Kanadako indigenen mugimendua eta haserrea zabaltzen ari dira: ‘Idle No More’
Ipar Amerikan bizi diren indigena komunitate gehienak batu dira eta azken hamarkadetan aurrera eraman duten borrokarik sendoenean kontzentratuta daude. Idle No More izenarekin bataiatu dute mugimendua, “Gehiago Geldi Ez” edo “Inaktibitate Gehiagorik Ez” gisako zerbait. Justizia ekologikoa, oinarrizko giza eskubideen errespetua eta erreserbetako bizi-baldintza eskasen inguruko arreta eskatzen dute, eta horretarako hainbat bitarteko erabiltzen dituzte: Manifestazioak, desobedientzia zibila, Interneteko aktibismoa, errepide mozketa, flashmobak, ekintza zuzena eta gose grebak, besteren artean. Datorren ekintza eguna urtarrilaren 28rako deitu dute.
Mugimendua orain hiru hilabete sortu zen Kanadako Gobernu kontserbadorearen lege egitasmo batzuei aurre egin asmoz, eta denborarekin, etengabeko mobilizazioekin eta sarearen erabilera inteligenteari esker, oihartzun eta babes zabala izaten ari da. Figura bat ere badute, abenduaren 11tik gose greban dagoen Attawapiskat herriko buruzagi Theresa Spence.
Theresa Spence, Kanadako parlamentuaren aurrean, laugarren astean sartu da bere gose grebarekin, eta sarean #IdleNoMore mugimenduakoak egiten ari diren lan onari esker, mundu mailan oihartzuna lortzen ari dira. Mugimenduak ilusioa piztu du gaur arte nahiko ahotsgabe sentitzen zen komunitate erraldoian. Kanadan 630 jatorrizko herri baino gehiago bizi dira, bakoitza bere kultura, hizkuntza eta ohiturekin, eta guztira Kanadako Gobernuak egindako erroldaren arabera, 698.025 indigena bizi dira (1,172,790 Wikipediaren arabera) asko oso egoera txarretan. Hala ere, pasibitatetik ateratzeko aldarria mugaz gaindi zabaltzen ari da eta protestak AEBetako hainbat hiritara heldu dira, mendebaldeko gobernuek jatorrizko herriei ematen dieten tratua salatzeko. Halere, indigenak ez diren herritarren babesa ere lortzen ari dira, batez ere, egiten ari diren planteamentu irekiari esker.
Bideo asko eta asko egiten ari dira, eta Youtuben Idle No More mugimenduari buruzko informazioa topatzea oso erraza da. Hemen azpiko bideo honetan mugimendutik herritarrei dei egiten diete indigenen subiranotasunaren aldeko iraultzarekin bat egin dezaten, hala, lurra eta ura babestuko dituztelako. Kolonizazioak aurrera darraiela diote, eta Ama Lurra babesteko ekintza zuzenera deitzen dute.
Ondorengo mapa honetan ikus daiteke garbi Idle No More mugimendua nola zabaltzen doan mundu osora (nagusiki, ingeles hizkuntza nagusi duten lekuetara).
Zergatik orain?
Baina zein izan da jatorrizko herri hauek batu eta kalera atera dituen txinparta? Beraiek azpimarratu dutenez, ingurugiroan eta jatorrizko herrien burujabetzan murrizketa larriak eragin dituen Bill C-45 lege egitasmoak dira azken haserre honen akuilu, Kanadako gobernuak onartu egin ditu gianera protesten gainetik. Baina horrez gain, mendeetan indigenek pairatutako marginazioa eta engainuak ere izan dira “nahikoa da” esateko arrazoia.
Alternet gunean bikain laburbildu dute lege honen eragina: Lege hau onartu aurretik, Kanadan 2.6 milioi ibai, laku eta Kanadako kostaldeko parte haundi bat Navigable Waters Act izeneko legearen babesean zeuden. Orain, 87 dira babestuta geratzen diren ibai eta lakuak. Horrez gain, jatorrizko herrien autogobernua erabat murriztu dute lege hauek, eta orain arte nahiko haserre baina bakoitza bere aldetik behar zuten indigenak batu eta borrokan hastea erabaki dute. Hainbatek Occupy Wall Street mugimenduaren jarraipena izan daitekeela ere komentatu du sarean.
Munduko indigenek izan ditzaketen estereotipoak hautsi eta teknologia berrien erabilera oso zorrotza egiten ari dira Idle No More mugimenduko kideak. Horren adibide dira beren webgunea, Facebookeko orria, Twitterreko #IdleNoMore etiketa, Wikipediako artikulu landua, Youtubeko orria eta abar.
Informazio gehiago:
Berria egunkarian oso erreportaje interesgarria argitaratu zuen Samara Velte kazetariak urtarrilaren 5ean.
Rebelion.org gunean ere artikulu interesgarria argitaratu dute: Los pueblos originarios de Canadá vuelven por sus derechos.
Webgune honetan mugimenduko kideak egiten ari diren ekintzen argazki dexente ikus daitezke, eta bertan ikus daitezke egin dituzten errepide mozketak eta abar. Halere jakin, argazki guztiak ez direla Idle No More-ekin lotuak.
9 galdera Idle No More mugimenduari buruz. Ingelesez.
Bideogintzari garrantzi handia ematen dion mugimendua:
Sarean oihartzuna eta babesa lortzeko bideogintza beren propagandarako ardatzetako bat izendatu dute. Horregatik, egiten duten ia ekintza oro bideoan grabatu eta Youtubera igotzen dute, eta hala ehundaka bideo agertzen dira bilaketa eginez gero, ez bakarrik Kanada edo AEBetakoak, baita Londres, Australia eta Zeelanda Berrikoak… Jatorrizko herrien haserreak slogan bat topatu duela dirudi. Ondoren, topatu ditudan bideo esanguratsu edo bitxi batzuk.
Hau Seatlen (AEB)
Kanadan, Toronton errepidea moztu eta Flashmoba egin.Beren ekintzarik komunena den jendez betetako nonbaitera joan eta kantuan hasi (bideo honetan poliziarekin gora-beherak izan zituzten
Australian
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Gaurko deitu du mundu mailako ekintza eguna Idle No More mugimenduak | Lander Arbelaitz - [...] Kanadako indigenen mugimendua (eta haserrea) zabaltzen ari da: ‘Idle No More’. Blog honetan artikulua. [...]
- Kanadako anti-nuklearren eta indigenen artean tren bat geratu dute | Lander Arbelaitz - [...] Idle No More mugimenduari buruz artikulua blog honetan: Kanadako indigenen mugimendua (eta haserrea) zabaltzen ari da: ‘Idle No More’ [...]
- Idle no more - Garaigoikoa - [...] lelo hori darabilte Kanadako indigenek egiten ari diren kanpainan. Desobedientziarako deia da [...]
- Txeiene eta arapahoek Sand Creek-eko Sarraskia oroitu dute, 150. urteurrenean | Lander Arbelaitz - […] herriak beti iraganean kokatzen dituzten. Beste batean idatziko dut gai honi buruz, baina Idle No More mugimenduan Kanada eta…
Kanadan 600dik gora indigena etnia daude?! Uau… Eta gu beti Kanada eta Quebec-i buruz ari gara… Ba gora herrien borroka, areago, garbi ikusten badute beraien aurkako eraso bat dela lege zikin hori.
Asko poztu nau albisteak, eskerrik asko azalpenegatik ta hautatutako bideoengatik!