematen du.

Euskararekiko arreta aisialdian jarri behar dela diozu. Zergatik?

Ume eta gazteekiko gainditu ez dugun axiomatik dator. Euskaraz ikasiko dutenez, euskara erabiliko dute axiomatik. Hori honezkero gainditu beharreako da. Potentzialitatea badute, baina potentzialitatetik garapenera pauso bat dago. Uste dut, era berean arreta gutxi jarri zaiola aisialdiari eta horretan eragin behar dugula. Hutsune nabarmenetakoa da. XXI. mendean denok gaude ikus-entzunezkoen munduan sartuta. Filmak direla, serieak direla, baina baita Facebookeko memeak eta TikTokeko bideoak, eta hor badago mugitu beharreko errota.

“Bilboko Udalak ez du lortu hogeitaka urte luzetan eredu izaten”

Euskara elkarteetan dagoen nekea ere aipagai duzu. Nondik dator?

Nekea egon badago eta neke hori ez da euskara elkarteena bakarrik. Herri mugimendu osoarena da eta euskararen aldeko mugimendu osoarena dudarik gabe. Uste dut elkarteak sortu ziren garaiko antolaketa eta egiteko moduagatik datorrela neke hori. Profesionalizazioaren aldeko apustua egin zuten elkarte askok, eta eredu hori zelanbaiteko krisian dago, ez profesionalizazioa txarra izan delako, profesionalizazioak mugimenduaren ahuldadea ekarri duelako baizik.

Nekeari, zelan aurre egin?

Euskara elkarteek euren helburua birformulatu behar dute. Euskaldunen komunitatea trinkotzea da helburua. Baina inork ez du definitu hori. Helburu lauso batek aurrera egiteko balio du, baina zehaztasun batzuk izateak lagun dezake. Aurrera begirako ikuspegi zehatzagoa behar dute elkarteek. Adibidez, Deustualdean Berbaizuk 20 urtera lortu nahi du hau, hau eta hau.

Zein etorkizun dute euskara elkarteek?

Etorkizunari begira euskara elkarteek gauza asko egin behar dute. Esaterako, lekuko aldaketaren erronkari heldu behar diote. Era berean, antolaketa modu malguagoak behar dituzte eta militantziaren zentzua berreskuratu behar dute.

Militantzia berreskuratu?

Euskara elkarteetan militatzeak zeozer eman behar dio zure bizitzari. Zer? Satisfazio batzuk behintzat.

Korrika eta Euskaraldiarekin, 2022a inflexio urtea izan daiteke euskararentzat?

Espero dezagun, baina itxaropena baino ez da. Korrika eta Euskaraldia asko maite ditut baina 15 egun irauten dute eta bi urtean behin ospatzen dira. Esperantza larregi jartzen dugu kanpainetan. Uste dut egunerokoari behatu behar diogula ohi baino gehiago, hor dago benetako erronka. Mahai gainean ukabilkada emateko urtea da hau, baita bestelako ilusioak sorrarazteko gure jendearen artean, ze hori ere behar dugu. Baina benetako inflexio-punturako bestelako torloju buelta bat eman behar diogu egunerokoari.

Torloju buelta hori, noizko?

2022 urtearen hasieran baino ez gaude, ikusiko dugu.

  

SAKONEAN

“Militantzia osoa euskara elkartean egin dut”

Mila gairen artean, euskara elkarteak aukeratu dituzu doktorego tesia egiteko. Zergatik?

Duela 20 urte Derion gazte batzuk batu ginen jai giroan. 2003an Tximintx euskara elkartea sortu genuen. Hizkuntzaren inguruko jakintza falta genuen. Orduan hasi nintzen soziolinguistika ikastaroak egiten, euskara biziberritzeko formakuntzan. Militantzia osoa euskara elkartean egin dut. Unibertsitatera bueltatu nintzen eta matrikulatu orduko tesiaren gaia erabakita neukan.

Lortu duzu zure helburua?

Asmo nagusia euskara elkarteen eragina neurtzea zen, baina hein batean hurbilpen bat da. Oso gutxi ikertu dira euskara elkarteak. Oso elkarte gutxik dauka eginda bere buruaren gaineko hausnarketa, bere historia jasota edota sistematizatuta, esaterako, zer lortu duten eta zer ez. Zentzu horretan, hasierako asmoa urardotuta geratu da.

Zergatik dago hain interes gutxi euskara elkarteengan?

Unibertsitatean ez dago ikasketarik. Dagoen bakarra lehengo Euskal Filologia da. Ez dago ikerketa talderik. Nire moduko txanpinoi bat etorri behar da, gaia azalerazi eta zelanbait ikertzen hasteko.

 

Txakinartoa

2022-02-14  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Txakinartoa

Derion bada arto mota berezia, Txakinartoa izena duena. Kanpotik ekarria, gure herrira eta inguruetara (Txorierrira, Mungira, Plentzian bada izen honekin kontsuko taldea) moldatu eta gure egin genuen. Ia galduta dagoen arren, oraindik bada nork landua. Eta zertara dator hau soziolinguistikari buruzko blog batean? Ba ez dakit, baina hortik hasi gura nuen.

Izan ere, neuk kontatu gura nuena zen nire herrian (ez bakarrik han, baina bereziki han) euskaldun irakurtzen nautela. Hau da, bada jende bat nirekin beti euskaraz egiten duena eta normalean egiten ez duena. Ez naiz bakarra, ez Derion, ez beste hainbat tokitan. Bada hori txarto eroaten duenik, baina ez da nire kasua. Azken finean, hizkuntzen ostadarrean euskara da nire kolorea. Hori bai, mihilitantzia jarrera honek autozaintza mekanismoak aurreikusi behar ditu, egunerokoa eroangarriagoa izan dadin.

Nik uste dut, gainera, euskararen gorpuzte sozialerako beharrezkoak direla txakinarto funtzioa (bai, lotura larregirik ez du, baina horrela atera zait) beteko duten pertsonak egotea. Eta, horrekin, hizkuntzaren oinarrizko birsorkuntza tasa biderkatzea. Askotan irakurri dut azken aldion Joan Foster-en esaldi hau: “Inork ez digu hizkuntza oparituko, egunero irabazi beharko dugu”. Eta bat nator. Nik hautuen arteko berdintasuna baino ez dut eskatzen. Hau da, nik euskaraz bizitzearen alde egin dudan hautua baldintza berdinetan aplikatzea, besterik ez.

Eta horrek gogora ekarri dit hizkuntza politika merke eta garestiaren arteko ezberdintasuna, baina … hori beste egun batean izango da.

Harri-orri-ar

2022-02-07  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Harri-orri-ar

Inertziek gure kontra egiten dute, algoritmoek ere gure kontra egiten dute eta hizkuntza hegemonikoen erabiltzaileek, oro har eta salbuespenak salbuespen, miopia dute. Menpeko topografia, kartografia eta etnografiak bizi ditugu, eta abar. Horrek alborapena dakar eta testuinguru horretan gabiltza gu, lau hankatan. Eta gastatzen dugun euro bakoitza bozka bat ei da. Eta zenbat bozka ematen diegu halabeharrez multinazional erdaldunei? (eta beste asko beharra izan barik!).

Gurearen alde egiteak esfortzua eskatzen du (euskaraz interneten nabigatzeak esfortzua eskatzen du, adibidez). Eta aldarrikatzen ari gara euskararen erabilera erosorako baldintzak, euskarazko gune erosoak, besteak beste.

Eta, horretan ari ginela, ekialdeko zepakoak datoz, zertara eta ekintza prefiguratiboa “asmatzera”. Bulegoetako plangintzatik lokatzezko plangintzara dagoen amildegiaren ertzean, Ezkabapean eta Arga bazterrean. Eta bai, hari beltzak behar ditugu, firu beltzak behar ditugu, gure larruak eta gorputzak zeharkatzeko. Troinuak askatu eta troinu berriak sortu eta sorrarazteko, mitoak sortu ekintzen bidez (abere mitikoak eta metaforikoak gara!). Eta kontrakultura, eta baliabide bako edo gutxiko kultur sorkuntza, eta fanzineak, eta transmisio komunitarioa («Baina ez goitik beherako transmisioa, baizik eta belaunaldien arteko harremanak sustatuko dituena»).

Gure ekintzak deklinatu behar ditugu subjuntibozko orainaldian, hau da, etorkizunari begira. Laba eta kokoekin. Zertarakoak politizatuz, baina batez ere horra heltzeko bideak ere politizatuz. David Graeber gogora ekarriz, gauza bat da beste mundu bat posible da esatea, eta beste bat hori bizitzea, laburki bada ere. Goazen mundu horiek sortzera eta bizitzera.

Lanartea

2022-01-31  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Lanartea

Zorionez, asko dira; zoritxarrez, oso prekarizatuak.

Zorionez, batzeko hautua egin dute; zoritxarrez, oso atomizatuak daude.

Zorionez, poz handiak ematen dizkigute; zoritxarrez, are gehiago emateko modua izango lukete baldin eta euren lana ondo ordaindua egongo balitz.

Zorionez, beharrezkoak dira gure hizkuntza komunitatearentzako; zoritxarrez, errekonozimendu gutxiegi du euren lanak.

Hizkuntza bat biziberritzeko nahia da funtsa, hizkuntzak hiztunen ezpainetan bizi dira eta abar eta bla eta bli. Baina nire lagun, burkide, kamarada eta abar den batek esaten duen bezala, bihotza bai, baina sabela ere bai.

Ondo etorri lanartea, ondo etorri. Eta ea behingoz zuen lanak emaitzak dakartzan. Behar-beharrezkoa dugu gure hizkuntza biziberritzeko euskararen langileek baldintza duinak izatea: idazle, marrazkilari, itzultzaile, aktore, bertsolari edo musikari izan.

Biba zuek!

Epikaz

2022-01-24  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Epikaz

Nora Salbotxek liburuxka aparta idatzi du euskal hezkuntzagintzaren oraingo korapiloei buruz, oraingo eta geroko troinuei buruz: askatu … edo moztu. Ti-ta irakurri nuen, arratsalde batean, baina zati hau goitik behera azpimarratu nuen. Eta blogeratzea erabaki dut:

Eta badagokigu hemen emakumeek euskararen instituzionalizazioan, euskal hezkuntzagintzan eta, beraz, herri honen euskalduntzean egin duten lanari dagokion aitortza egitea. Sarri erran izan dugu oraino ez dela euskal gatazkaren errelato feminista ahaldundurik egin, non, emakumeek -maiz euskaldunak, gazteak eta baserri giroko jatorrikoak- historia honetan izan duten paper militantea eta eskainitako konpromiso mailaren berri emanen den. Kurioski, ikastolen sorrera maiz jo izan da euskal gatazkaren garaipen handienetarikotzat, ez dago herri honen lorpen eta zuzen asmatutakoen zerrendarik non jaso gabe utziko den. Alta, nekez, adituko dugu, bertze batzuetarako gertatzen denaren pareko kontakizun epikorik. Izan ere, errelatoa eraikitzerakoan, jendarte patriarkal bati dagokion ikusmoldetik begiratu zaio hezkuntzari, maistrei, zaintzari eta, litekeenez, euskarari berari.

Eleizaldek ondorio latzak aurreikusi zituen, borroka nekeza izanen zela iragarri. Ondorio horiek ezarritako hezkuntza sistemei intsumiso izatetik etorri ziren, nazio mailako desobedientzia ariketa sasiklandestino baten artikulatzetik; lokalak bilatu, maistrak prestatu, seme-alabak bertara eramateko erabakia hartu, materialak eta finantzazio minimoa lortu, sarri lansaririk gabe lanean aritu, … hitz batean, euskal hezkuntzan militatu eta, gainetik, asmatu.

Izan ere, Emakume Abertzale Batza tarteko, erresistentzia terminoetan pentsatzetik ezarritakoari erantzun alternatiboak eskaintzera pasa zen, proiektu terminoetan jokatuz, etorkizun handikoak eta identitate berrien sortzeko gaitasuna izan zutenak, agertokia eraldatzeko, baita, urteen joanak erakusten duen gisan, estatua, boterea, mugiarazteko ere.

Ezaguna ohi zaigu nolatan Louise Michelek, maistra eta Parisko Komunako iraultzailea bera, uko egin zion Napoleon III.aren hezkuntza sisteman lan egiteari. Black Panthers ere, euren komunitateko haurren osasunaren kezkatik abiatuta, orduko jendarte hari kritiko begiratu eta ahalduntze beltzerako eskola komunitarioak sortzeko gai izan zen. Rojavako eskoletan Jineolojia -emakumeen zientzia- irakatsi dadin lortu dute hango emakumeek. Gurean ere bada aitortu beharreko une, ekintza eta izenik. Feminismoari zor diogu euskalgintzari bezalaxe. Eta zor diogu lan isil horren parte izan diren lagun orori, haur, nerabe eta ikasle gazteak barne.

Eta honen ostean, txaloa jo eta isildu. Hori baino ezin dut egin.

O primeiro que pagou (Sechu Sende)

2022-01-18  //  Poema soziolinguistikoak  //  Iruzkinik ez

Belen Garcia Cosidok istorio bat kontatu zion Sechu Senderi. Berak horrekin poema bat egin zuen galizieraz eta nik euskarara ekarri. Eider Palmouk, Lekandapean, grabatu zuen (poesia para passamontanhas):

Poema itzulia hemen:

Amerikako iparreko indigenei ilajea moztearren
ordaindu zuen lehena
Willen Krieft holandarra izan zen.
Eta gero frantsesek
Kastoreen Gerran.
Gizon zuriak praktika hau hedatu zuen
Mexikon eta Ameriketako Estatu Batuetan
herri indigenak suntsitzeko
eta gizon, emakume eta umeak akatzeko.
Kanadako umeentzako eskola-barnetegietan
150.000 ume baino gehiago giltzapetu zituzten,
inuitak eta beste herri batzuetakoak
eta, sartu orduko, mozten zizkieten mototsak
eta hizkuntzaren sustraiak.
Estatu Batuetako eskoletan ere,
adibidez Pensilvaniako Eskola Industrial Indigenan,
umeei zurien izenak jarri
eta bakarrik egin zezaketen berba ingelesez.
Eskoletako leloa zen:
“Akatu indiarra,
salbatu gizona”
eta umeei mozten zizkieten mototsak.
1936an, Marim-en, Galizian,
Elsa Omil Torres-i faxistek moztu zioten ilea.
Kaskamotz utzi zuten eredu modura
eta umiliatzeko.
Elsak egin zuen argazkia, larru-huts,
duintasunez betea dago.
Gaur lagun batek kontatu dit
zer gertatu zitzaion bere irakasleari,
Alazne Larrakoetxeari,
umea zenean.
Espainiako Guardia Zibilaren bikotea
heldu zen bere baserrira
eta jatekoa eskatu zuten.
Alaba entzun zutenean
amarekin euskaraz berbetan
mototsak moztu zizkioten.
Horregatik guztiagatik,
eta honekin zerikusirik ez duten beste hainbat arrazoirengatik,
euskaraz egiten dut berba.
Neu euskaldune naz.
—————————————————————————
Eta originala galizieraz, hemen:
O primeiro que pagou
por cortar cabeleiras aos indígenas norteamericanos
foi o holandés Willen Krieft.
E logo os franceses
durante a Guerra dos Castores.
O home branco
extendeu essa práctica em México
e nos Estados Unidos
para exterminar os povos indígenas,
homes, mulheres e crianças.
Nas escolas residenciais
para crianças de Canadá
forom recluídas mais de 150.000
crianças inuites e doutros povos
às que o primeiro dia de escola
lhes cortavam as trenças
e a raíz do idioma.
Tamém nas escolas norteamericanas,
como na Escola Industrial Indígena
de Pensilvánia,
as crianças recebiam nomes brancos
e só podiam falar inglês.
O lema das escolas era:
“Mata o índio.
Salva o home”,
e às crianças cortavam-lhes as trenças.
Em 1936, em Marím,
na Galiza,
a Elsa Omil Torres
cortarom-lhe o cabelo
os fascistas.
Raparom-na como exemplo
e humilhaçom pública.
A foto que fixo Elsa rapada
está cheia de dignidade.
Hoje, umha amiga contou-me
o que lhe passou
à sua mestra,
Alazne Larrakoetxea
quando era nena.
Umha parelha da Guardia Civil
espanhola
chegou ao seu casario
e pedirom algo de comer.
Quando escuitarom
a nena falar em euskera
com a sua mai
cortarom-lhe as trenças.
Por todo isto,
e por muitas outras razons
que nada tenhem a ver com isto,
eu falo euskera.
Eu som basca.

Aipamenik aipamen

2022-01-17  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aipamenik aipamen

“Identitate kolektiboak iraunkortasuna ematen dio komunitateari: iragan partekatuaren, orainaldi bateratuaren eta etorkizunaren bizipen jarraituak eskaintzen ditu”.

Ana Gandara

“Inoiz egon den ezagutza handiko talderik handiena dugu; hiztun apartak irrati edo telebistan, edo idazle apartak literatura, zientzia edo eguneroko kudeaketan. Eta haien ondoan, mordoiloz berba egiten duen hiztun masa gero eta handiagoa”.

Andreu Gonzalez

“Hizkuntza indigena batean berba egitea, gaur eta hemen, erabat konkistatu ez den lurralde kognitiboan bizitzea da. Egin dezagun ihes lurralde horietara, bizi ditzagun. Gogoratu hori guztia berba egiten duzun bakoitzean”

Yasnaya Elena Aguilar

“Edozer gauza bilakatu daiteke tradizio. Tradizioa, baina, aktiboa da. Mimesi aktiboa da, analogian oinarritutako interpretazioa. Orainean gauzatzen den iraganeko kontua da, baina orainaldikoa”

Angel Diaz de Rada

“Imajinaziorik gabe, ez dago zientziarik; sorkuntzarik gabe, ez dago zientziarik. Sorkuntzarik gabe, ez dago ezagutzarik”

Jule Goikoetxea

“Armairua” eta “arnasguneak” oso lotuta dauden bi kontzeptu dira. Lehenengoa LGBT+ izateari lotua dago, bigarrena, euskalduna izateari. Eta bien atzean sekulako estresa dago, alegia, gutxituen estresa.

June Fernandez

Nola pentsa, hala mintza

2022-01-10  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Nola pentsa, hala mintza

Aurrekoan batek esan zidan premia sozialak euskaratik erantzun behar diegula; bestela, akabo. Eta, orduan, nik beste galdera batekin erantzun nion: zer paper jokatu beharko luke euskarak jendarte berdinzaleagoa lortzeko? Eta hor geratu ginen biok interesante aurpegiarekin zer erantzun jakin barik.

Eta hor gabiltza: mestizatu behar dugu? Hibridatu? Disruptibotik jo behar dugu ala konbentzionaletik? Edo zirrikituak bilatu behar ditugu konbentzionalean guk gura duguna egiteko? Maitasunezko interpelazioak egin behar ditugu?

Izan ere, kapitalismoak (gehitu gura beste adjektibo) desira eta espektatiba berdinak dituzten pertsonak nahi ditu munduko edozein lekutan. Hori dela eta, Sortuk plazaratu berri duen Arnasberritzen izeneko txostenean, honako hau esaten da:

“Euskara mundu berri baten ametsaren gogo-eroale bihurtu behar dugu. Globalizazio neoliberalaren totalitarismo berriari aurre egiteko lekune bat, praktika bat, politika eta estetika bat (ez hori bakarrik, baina hori ere bai)”.

Nora Salbotxek ere antzekoa dio (hezkuntza arloari dagokionez, behinik behin):

“Badagokigu intersekzioetan sakontzea eta geure buruak, gure komunitateak, gure espazio eta gauzak ere interpelatzea, eta galdetzea nola elikatzen duen burujabetza teknologikoak euskara gure ikastetxeetan eta nola euskarak elikadura subiranotasuna, nola horiek guztiek feminismoa eta, bueltan-bueltan, nola feminismoak elikadura, euskara eta teknologiak, bertzeak bertze”.

Ni bat nator euskara mundu ikuskera eraldatzailearekin lotu behar dela dioen horrekin. Nik uste dut narratiba berriak eta bizipen kitzikagarriak behar ditugula euskaldunok (edo euskarak). Baina, ahaztu barik sarritan titietaraino gaudela denok, ahaztu barik geure larrua asmatzeko askeak izan behar ditugula, ahaztu barik neoliberalismoari aurre egin behar diogula. Eta, kontuan hartu behar dugu egiten dugun edozein ekintzaren eragin pedagogikoa, grina komunitariotik abiatuta, beti.

14 / 140«Aurrekoa1013141516203040Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA