Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Dekolonizatzen

2021-11-02  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Dekolonizatzen

Uda honetan berriro irakurri behar izan dut “Trikua esnatu da” liburua, lana dela eta. Eta gozatu dut, bigarrenez, eta ñabardura berriak erantsi lehen irakurketari. Lehen irakurketa horretan goraipatzen nuen dekolonizazioari emandako garrantzia eta bigarrenean hori berori nabarmendu zait berriro ere.

Izan ere, egileen berbetan, euskalgintza osoa dekolonizazio ariketa bat baino ez da. Euskara batua, toponimia zaharra berreskuratzea, euskal izenak jartzea alaba eta semeei, mitologia eta ohiturak (dantzak, jaiak, errituak, …) berreskuratu eta zabaltzea, historia berridaztea, kantu tradizionalak berreskuratu eta berritzea, literatura berri eta berritzailea idatzi eta argitaratzea, alfabetatzeko eskolak abiatzea, hiztun osoak sortzeko faktoriak eratzea, …

Uste dut barne eta kanpoko dekolonizazioaz asko ikasi behar dugula oraindik, asko hausnartu, asko irakurri, asko gureganatu eta asko eztabaidatu. Horretarako, aukera ona izango dugu azaroaren 18an Algortan, Azebarri kulturgunean, Onintza Odriozola eta Saioa Iraolarekin. Gustu baduzue, eman izena hemen: labur.eus/euskalegintza

Deskonexio ariketak

2021-10-25  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Deskonexio ariketak

Uda honetan irakurri dut Andreu Gonzalezek idatzitako “Manual d’autoajuda para catalanoparlants” liburua. Bertan hizkuntza kolonialismotik deskonexio ariketa batzuk aipatzen ditu. Itzuli eta gure egoerara moldatu ditut horiek:

  1. Hartu zinta metriko bat, ireki eta egin marka bat 2aren bueltan. Hasieratik gertu dago, ezta? (euskara hiztun gehien duten hizkuntzen lehenengo %10ean dago).
  2. Kopiatu orri batean hurrengo esaldia: Очень приятно. Eta jarraian kopiatu beste hau hebreeraz: אני לא מדבר/מדברת עברית. Amaitzeko idatzi hau: euskara ez da zaila.
  3. Hartu Shakespeare-ren soneto bat edizio original batean eta esan ingeles bati esplikatzeko. Igarri zenbat biderrez esango duen “eh”, “be”, “mmm” …
  4. Egin zerrenda bat eta bertan aipatu euskara beste mintzen duten 10 hizkuntza, edo erronka zailago bat, euskara baino gehiago mintzen duten 10 hizkuntza.
  5. Egin zerrenda bat eta bertan aipatu hizkuntza handi batean egin ezin daitezkeen 5 gauza. Adibidez, zure alaba edo semeari berba egin.
  6. Egin ezertarako balio ez duten 10 pertsona edo gauzen zerrenda, ezertarako balio ez dutenak, ezta molestatzeko ere.
  7. Egin zerrenda bat eta bertan aipatu ezertarako balio ez duten 10 hizkuntza. Bilatu hizkuntza horietako hiztun bana eta bidali mezu bat esplikatzen zergatik ez duten ezertarako balio. Aterkia eskura daukazula ziurtatu.
  8. Egin proba bat. Egin 10 ezezagunei lehen berba euskaraz, ea zenbatek ez duten ulertzen edo zenbatek esaten dizuten gaztelaniaz egiteko. Pentsa, ezezagun batek euskaraz egiten badizu, zerbait irabazi duzu, ezta?

minuskulaz

2021-10-18  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

minuskulaz

bell hooks idazleak beti idazten du bere izen-abizenak minuskulaz (eta nik ere sarritan izaten dut tentazio hori). Azken finean, berak hori egiten du egiletza zalantzan jartzeko, unibertsitateak ematen ei duen autoritatea zalantzan jartzeko. Eta, horri tiraka, liburuak berba lauz idazten ditu eta ez akademieraz. Izan ere, teoria egin behar da ahoz transmititzeko moduan. Bere ustez, teoriak ezin badu ahoz adierazia izan, ez digu balio.

Teoriak, gurean, ez du izan fama onik. Intelektualak mespretxatzea oso gurea izan da (eta da). Baina joerak aldatu nahi baditugu eta mugak gurutzatu, behar dugu teoria. bell-en berbekin jarraituta, teoria produzitu behar da askatzailea izan daitekeen praktika bezala. Hala ere, kartografiak marraztu arren, mapak marraztu arren, bidea ibilian egiten da, praktikak elikatzen du teoria, eta alderantziz.

Praktiketatik eratorritako jakintzak behar ditugu, praktikak eurak ernaltzeko. Teoriaren produkzio horretan, berak garrantzi handia ematen die esperientziei, aitormenei eta testigantzei. Azken buruan, berak gura duen teoria kolektiboa(goa) izan behar da.

Eta horri gehitu behar zaizkio pasioaren tantak. Pasioa behar du gure teoriak, pasioa behar du gure jardunak, gure praktikak. “Eta pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori” (BTX).

Minuskulaz beti, berba lauz beti, akademieratik urrun. Ni tesi doktoralean hori egiten saiatu nintzen, nire apaltasunean egin ere. Azken finean, ahalegindu nintzen nire balizko irakurleei neure hizkera kontzeptualaren edukiak helarazten, ahalik eta modurik eskuragarrian. Ainhoa Gutierrezek hauxe esan zuen orain gutxi Argian egindako elkarrizketan: “Batek errealitatearen indizea eskaintzen badizu eta besteak magia puntua, zerk dio ezin direnik nahastu?”. Eta bat nator. Eta bell-ekin ere bat nator: akademia bai, baina neurrian.

Aitatuz

2021-10-13  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aitatuz

“Bertakoa da egokitua dagoelako lur batera, ekosistema batera, egiteko modu batzuetara eta kultura batera”.

Marta Barba

“Tradizioaren transmisioa etengabeko sorkuntza prozesua da: garai berrietara moldatzeko hautatzen nahiz alboratze lan eraikitzailea”.

Ana Gandara

“Batuaren arau murriztailez abusatzeak

konbentzitzen zaitu

behekoek berba egiten ez dakitela”

O Leo-ren haiku bat, nire itzulpen-bariazioarekin

“Euskara bizia da bizitzaren hizkuntza deklinatzen duena”.

Joseba Barriola

“Ahalko banu, aldatuko nuke portaera kolektiboa: ezin dugu delegatu normalizazio prozesua erakundeetan, gobernuzkoak izan edo ez izan. Ezin dugu itxaron administrazioak -dena delakoa- aldaketa sozialaren motor izatea, ezin dugu itxaron kuota bat ordaintzen dugun elkarteak arazoa konpondu dezan. Aldaketa sozialaren prozesua prozesu parte hartzailea da eta denok parte hartu behar dugu aktiboki, apur bat edo asko, gure ahalmenen arabera; baina parte hartzerik gabe ezinezkoa da gauzak aldatzea”

Sechu Sende

“Lankidetzaren ordua da. Hizkuntza politikak ez dira garatzen bakarrik goitik behera, hainbat norabidetatik baizik, hainbat alorretatik eta hainbat eragilek sustatuta. Behar dugu adimen kolektiboa eta lankidetza”

F. X. Vila

Hamar apunte trinkotzeari buruz

2021-10-04  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hamar apunte trinkotzeari buruz

Tesian aipatu nuen euskara elkarteek ez dutela definitu euren azken helburua, hau da, euskaldunon komunitatearen trinkotzea. Artikulu honekin ez dut inondik ere kontzeptua zedarritu gura, mugatu gura. 10 apunte baino ez dira, gehiago garatu beharrekoak guztiak. Esker bereziak eman nahi dizkiot Imanol Larrañagari, bere bulkadaz sortuak baitira apunte hauek.

Baga:

Oinarrietara jo behar da lehenik, Txepetxengana. Ea berak zer zioen gai honi buruz: “Hizkuntza minorizatu baten hiztunek alde batera utzi behar duten lehen superstizioa da Gobernuaren ekimenak (izan Estatua, autonomia-erkidegoa, kantoia edo dena delakoa) berak bakarrik edo kanpotik ekarritako aditu kualifikatuaren laguntzaz konponduko dituela gaitz guztiak eta hartuko dituela neurri egokiak mehatxatutako hizkuntzari dagokion erabilera lehengoratzeko». Superstizioa baztertu eta hiztunek eurek hartu behar dute bere gain eta bere bizkar erabilera bizkortzeko eta suspertzeko ardura, euren komunitatea biziberritzearen ardura, alegia. «Atzerabidean den minoria bat ez da salbatuko minoriako kide ez direnen intentzio oneko ekintzen bidez. Bakarrik salba daiteke bere kabuz: eta, orduan, bere kideek hartzen badute atzerapen hori gelditzeko borondatea, erakundeak eta beharrezkoak diren baliabideak lortzen badituzte, hartu ahal izango dituzte beharrezkoak diren neurriak».

Biga:

Txepetxek borondatea edo kontzientzia jartzen du abiapuntutzat, oinarritzat. Nik ere berdin pentsatzen dut. Hala ere, nik eguneratu gura dut berbategia eta honela deitu: autoestimua da abiapuntua. Autoestimu hori kolektiboa izan behar da, baina ez da ahaztu behar autoestimu kolektiboa lortzeko beharrezkoa dela banakoen autoestimua. Hortaz, trinkotzeak eskatzen du aurretiaz baldintza hau: autoestimu banako zein kolektiboa (ahalduntze banako zein kolektiboa ere deitu dakioke, baina tira!).

Higa:

Autoestimutik abiatuta, ahalduntzetik abiatuta, duintasunetik abiatuta, trinkotzeak beste kontu batzuk ere eskatzen ditu. Talde pertenentzia landu beharra du trinkotu gura duenak, talde harrotasuna gurago bada. Eta proiekzioa. Hau da, etorkizunera begirako “ametsa” ekoitzi behar du.

Laga:

Baina hori baten batek sustatu behar du, baten batek bulkatu behar du: talde edo gune eragilea edo bulkatzailea. Eta hor niri galdera bat datorkit burura: zer distantzia dago gune eragilearen eta komunitatearen artean? Egin al da hori laburtzeko beharrezkoa den guzti-guztia?

Boga:

Baina …. kontuz. Txepetxek aipatu du ez delegatzea. Eta, hortaz, gune eragile hori ere komunitatea da. Inork trinkotu behar al du ezer? Ala gune eragile horrek “egin” behar du komunitatea? Ez al da pasatu behar gune eragile hori delegaziotik politika prefiguratiboa egitera? Gaurtik gura duguna gaurtik egitera? Zalantzak ditut …

Sega:

Autoeratzea, performatibitatea eta diskurtso propioa. Horiek dira gutxieneko elementuak. Eta horietako bakoitzean sakondu beharko genuke. Autoeratzean, adibidez, euskaldunentzako zerbitzuak eraikiz; perfomatibitatean, esate baterako, euskarazko kontsumoa nabarmen areagotzeko dinamikak abiatuz; eta diskurtso propioan, kasurako, hizkuntza ekologiaren oinarrietan sakonduz eta, batez ere, oinarri horiek jendarteratuz, modu kontziente eta masiboan.

Zai:

Komunitatearen kideen artean lika-lanak egiteko liturgiak behar dira, errituak, bat egiteko eta batera ekiteko une eta guneak. Zentzu horretan, niri oso interesgarria egiten zait Brasilgo MSTkoek aipatzen duten mistika kontzeptua (gureganatu beharko genuke eta gurera ekarri, gure moduetara eta egitekoetara ekarri, jakina).

Zoi:

Emozioak. Horiek mugitzen dute gure gorputza. Gainera, horiek ere erakartzen dute (edo ez). Uste dut lilura berreskuratzeko ahalmena garatu behar dugula (zelan? Ba ez dakit, baina egin beharko dugu, kulturgintzaren bidez-edo). Lilura erakartzeko, lilura gu gusturago egoteko, lilura komunitateko kideen arteko lika-lanak egiteko. Eta lilura sortze horretan (eta “ametsa” ekoizteko ere balio dezake), euskaratik eta euskaraz mundu berri eta justuagoa egin daitekeela aipatu beharko genuke. Hori izan daiteke indar-ideia: euskaratik eta euskaraz mundu hobea egin genezake: ekologikoa, justuagoa, berdinzaleagoa.

Bele:

Baina gatozen lurrera. Gorago lan-ildo batzuk zirriborratu ditut (autoeratzea eta abar). Baina nik uste dut kontzientzia, borondatea edo autoestimua deitutako horri ere egin beharko geniokeela kasu. Eta, horretarako, agian bide bat izan daiteke ahalduntze eskolena. Feminismoak garatu ditu bere alorrean horietakoak, eta euskara elkarteen mugimenduan ere egon dira ahalegintxo batzuk horretara hurbiltzeko: Gasteizeko Oihaneder da garatuena, Lau Haizetarako kideak ere ari dira horri bueltaka, Elgoibarko Izarrak antolatzen duen Euskara ala Ezkara eta abar, baina nik gauza sendoago eta iraunkorrago bat dut buruan.

Arma:

Ikusten duzuenez, zalantzak dira nagusi, galderak dira nagusi. Nik ikuspuntu hau dut, nirea dena, baina bere horretan hutsaren hurrengoa balio duena. Izan ere, hau edo gogoeta kolektiboa da edo ez da. Aletxo bat da hau, apala, xumea eta barrenetik egindakoa (eta oso era eskematikoan). Eta abar.

Bizitza euskaraz “ospatzen” duten 100 proiektu

2021-09-30  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Bizitza euskaraz “ospatzen” duten 100 proiektu

Joseba Barriolaren berba batzuetatik abiatuta ekin nion bizitza euskaraz “ospatzen” duten proiektuak batzeari. Honako hauek, hain zuzen ere:

Ez dugu aurrera egingo dauden espazioak okupatuz euskararekin. Kalitate berria duten espazio berriak sortu behar dira. Bizitza lantzen duten espazioak sortuz. Eta bizitza duina lantzeko espazioak. Ez bizitzari buruz diskurtsoak soilik egiteko eremuak, eremu biziak eta bizigarriak.

100 batu ditut, 100, seguruenik 100dik gora batu zitezkeen, baina 100 dira (adibidez, Kukulaisi edo Audioliburuak euskaraz). Aska dezagun hitza, hauspotu dezagun hitzaren sua. Liberazioari itxoiten ez dioten 100 proiektu bizigarri euskaratik eta euskaraz.

  1. Gure zirkua: Bakion birritan ikusi dut eta bietan barrurainoko poza eta estimua hartu diot zirko apal eta gutar honi. Guretik abiatuta eta zirkoaren balioekin bat, jakina. Helduentzako ohartxo bat: galdu lotsa eta joan ikusten, ez zaizue damutuko.
  2. Aiaraldea faktoria: Laudion ireki berri dute proiektu honen etxea. Gartzen Garaioren berba hauek ederto laburbiltzen dute faktoria, nire ustez: “Ohartu ginen ez zela nahikoa euskalduntzeko egiten ari ginena eta bizitzaren esparru guztietan ekimen eraldatzaileak abiatzea erabaki genuen, proiektu integral batean eta burujabetza printzipiotik”.
  3. Kafe Antzokia: hutsune nabarmena dago Bilbo erdigunean, itxita jarraitzen duelako gure tenpluak. Baina, gauzak ondo bidean, urrirako berriro irekiko du arnasgune eraldatzaile honek. Ea hala den, beharra dugu-eta.
  4. Argia: txikitik eta behetik eragiten duen proiektu komunikatiboa (hori baino gehiago da, nire ustez). Ezinbestekoa den proiektu horietako bat.
  5. Gaindegia: euskararen lurralde osoa (euskal herriak) aintzat hartzen duen behategi sozioekonomikoa dugu edo genuen Gaindegia. Erein eta haziarazi behar dugun mundu berrirako beharrezkoak zaizkigu mapak, beharrezkoak zaizkigu datu hauek guztiak. Ea laster horri ere buelta emateko gai garen.
  6. Pasa zaite: argitaletxe apala da hau, itzulpengintzari emana. Beste herrialde eta galaxia batzuetako paperezko uzta erakargarria eta ezberdina dakargun proiektua.
  7. Dinamoa: euskaratik eta euskaraz sormen lanketa dakar dinamoak, lau diziplinatan: hitza, irudia, gorputza eta soinua. Sormen kontuetan aipatuko nuke, horrez gain, Udabiltzak bultzatutako Geuretik sortuak beka eta egonaldi programa.
  8. Emun: lan mundua euskalduntzetik, euskarak eta berrikuntza sozialak bat egiten duten bidegurutzeetan eragitera pasatu da Emun, izaera kolektiboa, berritzailea eta komunitarioa bazterrean utzi barik.
  9. Berria: gure periodikua. Hizkuntza komunitatea aintzat hartzen duen egunkari bakarra, gure ahalduntze eta harrotasunerako ezinbesteko pieza.
  10. Irrien lagunak: balio eraldatzaileek eta euskarak bat egiten duten gune horretan batzen dira Irrien Lagunak, ikuskizunetan, aldizkarian edo beste hainbat elkarterekin batera lantzen duten proiektuetan (Bizipoza aipagarrienetakoa, nire ustez).
  11. Laba: Iruñeko bihotzean sortuko den proiektua dugu Laba: oholtza, kafetegia, erakusleihoa, elkargunea eta laborategia izan nahi duena. Eta orain dirua batzen ari dira (ez baduzu ekarpenik egin, zeren zain zaude?).
  12. Bilgune Feminista: erakunde feminista eta abertzalea da Bilgune Feminista. Euskaraz funtzionatzen du eta euskaraz bizitzeko lana egiten du euskal feminismoaren barruan (besteak beste, hori ez baita euren lan ildo bakarra inondik ere).
  13. Xabiroi: euskal komiki aldizkaria izateaz gain, euskarazko komikigintzaren oraingo egoeraren erantzule nagusienetako bat dela ausartuko nintzateke esatera. Komikigileen sarea eraiki du eta abar.
  14. Libertimenduak: Baxenafarroan xaxatu eta sortutakoak (edo biziberritutakoak) dira. 2020an, esate baterako, Luhuson, Garazin, Amikuzen, Irisarrian eta Esnazun egin ziren, baita Iruñean ere (Iruinkoko izenarekin). Parte hartzaileak dira, inperfektuak, pobreen antzerkia eta euskaratik eta euskaraz.
  15. UEU: herrigintza eta akademia uztartzen maistrak dira UEUkoak. Udako izena aspaldi gainditu eta urte osoan jarduten du: ikastaroak, gradu-ondokoak, material pedagogikoa, topaketak, kongresuak (biba Ikergazte!) eta definizioetan zail sartzen diren beste hainbat eta hainbat lantxo.
  16. Arrosa sarea: euskal herrietako irrati libreen sarea da Arrosa. 20 urte bete berri ditu, baina ezaugarri batzuk mantentzen ditu: elkar laguntza, irrati bakoitzaren independentzia mantentzea, behetik gora antolatua, eta euskaraz.
  17. Euskal Herria Zuzenean: programazio musikal eta kultural alternatiboa ekartzeaz gain, festibal honek baditu beste ezaugarri batzuk ere: komun idorrak, plastikoa desagertzeko hautua, brigada berdea, bertako ekoizkinak jatekoan zein edatekoan, euskoaren erabilera eta abar. Eta aurten 25 urte bete ditu.
  18. Errigora: auzolana, elikadura burujabetza, euskal herriak eta euskara du oinarri Errigorak. Interes handikoa izango da etorkizunean Agerraldia izeneko ekimenarekin lantzen ari direna. Lehen fruituak ematen hasi da dagoeneko, haien artean, Union Tutera futbol taldea.
  19. Susa: argitaletxe historikoa dugu Susa (beste batzuk ere ager zitezkeen, Pamiela, Denonartean, Alberdania, Erein, Elkar, Igela edo Maiatz) eta euskarazko liburuen pozik handienak eman dizkidana pertsonalki (oso interesgarria da Lisipe kolekzioa, feminismoari buruz).
  20. Izarkom: euskal telekomunazio operadore kooperatibo eta herritarra. Bertatik bertara, ekonomia sozialean oinarritua eta hizkuntza politika ausartarekin.
  21. Soziolinguistika Klusterra: 2004an sortu zen euskal soziolinguistikaren ikertegi hau. Sortzeko hainbat unibertsitate ikertegik, aholkularitzak eta euskalgintzako elkartek bat egin zuten ezagutza soziolinguistikoa ikertu, zabaldu eta aplikatzeko. Beti ere, euskara biziberritzeko prozesua elikatzeko.
  22. Bidehuts: bizirik balego, duda barik, Esan Ozenki aipatu beharko nuke, baina ez da horrela. Eta, zelanbait, Bidehutsek hartu du erreleboa (ahaztu barik, adibidez, Taupaka elkartea). Autogestioa, independentzia eta euskarazko sorkuntza.
  23. Olatukoop: ekonomia modu eraldatzailean ulertzen duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dute sare hau (guztira, 58 kideko sarea da). Horietako asko euskaraz bizi dira eta ia guztiek euskaraz zerbitzuak emateko gai dira.
  24. Mimukai: Larraun-Leitzaldean sortu berri den proiektu komunitarioa da Mimukai. Bertako ehun ekonomikoa indartu gura du, lehen sektorea eta industria bultzatzeko asmoz. Momentuz, coworking espazioa irekiko du eta obradore bat, bertako produktuak transformatzeko eta saltzeko.
  25. Garabide: nazioarteko kooperazioa egiten du bai, baina modu berri batez. Izan ere, dirua ez ohi dute eman (ez dute egiten lan asistentziala). Horren ordez, ezagutzak trukatzen dituzte, euskararen biziberritzean pilatutako ezagutzetatik abiatzen dira garapena egiteko.
  26. Jakin: aldizkari historikoa da Jakin, euskara, kultura eta herria oinarri duena. Baina hori baino gehiago da gaur eta hemen: feminismoa, filosofia eta kronika lantzen duten liburu bildumak ditu, euskarazko liburuaren behatokia kudeatzen du, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti edo Txillardegiren obra osoa digitalizatu dute, Lokatza izeneko podcast zeharo gomendagarria egiten dute eta abar.
  27. Teatreroak: euskarazko antzerkiaren inguruan azken urteotan mugimendua dago. Artedrama eta Aulestiko topaketak, Metrokoadroka, Oreretako Eztena jaialdia, EHAZE eta bere argitalpenak, Fuchs anaiak eta abar, eta abar.
  28. Goiener: energia burujabetzaren bidean, kooperatiba honek energia elektrikoari dagokionez energia berriztagarrien alde egiten du. Horrez gain, kontsumoa jaisteko aholkuak ematen ditu eta bezero/kooperatibistekin tratu zuzen eta egokia du. Ipar Euskal Herrian ere bada I-ener izeneko tankera bereko beste kooperatiba bat.
  29. Hik Hasi: euskal heziketarako proiektua da. Aldizkari pedagogikoa argitaratzen dute, gurasotasunari buruzko beste aldizkari bat, formazio ikastaroak egiten ditu, baina hori baino gehiago da Hik Hasi. Euskarazko heziketa integral eta integratuaren bidean ezinbesteko erreferente dugu Hik Hasi.
  30. Librezale: software librea euskaratzen duen talde irekia da librezale, sarea da librezale eta orain gutxi 18 urte bete ditu. Nabigatzaileak, irudiak manipulatzeko programak, posta zerbitzuak, sare sozialak, P2P sareak, multimedia, hezkuntzarako programak eta abar. Asko dago itzulita, asko, eta guri ere tokatzen zaigu erabiltzen hastea (jarri Ubuntu euskaraz zure ekipoan).
  31. Kanaldude: euskarazko herri telebista parte-hartzailea da Kanaldude, Ipar Euskal Herrian ardaztua. Denetariko programazioa du eta nahieran zerbitzu duina ere bai.
  32. Herri hezitzaileak: zazpi kontzeptutan oinarritzen dira herri hezitzaileak. Euren berbetan, “jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea”. Eta sarea osatzen ari dira herriz herri.
  33. Armiarma: sareko liburutegi zabala da armiarma, baina, era berean, entziklopedia ere bada. Gaur eta hemen ez dugun liburutegi nazionalari zerbait hurreratzen bazaio, hori armiarma dugu. Aldizkariak, euskarara ekarriak, kritika literarioak, euskal prentsaren lanak, teatro testuak, idazleen argazkiak eta abar, eta abar.
  34. Badok: aurrekoa literaturari buruzko liburutegia bazen, oraingo hau musikari buruzkoa da, euskarazko musikaren bilgunea dugu badok, entziklopegia izaerakoa ere honako hau. Badira beste bi biltegi ere, ganbara eta zinea, bi hauek ikus-entzunezkoei buruzkoak.
  35. Euskarazko wikipedia: eta biltegi nagusirik bada, hori da, hain zuzen ere, euskarazko wikipedia. Entziklopedia libre, kolaboratibo eta parte hartzailea, eta mugimendu handikoa, eta txikipedia umeentzako, eta abar.
  36. Ahotsak: eta bada beste biltegi bat, ahotsak. 369 herrietako euskarazko grabazioak daude ikusgai, 6259 pertsonetakoak. Eta denak lizentzia libreekin. Eta erabilgarri. Euskal herrietako ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea du helburu azken biltegi honek.
  37. Biba ardoak: euskal mahastizainen ardo ekologikoak saldu eta banatzen dituen kooperatiba da honako hau. Ardogile txiki eta artisauak batzen dira, euskal herrietakoak eta agroekologian dihardutenak. Eta, jakina, euskaraz.
  38. Ikaselkar: euskal curriculumaren garapena sustatzeko argitaletxea da hau, Elkar eta Ikastolen Elkartearen artean sortutakoa. Euskara, euskal kultura, izaera globala eta tokian tokikoa, ekimen soziala. Hori guztiaren batura izan gura du argitaletxe honek.
  39. Aroztegia: bizitzaren aldeko hainbat borroka daude gurean (baso biziak edo azpiegituren kontrakoak edo …). Aroztegiaren proiektuaren kontrakoak batzen ditu ekologia, lurraren defentsa, herri txikien defentsa baita euskararen garapena ere. Aroztegia bizirik!
  40. Euskal encondings: euskarazko film eta telesailak doan eskaintzen dituen irabazi-asmorik gabeko komunitate irekia da. Ehunka fim, telesail eta abarrak daude hor eskegita, zuek noiz ikusteko zain (azpititulatuak edo doblatuak).
  41. Azpitituluak: baina horiek ikusi ahal izateko, askotan film edo telesail horiek azpititulatu behar dira. Auzolanean eta modu boluntarioan egin nahiko baduzu, azpitituluak izeneko webgune honetan badituzu hori egiteko argibideak eta ikusteko argibideak.
  42. Korrika: euskararen alde herririk herri bi urterik behin egiten den lasterketa herrikoia da Korrika, irakurle gehienek dakizuen bezala. Euskarazko kontzientzia suspertzea du helburu baita euskaltegietarako sosak batzea ere. Korrika kulturala ere badakar, eta Korrika beka, baina hori beste kontu bat da.
  43. Durangoko azoka: Gerediaga elkarteak antolatzen du urtero Durangoko azoka 1965etik. Bereziki nabarmenduko nuke azken urteotan egileei ahotsa eman izana (Ahotsenea) eta azoka hutsa izateaz aparte, kulturaren plaza bihurtzeko egin duen ahalegina.
  44. Iparra-Hegoa: Urruña eta Segurako lagun-talde batzuek sortutako ekimena da, 26 urte egin dituena. Goierrin eta Ipar Euskal Herriaren arteko harremanak sustatzeko jaio zen eta ordutik bide ederra egin du (nabarmendu behar da, adibidez, Euskal Herriko Mus Txapelketa ekimen honen ondorioz sortu zela). Eta aurten Kutxabira antolatu dute hainbat eta hainbat euskal herritatik.
  45. EHKOlektiboa: kolektibo hau ekarri dut, baina, tira, agroekologia mugimendu osoa aipatuko nuke (herrietako kontsumo kooperatibak, lurzaindia, haziak berreskuratzeko Aleka elkartea eta abar). EHKOlektiboak agroekologia praktikan jartzen du, herrigintza eta auzolana lagun. Euren asmoen artean, identifikagarri bat bultzatzea dago.
  46. Puntueus: nazioarteko aitortza ematen dion domeinua dugu puntueus, euskara eta euskararen herriari ikusgarritasuna emateko. 2014an hasi zuen ibilbideak eta gaur egun (2020ko abenduan) 12.000 domeinu izen daude erregistratuta.
  47. Astra: sormen fabrika Gernikan, edo Abadetxea, edo Hori bai, edo Bira, edo Oihaneder, edo San Agustin, edo Azebarri, edo Mullerenea, edo Borderline, edo Kalostrape, edo Gasteizko gaztetxea, edo Faktoria, edo Laba, edo Bonberenea, edo Lekuona, eta beste hainbat eta hainbat. Hau da, euskarazko bizitza kulturala biziarazten duten eta irabazi-asmorik ez duten gune horiek guztiak.
  48. Euskarabentura: errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezina da Euskarabentura. Espedizio katartikoa izan da orain arte, eta gazteen artean euskara sustatzeaz gain, bestelako balio batzuk ere jartzen ditu erdigunean: naturarekiko errespetua, bizi-ohitura osasuntsuak, bizikidetza, parekidetasuna, ardura eta autonomia, eta turismo jasangarria. Euskarabenturan!
  49. Tokikom: herririk herri eta eskualderik eskualde sortu ziren 90. hamarkadatik aurrera hainbat herri komunikabide. Aspaldi elkarrekin lanean hasi ziren, baina orain dela urte batzuk pauso garrantzitsu bat egin zuten: Tokikom sortu eta euren artean zero kilometroko hedabideen sarea ehundu (momentu honetan 76 hedabidek osatzen dute elkartea).
  50. Bertsozale elkartea: 1987an sortu zen bertsolariak eta bertsozaleak batzen dituen elkarte hau. Bertsolaritza zaindu, sustatu, ikertu, transmititu eta etorkizuna bermatu: horiek dira euren helburu nagusiak. Autonomiaz eta mugimendu sozialen tankerara antolatua du bere burua elkarteak eta fruitu emankorrak izan ditu historian zehar (eta izango ditu, Mintzola adibidez).
  51. Egiako Teila fabrika: balore eraldatzaileetan garatzen diren ekintzaile, elkarte, enpresa txiki zein kooperatiben teilatupea da, Egia auzoan. Hango memoria sozial eta historikoarekin bat egiten du fabrikak eta, esate baterako, webgunea euskara hutsean du.
  52. podcastak.eus: euskarazko podcastak biltzen dituen webgunea da. Euskarazko eduki interesgarri askoren aterpea hau ere bai.
  53. Deabruaren eskola: euren berbetan, testu ederrak irakurtzeko lekua da, online eta euskaraz. Irati Jimenezek eta Mikel Sotok abiatu zuten eskola orain gutxi.
  54. Plaza hutsa: euren berbetan, plaza hutsa ekimen ireki bat da. Euskal Herriak arnasaldi berri bat behar duela uste duen edozeinena, herri gisa pentsatu eta bizitzeko urgentzia partekatzen dugunona. Begirada asko nahasi nahi dituena, herrigintza aro berri bat pentsatu eta gorpuzteko ahaleginari ekarpena egin nahi diona.
  55. Pantailak euskaraz: Pantailak Euskaraz ikus-entzunezkoen mundu pantaila-anitzean euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek sortu duten mugimendua da. Indarrak batuz, egoera hau irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburua du.
  56. Hamaika telebista: euskarazko ikus-entzunezkoak sortu eta garatzen dituen telebista da. telebista eredu gazte, garaikide, bizi, hiriko eta parte hartzailea plazaratzea du helburu.
  57. Marabilli sormen festibala (Ondarru): marabilli sormen festibala Aitzol Aramaio zenaren indarrarekin jaiotako egitasmo bat da eta helburua da hainbat artista Ondarroan biltzea, idazleak, musikariak, zinegileak, antzerkilariak, artista plastikoak, diseinatzaileak… Eta dena bere betiko lagunek antolatua.
  58. Elhuyar fundazioa eta hari lotutakoak: hiztegia, zientzia dibulgazioa, adimen artifiziala eta hizkuntza teknologiak, euskara planak eta abar.
  59. Booktegi: euskarazko hainbat liburu duen webgunea da booktegi, denak modu digitalean eta doan. Argitaratzeko eta liburuak irakurtzeko modu ezberdin bat.
  60. Emagin: pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkartea da. Jendarte eraldaketaren alde lan egiten dute eta horretarako prozedura feministak erabiltzen dituzte euren oinarrizko lan esparruetan: formakuntza, ikerketa, ekoizpena eta dokumentazioa.
  61. Gastibeltza filmak: euskal zinema ekoitzi eta banatzeko sortu den enpresa da, Ipar Euskal Herritik lurralde osoa kontuan hartuta.  
  62. Dantzan: herriz herri euskaraz aritzeko aukera eskaintzen duten espazioak baitira dantza taldeak, eta @dantzan elkartea dantzazaleen komunitate euskalduna baita finean. https://dantzan.eus/kidea
  63. Euskal hedabideen Behategia: antena bat da, Antena bat hedabideen mundura zuzendua; eta antena bat euskal hedabideei begira dagoena, euskaraz diharduten hedabideen eragin kuantitatiboa eta kualitatiboa neurtzeko. 
  64. Ikerbiltza programa: Euskal Herriko unibertsitateetan sortzen den ezagutza eta jakintza herrien garapenerako mesedetan jartzeko asmoa duen proiektua da Ikerbiltza.
  65. Martin Ugalde Kultur Parkea: euskal kultura sustatzeko gunea da, gune nagusienetakoa. Martin Ugalde zenaren izena darama eta bertan daude euskaraz bizitza “ospatzen” duten hainbat eta hainbat ekimen: Berria egunkaria, Soziolinguistika Klusterra, Emun, Irrien Lagunak, Kontseilua eta abar.
  66. Koop 57: zerbitzu finantzario eta etikoak eskaintzen dituen kooperatiba da. Katalunian sortua, orain dela urte batzutatik Euskal Herrira ere hedatu da.
  67. Bizibaratzea: Jakoba Errekondo paisajistaren lan guztiak batzen ditu webgune honek. Landareen eta agroekologiaren inguruko jakintza eskuratzeko eta praktikara eramateko ezinbesteko erreferentzia da hau.
  68. Loraldia: 2014an sortu zen, Bilbon. Festibala da Loraldia, kultur diziplina guztiak batzeko asmoa duena, euskal kultura garaikidearen babespean.  
  69. H28: aldizkari saretirikoa da, euskaraz, komiki bidezkoa. Euskarazko hainbat marrazkilari, komikilari batzen zituen eta ditu, eta merezi du sare sozialetan jarraitzea (edo ez).
  70. Ereindajan: Arrasaten eta Bergaran daude denda bi hauek. Hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo-ereduak bultzatu nahi ditu. Antzeko ekimenak daude beste leku batzuetan:

Labore (Oarsoaldea, Bilbo eta Txingudi), Elikagunea (Azpeiti), Lakari (Zarautz), Bidazi (Bidasoaldea), Marisatsa (Durangaldea), Landare (Iruñerria), Bioalai (Gasteiz) eta askotariko kontsumo-taldeak eta ekoizleak.

  1. Gartxot ekimena: Itzaltzuko gazteek sortutako ekimena da, Gartxot bardoaren kondaira zabaltzeko asmoarekin. Xune eta euskara erdigunean jarrita, mitoak berritu eta eguneratzeko lanean ari dira. Batez ere, Gartxot eguna izan ohi da jai nagusia.
  2. Euskoa: Ipar Euskal Herriko tokiko moneta soziala da. Trantsizio ekologikoaren alde egiteaz gain, euskararen alde ere egiten du. Euskoaren sarean sartzen den profesional orok euskararen aldeko erronka bat hartu behar du derrigorrez. Adibidez, 250 saltegik jarri duten seinaletika bi hizkuntzatan.
  3. Joxemi Zumalabe Fundazioa: Euskal Herrian bestelako jendarte-eredu baten alde lanean ari diren Herri Mugimenduak laguntzea da fundazio honen helburua. Fundazioaren bokazioa Herri Mugimenduekin, Herri Mugimenduetatik eta Herri Mugimenduentzako lan egitea da. Sinergia eta ahalduntze prozesuak bilatuz, Euskal Herrietako Herri Mugimenduek dituzten gogoeta, dinamizazio eta formazio prozesuetan laguntzea, hain zuzen ere.
  4. 111 akademia: Euskal Herriko literaturazaleen bilgunea da 111 Akademia. Ia 200 irakurlek parte hartzen dute egitasmoan: liburuak irakurri, iruzkinak bidali eta urtero 111 Akademiaren Saria ematen dute.
  5. Hitzen uberan: euskarazko literatura modu sakon aztertu nahi duen kazetaritza-proiektua da uberan hau. Digitalki egiten dute lan hau eta euskarazko literatur lanean gaineko hainbat elkarrizketa, gogoeta eta abar aurkituko dituzu bertan.
  6. Tropela: 2005ean sortu zen. Txirrindularitza du ardatz webgune honek eta porrak antolatzen ditu, besteak beste, txirrindularitza proba nagusietan. Euskara hutsez sortu arren, gaur egun beste hizkuntza batzuetara itzulita dago, galiziera, katalana eta asturiera euren artean.
  7. Behatokia: hizkuntza eskubideen defentsan aritzen da Behatokia, euskararen lurralde guztietan (EAEn Elebide ere badago). Kexak ez ezik, txaloak ere emateko baliatu dezakegun proiektua da.
  8. Gamerauntsia: Game Erauntsia 2014an sortu zen euskarazko bideo-jokoen kopuru eta hauei lotutako edukien eskaintza urriari aurre egiteko. Horregatik hasieratik oinarrizko helburua bideo-jokoak eta euskara uztartzea izan da. Bi bide nagusitik: batetik, euskara eta bideo-jokoak lotzen dituzten ekintza orotarikoak bideratu: gamer gelak, txapelketak, argitalpenak, streamingak, hitzaldiak, tailerrak… eta, bestetik, bideo-jokozale euskaldunak elkartzeko espazioak sortu.
  9. Egunean behin: tribial estiloko mugikor bidezko jokoa da hau. Itzelezko arrakasta lortu du; esate baterako, 2021eko finalean 20.000 pertsona batera aritu ziren jokoan.
  10. Ega-Higa: hizkuntza gutxituetako gazteen topaketa da Higa (azken urtean pandemiagatik digitalki garatu da eta Ega izena hartu du). Mundu mailako mota honetako topaketa bakarra da, Gasteizen egiten dena eta sinergia politak sortu eta sorrarazi dituena dagoeneko.
  11. Bai euskarari: alor sozioekonomikoan eragiteko elkartea, izen bereko ziurtagiria kudeatzen duena. Horrez gain, Lansarean euskarazko lan eskaintzak kudeatzen dituen ataria ere kudeatzen dute. Baita Euskaragileak sarea ere (enpresen euskalduntzean aurreratuta dabiltzan eta euskararen erabilera normalizatua duten Euskal Herriko zenbait enpresek osatzen dute Euskaragileak enpresen batzordea). Baita enpresarean ere (euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatu nahi duen sarea).
  12. Artisten bilgune batzuk: gero eta gehiago dira artistek eurek kudeatutako espazioak. Horietako batzuetan euskararen presentzia handia da: adibidez, Bilbon Okela, Uztaritzen Ttok, Gasteizen Artgia, Oiartzunen Ehuntze, Oreretan Mikelazulo, …
  13. Oihaneder euskararen etxea: behin baino gehiagotan aldarrikatu dut emakumeen etxeen tankerakoak egin beharko genituzkeela euskaltzaleok herririk herri. Aldarrikapena hor da, baina hortik gertuen dagoen proiekturik bada, Oihaneder da, Gasteizeko bihotzean. Ikastaroak, erakusketak, kultur ekitaldiak eta abar, eta abar.
  14. Badalab: euskalgintzak eta erakundeek batera sortutako ikerketa eta esku-hartze laborategia da. Sortu berria da eta ikusi beharko da zer dakarren. Berrian albistea laborategiari buruz.
  15. Uema: herri euskaldunen mankomunitatea da Uema, ezagutza %70etik gora duten herrien bilgunea. Bere helburua da lurgune euskalduna biziaraztea, iraunaraztea eta euskararen garapenean aitzindari izan gura du, etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa den heinean.
  16. Euskal irratiak: Ipar Euskal Herrian dauden euskarazko irratien federazioa da, Antxeta, Gure Irratia, Irulegiko irratia eta Xiberoko Botza batzen dituena. Euskarazko irratigintzan erreferente erabatekoak, guztiak eta batuta, zer esan.
  17. Euskomanga: Japoniar edukiak euskaratzen dituen taldea da Euskomanga, boluntarioz osatutakoa. Filmak, telesailak eta abar euskaratu eta batu dituzte webgune batean.
  18. Azpititulatuak kanala telegramen: euskaraz azpitulatutako hainbat film eta telesail daude, klandestinoak eta boluntarioek egindakoak horietako asko. Orain horiek errazago jendearen eskura jartzeko telegram kanala ireki da.
  19. Arbonako okupazioa: orain dela hilabete batzuk hasi zuten Arbonan etxalde baten okupazioa, lurrak hasieran eta etxea geroxeago. Lurzaindiak eta ELBk bultzatutako okupazioa da eta helburu du lur horiek laborantza lur izaten jarrai dezaten. Okupazio horretan ohar guztiak euskaraz daude eta ez dakitenentzako hiztegi txikiak ere badira. Eta ez ahaztu: elikagai burujabetzeak balio du elekagai burujabetzarako.
  20. Arrapitz federazioa: Ipar Euskal Herriko lurretatik jarraitzen dugu. Arrapitz federazioak laborantzaren garapenerako 19 elkarte biltzen ditu, Euskal Herriko laborariek plantan eman dituztenak, Euskal Herriko laborarien onerako. Berriki 30 urte egin ditu eta Argiaren erreportaje honek ederki laburbiltzen du sarearen funtsa.
  21. Kaixo maitia: euskaldunak harremanetan jartzeko webgunea da. Harremanetan jarri harremanak izateko, jakina, hau da, han eta hemen dauden ligatzeko beste zerbitzu bat, baina euskaratik eta euskaraz. Baina ez hori bakarrik: blogean kontakizun erotiko batzuk biltzen ditu adibidez.
  22. Euskal Herria kirola: edozein estatutan kirol nazionala arautzen eta antolatzen duen instituzioaren baliokide izan gura du. Euskal Herria Kirola erakundearen jardun-eremua Euskal Herriko 7 lurralde historikoetara zabaltzen da, eta horrela, erakunde honek egungo hutsunea betetzen du.
  23. ITA: Artean egin berri da Iraultza Txikien Akanpada. Herri mugimenduen bilgune eta borroken biderkatzaile izan gura du. Eta euskara oso presente egon da. Argiak argitaratu duen kronika oso esanguratsua da.
  24. Arropak ere nortasuna ematen digu, modu batera edo bestera. Euskal herrietan badira hainbat arropa marka ehun organikoak eta euskara uztartzen dutenak. Esate baterako, Ez kexa karrikastyle, edo Puntutan (bertsomoda), edo Atxandigaina, edo Zergatik, edo Amarenak edo Erabili eta han edo hor dauden eta ezagutzen ez ditudan beste hainbat.
  25. Eraldaketa feministak edo LGTBI prozesuak gidatzen dituzten hainbat kooperatiba eta ekimentxo daude. Haietako batzuk nabarmendu gurako nituzke, Eihera eta Hiruki larroxa, Sorginlore eta Parean, euskaraz eta euskaratik.

96: Erabil kolektiboa: euskaldunak ahalduntzeko lanean ari den elkarte irekia da, Ipar Euskal Herrian. Profesionalez eta herritarrez osatutako elkartea da eta haren helburua da euskararen biziberritzean ekarpen landu eta zehatza egitea. Tailerrak egiten dituzte, euskarri pedagogikoak eta abar.

  1. Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko eskola eta barnetegi asko daude. Horietatik batzuk kooperatiba dira (AEK, IKA, Gabriel Aresti edo Bilbo Zaharra, kasurako).
  2. Hiritik at: tokiko garapen komunitarioa lantzen duen enpresa kooperatiboa da: analisia, ikerketa, formazioa, parte hartzea eta gauzatzea. Arkitektura garapen komunitarioaren zerbitzura, euskaraz.
  3. Gureak egin: Iruñerriko gazteentzako kultur laborategia izango da (urrian jarriko dute martxan). Ikasturtean zehar, kultur erreferentzia batetik abiatu eta sorkuntza prozesu txikiak aktibatzeko ibilbideak eginen dituzte. Horrela, adierazpide, molde eta diziplina ezberdinetatik saltoka ibiliko dira (oso interesgarria da Aritz Ibañezi egindako elkarrizketa hau). Itxura benetan ederra du proiektuak. Ea!
  4. Batura: eta azkena, Batura. Euskal herrietako ekonomia sozial eraldatzailearen mapa da. Soziala, bizitza erdigunean jartzen duten eta lurraldearen arazoei irtenbideak eskaintzen dizkioten ekimenen mapa delako. Eraldatzailea, merkatu eta kapitalaren menpe dagoen mundu honen aurrean alternatiba sendo bat delako. Eta haien baloreen artean, euskara ere badago. Eta garrantzitsuagoa dena, webgunea euskara hutsezkoa dute. Eta …
  5. Marrazkeraz: Gorka Belaskok tw-n egindako ekarpena. Marrazkilari euskaldunen topagunea.

Postdata bi: bizitza “ospatzen” euskaraz

2021-09-27  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Postdata bi: bizitza “ospatzen” euskaraz

Bizitza euskaraz “ospatzen” duten 50 proiektu ekarri nituen plazara. Horren ostean beste 30 ekarri nituen. Eta gaur azken 20 proiektu ekarri ditut, 100 osatu arte. Eta hau, momentuz, hemen amaitzen da. Eta, gainera, konturatu behar dugu euskararekin egiten ari garen biziberritze ariketa kolektibo erraldoi honek balio dezakeela beste gai sozial zaurgarrietarako. Lorea Agirrek dioen modura, bizitza bizigarriagoak, justoagoak, berdinzaleagoak lortzeko aldaketen multzoa da eraldaketa soziala. Eta eraldaketa sozial hori euskaraz behar da izan, hemen.

  1. Bai euskarari: alor sozioekonomikoan eragiteko elkartea, izen bereko ziurtagiria kudeatzen duena. Horrez gain, Lansarean euskarazko lan eskaintzak kudeatzen dituen ataria ere kudeatzen dute. Baita Euskaragileak sarea ere (enpresen euskalduntzean aurreratuta dabiltzan eta euskararen erabilera normalizatua duten Euskal Herriko zenbait enpresek osatzen dute Euskaragileak enpresen batzordea). Baita enpresarean ere (euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatu nahi duen sarea).
  2. Artisten bilgune batzuk: gero eta gehiago dira artistek eurek kudeatutako espazioak. Horietako batzuetan euskararen presentzia handia da: adibidez, Bilbon Okela, Uztaritzen Ttok, Gasteizen Artgia, Oiartzunen Ehuntze, Oreretan Mikelazulo, …
  3. Oihaneder euskararen etxea: behin baino gehiagotan aldarrikatu dut emakumeen etxeen tankerakoak egin beharko genituzkeela euskaltzaleok herririk herri. Aldarrikapena hor da, baina hortik gertuen dagoen proiekturik bada, Oihaneder da, Gasteizeko bihotzean. Ikastaroak, erakusketak, kultur ekitaldiak eta abar, eta abar.
  4. Badalab: euskalgintzak eta erakundeek batera sortutako ikerketa eta esku-hartze laborategia da. Sortu berria da eta ikusi beharko da zer dakarren. Berrian albistea laborategiari buruz.
  5. Uema: herri euskaldunen mankomunitatea da Uema, ezagutza %70etik gora duten herrien bilgunea. Bere helburua da lurgune euskalduna biziaraztea, iraunaraztea eta euskararen garapenean aitzindari izan gura du, etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa den heinean.
  6. Euskal irratiak: Ipar Euskal Herrian dauden euskarazko irratien federazioa da, Antxeta, Gure Irratia, Irulegiko irratia eta Xiberoko Botza batzen dituena. Euskarazko irratigintzan erreferente erabatekoak, guztiak eta batuta, zer esan.
  7. Euskomanga: Japoniar edukiak euskaratzen dituen taldea da Euskomanga, boluntarioz osatutakoa. Filmak, telesailak eta abar euskaratu eta batu dituzte webgune batean.
  8. Azpititulatuak kanala telegramen: euskaraz azpitulatutako hainbat film eta telesail daude, klandestinoak eta boluntarioek egindakoak horietako asko. Orain horiek errazago jendearen eskura jartzeko telegram kanala ireki da.
  9. Arbonako okupazioa: orain dela hilabete batzuk hasi zuten Arbonan etxalde baten okupazioa, lurrak hasieran eta etxea geroxeago. Lurzaindiak eta ELBk bultzatutako okupazioa da eta helburu du lur horiek laborantza lur izaten jarrai dezaten. Okupazio horretan ohar guztiak euskaraz daude eta ez dakitenentzako hiztegi txikiak ere badira. Eta ez ahaztu: elikagai burujabetzeak balio du elekagai burujabetzarako.
  10. Arrapitz federazioa: Ipar Euskal Herriko lurretatik jarraitzen dugu. Arrapitz federazioak laborantzaren garapenerako 19 elkarte biltzen ditu, Euskal Herriko laborariek plantan eman dituztenak, Euskal Herriko laborarien onerako. Berriki 30 urte egin ditu eta Argiaren erreportaje honek ederki laburbiltzen du sarearen funtsa.
  11. Kaixo maitia: euskaldunak harremanetan jartzeko webgunea da. Harremanetan jarri harremanak izateko, jakina, hau da, han eta hemen dauden ligatzeko beste zerbitzu bat, baina euskaratik eta euskaraz. Baina ez hori bakarrik: blogean kontakizun erotiko batzuk biltzen ditu adibidez.
  12. Euskal Herria kirola: edozein estatutan kirol nazionala arautzen eta antolatzen duen instituzioaren baliokide izan gura du. Euskal Herria Kirola erakundearen jardun-eremua Euskal Herriko 7 lurralde historikoetara zabaltzen da, eta horrela, erakunde honek egungo hutsunea betetzen du.
  13. ITA: Artean egin berri da Iraultza Txikien Akanpada. Herri mugimenduen bilgune eta borroken biderkatzaile izan gura du. Eta euskara oso presente egon da. Argiak argitaratu duen kronika oso esanguratsua da.
  14. Arropak ere nortasuna ematen digu, modu batera edo bestera. Euskal herrietan badira hainbat arropa marka ehun organikoak eta euskara uztartzen dutenak. Esate baterako, Ez kexa karrikastyle, edo Puntutan (bertsomoda), edo Atxandigaina, edo Zergatik, edo Amarenak edo Erabili eta han edo hor dauden eta ezagutzen ez ditudan beste hainbat.
  15. Eraldaketa feministak edo LGTBI prozesuak gidatzen dituzten hainbat kooperatiba eta ekimentxo daude. Haietako batzuk nabarmendu gurako nituzke, Eihera eta Hiruki larroxa, Sorginlore eta Parean, euskaraz eta euskaratik.

96.  Erabil kolektiboa: euskaldunak ahalduntzeko lanean ari den elkarte irekia da, Ipar Euskal Herrian. Profesionalez eta herritarrez osatutako elkartea da eta haren helburua da euskararen biziberritzean ekarpen landu eta zehatza egitea. Tailerrak egiten dituzte, euskarri pedagogikoak eta abar.

  1. Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko eskola eta barnetegi asko daude. Horietatik batzuk kooperatiba dira (AEK, IKA, Gabriel Aresti edo Bilbo Zaharra, kasurako).
  2. Hiritik at: tokiko garapen komunitarioa lantzen duen enpresa kooperatiboa da: analisia, ikerketa, formazioa, parte hartzea eta gauzatzea. Arkitektura garapen komunitarioaren zerbitzura, euskaraz.
  3. Gureak egin: Iruñerriko gazteentzako kultur laborategia izango da (urrian jarriko dute martxan). Ikasturtean zehar, kultur erreferentzia batetik abiatu eta sorkuntza prozesu txikiak aktibatzeko ibilbideak eginen dituzte. Horrela, adierazpide, molde eta diziplina ezberdinetatik saltoka ibiliko dira (oso interesgarria da Aritz Ibañezi egindako elkarrizketa hau). Itxura benetan ederra du proiektuak. Ea!
  4. Batura: eta azkena, Batura. Euskal herrietako ekonomia sozial eraldatzailearen mapa da. Soziala, bizitza erdigunean jartzen duten eta lurraldearen arazoei irtenbideak eskaintzen dizkioten ekimenen mapa delako. Eraldatzailea, merkatu eta kapitalaren menpe dagoen mundu honen aurrean alternatiba sendo bat delako. Eta haien baloreen artean, euskara ere badago. Eta garrantzitsuagoa dena, webgunea euskara hutsezkoa dute.
  5. Marrazkeraz: Gorka Belaskok tw-n egindako ekarpena. Marrazkilari euskaldunen topagunea.

Alternatiboak euskarazko kulturgintza hauspotzen

2021-09-20  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Alternatiboak euskarazko kulturgintza hauspotzen

bell hooks-en “Enseñar a transgredir” liburua irakurri dut uda honetan. Berak, besteak beste, pedagogia alternatiboaren garrantziaz dihardu (aipatzen ditu esklaboek emandako klase klandestinoak, esklaboek ahoz transmititutako kontakizunak, klub auto-antolatuak, …). Hori irakurtzen ari nintzela, euskaraz pedagogia alternatibo horrek duen eta izan duen garrantzia etorri zitzaidan burura behin eta berriz (ikastolak eta eskolak, gau-eskolak eta euskaltegiak, bertso eskolak eta abar). Harremanen bidez sortzen da jakintza oro, istorioak kontatzea eta biziaraztea prozesu kolektiboa baita.

Gogoratu nintzen ere Esan Ozenkik 30 urte bete zituela eta Fermin Muguruzak pedagogia ikasi zuela. Eta inoiz irakurri niola musika pedagogiagatik aldatu zuela inpaktu askoz handiagoa lortzen zuelako. Eta Karlos Osinagak elkarrizketa honetan esaten dituenak. Eta nire bizipen asko ere gogoratu nituen (horiek hurrengo batean, irakurle).

Eta momentu horretan (liburua irensten ari nintzen bitartean) Berriak udako serie bat egin zuen sei sortzailerekin (Unai Iturriaga, Amancay Gaztañaga, Arantxa Lannes, Paula Estevez, Ane Pikaza eta Oier Guillan). Ba, Unaik aipatu zuen H28k izan zuen garrantzia, Amancayk Zestoako gaztetxea, Arantxak Uztaritzeko Iratxo dantza taldea, Paulak esan zuen bera mugitzen zen leku gehienak autogestionatuak direla eta Oierrek, azkenik, Mikelazulo kultur elkartea. Hau da, 6tik 5ek aipatu zuen modu batera edo bestera pedagogia alternatiboa. Eta horrek hauspotu zuen neure susmoa.

10 kontu deigarri Kataluniatik

2021-09-13  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

10 kontu deigarri Kataluniatik

Aurton lehendabiziko aldiz izan naiz Katalunia barneko aldean (Bartzelonan sarritan izan banaiz ere). Hainbat kontu deigarri ikusi ditut han eta hor, eta hizkuntzari dagokionez honako hauek (10+1):

Baga

Lleidako herri bateko jatetxea gomendatu digute, oso ondo jaten omen delako. Hara joan eta ekarri digute karta. Eta … zer eta katalan hutsez! Biba zuek! Beste egun batean beste jatetxe batera joan eta karta elebidunez. Baina … gaztelaniazko itzulpena (bai, itzulpena zela igarri egiten zen) akatsez josia! Eta, azkenik, atzo bertan Terrassako beste jatetxe batean, karta ostera ere katalan hutsez!

Biga 

Egun batzuetan behin eta berriro pasatu gara Montferrer herriko poligono industrialetik. Errotulu guztiak errepasatu eta guztiak, guzti-guztiak, katalan hutsez!

Higa

Egun batean telebista jarri dugu (ez gara oso telebistazale, ez han ez hemen). Eta deskubritu dugu badela katalan hutsez 24 orduko albistegi-katea. Eta nik behintzat flipatu dut (ze urrun dagon Kamerun).

Laga 

Gero beste kate batean doblatutako film bat ikusi nuen (nahiko modernoa zelakoan nago, barkatu nire zinema kultura falta). Eta berriro kanta bera etorri zitzaidan ezpainetara.

Boga

Consum supermerkatu batean sartu eta fruta erostera jo nuen. Eta frutategia katalan hutsez (horrek ez ninduen harritu), baina fruta pisatzeko makinak prezioak katalan hutsez ematen zituen. Hori da hori!

Sega

ANCren postu batera hurbildu gara, diadarako materiala salgai zutela. Katalanez egin digute berba. Momentu batean, haietako batek esan dio besteari: hauek euskaldunak dira, egin espainolez. Eta guk erantzun, ez, inola ere ez. Ulertzen ez badugu, esango dizuegu, baina ez aldatu.

Zai 

Abuztuko egunetan albiste izan da Kataluniako ikus-entzunezkoen inguruko legea. Horri lotuta, Plataforma per la llengua-k azken hauteskundeen harira egindako dekalogoa deskubritu eta flipatu nuen. Bitartean, gurean ere ari gara, pantailak euskaraz eskatzen. Ea ba!

Zoi 

Egun batean joan ginen bunker batzuk bisitatzera. Ez genuen aldez aurretik begiratu ez erreserbatu. Hara heldu eta esan ziguten bisita katalanez zela. Guk esan genien aurrera, baina azkenean bisitako beste kideek ezetz esan zuten, eurak euren artean ere gaztelaniaz ari direla eta gaztelaniaz egiteko. Eta hala joan zen.

Bele 

Baina handik egun batzuetara Garriguella izeneko kooperatibara egin genuen bisita. Aldez aurretik erreserbatu eta hori guztia. Hara heldu orduko, gidariak galdetu zuen ea katalanez egingo zuen bisita. Eta denok baietz, guk barne. Ulertu genuen dena eta ardo kata egiten ari ginen bitartean, gidaria konturatu zen guk ez genekiela katalanez. Ahalegintxo bat egin zuen gaztelaniaz egiteko, baina esan genion ezetz, segitzeko katalanez, primeran ari ginela ulertzen. Eta horrela amaitu zuen. Bisita amaituta, han egondako bikote bat gugana hurreratu zen eta bihotzez eman zizkiguten eskerrak. Eta gu pozarren, jakina.

Arma 

Eta lehen berba, eta bigarrena eta hirugarrena ostean. Ia leku guztietan horrela artatu gaituzte eta gu pozez, inongo momentutan adierazi barik zer hizkuntzatan egin.

Tiro 

Eta ikusgarria da hango hormek, etxeek eta leihoek oihukatzen dutena. Ikusgarria! “Paretek esan ohi dute paperek isiltzen dutena”. Eta itzela zapatuan bertan Laietana kalean eta inguruetan batu ziren/ginen 400.000 pertsona. Biba zuek!

Bi aukera daude: jarraitu pentsatzen erdigunean gaudela edo ertzetakoekin batera lan egin

2021-09-06  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Ia 400 orrialdeko tesia ondu du Txerra Rodriguezek. 2020ko martxoan bukatua zuen lana: 30 urte mihigintzan. Euskara elkarteek euskararen biziberritzean izan duten eragina 1987-2017. Elkarrizketa honetan mugimendu sozialaren eta egitura profesionalaren arteko uztarketa zailaz aritu da, baita beste mugimendu sozialak zertan ari diren begiratzeko premiaz eta euskara elkarteetako kideek transmititu dioten nekeaz. Dena den, aurrera egiteko ilusioa badaukatela uste du.

Zertarako sortu ziren euskara elkarteak?

Horrela dago idatzita: euskaldunon komunitatea trinkotzeko. Euskara elkarteak Txepetxen [José María Sánchez Carrión] teoriek modu batera edo bestera baldintzatuta sortu ziren. Hasieran asko erabiltzen zen lelo modukoa hau zen: ‘Batzen gaituena gehiago da banatzen gaituena baino’. Filosofia horren baitan sortu ziren.

Zer esan nahi zuten ‘komunitatea trinkotu’ ziotenean?

Hori da tesiaren ondorioetako bat. 30 urteren bueltan euskara elkarteek ez dute definitu euskaldunon komunitatea trinkotzeak zer dakarren. Tesian gauza batzuk landu ditut eta hiru bloke nagusitara ekarri dut trinkotzearen kontua. Bat: autoeratzea. Euskaldun hutsez osatutako elkarteak dira, euskaraz funtzionatu izan dute eta hiztun osoak izan dituzte jopuntuan. Bi: hasieratik eta gaur egunera arte jardun dute modu performatiboan, espero zuten etorkizuneko gizartea gaurtik egitearen filosofiatik. Hiru: diskurtsoa; ea diskurtso propio eta burujabea egiteko kapazitatea izan duten ala ez. Elkarrizketatuen artean ez dago adostasunik. Batzuek esaten dute  diskurtsoa eratu dutela eta beste batzuek diote ez direla heldu diskurtso oso bat eratzera. Alabaina, batzuek zein besteek esaten dutena da, eratu ala ez eratu, diskurtsoa gizarteratzeko gaitasunik ez dutela izan.

Hori da trinkotzearen inguruan egiten dudan irakurketa. Nire ustez, ez da definitu zer den trinkotzea eta helburua jarri da oso ondo jakin barik zer den hori.

Agian galdera zaila da ondokoa, zuk esan baituzu helburua ez zegoela argi baina… Helburua lortu da?

Trinkotzean eragin mugatua lortu dute. Hasieran batzuk hasi ziren trinkotzerantz hurbiltzen, baina urteak aurrera pasa ahala apur bat lausotu edo urardotu da ideia hori. Hala ere, nahiz eta hasieran elkarteek aitortu ez, bigarren helburu nagusi bat izan dute: euskararen erabilera sustatzea. Ulertu zuten erabilera dela hizkuntza baten biziberritzearen adierazle nagusienetako bat. Ez dakit zein puntura arte lortu duten, kontuan hartuta azken urteotan erabilera gelditu dela edo behera egin duela, baina elkarteek eratu dituzte bidezidorrak erakusteko bizitzaren esparru batzuetan posible dela euskaraz bizitzea.

80ko hamarkada bukaeran eta 90eko hasieran jarritako helburuetatik, seguruenik, oso urrun daude elkarteen lorpenak. Hala ere, uste dut elkarteek eratu dituzten mekanismoekin askoz gehiago ezin zitekeela lortu. Komunitatea trinkotzea eta erabilera sustatzea oso helburu handiak dira eta salbuespenak salbuespen, elkarteek eratu dituzten militantzia eta lan egituretatik horietara heltzea ezinezkoa zen.

Tesian ‘ametsa’ hitza agertzen da. Amets egin behar da?

Jakina. Bateren batek esan diezadake irakurketa ezkor samarra egin dudala. Elkarrizketatu ia guztiek esan didate horrelako zerbait: “Agian ez gara heldu amesten genuen horretara, baina zelakoa izango zen euskararen egoera elkarteak egon ez balira?”.

Elkarteak nekatuta daude?

Nik esango nuke baietz. Dena den, ez dakit neke hori ez ote den orokorragoa,  euskalgintza osoa ez ote dagoen nekatuta. Urte askoan jardun dute elkarteek, emaitza politak lortu dituzte, egituraketa maila indartsua lortu dute hainbat herritan… Baina orokorrean nekea nabari da. Aurrera jotzeko zailtasunak eta oztopoak daude, batzuk saiatu arren ez dira gainditu. Era berean, salbuespenak salbuespen, oraindik aurrera egiteko ilusioa badaukatela uste dut.

Mugimendu sozialaren eta egitura profesionalaren arteko uztarketa posible da? Eraginkorra al da molde hori?

Ez nuke jakingo erantzuten molde eraginkorra den ala ez. Elkarteek eta kasu honetan euskalgintza osoak askatu beharreko korapiloa izan da, da eta izango da.

2010-2011ko kongresuan mugimendu sozialetara hurbiltzeko hautua egin zuten; ez dakit zein puntura arte bete den. Oreka oso zaila da. Ez dakit ekonomia sozialetik etor daitezkeen erantzunak edo mugimendu sozialetatik, baina probatzea eta gauza asko kontuan hartzea eskatzen duen kontua da.

30 urteren ondoren egiten dudan irakurketa da, gurean oso ohikoa den bezala, mutur batetik besterako saltoa egiten saiatu garela. Hasieran egitura militantea sortu zuten, gero seguruenik elkarte guztiek izan dute anbizioa langileak izateko. Zer gertatu da? Askotan gurean gertatzen dena: “Langileak ditugu, horiek egin dezatela lan”. Ahaztu da elkartean bi egiturak beharrezkoak direla. Badaude elkarte indartsuak langile egitura handia daukatenak, baina atzean ez dago inor. Bestalde, badira egitura profesionala berariaz hartu nahi ez duten elkarteak. Ez nuke esango batzuk edo besteak ondo edo txarto dabiltzanik. Elkartearen filosofiarekin bat datorren heinean, uste dut tokian toki hartu beharreko erabakia dela. Langileak izateak aje batzuk ditu eta ez izateak beste batzuk.

Elkarteen menpekotasun ekonomikoaz eta politikoaz aritu zara tesian. Diru sarrera nagusia udal bidezkoa izateak horra eraman ditzake. Elkarteek kritika eta salaketa bigarren mailan utzi dute menpekotasun horregatik?

Elkarteek, hasieran, autonomia ekonomikoa eta politikoa errebindikatzen zuten. Egitura profesionala daukazun heinean ordea, diru sarrera batzuk behar dituzu derrigor. Lehenengo langileak tokiko hedabideetakoak izan ziren eta elkarteek aldizkariak doan izatearen aldeko apustua egin zuten. Beraz, diru iturri propioak izateko arazo handiak zituzten. Aukera bakarra dirulaguntzen bidez sarrera iturri finkoak izatea zen eta horrek autonomia ekonomikoa galtzea dakar argi eta garbi. Horrek gauza batzuk kamustu ditzake, ez dauka zertan, baina azken finean dirua ematen duenaren menpe egon zaitezke.

Menpekotasun ekonomikoak salaketarako grina apur bat apaltzea eragiten du, baina uste dut elkarteetan badagoela adostasunaren inguruko filosofia bat. Hasieran aipatu dizudan leloa hor dago: ‘Batzen gaituena gehiago da banatzen gaituena baino’. Elkarteek hasieratik izan dute joera salaketa-kritika-protesta egiteko, baina sukalde lanetik. Kalera irten baino lehenago adostasuna bilatu, historikoa izan da eta orain ere jarraitzen du hein batean.

Menpekotasun ekonomikoak eragina dauka, baina adostasunaren filosofiak ere eragina dauka eta batzuei ahaztu egiten zaie. Biak maneiatu behar dira, maila nazionalean beste modu batera izan daiteke, baina herrietan sukalde lanak badu zentzua.

Beste mugimendu sozialetan bestelako militatze ereduak ari dira probatzen. Euskara elkarteek ere testuinguru berrira moldatzeko beharra dutela diozu. Ari dira egokitzen? Hil ala bizikoa da militantzia eredu berrietara egokitzea?

Ez dakit hil ala bizikoa den. Beharrezkoa da. Nik zalantzak ditut, baina elkarrizketatu denek aipatu dute errelebo falta, izerdi eta odol berriaren beharra dela arazo nagusienetarikoa. Bada, hori bada elkarteen arazo handienetakoa ondoko mugimenduetan militantziari dagokionez zer egosten ari diren begiratu behar da eta ahal den neurrian gurera ekarri.

Uste dut, eta beste behin ez dakit elkarteetarako ala euskalgintza osorako den, militantzia gorputzetik gehiago pasa behar dugula. Batzuetan euskalgintzatik oso modu kognitiboan nahi dugu landu militantzia. Tripetatik, bihotzetik, erraietatik… pasa behar da gehiago. Era berean, gorputzetik pasatzeak ekarri beharko luke militantzia horrek geuri zerbait ematea, gure bizitzari ekarpen bat egitea.

Beste mugimendu sozialetan horren bila ari dira, batzuetan lortu da eta beste batzuetan lortuko da, adibidez, ekologismoan.

Ertzetako borroka eta askapen prozesuetatik ikasi beharko luketela diozu eta ahal bada aliantzak egiten hasi. Printza batzuk ikusten dira. Zer ikusten duzu zuk?

Bai, printza batzuk ari dira ikusten. Euskalgintzaren eta ekonomia sozialaren bigarren topaketak antolatu zituen UEUk, Jakin aldizkariak desazkundearen inguruan antolatutako jardunaldiak ere izan dira. Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko aliantzatxo batzuk ari dira josten hemendik eta handik.

Praktikan bidetxo batzuk lantzen ari gara. Dena den, kontzeptualizazio globalagoa falta da, hala nola, esatea “hizkuntza gutxituen defentsa bioaniztasunaren defentsa da” edo “hizkuntza gutxituen defentsa feminismoaren aldeko borroka da”. Dekolonizaziotik ere asko daukagu ikasteko, barne eta kanpo kolonizazioetatik.

Euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin dugunok ertzetan gaude. Bi aukera dauzkagu: ertzetakoei begiratu ez eta jarraitu pentsatzen erdigunean gaudela edo ertzetakoei begiratu eta eurekin batera igurtzi, nahastu, eta elkarrekin lan egin. Bigarren hori da bidea.

Elkarteek erotikoagoak izaten saiatu beharko luketela diozu. Azaldu mesedez zer esan nahi duen ‘erotikoagoak’ horrek.

Ez dauka zerikusirik erotismoarekin, zerikusia dauka erakargarritasunarekin. 20 urteko gazte bat elkartera hurbiltzen baldin bada zer dauka elkarteak eskaintzeko? Elkarteak erakargarriagoak izan behar dira, eta orokorrean, diskurtsoan, praktiketan, badago zer landua, asko gainera.

Tesian argi agertzen da elkarteak erreleboarekin kezkatuta daudela.

Lehen esan dut elkarte gehienen kezka nagusienetakoa dela. Sarri, euskalgintzatik eta elkarteen mugimendutik esaten denean asko ikasi behar dugula feminismotik, gehienen gogoeta da ez horrenbeste feminismoaren kontzeptu batzuk gure praktikan txertatzea ez bada, “horiek zelan lortu dute horrenbeste neska gazte mobilizatzea, militatzen hastea, eta guk ez?”. Horrela begiratzea da galdetzea bezala zergatik Zamudiokoek herri sarreran daukaten halako eskultura eta Deriokook ez daukagun ezer. Jarraitu ahal dugu begiratzen eta gure buruari galdetzen, baina horrela ez dugu ezer lortuko. Atzean dagoenari begiratu behar diogu, zergatiei, ez horrenbeste ondorioei. Beste batzuen ekarpenak txertatuta, baina euskalgintzak eta elkarteen mugimenduak bere bidea landu beharko lukete.

Azken urteotan euskara elkarteez gaindiko herri-aktibazioa egon da. Hasi Egia auzoko (Donostia) ekimenetik eta Euskaraldira. Zer azpimarratuko zenuke ekimen horietatik?

Ez naiz hasiko Euskaraldiaren balorazioa egiten, baina bi gauza nabarmenduko nituzke. Batetik, Euskal Herriko ia herri guztiek parte hartu duten ekimen bakarrenetakoa da. Mapa osoa estali da ia eta ez diogu behar besteko garrantzia eman. Elkarteen mugimenduaren nahi historiko bati erantzuten dio: mapa estaltzea. Bestetik, elkarteen mugimendutik begiratuta, Euskaraldiko batzordeek bestelako antolaketa moduei ireki diete bidea. Hortik ere badute zer ikasia elkarteek. Hala ere, ez dut uste Euskaraldiko batzorde batek elkarte baten lana egin dezakeenik, elkarteek askoz esparru zabalagoa landu beharko lukete eta lantzen dute.

Euskara elkarteak Topagunean biltzen dira. Nolakoa izan beharko luke bien arteko harremanak?

Topaguneak badauka ezaugarri bat oso erakunde gutxik daukana: lehenengo herrietako taldeak sortu ziren eta gero sortu zen Topagunea. 2011ra arte behintzat, herrietako elkarteek gidatu zuten Topagunea. 2010-2011 urteetan, hausnarketa prozesua egin zenean, elkarteen mugimenduak bestelako funtzioak eman zizkion Topaguneari, gidaritza, ordezkaritza, eta abar. Zer gertatu da urteen poderioz? Topagunearen egitura urterik urte sendotzen joan da. Aldiz, 2011ra arte elkarteen kopurua gorantz joan zen, hortik aurrera beherantz egin du eta azken urteotan lautadan dago. Elkarteen mugimendua ez da Topagunea beste indartu eta horrek atrofia bat ekarri duela uste dut.

Zein izan beharko litzateke elkarteen eta Topagunearen arteko harremana? Ez dakit. Hori ere landu beharko litzatekeen kontua da, baina uste dut batzuetan oinarrietara bueltatzea txarra ez dela. Topaguneak ulertu behar du, eta uste dut ulertzen duela, hartu beharko lukeen funtzio nagusienetakoa dela  elkartegintza indartzea. Lan oso gaitza da. Egitura nazional batetik joan Urnietara edo Zornotzara eta elkartegintza sustatu. Zer gertatzen da? Zenbat eta handiagoa izan, egiturak berak gero eta lan handiagoa eskatzen du bere erreprodukziorako. Elkartegintzara itzuli beharko litzateke. Itzultzen ari da.

16 / 140«Aurrekoa1015161718304050Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA