Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Erabil kolektiboa

2019-02-04  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Erabil kolektiboa

Berrikuntzak ertzetatik ei datoz, hori esaten dute han eta hemengo mugimendu eraldatzaileek behinik behin. Eta hala izango da. Edo, behintzat, kasu honetan hala da: ertzetik dator berrikuntza erdigunera. Erabil kolektiboa da berrikuntza.

Eta zer da? Xilabatik datorren elkarte autonomo eta irekia da, herri mugimendukoa (ez da aholkularitza enpresa, ez eta zerbitzu agentzia). Irabazi-asmorik gabea da Erabil, baina euskararen biziberritzearen arloan ekarpen konkretu eta landua egin nahi duena. Ekarpen hori erabileraren aroan laguntzean datza. Erabileraren trantsizioan lagundu nahi dute.

Horretarako, euskararen biziberritzean erabilgarria izan daitekeen materiala bildu (auto-formazioaren bidez, literatura irakurriz, jardunaldietan parte hartuz), landu (errealitateari egokituz, saio eta material berriak sortuz, diziplinarteko ekarpenekin) eta jendarteratu (kalitatea lehenetsiz, dimentsio herritarrarekin, autonomo izanda, euskara erdigunean emanez eta praktikak bergogoetatuz) nahi dute.

Beste hitz batzuekin esanda, soziolinguistika domestikoa landu nahi dute, Ipar Euskal Herritik, herri mugimendutik, dinamika berriak sustengatuz. Blogtxo honetatik indarra eman nahi diet eta, jakina, zerbait behar baduzue, jo atea lasai. Urte askotarako Erabil!

Sistematizazioa

2019-01-29  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Sistematizazioa

Blog honetan normalean soziolinguistikaz aritzen naiz. Gaur, baina, parentesi bat irekiko dut eta sistematizazioari buruz berba egingo dut.

Sistematizazioa Hego Ameriketan sortu zen, 60ko hamarkadaren abaroan. Ordutik, garapen teoriko eta praktiko itzela izan du eta gaur bada erreferentea beste mundu batzuk amestu eta gauzatu nahi ditugunontzako. Baina, askotan gertatzen den bezala, oso gutxitan begiratzen diogu hegoari eta ez dugu izaten euren eztabaida, praktika eta begiraden berri.

Sistematizazioa ez da ikerketa, ez da ebaluazioa, baina bien arteko potxingoetan sartzen ditu hankak. Paradigma berri bat dakar (paradigma epistemologikoa), ikerketa eta ebaluazioaren artekoa zelanbait esateko (eta harreman estua duena ikerketa parte-hartzailearekin). Izan ere, ebaluazioak prozesu baten emaitzak (edo ez-emaitzak) aztertzen ditu, planifikatutakoa zer punturaino bete den edo ez. Hau da, produktuari begiratzen dio, eta sistematizazioak, ostera, prozesuari begiratzen dio.

Ikerketak, berriz, ezagutza zientifikoak eraiki gura ditu. Hortaz, ikerketaren emaitzak probatu, erkatu eta aurkatu ahal dira. Gainera, ikerketek esperientziak marko orokorragoetan ulertzeko bidea ematen dute. Sistematizazioak, ostera, esperientziak ulertu nahi ditu bere horretan, eskema orokorragoetatik ihesi eta egunerokoari itzelezko garrantzia emanez.

Orduan, zer demontre da sistematizazioa? Hausnarketa prozesu indibidual eta kolektiboa da, egindako edo bizitako esperientzia baten gainean, bertan gertatutakoa ordenatu eta berreraikitzen duena, begirada kritikoa dakarrena eta ezagutza berriak sorrarazten dituena. Hau da, parte hartzaileek eurek egindako hausnarketa praktikaren gaineko jakintzak eta ezagutzak ekoizteko.

Hortaz, sistematizazioak jakintza kokatua sortzen du eta prozesuan bertan parte hartzen dutenak boteretu egiten ditu zelanbait. Gainera, imajinazio sortzailea ere sustatzen da. Era berean, begirada objektiboa (objektiboa ulertuta ez subjektiboaren kontraposizioan, ezpada distantzia hartuta bezala ulertuta) eta begirada kritikoa bilatzen du.

Gurean, orain arte, gutxi aipatu da sistematizazioa eta oso gutxi erabili da (Elhuyarrek egin zuen sistematizazio bat eta Joxemi Zumalabe fundazioak egin ditu saiakera batzuk). Agian, akaso, euskararen aldeko mugimenduek ere hasi beharko lukete honen tankerako tresnak erabiltzen. Agian.

Gehiago sakontzeko sistematizazioan online-ko hiru baliabide:

  • Sistematizazioaren abentura (Alboan): eskerrik asko Allartean!
  • Orientabide teoriko-praktikoak sistematizaziorako (Oscar Jara)
  • Esperientziak sistematizatzeko orientabideak (Beatriz Borjas)

Oscar Jararen liburu bat ere gomendatuko nuke, baina badakit zaila dela eskuratzea: “La sistematización de experiencias. Práctica y teoría para otros mundos posibles”.

Ostadar bat estrategia

2019-01-22  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Ostadar bat estrategia

Euskaraldia amaitu egin da eta gure garaia aurreratzeko aukerak irudikatu ditugu. Hiztunak subjektu politiko bihurtzeko saiakera izan da, ahalduntzea edo burujabetza helburu. Baina, tira, ez dugu ahaztu behar ahalduntze/burujabetza prozesuak berez konplexuak, dinamikoak eta etengabeak direla. Hortaz, tokatzen zaigu indarra egiten segitzea. Hala ere, ez dugu ahaztu behar ekintza honek autodeterminazio sozialaren bidean aurrera egiten lagundu digula (John Holloway-k erabiltzen duen zentzuan, behinik behin).

Gramatika eta kode berriak ensaiatu ditugu, oinarri komunitarioko ikasketa baten bidez. Esperientziak alderdi aktiboa izan du eta, horren ondorioz, esperientzia gertatu den testuinguruaren elementuetan aldaketak gertatu dira. Gertatu dira bai, baina zer neurritan edo eraginetan jakitea beste kontu bat da. Eta, gainera, hartu behar da kontuan hauek guztiak amaitu bako prozesuak direla, bizipenetan oinarritutakoak, eta ez horrenbeste edukietan. Beraz, aldaketak aldakorrak izan daitezke.

Derion lagun batek esan zuen bezala, “argia bagenuen, baina argindarra falta genuen” (gora Derioko hizkuntza militante poetak!). Ahoak eta belarriak zorroztu ditugu, baina, tira, ostadar bat estrategia gehiago jarri beharko ditugu martxan. Ahoa, belarria, bihotza, sabela eta, zenbaitetan, ukabila ere zorroztu beharko ditugu, euskalgintza erradikalagoa bihurtuz. Baina, kontuz, batzuetan largabistak atzera jarrita, helburuak urrunago ikusten dira.

Izan ere, gure ametsen geometriak ez dira ahozko elkarrizketetan amaitzen, hortik haragokoak dira eta beste esparru horietan ere jarraitu beharko dugu eragiten eta egiten (sortzen!). Ekimen kolektiborako sena elikatzen jarraitu beharko dugu, auto-antolakuntza sustatzen, tokitik eta errotik. Arrakalatxoak sorrarazten, alegia.

Irribarrea lagun eta agoniatik urrun.

Emagin bat euskalgintzarako?

2019-01-15  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Emagin bat euskalgintzarako?

“Ezagutzaren matazak” liburua irakurri berri dut eta zeharo interesgarria egin zait. Baina beste gauza batek egin du bide neure burura: Emagin bat beharko genuke euskalgintzetan?

Ez dakit, Soziolinguistika Klusterra hor dago eta akaso berak bete dezake funtzio hori (edo ez, akaso beste erakunde bat beharko genuke lan horiek egiteko). Baina, tira, ikus dezagun zer egiten duen Emaginek (liburu horretatik ateratako aipuak dira hauek):

Pentsamendu feminista sustatzeko lana egiten dute: dokumentazioa, ikerketa eta formazioa. Garapen ideologikorako garrantzitsuak diren eztabaida feministak sustatzen eta bideratzen ahalegintzen gara. Emagin eragile feminista bat da gaur egun, jendarte-eraldaketa sustatzeko dokumentazio, ikerketa eta formazioa euskaraz sustatzen dituena.

Eta, hobeto ulertzeko zer den Emagin, ikusi Edurne Epelderen bideo hau:

Aipurik aipamen

2019-01-10  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aipurik aipamen

“Berak (Elbira Zipitriari buruz ari da) esaten zuen bere meritua ez zela gauza berriak asmatzea, baizik eta lehendik asmatuta zeuden gauza onak hartu, euskaratu eta euskal sena eta nortasuna ematea horiei. Horretan zuen aparteko dohaina”

Mari Karmen Mitxelena

“Autodefentsak egiten gaitu azkar, baina alternatiba sortzeak libre!”

Eneko Gorri

“Sormena da arnasgune funtzionalek eta territorialek bat egiten duten lekua, mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekua, Sarri parafraseatuz”

Txerra Rodriguez, ni neu, alegia

“Legea bakarrik aplikatzen da, baldin eta hori bultzatzeko ekimen soziala bada”

Joao Pedro Stédile (MST)

“Irudi sexistak kritikatzea horren alternatibarik eskaini gabe hankamotz geratzen da. Kritikak, bere-berez, ez dakar aldaketarik”

bell hooks

“Frogatzen zigun kanpotik etorritako moda oro ez zela zerengatik izan behar interesgarriagoa bertakoa baino. Bertze herri anitz gisara, Garralda ez zen Hiroshima edo Gernika bezalako hiri martir zerrendan ageriko. Suntsipen fisikoa agerikoagoa da, bertze gisakoek ez dute lerro bat ere merezi historia liburuetan, are zenbaitetan ez eta gure herritar ugarien gogoan ere”

Xamar

Teknikari

2019-01-07  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Teknikari

Orain dela ez asko (eskerrak Allartean-i), honako hau zioen Eduardo Apodakak: “euskara teknikarien gaineko azterketa soziologikorik ez dago. Ez dakigu nor diren, nondik datozen, zer ikasi duten, zer balio duten, zer ideologietakoak diren, zer trebetasun duten, zer adin, non ikasi zuten egiten dutena egiten …”

Eta hala da. Eta, gainera, ez dago sarerik (ezpada Udaltop jardunaldia, baina hori oso zentratuta dago udaletako teknikariengan), ez dago koordinaziorik (toki mailako batzuk dira, baina tira), ez dago gure lanbidearen gaineko interneteko foro ziztrin bat bera ere ez, ez dago ezer. Hori, ez badiogu begiratzen prekarietatearen begietatik, ze bestela … (bai bi edo hiru post bete daitezke gure lanbidean edo inguruetan dagoen prekarietatearekin).

Galizian, adibidez, badute sarerik: CTNL (edo Cotenol). Sare horretan nagusi dira administrazioetako teknikariak (Galizian gehien bat administrazioan daude teknikariak), baina edonor egin daiteke erakundearen bazkide. Eta, tarteka, proiektu oso erakargarriak sortzen dituzte (adibidez, Apego), formazio jardunaldiak antolatzen dituzte eta euren lanbidearen gaineko aitortza ere sustatzen dute (adibidez, adierazpen hau).

Bada nora begiratu hortaz ….

(Agian, agian, egun batez gure lanbidearen izenari ere erreparatu beharko genioke, ze teknikari izena ez dakit egokiena den)

“Top secret”, Sechu Sende

2018-12-18  //  Poema soziolinguistikoak  //  Iruzkinik ez

“Top secret”, Sechu Sende

Abenduan gaude eta urteko azken poema soziolinguistikoa dakart gaurkoan. Oraingo honetan, berriro ere, Sechu Sende galiziarraren poema bat, Top secret izenekoa.

Top secret by Sechu Sende

Poema hau irakurtzen ari bazara,

disimulatu.

Hau mezu sekretua da:

Zure egitekoa honetan datza,

zure buru barruan erresistentzia antolatu behar duzu.

Momentu honetatik aurrera

mundua aldatzeko

hitzak antolatzen ari diren

milaka pertsonen parte zara.

Disimulatu, ez altxatu begiak

poematik,

zu zelatatzen aritu ahal dira-eta.

Bidaia egin zure barrunbeetan.

Ziurtatu zure atzetik ez datozela.

Eta ez egin kasu hitzek mundua

ezin dutela aldatu dioten horiei.

24 ordu barru Justizia berba topatuko duzu.

Berba horrek bidea erakutsiko dizu

Independentzia berbaraino zeina

bahituta baitago denborazko

menpeko perpaus batean.

Bere loturetatik askatu beharko duzu.

Askatasun hitza gure alde dago

eta behar dituzunean

argibide zehatzak emango dizkizu.

Zorte on!

Jakin behar duzu badela jende asko

egiteko hau duena:

Justizia, Independentzia, Askatasuna

munduko herrientzako.

Poemaren azken bertsoa irakurri

orduko, poema 10 segundotan auto-desagertuko da

eta ia

inork irakurtzen ez dituen

poesia liburuetako beste poema bat

bihurtuko da.

Yeknemilis

2018-12-13  //  Tosepan  //  Iruzkinik ez

Yeknemilis

Garabidek antolatu duen Aditu titulua amaitu berri da eta Eskoriatzan egin da ekitaldi horren agurra. Aurton inoiz baino parte hartze handiagoa izan dut, batez ere, Cuetzalandik Liz eta Mica etorri direlako. Lizekin hainbat batzar eta topagune izan ditut, Hazin, Eikan, Leintz-Gatzagan, Markinan, Bilbon edo Arrasaten. Gainera, Garabidek antolatutako mahai-inguru batean parte hartu dut, emakumeen ahalduntzea eta hizkuntzen biziberritzearen inguruko elkarguneak bilatzeko prozesuan.

Baina ez hori bakarrik. Aurton, gainera, Lizbethen tutore izan naiz. Lan handia egin du eta gaurko posta bere lanetik ateratako berba batzuekin osatuko dut.

Lizek galdetzen du bere lanean zeintzuk diren bere hizkuntzari eusten dioten praktikak. Iruditzen zait galdera ere hemen egin dezakegula eta gure buruari galdetu zeintzuk diren euskarari eusten dioten praktikak (eta zelan egin praktika horiek orokortu eta zabaltzeko). Galdera horri egoki erantzutean datza gure geroaren zati handi bat, nire ustez.

Bestetik, berak honako baieztapena egiten du: “gure hizkuntzen biziberritze eta indarberritzearen alde lan egitea hizkuntza horiek hitz egiten dugun pertsonen ahalduntzearen alde lan egitea ere bada”. Bat nator, baina gehiago esango nuke: gure hizkuntza hitz egiten dugunon ahalduntzearen alde lan egiteak dakar gure hizkuntzen biziberritzea eta indarberritzea.

Azkenik, berak esaten du ezinbestekoa dela yeknemilis-a lortzeko (biziera ona) hizkuntza gutxituetako hiztunok ahalduntzea. Eta bat nator, erabat, izan ere, askotan biziera ona definitzeko aldagai materialei baino ez zaie kasu egin eta beste aldagai batzuk ere hartu behar dira kontuan, hizkuntza kasu.

Eta, berriro, hau esan gurako nuke: Aditu ikastaro honetan ni batez ere aritu naiz ikasten, irakastearen plantak egiten nituen bitartean.

Humusa

2018-12-10  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Humusa

90eko hamarkadaren hasieran eztandatxo bat gertatu zen euskal herrietan. Hainbat lekutan, han eta hemen, euskara elkarteak sortu ziren. Apurketa batzuk ekarri zituzten delako elkarte hauek: batetik, jardun ez alderdikoiari ekin zioten, hainbat ideologiatako euskaltzaleak batuz; bestetik, funtzioen berreskuratzeari ekin zioten, euskarazko praktikak zentroan jarriz (batez ere, ahozko erabilera, baina ez bakarrik), eta, gainera, txikitik abiatu ziren, ahal dugunetik.

Ia 30 urte joan dira ordutik eta euskara elkarteek garapen irregularra izan dute. Leku batzuetan bai, gehienetan ez dira sortu ere egin, eta hainbat lekutan ez dute eman, eman behar zutena. Baina, hala ere, elkarte horiek humusa sortu zuten eta hortik beste hainbat proiektu, programa eta abar loratu dira.

Esate baterako, sustatu.eus da euskarazko lehen blog kolektiboa (barkatu, Jabi Zabala, baina hedaduraz eta abar, sustatuk mugarria jarri zuen). Ba, adibidez, sustatu sortzeko bi eragilek bat egin zuten: Goiena hedabidea (Debagoienako euskara elkarteek sortutako hedabidea) eta Codesyntax enpresa (ahaztu barik eibar.org aitzindariak).

Beste adibide bat izan daiteke Emun. Kooperatiba hau, hein batean, AEDk bultzatutako Euskalan egitasmoaren inpultsoz sortu zen. Edo berriki saritutako ahotsak.eus programa. Edo Ebete aholkularitza.

Humusa hor egon da, diskurtsoa hortik ere mamurtu da, hortik ere elikatu da. Eta euskara elkarteetan jardun dugunok (boluntario edo langile) gurekin ere eraman ditugu hango egiteko moduak, hango filosofiak eta hango pedagogiak. Agian ez dute eman pentsatzen edo amesten zenaren beste, baina bai ekarri gaituzte honaino, 200.000 pertsonatik gora aktibatzeraino, besteak beste.

“Hizkuntza proiektua ametsa da, beste amets batzuei gehitzen zaien ametsa, gure maseual burujabetzen defentsara gehitzen den amets berria”

2018-12-06  //  Tosepan  //  Iruzkinik ez

“Hizkuntza proiektua ametsa da, beste amets batzuei gehitzen zaien ametsa, gure maseual burujabetzen defentsara gehitzen den amets berria”

Lizbeth Sanchez maseualari elkarrizketa egin nion Argia aldizkarirako, baina oraindik blogera ekarri barik neukan. Hona hemen:

Lizbeth Sánchez Ortiz mexikarra da. Jatorriko herritarra da, nahuatl hiztuna, maseuala, Puebla estatuko mendilerroko biztanlea. Baina, hori baino gehiago ere bada. Sánchez apiriletik ari da lanean hizkuntza garatzeko aholkulari Tosepan mugimendu kooperatiboan, kooperatiba horretako hizkuntza biziberritzeko proiektu orokorra koordinatzen. Proiektuak, momentuz, lau hanka ditu: murgiltze eredura hurbildu gura duten eskola, irrati komunitarioa, corpusa batzeko proiektua eta lan arloko lau erabilera plan. Euskal Herriko euskara teknikariak albo batera utzita, lantokietan hizkuntza aholkulari moduan jardungo duen lehen pertsona da munduan.

Etxetik jaso ez baduzu ere, zergatik erabaki zenuen nahuatl hizkuntza ikastea?

Hainbat arrazoik bultzatuta erabaki nuen nahuatl ikastea. Hala ere, garrantzitsuena da maseuala naizela. Hizkuntza, hala ere, nire amama-aitaitaren belaunaldian galdu zen familian eta, horrexegatik, nahuatl ikasteak nire familiaren historia eta nire identitatea berreskuratzeko aukera ematen dit. Azken finean, nik gura dut nire pentsamendu eta bihotz maseualak berriro taupadaka hastea.

Orain arte irakasle aritu zara, baina orain hizkuntza garatzeko aholkulari arituko zara. Zer aldarterekin ekin diozu lan berriari?

Orain arte, irakasle aritu naiz bai, baina lan hori oso lotuta egon da nahuatl eta tutunaku hizkuntzen indartze eta biziberritzearekin. Betidanik saiatu naiz proposamen txiki eta kolektiboak lantzen hizkuntza horien geroa bermatzeko. Hori dela eta, erronka berri honi ekiteko aurretik ikasitakoa ere izango dut kontuan. Gainera, Emunen [Euskara eta berrikuntza soziala lantzen dituen kooperatiba] bidez jaso dudan trebakuntzan ikasitakoak ere lagunduko dit lan horretan. Beraz, nire asmoa da aurreko lanari segida ematea, hau da, gure hizkuntzen alde ekarpenak egitea, nahiz eta oraingoan beste alor eta esparru batzuetatik aritu.

Cuetzalangoa zara, Mexikoko Puebla estatukoa. Eta Tosepan mugimendu kooperatibako kide zara. Zelan azalduko zenuke labur-zurrean Tosepan zer den?

Datuak ematen hasi ahalko nintzateke: Tosepan, gaur egun, zortzi kooperatiben batasuna da, 430 tokiko kooperatiba dituena eta 36.000 familia barnebiltzen duena, eta produkzioa, aurrezkia, hezkuntza, osasuna, turismoa, etxebizitza eta gure lurraren defentsa lantzen dituena. Baina horrekin ez nuke Tosepan benetan zer den azalduko. Tosepan, izan ere, hori baino askoz gehiago da.

Tosepan lan eta ahalegin askoren ostean, amets kolektiboak sorrarazi eta bete dituen espazio edo mugimendua ere bada. Gure amama-aitaitek amets egin zuten eta ezinezkoa zirudiena lortu zuten. Horrexegatik, guk ere amets egiten ikasi genuen, eta gogor eta ahalegin biziz lan egiten ere ikasi genuen amets horiek eta amets berriak gauzatu ahal izateko. Hizkuntza proiektua, beraz, ametsa da, beste amets batzuei gehitzen zaien ametsa, gure maseual burujabetzen defentsara gehitzen den amets berria.

Tosepan barruko hiru lantokietan jarriko dira martxan nahuatl biziberritzeko planak. Zelan adieraziko zenioke euskaldun bati hiru gune horietan egiteko asmo duzuena?

Tosepan barruan hizkuntza proiektu osoa ari gara martxan jartzen eta proiektu horren ardatzetako bat lanari dagokiona da. Ardatz hori lantzeko, Emuneko eta Garabideko lankide batzuekin batera, hiru lantokitan hasi gara, proiektu pilotu modura. Gune bakoitzean hizkuntzen gaineko diagnostikoa egin zen. Diagnostiko horrek emaitza berdintsuak eman ditu motibazioei dagokienez, baina ez gaitasunei eta erabilerei dagokienez. Arlo horietan ezberdintasun nabarmenak izan dira.

Hortaz, gune bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Hiruretan helburu orokorra  jarri dugu, hau da, gure hizkuntza sendotu eta biziberritzea lantokietan. Baina gune bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar dugu, ezaugarri horiek aintzat hartu behar ditugu lana egiterako orduan. Moldatu behar ditugu, beraz, helburuak eta ekintzak lantoki bakoitzaren ezaugarrietara.

Euskal Herritik kanpo lantokietako biziberritze planetan aholkulari moduan jardungo duzun lehen pertsona izango zara. Zer erronka eta indar duzu lanari ekiteko?

Erronka oso handia da. Euskal Herritik kanpo ez da sekula probatu mota honetako proiektu bat, baina beharrezkoa zaigu ibiltzen hastea, nahiz eta inork bide hau guk baino lehen urratu ez. Horrek ere erantzukizun handia jartzen du nigan, baina lortuko dugula ziur naiz. Izan ere, lan hau ez da pertsona bakar batek egiteko modukoa, lan kolektiboa da eta kolektibotasun horretan dago benetako indarra.

Zer dugu euskaldunok ikasteko zuen esperientzietatik?

Ez dakit zer duzuen ikasteko. Hala ere, uste dut partekatzen jarraitu behar dugula. Ezberdintasun handiak ditugu –geografikoak, kulturalak eta linguistikoak, besteak beste–, baina borroka berean gaude: gure hizkuntzak berreskuratzeko eta indartzeko borroka, hain zuzen ere.

31 / 140«Aurrekoa102030313233405060Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA