Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

10 ohar (arin) maorierari buruz

2025-01-24  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

10 ohar (arin) maorierari buruz

Hilabete pasa eman dugu euskaldun bik Aotearoako (izen koloniala Zelanda Berria) iparraldeko uhartean. Hau ez da ikerketa bat, ez dugu bertako aktibista linguistikoekin egon, ez dago horretan oinarrituta. Turismoa egiten ibili gara eta ohar hauek behaketa horretan oinarritzen dira. Kontuan hartu behar da, gainera, orain dela 8 urte egon ginela Aotearoan (baina Hegoaldeko uhartean non askoz maori gutxiago bizi den) eta horrekin ere konparatzen dugu, nahitaez.

Baga: maoriera kalean entzutea sano gatxa da. Hilabete pasatxoan Rotoiti inguruan, Coromandel inguruan (12 urte inguruko neska gazteak) eta Whitiangan entzun dugu inor hizkuntzaz berbetan.

Biga: beste leku batzuetan bai entzun dugu maoriera: irrati batzuetan (ia guztiak piratak edo libreak eta horietan guztietan hip-hop musika da nagusi), Aucklandeko ferry-etako ahozko oharretan edo abioi eta aireportuko megafonian.

Higa: kaleetan bai ikusi ditugu maorierazko oharrak (beste uhartean baino askoz gehiago). Hori bai, kasu askotan kartel printzipalak bai daude maorieraz (adibidez, komunetan emakume eta gizon berbak), baina gero txikiagoak bakarrik ingelesez (bonbari zelan sakatu adibide berdinarekin jarraituz). Askoz gehiago dauden arren, EAEko elebitasunetik urrun daude oraindik han (Ipar EHko elebitasunetik urruntxo ere bai). Bitxikeria bat: emakumeen kontrako biolentziari aurre egiteko kartelak bai ikusi ditugu leku guztietan bi hizkuntzetan (feminismoak sentsibilitate berezia al du edo maorien artean kasu gehiago al daude?).

Laga: liburudendetan maorierazko liburuak ikusten dira (ikasteko metodoak eta literatura, umeentzako liburuak, baita itzulpenak ere), sano gutxi badira ere. Bitxikeria bat: Hanstings herrian ezkerreko liburudenda bat topatu genuen, Palestinako erresistentziaren aldeko kartelak-eta zituena (baita Marxen erretratua edo Malcolm X bezalakoena ere). Ba han, maorieraz libururik ez.

Boga: beste leku bitxi (bitxi diot gurean ez delako ohikoa) batzuetan ere ikusten da maoriera. Adibidez, souvenir denda askotan daude maoriera ikasteko liburuak (egunean esaldi bat maorieraz, adibidez) eta jolasak, baita ohitura eta abarrei buruzko liburu (elebidunak) ere. Edo abioietan bidaiari bakoitzaren pantailan. Abioetan ere, guri tokatu zitzaigunean, filmen artean maorieraz baziren hiru (dokumental bat, fikziozko lan bat eta umeentzako beste bat). Maorierazko musika kanala ere bazuen abioiak.

Sega: hizkuntza ez horrenbeste, baina sinbologia maoria bai ikusten da leku askotan. Kamisetetan, tatuajeetan (baita pakeha direnen artean ere, pakeha=zuria), galtzontziloetan, kaleetan eta grafitietan, besteak beste. Marae asko ere ikusi ditugu (Hegoaldean baino askoz askoz gehiago) eta kaleetan maori asko ere bai. Beste kontu bat dira Te Kohanga Reo izeneko eskolak (immertsiozko eskolak). Pila bat ikusi ditugu (400 bat daude Aotearoa osoan), baina opor sasoia denez, denak itxita.

Zai: maoriak protestan daude gobernuaren kontra, lurrak berreskuratzeko prozesuan atzera egin gura duelako. Kill the bill izeneko kanpaina egin dute, manifak eta abar. Horregatik, maorien banderak ikusi ditugu hainbat eta hainbat etxetan eskegita (guk ere ekarri dugu gure banderatxoa). Palestinaren aldeko kontzentrazio bat ikusi dugu Auckland-en eta batzuk maorien eta palestinarren banderekin (bada zerbait).

Zoi: emakumezko maoriek aurpegian tatuajeak eraman izan dituzte. Zurien jendartean oso estigmatizatuta egon da, baina azken urteetan emakume maori gazteek estigmari buelta eman eta aurpegiko tatuajeak boteretzeko tresna gisa erabili dituzte. Ba hainbat tatuaje ikusi ditugu aurpegian, maorienak, baina baita zuri batzuenak ere.

Bele: Rotoruan bada erakargarritasun turistiko nabarmena eta da geotermia. Eta han izarra da hainbat metrotako geiserra. Maoriek kudeatzen dute ikuskizun hori, Te Puia izeneko konplexu turistiko batean. Bertako langileak maoriak dira eta ateratzen duten dirua erabiltzen dute arte maorien institutu batean (bertan dagoena eta bisitatzen dena). Hau da, turisten dirua erabiltzen dute euren biziberritzerako. Antzekoa gertatzen da Waitangi museoan edo Wairau arte galerian (arteaz ari garela, oso interesgarria da Robyn Kahukiwa artista, hizkuntza, artea eta maorien arazo eta aldarrikapenak bateratzen maistra). Turismo arloan maorien negozio asko daude eta diru hori komunitatea biziberritzeko erabiltzen dute, zuzenean edo zeharka.

Arma: Taki Rua izeneko antzerki talde bati buruzko dokumentala ikusi dut abioian. Wellington aldean sortu zen 80ko hamarkadan antzerki esperimentala egiteko. 90eko hamarkadan hasi ziren maorieraz lehen antzezlanak egiten (lehenak Aotearoa osoan) eta ordutik ari dira ingelesez eta maorieraz lanean (ez gurean bezala, antzezlan bakoitzak hizkuntza bakarra du, ez da itzultzen gurean bezala). Harrobi lana egin du maorierazko telebistarako eta sustapen lana. Izan ere, lehen antzezlanak idazteko ez zuten nor, eta idazleei proposamenak egin zizkieten idazteko. Horrela, idazle eta gidoigile komunitate bat eratu zuten (gero telebistako saltoa eman zutenean baliagarri izan zitzaiena).

PD: han egon garen bitartean hil egin da Alderdi Maoriko buruzagi nagusia, Tariana Turia andrea. Guztiz oharkabean pasatu da gurean (katalanez badu bere sarrera propioa wikipedian), ezezagutza itzela dugulako hango prozesuei buruz. Uste dut asko ikasteko dugula hango prozesuei buruz (nik baino modu sakonagoan aztertuta, noski). Ingelesez informazio orokorreko Teaonews izeneko ataria jarraitzea izan daiteke lehen urratsa (hizkuntzari dagokionez ez dakar asko, baina tira).

Barbarizazioa

2025-01-13  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Barbarizazioa

Maria Reimondezen A casa do amo liburua iruzkindu nuenean honako hau esaten nuen:

Liburuan bertan, Maria Reimondezek kritikatzen du Galiziako egoerari erreferentzia egiteko kolonial berba erabiltzea. Niri ere berba horrek askotan egiten dit kirrinka, batez ere, beste herri batzuen egoera geurea baino “latzagoa” delako. Baina berak darabilen argudio bat zeharo interesgarriak iruditzen zait: berba hori sortu zen komunitate eta herri batzuek pertsona zurien partetik jasan zuten zapalketa aditzera emateko. Gurea beste egoera bat da (herri minorizatua edo dena delakoa) eta beste terminologia bat erabiltzea logikoa deritzot, lorratzak ezberdintzeko.

Azaroan, baina, Danele Sarriugartek honako hau esaten zuen Berrian:

Opari aparta egin digu Ibai Atutxak Barbaroak eta zibilizatuak liburuan. Kontzeptu bat eman digu, geure burua pentsatzeko tresna bat: barbarizazioa. Kezkatu egiten nau Euskal Herriaz aritzeko beste bortxa-prozesu historiko batzuen izena oker eta beharrik gabe erabiltzeak —adibide nabarmena: kolonizazioa—. Ulertzen dut nondik datorren joera, baina hizkuntza ez da ondasun finitua: gauza bakoitzari bere izenez deitzeko baliabideak ematen dizkigu. Balia ditzagun.

Ez dakit kontzeptua “unibertsal” bihur daitekeen eta egoera minorizatuan dauden herri gehienei aplika dakiekeen, baina abiapuntu ona izan daiteke guretzat. Edo hori uste dut nik behintzat.

 

Protestaka

2024-12-17  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Protestaka

Borroka galduetatik gatozela zioen Urtzi Urrutikoetxeak poesia liburu batean aspalditxo. Lagun poesiazale batek askotan esaten zidan esaldi hori eta nik erantzuten nion irabazietako borroketara goaz. Eta jo, batzuetan borrokak irabazten ditugu. Eta ez ditugu gogoratzen, eta ez ditugu oroitzen. Eskerrak tarteka baten batek horiek gogoratzeko lana egiten duen.

Izan ere, prentsan irakurri dut Arte Ederretako ikasleek egindako euskararen aldeko borroka berreskuratzeko eta gaurkotzeko erakusketa egin berri dutela EHUn. 5 irakasle eskatzen zuten eta 80 lortu zuten, itxialdiak, manifestazioak, kontzertuak eta performantzeak egiten. Borroka horren genealogia egin dute, ahozko kontakizunen bidez eta sortutako euskarri batzuk berreskuratuz (eta beste batzuk berreginez).

Penagarria iruditu zait hori, mugimendu sozial bakoitzak bere buruaren artxiboa egin behar duelako eta mugimendu euskaltzaleak ez duelako egin (nik orain arte nuen erreferentzia bakarra Neguren kantan agertzen den aipamena izan da). Eta, bai, artikuluak irakurritakoan nire unibertsitate sasoian egon zen euskal adarraren borroka zer ahaztua dagoen konturatu nintzen (nik neuk ere gutxi gogoratzen dut).

Protestaka erakusketa ezin izan dut ikusi, espero dut batutako material horrekin beste euskarri batzuk abiatzea. Espero eta gura dut. Protestaka jarraitu behar dugulako, gaur eta bihar. Eta protestetako euskarriak gorde eta artxibatu behar ditugu, joer. Eta eskerrik handiena lan hori egib dutenei. Biba zuek!

Lehen jabetze eskola sortu da Gasteizen

2024-12-09  //  SL domestikoa  //  Iruzkinik ez

Lehen jabetze eskola sortu da Gasteizen

Dibulgazioa ez da izan blog honetan sarritan landu izan dudan gaia. Hala ere, modu batera edo bestera zeharkatzen du bloga bera, sarritan espezialisten diskurtsoa xeheago eta murtxikatuago ekarri baitut atari honetara. Eta ez hori bakarrik: aldarrikatu izan dut, eta jarraitzen dut horretan, dibulgazioak itzelezko garrantzia duela hizkuntzaren biziberritzean (soziolinguistika domestikoa hori baino ez da, azken finean).

Eta dibulgazioa bezain garrantzitsua dugu jakintza nondik eta zertarako sortzen den.

Nondik? Historiagileek sasoi bateko ideien historia idazten dutenean, sarritan jotzen dute gizon handiaren bila (dela Marx, dela Platon, Confucio, Mahoma edo Adam Smith). Baina hori ez da horrela izaten normalean. Idazle horiek sasoi haietan zeuden eztabaiden abaroan idatzi dituzte bereak, ez musen eraginpean. Hortaz, jakintza, ezer izatekotan, kolektiboa da, sasoi baten abaroan eta eztabaida batzuen ondorio. Ez besterik, baina ezta gutxiagorik ere.

Zertarako? Jule Goikoetxeak Politeismo bastartan dioen legez, “ezagutza alferrikakoa da, ez baditu bizitza hobeak sortzen gero eta jende gehiagorentzat”. Jakitea jakiteagatik, azken finean, ariketa gustagarria izan daiteke, baina onanismoa baino ez da. Jakintza behar dugu, bai, eraldaketarako, bizimodu hobeak sortzeko, gure kasuan, bizimodu hobeak sortzeko hizkuntza gutxiagotu bat berba egin gura dutenentzako.

Hau guztia, Gasteizen sortu berri den euskaldunentzako jabetze eskolaren albisteek eraginda.

30 musker

2024-11-28  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

30 musker

Kanonikoa da soziolinguistikan corpus eta estatus plangintzen bereizketa. Blog honetan bigarrena landu dut batez ere (adiera zabalean ulertuta estatus plangintza, noski). Eta, bere sasoian, pelma samar ibili nintzen estatusa corpusaren gainetik ipintzen. Gaur egun, ostera, iruditzen zait bi plangintzek uste duguna baino elkar eragin handiagoa dutela, likidoa dela hein batean bien arteko bereizketa zurruna (badirudi 31 eskutik blogeko artikulua idazten ari naizela, baina ez; badaezpada, hala ere, jarraitu blog kolektibo zoragarri hori).

Eta zertara dator hau? Ba, Brassic izeneko telesaila ikusten ari gara Primeran plataforman (hirugarren denboralditik goaz) eta itzela iruditzen ari zaidalako kale hizkera gurera ekartzeko egindako ahalegina. Eta horrek berriro ikus-entzunezkoek hizkeretan eragiteko duten indarra berresten dit. Esamoldeak zientoka ditu serieak: muskerrak, kakamokordoak, kabenzotzak,…

Guri ere gaztetan eragiten zigun telebistak (eta musikak). Haserre geundenean eulixa najak esaten genuen, zeozer txarto irtendakoan pikutara pakea, ados esateko txatxi bederatzi,…

Behar ditugu ikus-entzunezko propio eta itzuliak, esan-indarra dutenak, berba berriak asmatu eta popular bihurtuko dutenak, euskaratik zein euskaraz, gazte eta ez hain gazteontzat, euskalkietatik edaten eta beste hizkuntzetatik, kaleko hizkeratik eta bertsoetatik.

Ba hori, 30 pabo esan beharrean ez al da hobe 30 musker pop bihurtuko balitz?

Artaburu berbakera

2024-11-04  //  Irakurgaiak  //  Iruzkinik ez

Artaburu berbakera

Maria Mendez Santosek berbaldi gogoangarria eman zuen Deustuko unibertsitatean, 100 bat ikasleren aurrean. Kaletik horrela berbetan ibiliko zara? izenburua izan zuen berbaldiak. Apunte asko hartu nituen eta amaitu orduko Elkarrera joan nintzen eta liburua erosi. 

Diskriminazio linguistikoari buruz egiten du berba liburuak, izan berbakera, izan hizkera, izan azentua edo izan hizkuntza. Mila adibide gertuko eta ez hain gertuko erabiltzen ditu eta oso arinak eta atseginak dira esplikazioak. Eta oso sendoak aipuak eta ondorioak.

Azken finean, diskriminazio linguistikoaren atzean, klasismoa baitago. Honela definitzen du wikipediak kontzeptua: Klase diskriminazioa edo klasismoa, klase sozialaren araberako aurreiritzi edo diskriminazioa da. Normalean ekonomikoki ahaltsuagoak diren gizarte klaseek txiroagoak diren klaseetako baztertzeko erabiltzen da klasismoa. Gizarte estratifikazioan behekoak gora igotzeko oztopo multzoa da klasismoa.

Eta honi guztiari buelta emateko, enpatia, ezagutza eta jendea ondo tratatzea dago, baita auto-gorrotoari buelta ematea ere (eta boteretze linguistikoa lortzea). Liburua arina bada ere, oinarri sendoak ditu (bibliografia sendoa ere bai) eta gehiago sakontzeko aukera ematen du. Eta glosategia ere badakar, besteak beste, glotofobia, hablismoa, estigmatizazioa, boteretze linguistikoa, azentua, auto-gorrotoa, kontzientzia linguistikoa, prestigioa edo aurreiritziak. 

Menpeko perpausa izateari uzteko dibulgazio liburu aparta dugu honako hau, No me gusta cómo hablas hau.

Euskararekin edonora joan zaitezkeela probatzen duten 12 froga

2024-10-22  //  Sailkatu gabea  //  3 iruzkin

Euskararekin edonora joan zaitezkeela probatzen duten 12 froga

Praza agerkari galiziarrak ostiralero unha ducia izeneko sekzioa du (niri asko gustatzen zait eta euskaraz inork egingo balu, ni irakurle fidel bihurtuko nintzateke). Sekzio horretan, gai baten inguruko 12 gauza aipatzen dira, karrusel moduko batean. Ana Liste-k honako hau egin du orain dela gutxi: Unha ducia de probas de que co galego imos onde queiramos.

Hori ikusi eta, kontxo, esan nuen, egongo al dira euskararekin ere beste horrenbeste froga? Lehen kolpean 12 froga agertu zitzaizkidan, baina sare sozialetan eta iruzkinetan egindako ekarpenekin, 12 barik, 14 izango dira frogak:

  1. 2019an Amets Arzallusek Miñan izeneko liburua idatzi zuen euskaraz. Migrazio baten kronika dugu liburu hau eta, seguruenik, azken urteotan euskaraz gehien saldu den liburua izango da. Eta, gainera, hainbat hizkuntzatara itzuli da (ingelesa, alemana, katalana, galiziera, italiera, gaztelania, gutxienez). Eta, ez hori bakarrik, Francisco katolikoen buruak gomendatu zuen liburua 2022an. Gainera, gutxi barru Artedramak horretan oinarritutako antzerki obra estreinatuko du Bilboko Arriaga antzokian. 
  2. 2017an Jon Garañok eta Aitor Arregik Handia izeneko filma egin zuten. Altzoko Handiaren historia kontatzen du filmak. Donostiako Zinemaldiko sekzio ofizialean lehiatu zen eta epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen, baita euskal zinemari emandako Irizar saria ere. Horrez gain, Goya sarietan 10 sari lortu zituen euskarazko film honek. Zinemetan 150.000 ikusle izan zituen.
  3. Munduan zehar, Berri Txarrak taldeak bira arrakastatsuak egin ditu (1.000 kontzertutik gora munduan zehar, New Yorken, Sao Paulon, Nantesen, Managuan, Zelanda Berrian, Pekinen edo Lekunberrin), euskaraz kantatuta, noski. 
  4. Euskara ikasteko aukerak daude munduko 30 unibertsitateetan eta diasporako 70 euskal etxeetan. Euskara ikasteko arrazoien artean daude Berri Txarrak (edo bestelako euskarazko musikagileak) ulertzeko motibazioa edo Itziar Ituño bezalako aktoreen lan batzuk ulertzeko motibazioa. 
  5. Euskal mitologian oinarritutako Irati filmak ere nazioartean bidaiatu zuen (eta bidaiatzen ari da). 155.000 ikusle izan zituen film honek (euskarazko filmik ikusiena gaur-gaurkoz) eta sariak jaso zituen han-hemenka. Euskaratik eta euskaraz. Berriki Primeran plataforman ikusgai jarri dute.  
  6. Gure arbasoek ere erakutsi ziguten euskara ez zela bakarrik hemengorako. Pidginak sortu zituzten han eta hemen. Biren erreferentziak gorde dira: islandierarekin osatutako pidgina (interbentzio artistiko bat eta guzti) eta algokin hizkuntzarekin sortutakoa. Horrez gain, euskarak hainbat berba mailegatu ditu inguruetako hizkuntzetara. 
  7. Turismoa egiteko ere balio dezake euskarak. Adibidez, Erroma euskaraz bisitatu daiteke, baita Mexiko hiria ere, Lisboako autobus turistikotan euskarazko audioak entzun daitezke, Menorkako jatetxe bateko kartan, Eslovenian ere bada euskarazko testuak dituen museorik, Boisen edo Errioxan ere badira euskarazko mezuak, eta abar. Kike Amonarriz ibili zen horiek batzen eta berari esker egin izan dut puntu hau. Mila esker Kike!
  8. Oskar Alegria zinemagileak ere badaki zer den euskararekin bidaiatzea. Bere lehen filma “Emak bakia baita” izan zen eta 70 jaialditan aurkeztu zen, 13 hizkuntzetara itzuli eta 17 sari jaso zituen. Bigarrena izan zen “Zumiriki” filma: Veneziako Mostran estrenatu zen eta 9 sari irabazi zituen. Hirugarrena, berriz, “Zinzindurrunkarratz” izan zen: Estatu Batuetan estrenatu zen eta hainbat sari irabazi ditu. Esan barik doa hirurak ala hirurak euskaraz grabatutakoak direla. 
  9. Berri Txarrak taldea aipatu dut, baina badira nazioartean euskaratik eta euskaraz aritu direnak eta aritzen direnak: Kepa Junkera trikitilaria (nazioarteko folk munduko hainbat musikarirekin kolaboratu du, adibidez), Aiora Renteriak lideratzen duen Zea Mays taldea, Zetak taldea edo Ruper Ordorika. Baita Oreka Tx, Anne Etxegoien, Peio Serbielle, Neomak edo Eneritz Furyak ere. Asko dira ere kanpoan grabatu dituzten artistak eta kanpoko artistekin kolaboratu dutenak. 
  10. Horien guztien artean, arreta berezia merezi du Fermin Muguruza kantari eta zinemagileak. Gaztelaniatik euskarara aldatu zuen sortze hizkuntza 80ko hamarkadaren amaieran eta, ordutik, asko izan dira kanpoan izan dituen eraginak: Negu Gorriak taldearekin, bakarka, zinema munduan, … Horren guztiaren froga da 2025erako iragarri duen mundu mailako bira: Europa, Amerika eta Tokio bisitatuko ditu. 
  11. Badira nazioartera eta edonora joateko modu bereziak. Adibidez, Gartxot filma aipa genezake. Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren film hau 16 hizkuntzetara azpititulatu zen, baina hauek izan ziren hizkuntzak: aragoiera, asturiera, aymara, euskara, bretoiera, frantsesa, gaelikoa, galegoa, gaztelania, ingelesa, irlandarra, italiera, katalana, korsikera, kreolera eta okzitaniera.
  12. Gaur egun, bidaiatu ahal duzu etxetik mugitu barik. Museo birtualak badira (adibidez, Artium museoarena hemen), Usurbileko 650 Usurbil bizi edo Uemak egindako Bertatik bertara kanpaina, Zumaiako euskararen enigma, euskarazko wikipediaren bidez bidaiatu daiteke, Bai Euskararik ere establezimendu batzuen zerrenda plazaratu du uda honetan, eta abar.
  13. Euskarara ekarritakoak ere nabarmendu beharko lirateke, bai literaturan zein ikus-entzunezkoetan. Itzultzaileek egindako lana nabarmendu nahiko nuke, batez ere, emakumezko itzultzaileena: Amaia Apalauza, Danele Sarriugarte, Irene Aldasoro, Leire Azkargota, Bego Montorio, Irene Arrarats, Amaia Astobiza eta beste hainbeste.
  14. Espaziora ere joan zaitezke euskararekin, Ikusgelako lagunek ohartarazi bezala. Euskal izena duten 8 objektu astronomiko bildu zuten ikus-entzunezko batean: Galdakao kraterra, Su ta Gar sistema, Elkano mendiak eta abar.

 

Joan-etorri (xin-fan)

2024-10-14  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Joan-etorri (xin-fan)

Maria Reimondezen “A casa do amo” liburua irakurtzen honako hau ezagutu nuen: Gramscik sardinieraz egiten zuela eta ez hori bakarrik, bere hegemoniaren teoria guztia hizkuntzen dinamiketan oinarritu zuela, zertarako eta politika egiteko! Eta hori irakurri nuenean, neure buruan zerbaitek egin zuen krak: zelan ez nekien nik hau? Batez ere, hegemoniaren inguruan artikulu batzuk idatzi ditudalako, zer eta politikako teoria bat hizkuntzen dinamiketara aplikatzeko! Artikuluok:

  • Hegemonia edo autozentroa,
  • Jendartera moldatu edo jendartea aldatu  
  • Gune hegemonikoak. 

Sarean arakatzen hasi nintzen eta Gramsci hizkuntzalaria izan zela deskubritu nuen. Eta sardinieraren alde egiten zuela (bere modura, bai). Eta esperantoa eta hizkuntza nazionalak landu zituela (teorikoki), eta hizkuntza nazionalaren eta “dialektoen” arteko harremana aztertu zuela.

Eta horrekin guztiarekin hegemoniaren inguruko teorizazioa beste begi batzuekin ikusten hasi naiz ordutik! Joan-etorri, xin fan, …

Hots guztiak

2024-10-08  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hots guztiak

Noemi Villaverde antropologoa da eta idazlea; bi liburu gogoangarri idatzi ditu gaztelaniaz: “Una antropologa en la luna” eta “La naturaleza que somos”. Horrez gain, zeharo gomendagarria den bloga ere elikatzen du: Una antropologa en la luna. Bi liburu horietan (eta, orokorrean, bere blogean) tesi bat elikatzen du egileak, aipurik aipu: biziraupenaren oinarria aniztasuna da naturan eta, beraz, gizakion biziraupenaren oinarria kultura denez, ba aniztasuna behar da biziraupena bermatu ahal izateko. 

Horrekin gogoratu nintzen aurrekoan, non eta Arguedasen. Euskararen hots diferente batzuk batu zitzaizkigu han: Erriberako azentuarekin egindako euskara, Iruñerriko euskararen hotsa, Bizkai aldeko dikziodun euskerie, euskaldun berri arabarren euskara, gipuzkeraren soinua eta lapurtar batzuen eskuara. Euskararen hots guztiak (edo gehienak behin behin). 

Lehenxeago hau irakurri nuen Alaitz Melgar Agirreren “Josefa, neskame” liburu (hau ere) zeharo gomendagarrian: “Nik ez dut inoiz Barakaldoko batekin euskaraz hitz egingo”. Hori Bermeoko batek esan zuen. Eta Arguedasen arineketan, karraderan, korrika edo lasterrean ari ginen egun berean, hauxe irakurri nion Jon Urzelairi:  “Ez zenituzkete sinetsiko ikusi ditudanak: Iparraldean kontzertua ematen ari direla publikoari gazteleraz mintzo zaion talde euskaraz ongi alfabetatua edo zenbait espresio gazteleraz txertatzen dituen kantaria, zeina egunerokoan euskara teknikari gisa aritua den. Zer eta inkonformismoaren izenean, gainera. Halakoak ez dira musika urbanoen bueltan gertatzen soilik, inolaz ere, baina bai, agian, modu ikusgarrienean”.

Gauzak horrela, Jon Urzelairen artikulu beraren akabuarekin amaituko dut nik ere: “Fikzioa ere beharrezkoa baita euskaraz normal aritzea fikzioa den artean”. 

A casa do amo

2024-09-19  //  Irakurgaiak  //  Iruzkinik ez

A casa do amo

Maria Reimondezek “A casa do amo” izeneko liburua idatzi berri du. Azpititulua honako hau du: galizierazko literaturaren diskurtso kolonial eta arrazistaren azterketa. Horixe egiten baitu liburuan zehar (hasierako azterketa baino ez den arren, asko sakondu daitekeen arren). Liburu deserosoa da (seguruenik han hemen baino gehiago).

Hala ere, Mariak berak azken kapituluan ekintzarako deia egiten du. Berak dioen legez, “ezin ditugu gure etxeak eraikitzen jarraitu euren azpitik zapalkuntza errekak pasatzen direla kontuan hartu barik. Etxea lekuz aldatzeko sasoia da”. Hori dela eta, zuriak garenok berba hartu behar dugu eta berreraikitze dinamikak martxan jarri behar ditugu, pertsonalak zein kolektiboak.

Azken finean, liburuaren xedea ez da egile edo testu arrazistak seinalatzea; xedea da irakurtzen dugun begirada aldatzea beste ahots batzuk entzuteko. Hau da, bere berbetan esateko, “deszentratu” behar dugu, zuriok “deszentratu” behar dugu eta prozesu hori etengabea da. Eta murru kolonialetik kanpora bizitzeko apustua egin behar dugu. Eta berak dio galizieradunek horretarako “gonzo” funtzioa bere dezaketela (gonzoren itzulpena kuntzea litzateke edo banda, hau da, leiho bat ireki ahal izateko behar duen pieza hori, espainolez bisagra eta frantsesez charniere).

Liburuan bertan, Maria Reimondezek kritikatzen du Galiziako egoerari erreferentzia egiteko kolonial berba erabiltzea. Niri ere berba horrek askotan egiten dit kirrinka, batez ere, beste herri batzuen egoera geurea baino “latzagoa” delako. Baina berak darabilen argudio bat zeharo interesgarriak iruditzen zait: berba hori sortu zen komunitate eta herri batzuek pertsona zurien partetik jasan zuten zapalketa aditzera emateko. Gurea beste egoera bat da (herri minorizatua edo dena delakoa) eta beste terminologia bat erabiltzea logikoa deritzot, lorratzak ezberdintzeko.

Liburu zeharo gomendagarria, beraz. Eta bere sasoian sare sozialetan adierazi nuen bezala, ea inor animatzen den euskarazko literatura, musikagintza edo bertsolaritzari buruzko azterketa hau egiten. Behar dugulako. Bai. 

3 / 140«Aurrekoa2345102030Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula
  • Aipugintza
  • “Hiztun” osoak

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA