Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Postdata: bizitza euskaraz ospatzen

2021-07-22  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Postdata: bizitza euskaraz ospatzen

Astelehenean argitaratu nuen Bizitza euskaraz “ospatzen” duten 50 proiektu izeneko artikulua blogean. Sare sozialetan kolaborazioa eskatu nuen eta etorri da. Hortaz, beste 30 proiektu gehitu ditut zerrendara. Animatzen zaituztet horiek ere begiratzera eta erabiltzera.

  1. Egiako Teila fabrika: balore eraldatzaileetan garatzen diren ekintzaile, elkarte, enpresa txiki zein kooperatiben teilatupea da, Egia auzoan. Hango memoria sozial eta historikoarekin bat egiten du fabrikak eta, esate baterako, webgunea euskara hutsean du.
  2. podcastak.eus: euskarazko podcastak biltzen dituen webgunea da. Euskarazko eduki interesgarri askoren aterpea hau ere bai.
  3. Deabruaren eskola: euren berbetan, testu ederrak irakurtzeko lekua da, online eta euskaraz. Irati Jimenezek eta Mikel Sotok abiatu zuten eskola orain gutxi.
  4. Plaza hutsa: euren berbetan, plaza hutsa ekimen ireki bat da. Euskal Herriak arnasaldi berri bat behar duela uste duen edozeinena, herri gisa pentsatu eta bizitzeko urgentzia partekatzen dugunona. Begirada asko nahasi nahi dituena, herrigintza aro berri bat pentsatu eta gorpuzteko ahaleginari ekarpena egin nahi diona.
  5. Pantailak euskaraz: Pantailak Euskaraz ikus-entzunezkoen mundu pantaila-anitzean euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek sortu duten mugimendua da. Indarrak batuz, egoera hau irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburua du.
  6. Hamaika telebista: euskarazko ikus-entzunezkoak sortu eta garatzen dituen telebista da. telebista eredu gazte, garaikide, bizi, hiriko eta parte hartzailea plazaratzea du helburu.
  7. Marabilli sormen festibala (Ondarru): marabilli sormen festibala Aitzol Aramaio zenaren indarrarekin jaiotako egitasmo bat da eta helburua da hainbat artista Ondarroan biltzea, idazleak, musikariak, zinegileak, antzerkilariak, artista plastikoak, diseinatzaileak… Eta dena bere betiko lagunek antolatua.
  8. Elhuyar fundazioa eta hari lotutakoak: hiztegia, zientzia dibulgazioa, adimen artifiziala eta hizkuntza teknologiak, euskara planak eta abar.
  9. Booktegi: euskarazko hainbat liburu duen webgunea da booktegi, denak modu digitalean eta doan. Argitaratzeko eta liburuak irakurtzeko modu ezberdin bat.
  10. Emagin: pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkartea da. Jendarte eraldaketaren alde lan egiten dute eta horretarako prozedura feministak erabiltzen dituzte euren oinarrizko lan esparruetan: formakuntza, ikerketa, ekoizpena eta dokumentazioa.
  11. Gastibeltza filmak: euskal zinema ekoitzi eta banatzeko sortu den enpresa da, Ipar Euskal Herritik lurralde osoa kontuan hartuta.  
  12. Dantzan: herriz herri euskaraz aritzeko aukera eskaintzen duten espazioak baitira dantza taldeak, eta @dantzan elkartea dantzazaleen komunitate euskalduna baita finean. https://dantzan.eus/kidea
  13. Euskal hedabideen Behategia: antena bat da, Antena bat hedabideen mundura zuzendua; eta antena bat euskal hedabideei begira dagoena, euskaraz diharduten hedabideen eragin kuantitatiboa eta kualitatiboa neurtzeko. 
  14. Ikerbiltza programa: Euskal Herriko unibertsitateetan sortzen den ezagutza eta jakintza herrien garapenerako mesedetan jartzeko asmoa duen proiektua da Ikerbiltza.
  15. Martin Ugalde Kultur Parkea: euskal kultura sustatzeko gunea da, gune nagusienetakoa. Martin Ugalde zenaren izena darama eta bertan daude euskaraz bizitza “ospatzen” duten hainbat eta hainbat ekimen: Berria egunkaria, Soziolinguistika Klusterra, Emun, Irrien Lagunak, Kontseilua eta abar.
  16. Koop 57: zerbitzu finantzario eta etikoak eskaintzen dituen kooperatiba da. Katalunian sortua, orain dela urte batzutatik Euskal Herrira ere hedatu da.
  17. Bizibaratzea: Jakoba Errekondo paisajistaren lan guztiak batzen ditu webgune honek. Landareen eta agroekologiaren inguruko jakintza eskuratzeko eta praktikara eramateko ezinbesteko erreferentzia da hau.
  18. Loraldia: 2014an sortu zen, Bilbon. Festibala da Loraldia, kultur diziplina guztiak batzeko asmoa duena, euskal kultura garaikidearen babespean.  
  19. H28: aldizkari saretirikoa da, euskaraz, komiki bidezkoa. Euskarazko hainbat marrazkilari, komikilari batzen zituen eta ditu, eta merezi du sare sozialetan jarraitzea (edo ez).
  20. Ereindajan: Arrasaten eta Bergaran daude denda bi hauek. Hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo-ereduak bultzatu nahi ditu. Antzeko ekimenak daude beste leku batzuetan: Labore (Oarsoaldea, Bilbo eta Txingudi), Elikagunea (Azpeiti), Lakari (Zarautz), Bidazi (Bidasoaldea), Marisatsa (Durangaldea), Landare (Iruñerria), Bioalai (Gasteiz) eta askotariko kontsumo-taldeak eta ekoizleak.
  1. Gartxot ekimena: Itzaltzuko gazteek sortutako ekimena da, Gartxot bardoaren kondaira zabaltzeko asmoarekin. Xune eta euskara erdigunean jarrita, mitoak berritu eta eguneratzeko lanean ari dira. Batez ere, Gartxot eguna izan ohi da jai nagusia.
  2. Euskoa: Ipar Euskal Herriko tokiko moneta soziala da. Trantsizio ekologikoaren alde egiteaz gain, euskararen alde ere egiten du. Euskoaren sarean sartzen den profesional orok euskararen aldeko erronka bat hartu behar du derrigorrez. Adibidez, 250 saltegik jarri duten seinaletika bi hizkuntzatan.
  3. Joxemi Zumalabe Fundazioa: Euskal Herrian bestelako jendarte-eredu baten alde lanean ari diren Herri Mugimenduak laguntzea da fundazio honen helburua. Fundazioaren bokazioa Herri Mugimenduekin, Herri Mugimenduetatik eta Herri Mugimenduentzako lan egitea da. Sinergia eta ahalduntze prozesuak bilatuz, Euskal Herrietako Herri Mugimenduek dituzten gogoeta, dinamizazio eta formazio prozesuetan laguntzea, hain zuzen ere.
  4. 111 akademia: Euskal Herriko literaturazaleen bilgunea da 111 Akademia. Ia 200 irakurlek parte hartzen dute egitasmoan: liburuak irakurri, iruzkinak bidali eta urtero 111 Akademiaren Saria ematen dute.
  5. Hitzen uberan: euskarazko literatura modu sakon aztertu nahi duen kazetaritza-proiektua da uberan hau. Digitalki egiten dute lan hau eta euskarazko literatur lanean gaineko hainbat elkarrizketa, gogoeta eta abar aurkituko dituzu bertan.
  6. Tropela: 2005ean sortu zen. Txirrindularitza du ardatz webgune honek eta porrak antolatzen ditu, besteak beste, txirrindularitza proba nagusietan. Euskara hutsez sortu arren, gaur egun beste hizkuntza batzuetara itzulita dago, galiziera, katalana eta asturiera euren artean.
  7. Behatokia: hizkuntza eskubideen defentsan aritzen da Behatokia, euskararen lurralde guztietan (EAEn Elebide ere badago). Kexak ez ezik, txaloak ere emateko baliatu dezakegun proiektua da.
  8. Gamerauntsia: Game Erauntsia 2014an sortu zen euskarazko bideo-jokoen kopuru eta hauei lotutako edukien eskaintza urriari aurre egiteko. Horregatik hasieratik oinarrizko helburua bideo-jokoak eta euskara uztartzea izan da. Bi bide nagusitik: batetik, euskara eta bideo-jokoak lotzen dituzten ekintza orotarikoak bideratu: gamer gelak, txapelketak, argitalpenak, streamingak, hitzaldiak, tailerrak… eta, bestetik, bideo-jokozale euskaldunak elkartzeko espazioak sortu.
  9. Egunean behin: tribial estiloko mugikor bidezko jokoa da hau. Itzelezko arrakasta lortu du; esate baterako, 2021eko finalean 20.000 pertsona batera aritu ziren jokoan.
  10. Ega-Higa: hizkuntza gutxituetako gazteen topaketa da Higa (azken urtean pandemiagatik digitalki garatu da eta Ega izena hartu du). Mundu mailako mota honetako topaketa bakarra da, Gasteizen egiten dena eta sinergia politak sortu eta sorrarazi dituena dagoeneko.

 

Eta seguru nago, arakatuz gero, beste hainbat plazaratzeko modua izan nezake, baina hori, izatekotan, aurreraxeago izango da.

Bizitza euskaraz “ospatzen” duten 50 proiektu

2021-07-19  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Bizitza euskaraz “ospatzen” duten 50 proiektu

Joseba Barriolak Kontseiluari buruzko hausnarketa plazaratu du. Zer pentsatua eman dit, desadostasunak desadostasun. Eta hauxe nabarmenduko nuke batez ere:

Ez dugu aurrera egingo dauden espazioak okupatuz euskararekin. Kalitate berria duten espazio berriak sortu behar dira. Bizitza lantzen duten espazioak sortuz. Eta bizitza duina lantzeko espazioak. Ez bizitzari buruz diskurtsoak soilik egiteko eremuak, eremu biziak eta bizigarriak.

Hori dela eta, bizitza duina euskaraz lantzen duten 50 proiektu blogeratzea bururatu zitzaidan. 50 hauek dira edo izan daitezke, baina guztiak lokatzarekin daude zikinduta, kontraesanek zeharkatuta, arrakaletan sustraiak bota gurean. 50 hauek dira edo izan daitezke, eta beste batzuk geratu zaizkit aipatzeke, eta edonork beste edozein gura badu aipatu, ba libre:

  1. Gure zirkua: Bakion birritan ikusi dut eta bietan barrurainoko poza eta estimua hartu diot zirku apal eta gutar honi. Guretik abiatuta eta zirkuaren balioekin bat, jakina. Helduentzako ohartxo bat: galdu lotsa eta joan ikusten, ez zaizue damutuko.
  2. Aiaraldea faktoria: Laudion ireki berri dute proiektu honen etxea. Gartzen Garaioren berba hauek ederto laburbiltzen dute faktoria, nire ustez: “Ohartu ginen ez zela nahikoa euskalduntzeko egiten ari ginena eta bizitzaren esparru guztietan ekimen eraldatzaileak abiatzea erabaki genuen, proiektu integral batean eta burujabetza printzipiotik”.
  3. Kafe Antzokia: hutsune nabarmena dago Bilbo erdigunean, itxita jarraitzen duelako gure tenpluak. Baina, gauzak ondo bidean, urrirako berriro irekiko du arnasgune eraldatzaile honek. Ea hala den, beharra dugu-eta.
  4. Argia: txikitik eta behetik eragiten duen proiektu komunikatiboa (hori baino gehiago da, nire ustez). Ezinbestekoa den proiektu horietako bat.
  5. Gaindegia: euskararen lurralde osoa (euskal herriak) aintzat hartzen duen behategi sozioekonomikoa dugu edo genuen Gaindegia. Erein eta haziarazi behar dugun mundu berrirako beharrezkoak zaizkigu mapak, beharrezkoak zaizkigu datu hauek guztiak. Ea laster horri ere buelta emateko gai garen.
  6. Pasa zaite: argitaletxe apala da hau, itzulpengintzari emana. Beste herrialde eta galaxia batzuetako paperezko uzta erakargarria eta ezberdina dakargun proiektua.
  7. Dinamoa: euskaratik eta euskaraz sormen lanketa dakar dinamoak, lau diziplinatan: hitza, irudia, gorputza eta soinua. Sormen kontuetan aipatuko nuke, horrez gain, Udabiltzak bultzatutako Geuretik sortuak beka eta egonaldi programa.
  8. Emun: lan mundua euskalduntzetik, euskarak eta berrikuntza sozialak bat egiten duten bidegurutzeetan eragitera pasatu da Emun, izaera kolektiboa, berritzailea eta komunitarioa bazterrean utzi barik.
  9. Berria: gure periodikua. Hizkuntza komunitatea aintzat hartzen duen egunkari bakarra, gure ahalduntze eta harrotasunerako ezinbesteko pieza.
  10. Irrien lagunak: balio eraldatzaileek eta euskarak bat egiten duten gune horretan batzen dira Irrien Lagunak, ikuskizunetan, aldizkarian edo beste hainbat elkarterekin batera lantzen duten proiektuetan (Bizipoza aipagarrienetakoa, nire ustez).
  11. Laba: Iruñeko bihotzean sortuko den proiektua dugu Laba: oholtza, kafetegia, erakusleihoa, elkargunea eta laborategia izan nahi duena. Diru kopuru bat ari ziren eskatzen eta helburua lortu dute. Biba zuek!
  12. Bilgune Feminista: erakunde feminista eta abertzalea da Bilgune Feminista. Euskaraz funtzionatzen du eta euskaraz bizitzeko lana egiten du euskal feminismoaren barruan (besteak beste, hori ez baita euren lan ildo bakarra inondik ere).
  13. Xabiroi: euskal komiki aldizkaria izateaz gain, euskarazko komikigintzaren oraingo egoeraren erantzule nagusienetako bat dela ausartuko nintzateke esatera. Komikigileen sarea eraiki du eta abar.
  14. Libertimenduak: Baxenafarroan xaxatu eta sortutakoak (edo biziberritutakoak) dira. 2020an, esate baterako, Luhuson, Garazin, Amikuzen, Irisarrin eta Esnazun egin ziren, baita Iruñean ere (Iruinkoko izenarekin). Parte hartzaileak dira, inperfektuak, pobreen antzerkia eta euskaratik eta euskaraz.
  15. UEU: herrigintza eta akademia uztartzen maistrak dira UEUkoak. Udako izena aspaldi gainditu eta urte osoan jarduten du: ikastaroak, gradu-ondokoak, material pedagogikoa, topaketak, kongresuak (biba Ikergazte!) eta definizioetan zail sartzen diren beste hainbat eta hainbat lantxo.
  16. Arrosa sarea: euskal herrietako irrati libreen sarea da Arrosa. 20 urte bete berri ditu, baina ezaugarri batzuk mantentzen ditu: elkar laguntza, irrati bakoitzaren independentzia mantentzea, behetik gora antolatua, eta euskaraz.
  17. Euskal Herria Zuzenean: programazio musikal eta kultural alternatiboa ekartzeaz gain, festibal honek baditu beste ezaugarri batzuk ere: komun idorrak, plastikoa desagertzeko hautua, brigada berdea, bertako ekoizkinak jatekoan zein edatekoan, euskoaren erabilera eta abar. Eta aurten 25 urte bete ditu.
  18. Errigora: auzolana, elikadura burujabetza, euskal herriak eta euskara du oinarri Errigorak. Interes handikoa izango da etorkizunean Agerraldia izeneko ekimenarekin lantzen ari direna. Lehen fruituak ematen hasi da dagoeneko, haien artean, Union Tutera futbol taldea.
  19. Susa: argitaletxe historikoa dugu Susa (beste batzuk ere ager zitezkeen, Pamiela, Denonartean, Alberdania, Erein, Elkar, Igela edo Maiatz) eta euskarazko liburuen pozik handienak eman dizkidana pertsonalki (oso interesgarria da Lisipe kolekzioa, feminismoari buruz).
  20. Izarkom: euskal telekomunikazio operadore kooperatibo eta herritarra. Bertatik bertara, ekonomia sozialean oinarritua eta hizkuntza politika ausartarekin.
  21. Soziolinguistika Klusterra: 2004an sortu zen euskal soziolinguistikaren ikertegi hau. Sortzeko hainbat unibertsitate ikertegik, aholkularitzak eta euskalgintzako elkartek bat egin zuten ezagutza soziolinguistikoa ikertu, zabaldu eta aplikatzeko. Beti ere, euskara biziberritzeko prozesua elikatzeko.
  22. Bidehuts: bizirik balego, duda barik, Esan Ozenki aipatu beharko nuke, baina ez da horrela. Eta, zelanbait, Bidehutsek hartu du erreleboa (ahaztu barik, adibidez, Taupaka elkartea). Autogestioa, independentzia eta euskarazko sorkuntza.
  23. Olatukoop: ekonomia modu eraldatzailean ulertzen duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dute sare hau (guztira, 58 kideko sarea da). Horietako asko euskaraz bizi dira eta ia guztiek euskaraz zerbitzuak emateko gai dira.
  24. Mimukai: Larraun-Leitzaldean sortu berri den proiektu komunitarioa da Mimukai. Bertako ehun ekonomikoa indartu gura du, lehen sektorea eta industria bultzatzeko asmoz. Momentuz, coworking espazioa irekiko du eta obradore bat, bertako produktuak transformatzeko eta saltzeko.
  25. Garabide: nazioarteko kooperazioa egiten du bai, baina modu berri batez. Izan ere, dirua ez ohi dute eman (ez dute egiten lan asistentziala). Horren ordez, ezagutzak trukatzen dituzte, euskararen biziberritzean pilatutako ezagutzetatik abiatzen dira garapena egiteko.
  26. Jakin: aldizkari historikoa da Jakin, euskara, kultura eta herria oinarri duena. Baina hori baino gehiago da gaur eta hemen: feminismoa, filosofia eta kronika lantzen duten liburu bildumak ditu, euskarazko liburuaren behatokia kudeatzen du, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti edo Txillardegiren obra osoa digitalizatu dute, Lokatza izeneko podcast zeharo gomendagarria egiten dute eta abar.
  27. Teatreroak: euskarazko antzerkiaren inguruan azken urteotan mugimendua dago. Artedrama eta Aulestiko topaketak, Metrokoadroka, Oreretako Eztena jaialdia, EHAZE eta bere argitalpenak, Fuchs anaiak eta abar, eta abar.
  28. Goiener: energia burujabetzaren bidean, kooperatiba honek energia elektrikoari dagokionez energia berriztagarrien alde egiten du. Horrez gain, kontsumoa jaisteko aholkuak ematen ditu eta bezero/kooperatibistekin tratu zuzen eta egokia du. Ipar Euskal Herrian ere bada I-ener izeneko tankera bereko beste kooperatiba bat.
  29. Hik Hasi: euskal heziketarako proiektua da. Aldizkari pedagogikoa argitaratzen dute, gurasotasunari buruzko beste aldizkari bat, formazio ikastaroak egiten ditu, baina hori baino gehiago da Hik Hasi. Euskarazko heziketa integral eta integratuaren bidean ezinbesteko erreferente dugu Hik Hasi.
  30. Librezale: software librea euskaratzen duen talde irekia da librezale, sarea da librezale eta orain gutxi 18 urte bete ditu. Nabigatzaileak, irudiak manipulatzeko programak, posta zerbitzuak, sare sozialak, P2P sareak, multimedia, hezkuntzarako programak eta abar. Asko dago itzulita, asko, eta guri ere tokatzen zaigu erabiltzen hastea (jarri Ubuntu euskaraz zure ekipoan).
  31. Kanaldude: euskarazko herri telebista parte-hartzailea da Kanaldude, Ipar Euskal Herrian ardaztua. Denetariko programazioa du eta nahieran zerbitzu duina ere bai.
  32. Herri hezitzaileak: zazpi kontzeptutan oinarritzen dira herri hezitzaileak. Euren berbetan, “jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea”. Eta sarea osatzen ari dira herriz herri.
  33. Armiarma: sareko liburutegi zabala da armiarma, baina, era berean, entziklopedia ere bada. Gaur eta hemen ez dugun liburutegi nazionalari zerbait hurreratzen bazaio, hori armiarma dugu. Aldizkariak, euskarara ekarriak, kritika literarioak, euskal prentsaren lanak, teatro testuak, idazleen argazkiak eta abar, eta abar.
  34. Badok: aurrekoa literaturari buruzko liburutegia bazen, oraingo hau musikari buruzkoa da, euskarazko musikaren bilgunea dugu badok, entziklopedia izaerakoa ere honako hau. Badira beste bi biltegi ere, ganbara eta zinea, bi hauek ikus-entzunezkoei buruzkoak.
  35. Euskarazko wikipedia: eta biltegi nagusirik bada, hori da, hain zuzen ere, euskarazko wikipedia. Entziklopedia libre, kolaboratibo eta parte hartzailea, eta mugimendu handikoa, eta txikipedia umeentzako, eta abar.
  36. Ahotsak: eta bada beste biltegi bat, ahotsak. 369 herrietako euskarazko grabazioak daude ikusgai, 6259 pertsonetakoak. Eta denak lizentzia libreekin. Eta erabilgarri. Euskal herrietako ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea du helburu azken biltegi honek.
  37. Biba ardoak: euskal mahastizainen ardo ekologikoak saldu eta banatzen dituen kooperatiba da honako hau. Ardogile txiki eta artisauak batzen dira, euskal herrietakoak eta agroekologian dihardutenak. Eta, jakina, euskaraz.
  38. Ikaselkar: euskal curriculumaren garapena sustatzeko argitaletxea da hau, Elkar eta Ikastolen Elkartearen artean sortutakoa. Euskara, euskal kultura, izaera globala eta tokian tokikoa, ekimen soziala. Hori guztiaren batura izan gura du argitaletxe honek.
  39. Aroztegia: bizitzaren aldeko hainbat borroka daude gurean (baso biziak edo azpiegituren kontrakoak edo …). Aroztegiaren proiektuaren kontrakoak batzen ditu ekologia, lurraren defentsa, herri txikien defentsa baita euskararen garapena ere. Aroztegia bizirik!
  40. Euskal encondings: euskarazko film eta telesailak doan eskaintzen dituen irabazi-asmorik gabeko komunitate irekia da. Ehunka film, telesail eta abarrak daude hor eskegita, zuek noiz ikusteko zain (azpititulatuak edo doblatuak).
  41. Azpitituluak: baina horiek ikusi ahal izateko, askotan film edo telesail horiek azpititulatu behar dira. Auzolanean eta modu boluntarioan egin nahiko baduzu, azpitituluak izeneko webgune honetan badituzu hori egiteko argibideak eta ikusteko argibideak.
  42. Korrika: euskararen alde herririk herri bi urterik behin egiten den lasterketa herrikoia da Korrika, irakurle gehienek dakizuen bezala. Euskarazko kontzientzia suspertzea du helburu baita euskaltegietarako sosak batzea ere. Korrika kulturala ere badakar, eta Korrika beka, baina hori beste kontu bat da.
  43. Durangoko azoka: Gerediaga elkarteak antolatzen du urtero Durangoko azoka 1965etik. Bereziki nabarmenduko nuke azken urteotan egileei ahotsa eman izana (Ahotsenea) eta azoka hutsa izateaz aparte, kulturaren plaza bihurtzeko egin duen ahalegina.
  44. Iparra-Hegoa: Urruña eta Segurako lagun-talde batzuek sortutako ekimena da, 26 urte egin dituena. Goierrin eta Ipar Euskal Herriaren arteko harremanak sustatzeko jaio zen eta ordutik bide ederra egin du (nabarmendu behar da, adibidez, Euskal Herriko Mus Txapelketa ekimen honen ondorioz sortu zela). Eta aurten Kutxabira antolatu dute hainbat eta hainbat euskal herritatik.
  45. EHKOlektiboa: kolektibo hau ekarri dut, baina, tira, agroekologia mugimendu osoa aipatuko nuke (herrietako kontsumo kooperatibak, lurzaindia, haziak berreskuratzeko Aleka elkartea eta abar). EHKOlektiboak agroekologia praktikan jartzen du, herrigintza eta auzolana lagun. Euren asmoen artean, identifikagarri bat bultzatzea dago.
  46. Puntueus: nazioarteko aitortza ematen dion domeinua dugu puntueus, euskara eta euskararen herriari ikusgarritasuna emateko. 2014an hasi zuen ibilbideak eta gaur egun (2020ko abenduan) 12.000 domeinu izen daude erregistratuta.
  47. Astra: sormen fabrika Gernikan, edo Abadetxea, edo Hori bai, edo Bira, edo Oihaneder, edo San Agustin, edo Azebarri, edo Mullerenea, edo Borderline, edo Kalostrape, edo Gasteizko gaztetxea, edo Faktoria, edo Laba, edo Bonberenea, edo Lekuona, eta beste hainbat eta hainbat. Hau da, euskarazko bizitza kulturala biziarazten duten eta irabazi-asmorik ez duten gune horiek guztiak.
  48. Euskarabentura: errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezina da Euskarabentura. Espedizio katartikoa izan da orain arte, eta gazteen artean euskara sustatzeaz gain, bestelako balio batzuk ere jartzen ditu erdigunean: naturarekiko errespetua, bizi-ohitura osasuntsuak, bizikidetza, parekidetasuna, ardura eta autonomia, eta turismo jasangarria. Euskarabenturan!
  49. Tokikom: herririk herri eta eskualderik eskualde sortu ziren 90. hamarkadatik aurrera hainbat herri komunikabide. Aspaldi elkarrekin lanean hasi ziren, baina orain dela urte batzuk pauso garrantzitsu bat egin zuten: Tokikom sortu eta euren artean zero kilometroko hedabideen sarea ehundu (momentu honetan 76 hedabidek osatzen dute elkartea).
  50. Bertsozale elkartea: 1987an sortu zen bertsolariak eta bertsozaleak batzen dituen elkarte hau. Bertsolaritza zaindu, sustatu, ikertu, transmititu eta etorkizuna bermatu: horiek dira euren helburu nagusiak. Autonomiaz eta mugimendu sozialen tankerara antolatua du bere burua elkarteak eta fruitu emankorrak izan ditu historian zehar (eta izango ditu, Mintzola adibidez).

Hauek dira nire 50ak (edo), baina egon daitezke beste horrenbeste …

Printzak

2021-07-12  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Printzak

Bat aldizkariaren 118. zenbakia Ipar Euskal Herriari buruzko monografia da. Artikulu zeharo interesgarriak eta gomendagarriak daude (azken aldion ekimen oso interesgarriak dabiltza mugitzen handik, ez bakarrik hizkuntzaren alorrean). Nik, hala ere, bereziki azpimarratuko nuke Xan Airek idatzitako “Motibazio sozialaren printzak”. Ez dut egingo horren gaineko laburpenik, printza batzuk baino ez ditut ekarriko.

Batetik, ekarri nahiko nuke Uztaritzeko ikastolan egindako interbentzioa. Patioa eraldatu dute han eta, horren ondorioz (besteak beste), euskararen erabilera igo da ikasleen artean. Hau da, baldintzak aldatuta, erabilera areagotzea lortu dute. Aztertu beharko da aldaketa hori eta, beste leku batzuetara transferitzeko modukoa denez, ba hasi beharko da han eta hemen esperimentatzen.

Bestetik, ohar txiki batzuk sakabanatuta ekarriko ditut. Hizkuntza gorputzetik pasaraztearen garrantzia dakar egileak. Baita herri kulturak Ipar Euskal Herrian duen garrantzia ere (libertimenduak bereziki aipatuz). Artigal metodoa ere aipatzen du. Eta auzolaguntzarako eratutako Erabil kolektiboa ere. Ohiturak aldatzeko ingurunean mintzagramak egiteaz ere jardun du. Eta abar.

Amaitzeko, esaldi bat ekarriko nuke: erabilera da termometro eta termostato. Irakurri ezazue artikulua (edo ez, zuek ikusi) …

Komikiena, ez (bakarrik) poesiarena

2021-07-05  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Komikiena, ez (bakarrik) poesiarena

Maiatzaren hasieran egiten da Asturiasen letren astea. Eta, horren harira, Nicolás Bardiok hari interesgarria egin zuen txio-herrian. Bere argudio nagusiena hau zen: hizkuntza herriarena izan behar dela eta ez eliteena. Eta orduan hasten zuen ibilbide bat (nire itzulpena da, jakina):

(Hizkuntza izan behar da)

komikiena eta best sellers-ena, ez (bakarrik) poesiarena

futbolarena, ez (bakarrik) dokumentalena

rockarena, ez (bakarrik) folkarena

bideo-jokoena, ez (bakarrik) antzerki tradizionalarena

aireportuko kartel eta megafoniarena, ez (bakarrik) unibertsitateko hitzaldiena

monologoena, ez (bakarrik) antzerki tradizionalarena

jende gaztearena, nerabeena, 30 urtetik beherakoena, ez (bakarrik) zaharrena

barrearena, imajinazioarena, istorioena, ez (bakarrik) seriotasunarena

biziarena, etorkizunarena, neologismoena, geroarena, ez (bakarrik) iraganarena

apur bat gutxiago eliteen kultura eta askoz gehiago masa kultura.

 

Eta, hein handi batean, bat nator.

Tzam (13 hazi)

2021-06-28  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Tzam (13 hazi)

Tzam-en ideia zaharretan oinarritutako kontzeptu berriak datoz. Yasnaya Aguilar eta Gloria Muñoz dira gidari eta 13 hazi zapatistetan zehar proposatu digute bidaia, herririk herri eta hazirik hazi: lana, lurra, etxea, elikadura, osasuna, hezkuntza, independentzia, askatasuna, demokrazioa, justizia, bakea, feminismoa, adierazpen askatasuna. Bakoitzari buruzko bizipen, gogoeta eta abarrak datoz bidaia honetan. Eta bitartekari bako bidaia da. Eurek kontatuko dizkigute eurenak, eurek zuzenean. Bitartekari bako bidaia da, zapatistak gurera egiten ari diren bidaiaren antzera, bitartekari bakoa.

Gure historia da etorkizuna. Izenburu hori duen liburua argitara eman du Katakrak-ek. Txepetxek aspaldi un futuro para nuestro pasado ekarri zuen. Ideia zaharretan oinarritutako kontzeptu berriak hauek ere.

Eta horretan nenbilela, gure 13 haziak (revisited, jakina) zeintzuk izan zitezkeen paratu nintzen pentsatzera (hartu eta egin delako bide bakarra): lurra, euskara, askatasuna, burujabetza, elikadura, osasuna, feminismoa, inklusioa, justizia, sormena, duintasuna, auto-antolaketa, bakea. Badonk amairu!

Eta horretan ari nintzela, Marta Barbaren aipu honekin gogoratu nintzen, haziei buruz ari garenez:

“Zer da barietatea? Zer da bertakoa eta zer ez? Barietateak egon egon dira nekazaritza dagoenetik. Baina ez dira barietate gisa ulertu. Bioaniztasuna beti egon da, baina ez da bioaniztasunaz hitz egin orain dela ehun urtera arte, bioaniztasuna galtzen hasten garen arte. Barietateekin gauza bera. Barietate ezberdinak landatzen ziren. Moten arteko aldeak ezagutzen ziren. Mota hobeak ala kaxkarragoak bereizten ziren… Baina aldaerak ez ziren egun bezain zehatz mugatzen. Biologia, genetika eta botanika bizitza kontzeptualki kolonizatzen hasi ziren, taxonomiak egiten, banaketak egiten… hobekuntzarako eta produktibitaterako. Mundua barietateka sailkatzea, mundua ulertzeko ez ezik mundua kontrolatzeko modu bat ere bada”.

D eredu naturala

2021-06-21  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

D eredu naturala

Azken aldion, berriro aipagai izaten ari da D eredu naturala izenekoa. Bi berbetan azaltzeko, ikastetxe batean etxetik euskara dakarten umeak klase berean jartzeaz ari da D eredu natural hau. Orduan eta gurean ohikoa denez, aldekoak eta kontrakoak asaldatzen dira, eztabaidatzen hasten dira, eta abar. Gurean zeharo ohikoa, baina tira.

Nire ustez, D eredu natural honetan badira zailtasun metodologikoak, badira pedagogiari lotutako kontuak eta badira ikertu bako kontuak ere. Baina txiri-txiri joango naiz.

Zailtasun metodologiko batzuk ditu D eredu natural honek. Eta nagusiena da muga non jarri. Hau da, zeintzuk dira eskola horietara joan daitezkeenak eta zeintzuk ez, non jarri muga. Guraso(ar)en hizkuntza gaitasuna? Guraso(ar)en hizkuntza praktika? Umearen ulermenean (2-3 urterekin zeharo zail izan daiteke hau)? Zein da horien artean irizpiderik egokiena? Eta ez hori bakarrik: horri gehitu datu hori jasotzeko metodoa. Guraso(ar)ei galdetuta? Behaketa bidez jasoa? Azterketa bidez jasoa?

Baina bada beste zailtasun metodologiko aipagarri bat: zer gertatzen da ikastetxe batean D eredu natural hauetako kideek osatzen ez badute talde bat? Imajinatu 15 ume daudela, baina ratioa 25ekoa. Hortaz, D eredu naturaleko 15 horiek batu, baina euren klasean beste 10 ume sartu beharko lirateke. (Horrek ez al du erabat lausotzen D eredu naturala?).

Zailtasun teknikoez gain, pedagogiari lotutako kontuak dira, nire ustez, garrantzitsuenak. Hau da, D eredu naturalean eta ohiko D ereduan eskolak berdin eman behar dira? Hizkuntzaren irakaskuntza eta glotodidaktika berdina izan beharko litzateke? Zer ezberdintasun egon beharko lirateke batetik bestera? Zeri eman behar zaio garrantzia D eredu naturalean? Eta zeri ohiko D ereduan?

Izan ere, orain arte hainbat herritan egon da D eredu natural hau. Baina ez da izan ikertua, inork ez ditu alderatu batzuen eta besteen emaitzak. Gainera, sentsazioa dut herri horietan guztietan orain arte egin den gauza bakarra izan dela, hala edo hola, umeak banatu bai, baina haiei ildo pedagogiko berdinetik erantzuna eman. Eta horrek, nire ustez, ez du zentzurik. Umeak banatuz gero, izango da ume horiei guztiei eurenetik abiatuta euskararen irakaskuntzarako eta ezagutzarako tresna doituagoak emateko. Ze, bestela, ez diot nik zentzu handiegirik ikusten banaketa horri (hizkuntzaren ikuspuntutik behinik behin).

Iruditzen zait lan handia dugula oraindik etxetik euskara dakarten umeak eta ez dakartenak euskalduntzeko. Iruditzen zait horretan ari diren profesionalek itzelezko gabeziak dituztela hizkuntzen irakaskuntza egoki eta doitua emateko. Eta, hortaz, iruditzen zait hori izan beharko litzatekeela lehentasun: glotodidaktikan profesional horiek trebatu eta praktika egokiak han eta hemen barreiatu. Baina tira … eztabaidatzea gustatzen zaigu eta horra hor nire ekarpena. Ondo etorriak ostiak eta egurrak …

Apunte batzuk Ikergazteri buruz

2021-06-14  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Apunte batzuk Ikergazteri buruz

Gaurkoan Allartean estiloan nator, apunte batzuekin, pasa den asteko Ikergazte kongresuari jarriak.

 

Baga 

Zenbat galdera, zenbat erantzun, zenbat jakin-min, zenbat zorroztasun eta zenbat gauza interesgarri. Zenbat ikerketa, zenbat arlotakoak, zenbat gogo eta ilusio, kalitate eta aniztasun handia, non eta Gasteizen.

Biga

Antolaketa, txalotzeko modukoa. Zenbat mimo, detaile guztiak zainduta (opari ederrak tarteko), kafea, bazkaria, programa ostekoak eta abar. Eta, betiko legez, tratu hurbilarekin. Eta ez hori bakarrik: baldintza txarretan ere, itzelezko ahalegina egin dute presentzial egiteko. Txapo, benetan. Ahalegin handia egin du antolaketak eta eskertu behar zaie.

Higa

Formatua ere zeharo txukuna iruditu zait. Mikroaurkezpenek freskotasun itzela ematen diote kongresuari, bizitasuna. Asko gustatu zaizkit, zailak direlako, baina, era berean, zerbait ezberdina egiteko aukerak irekitzen dituztelako.

Laga 

Mila gai izan dira, diziplinartekoa izan da kongresua. Ikasi dut estereotipoak sotilak direla, kode irekia erabili behar dugula, egunerokoan praktika erresistenteak daudela, mendekotasuna eraikuntza soziokultural eta kolektiboa dela, agentziarako gaitasuna zer garrantzitsua den, berbek indar handia dutela, autosufizientzia garrantzitsua dela, …

Boga 

Soziolinguistikaren arloan ere izan dira ekarpenak. Hiru erabat soziolinguistikoak (nirea barne): Idoia Granizok “Euskararen biziberritzea Altsasun: merkataritzako hizkuntza-paisaia aztergai” eta Ainhoa Pardinak “Euskararen belaunaldiz belaunaldiko etena eta jarraipena Lizarrako ikastola familien testuinguruan”. Eta beste bat zeharkakoa, Samara Velteren “ETA euskararen aldeko talde bat zela uste nuen. Hizkuntzari eta gatazkari lotutako aurreiritziak gazteen diskurtsoetan”. Kuriosoa izango da, edo ez, baina egile bat nafarra da eta beste biak gipuzkoar nafartuak.

Sega

Zer diferentzia dago giza zientzia eta gizarte zientzien artean? Ze, aurreko hiru horiek giza zientzia bezala sailkatu zituzten egileek eta nirea, ostera, gizarte zientzia bezala. Eta ez dakit nik ala eurek asmatu duten …

Zai

Autoetnografia esistitzen dela ikasi dut, Irati Lafraguari esker. Jo, iruditzen zait metodo egokia izan daitekeela hizkuntza ohituren aldaketak nork bere zilborretik ikertzeko. Gehiago arakatu behar dut horretan.

Zoi

Deba arroko bizpahiru ikertzaile entzun nituen, hirurak mendebaldeko hizkera txukunean. Ez nuen aditu, ostera, mendebaldeko hizkeraz aritu zen bizkaitarrik. Eta zer pentsatua eman dit.

Bele

200 gazte (bueno, 199 gazte eta ni) batu ditu UEUk, ikerketan ari direnak eta euskaraz jarri ditu dantzan. UEUk egiten du hori, ez gure herrietan dauden beste unibertsitate ofizialek. Trinkotze eta elkar ezagutze eta ahalduntze bideak, ostera ere, instituzioetatik kanpo eraikitzen dira eta ez dakit poztekoa den edo arduratzekoa den. Baina argi dut UEU beharrezkoa dela, UEU ezinbestekoa dela, UEU barik euskara unibertsitateko goi mailatan non legokeen ez dut pentsatu gura ere egin. Izan ere, argi dago UEU egongo ez balitz, inbentatu beharko genukeela.

Arma

Hurrengo Ikergazte etorriko da, nik ez dut parte hartuko, baina ikertzaile gazte euskaldunek zer ikertuko duten jakiteko irrikan nago. Ai arma!

Groenlandiatik irakaspenak (eta 3)

2021-06-07  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Groenlandiatik irakaspenak (eta 3)

Groenlandiatik hartu daitezkeen irakaspenekin bi artikulu (lehenengoa eta bigarrena) argitara eman ditut azken bi asteotan. Gaur doa hirugarrena eta azkena.

Aurreko artikulua galdera batekin amaitu nuen: zelan lortu dute inuitek biziberritze hori? Horri erantzuten ahaleginduko naiz hurrengo lerroetan.

Batetik, aintzat hartu behar da Groenlandian eta inuiten munduan, komunitateak duen garrantzia. Planetako baldintza gogorrenetako batzuetan bizi dira inuitak, hotza, iluntasuna, barazki eta fruta barik, gari eta zereal barik eta abar. Baldintza horietan bizirauteko ezinbestekoa zen elkar laguntza, ezinbestekoa auzolana, ezinbestekoa komunitate grina. Bestela, akabo.

Bestetik, kalaaleq sentimendua dago. XIX. mendean piztu zen sentimendu hau, erromantizismoaren ildoak hauspotuta. Baina ez zuen izan urte horietan esangura politikorik, esangura kulturala baizik. Hala ere, 60ko hamarkadatik aurrera, aktibista multzo txiki batek berriro piztu zuen sentimendua eta eduki politiko zein kulturala eman. Eta aktibista multzo txiki horrek sua piztutakoan puztu zen sentimendua eta nagusi bilakatu. Izan ere, kontuan hartu behar da hamarkada horietan arazo larriak izan zirela irlan eta daniarren jarrera paternalistak eta kolonialistak ez zuen bat ere lagundu (oraindik indarrean dira jarrera horiek).

Hortaz, kalaaleq sentimendu horrek bat egin zuen komunitategintza aktibo eta ezinbesteko horrekin. Eta hor sortu zen iraultza artikorako legamia. Hor sortu zen biziberritzerako olioa (ez soilik linguistikoa, soziala, kulturala eta politikoa ere badena, eta espero dezagun ekonomikoa ere bihurtzea berandu baino lehen).

Eta berriro errepikatzen dut: zer egin dezake komunitate ahaldundu batek bere konfiantza berreskuratzen duenean?

Groenlandiatik irakaspenak (2)

2021-05-31  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Groenlandiatik irakaspenak (2)

Groenlandiatik irakaspen batzuk ekarri nituen pasa den astean blogera. Oraingo honetan sorta horren bigarren alea dator.

2003an utzi nuen pasa den astean kontakizuna. 2009an autonomia estatutu berria negoziatu zuten inuitek eta daniarrek. Bigarren estatutu horretan, autodeterminazio eskubidea aitortzeaz gain, eskumen guztiak (justizia eta armada izan ezik) inuiten esku geratu ziren. Eta, hizkuntzari dagokionez, groenlandiera hizkuntza ofizial bakarra izendatu zuten.

Gaur da eguna irakaskuntzan derrigorrezko eskolatzean groenlandieraz ikasten dutela hango ume guztiek (ingelesa lehen hezkuntzan sartzen da eta daniera bigarren hezkuntzan). Gaur da eguna administrazioan (justizian izan ezik) groenlandiera dela hizkuntza ia bakarra. Gaur da eguna hizkuntza paisaian groenlandiera dela hizkuntza ia bakarra (toponimia berreskuratzeko lan itzela egin dute). Gaur da eguna lan mundutik daniera ia desagertu dela. Gaur da eguna 40 urtetik beherako inuit ia guztiek ingelesez ere egiten dutela berba.

Baina kontuz: inuitak oso gutxi dira (56.000 hiztun). Hizkuntzak badu indarra komunikabideetan (bi egunkari, telebista bat eta irrati generalista bat), kulturgintzan (batez ere, musikan) eta hizkuntza politiketan. Baina gutxi dira, oso gutxi, eta horrek badu bere isla: unibertsitatean sarrera oso txikia du hizkuntzak (Irakasle Eskolan izan ezik), ikus-entzunezkoen produkzioa zeharo urria da, interneteko presentzia ere oso txikia, liburugintzan produkzioa ere urria da, antzerkigintzan eta abar.

Hala ere, erabilera altua da, kalean zein lanean, ezagutza igotzen ari da eta unibertsalizaziotik hurbil dago, transmisioan ez dago etenik. Beraz, hizkuntzaren adierazle nagusietan sendo dago, nahiz eta egoera zaurgarria den.

Eta … zelan lortu dute hori? Ba, hurrengo astera arte itxaron beharko du irakurleak …

(Jarraituko du)

Groenlandiatik irakaspenak (1)

2021-05-24  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Groenlandiatik irakaspenak (1)

Orain dela gutxi, Eider Palmouk eta biok berbaldia egin dugu Hitz adina mintzo zikloan (gainera, azken hitzaldia egiteko ohorearekin!). Groenlandiak azken urteotan egin duen bidean badira irakaspen batzuk eta horiek partekatu nahiko (ge)nituzke zuekin, artikulu sorta honetan.

Orain dela 300 urte (1721an) Danimarkak hasi zuen inuiten kolonizazioa, Groenlandian. Baina batez ere, 1950etik aurrera hasi zen kolonizazio “gogorra”. Urte horren bueltan, Danimarkak nomadismoa debekatu zien inuitei eta herrietan batu zituzten. Horrez gain, derrigorrezko irakaskuntza bultzatu zuen, danieraz jakina. Horrek akulturizazio prozesu bati eman zion hasiera eta berarekin ekarri zituen arazo sozialak: alkoholismoa, suizidioa eta emakumeen kontrako bortizkeria. Era berean, erabaki horiek inuiten bizi-kalitatean eta bizi-itxaropenean izugarrizko eragin ona izan zuten.

1960ko hamarkadan, gainera, Groenlandiako ume batzuk “lapurtu” eta kontinentera eraman zituen Danimarkak, heziketa egokiagoa emateko aitzakiarekin. Daniarren asmoa zen inuit horiek mendebaldekoen antzera hezi eta gero inuiten elite bihurtzea. Eta hala izan zen, baina elite hori independentista bihurtu zen eta iraultza artikoari ekin zion.

Kolonizazioaren azken kolpea izan zen 1973an. Urte horretan Danimarka (eta harekin Groenlandia) Europako erakundeetan sartu zen. Horrek areagotu zuen metropoliarekiko mesfidantza, batez ere arrantzari dagozkion kuotak zirela medio. Eta horrek ekarri zuen, hein batean, 1979an Groelandiak lortu zuen lehen autonomia estatutua.

Estatutu horren ondorioz, bandera nazionala aukeratu zuten erreferendum bidez, groenlandiera ofizial bihurtu zuten (danierarekin batera), groenlandierazko telebista, irratia eta hezkuntza jarri zuten martxan, Europako erakundeetatik alde egin zuten (brexita 1985ean egin zuten) eta abar. 1979tik 2003ra gertatu zen iraultza artikoa deritzotena. Urte horietan, ahalduntze politiko, sozial eta komunitarioa gertatu zen inuiten artean. Konfiantza berreskuratu zuten, iraganetik ikasten joan ziren orainera eta etorkizunera proiektatzeko.

Adibidez, eskoletan groenlandiera sartzen joan ziren, derrigorrezko hezkuntzan. Horretarako, irakasle inuitak behar zituzten eta Irakasle Eskola egin zuten, baita itzelezko inbertsioak ere materialgintzan eta curriculum propioan. Eta abar.

(Jarraituko du)

17 / 140«Aurrekoa1016171819304050Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA