Alde guztien arteko elkarbizitza nabarmendu dute bakearen aldeko alkateen konferentzian
“Bakearen tokian-tokian eraikitzen” jardunaldiak egin dira Donostian. Ostegunean esandakoen laburpena topatuko duzu azpian.
10:00etatik aurrera
Donostiako alkatea, Juan Karlos Izagirre: “Bakearen aldeko alkateen konferentzia honen asmoa benetan zintzoa da. (…) Donostia bera asko sufritutako hiria da. Oroimena, aitortza eta justizia behar dituzte biktima guztiek eta horren alde lan egitera konprometituta nago”.
“ETAren, Espainiar estatuaren eta gerra zikinaren biktimen” aldeko minutuko isilunea egin dute alkateak eskatuta.
Gipuzkoako Ahaldu Nagusia, Martin Garitano: “Oraindik gatazka bizi dugu. Inork gutxiek adierazi behar die Gipuzkoako alkateei bake nahia zer den. Bake egarri izugarria. Alkateak horren alde lanean ari dira. (…) Mundu osotik etorritako alkateei laguntza eskatu nahi dizuegu herri txiki honetako bakea oztopatu nahi dutenen aurrean indartu gaitezen”.
Eusko Jaurlaritzan Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok ongi etorria eman du. “Gure herrian bakea sendotzeko esperientzia lokalek garrantzi handia dute”.
Hiroshimako alkate eta Mayors for Peace erakundeko lehendakari Kazumi Matsuik 5.500 hiriren izenean eta Hiroshimako 1.8 milioi biztanleren izenean ongietorria eman dio Konferentziari eta zorterik onena desiatu die antolatzaileei. Arma nuklearren aurka mintzatu da eta 2020rako arma hauek deuseztatzeaz aritu da. “1945ean dena suntsitu zen eta 140 mila jende hil ziren. Arma nuklearrak desagerrarazi behar dira”
11:00etatik aurrera
Konferentziako ohorezko patroia, Vicente Zaragüeta: “Milesker benetan bakeari nire ekarpen txikia egin ahal izatea uzteagatik (…) Eulalia Lluchena bezalako jarrerak goraipatu behar ditugu. “Barkatu dut, ez dudalako bizi osoa mendeku gosez pasa nahi” zioen (…) Alderdi guztiak animatu nahi ditut Eusko Legebiltzarreko bake ponentzia ez gutxiestera (…) Politikariei esan nahi nieke ezinbestekoa dela elkar entzutea, elkar ulertzen saiatzea. Zuk irabazten duzuenean besteak ere irabazi duela sentitzea”.
Belfasteko alkatea, Máirtín Ó Muilleoir: Irlanda iparraldean bakeak egindako ekarpenak positiboki baloratu ditu. Gatazkako hainbat kapitulu ilun ekarri ditu gogora, hala nola talde unionisten edo IRAren erasoak. Ondoren Euskal Herriko egoerari heldu dio: “Europa osoak ezagutzen du Donostia hainbat arrazoirengatik, eta zalantzari gabe bakea eta adiskidetzak aurrera egin ahala, Euskal Herriak ere aurrera egingo du. (…) Orain 10 urte hemen izan nitnzen eta gatazkaren lainoa nabari zen, gaur ez dut hala sentitu. (…) Donostia bakearen itsasargi gisa ikusiko da kanpoan (…) Konferentziaren antolatzaileak zoriondu nahi ditut eta arazoak arazo, bidean aurrera egitera animatu nahi zaituztet.
12:00etatik aurrera
AEDID (Asociación Española para el Derecho Internacional de los Derechos Humanos) elkarteko lehendakari Carlos Villán Durán: “Donostiako alkatea eta Euskal Herria zoriondu nahi dut konferentzia hau antolatzeagatik, oso beharrezkoa baita. Herrialdeen garapen sozioekonomikoa landu behar dugu, urtean milaka pertsona gosez hiltzea bateraezina baita bakearekin (…) Bakeak Giza Eskubide gisa onartua izan behar du (…) Bizitzeko eskubidea zuzenean konektatuta dago bakerako eskubidearekin (…) NBEren gainbegiradapean egingo litzatekeen desarmearen eskubidea onartu behar dugu, hasteko suntsiketa masiboko armen desarmea (…) Gudaren kultura dago leku guztietan eta bakearen kultura sustatu behar dugu “.
Arratsaldeko saioak
Arratsaldean bi mahai-inguru izango dira, biak zinez interesgarriak. Lehenengoa bakearen alde lanean ari diren elkarteetako kideek hartuko dute parte.
Pat Colgan, UE Peace Program. Irlandako gatazkan Europar Batasunak izandako paperaz aritu da. Ekonomikoki apostua egin zutela adierazi du.
Paul Rios, Lokarri. Euskal Herriko egoeraz aritu da. Iraganeko zauriei buruz hizketan hasi da. “Bi lan nagusi ditugu Euskal Herrian: Batetik, bake prozesua sendotu eta bestetik, elkarbizitza eraiki. (…) Bake prozesu baten hartzaileak herritarrak dira eta hasieratik inplikatu behar dira; hartzaileak ez dira ez gobernua, ez alderdiak eta ez ETA ere, herritarrak dira. (…) Iraganean aurrez aurre egondako komunitateetako kideen artean esperientzia politak gertatzen direnean, egoerari buelta ematea lortzen denean, gainontzeko herritarrei komunikatzen asmatu behar da. Oreretakoa adibide ona da”
17:00etatik aurrera
Hhiru euskal alkate: José Antonio Santano Irungo alkateak (PSE), Alfredo Etxeberria Elgoibarkoa (EAJ) eta Julen Mendoza Errenteriakoa (Bildu). Herriotan bakearen alde eta elkarbizitza sustatzeko egiten ari diren lanaz mintzatuko dira.
Esan beharra dago Irungo alkateak konferentzian parte hartu izanak kritikak eragin dizkiola alderdi barnean. Donostiako Udaleko PSEko kideek Konferentzian ez parte hartzea erabaki zuten (“Hiroshimako alkateak ez dit niri bakeari buruzko irakaspenik emango” Ernesto Gascoren hitzak), eta Santanoren parte hartzea kritikatu dute, hala nola Iñaki Arriola PSE-EEko Gipuzkoako buruak. Santanok adierazi du ez doala PSE-EEko kide gisa, baizik eta bere karguaren izenean.
Alfredo Etxeberria hasi da, Elgoibarko alkatea (EAJ). “Elgoibarren sei herritar hilak dira. Bakoitzaren familiekin hitz egin genuen, eta bortxakeri bakoitzaren atzean zegoena ulertzeko oso aberasgarria izan zen. (…) Biktimengana jotzean, zintzotasuna ikusten badute herritarrak hurbil daitezke. Ekintza bat egitea pentsatu genuen 4 balore indartzeko: Bizitzeko eskubidea, elkartasuna, memoria eta surimenduaren errekonozimendua. 2009tik urtero, azaroaren 10ean , herriko ikurra altxatzen dugu eta biktimak gogoratzen ditugu (…) Partaidetzako tailerrak abiatu genituen batetik, eta horrez gain, eskolekin lanean ere hasi ginen hurrengo legealdian. 8 eta 18 urte bitarteko ikasleek lan eta eztabaida batzuk aurrera eramatea, Lokarriren lana ezinbestekoa da honetan eta eskerrik asko hemendik. (…) Gatazkak, gure herrietako gatazka, ez dakit noiztik datorre, ETAren aurretik eta Guda Zibilaren aurretik ere dator eta hau, eta elkarbizitzan huts egiten badugu, aukerak eta proiektuak muturren aurretik pasatzen zaizkigu. Batzuetan politikariak ez gara konturatzen gure partidua hori dela eta hori dela gure lana (…) Denbora kontua da alderdi guztiak mahai baten inguruan esertzea, honek ez du atzera bueltarik”.
Julen Mendoza, Errenteriako alkatea. Udaleko alderdi guztien izenean doala adierazi du, ez Bilduren izenean. ‘Eraikiz zine eat antzerki zikloaz’ ari da, udaleko alderdi guztiek babestu zuten. Jatorri ideologiko, sufrimenduaren jatorri ezberdinetako jendea, 300 pertsona areto berean errespetuzko giroan bildu zituztela adierazi du. Hiru filme proiektatu zituzten eta antzerki bat. Alderdi guztiek filmeen aniztasuna errespetatu izana goraipatu du eta alderdiak izan zirela jende hori eraman zutenak. Amaitzeko, keinuak egitearen garrantzia nabarmendu du. Aipatu du zikloaren aurretik biktima guztiei telefonoz deitu zienean humanoki asko ikasi zuela, eta asko baloratzen duela. Eta horrez gain, zikloaren balorazioa egin zutenean udalean, “bakarrik bertan geundenok dakigu zer sentitu genuen gela hartan, bakearen eraikuntzan kide ginela sentitu genuen”.
José Antonio Santano, Irungo alkatearen txanda. Elkarbizitzaren alde egindako lanaz aritu da, aurrez 11 urtez bizkartzainekin ibilitakoa dela gogoratu du, “niretzat garai hori iragana da, orri hori pasa nuen (…) Alkateok herritar guztiak ordezkatzen ditugu, ez soilik bozkatu gaituztenak (…) Ezker abertzalean ilegalizazioak ez zuen elkarbizitzan batere lagundu (…) biktimak denbora luzean bazterrean utziak sentitu dira. Irungo udaleko kideok monolito bat jarri genuen eta bertan alderdi guztiok izan ginen hor (…) Biktima guztiak aitortu behar ditugu, nik beti aitortu izan ditut demokrazia batean lekurik ez duten bortxakerien biktimak. Asko poztu nau Donostiako alkateak minutu bateko isiltasuna egin izana, telefonoz proposatu nion eta asko poztu nau. (…) Bakea garrantzitsuegia da eta koiuntura politikotik at geratu behar du (…) Euskal alkateak biltzea planteatuko nuke gai hauek jorratzeko, kideak gara bakegintzan”.
18:30etatik aurrera
Covite biktimen elkarteak gutunak eman dizkie Konferentzian parte hartzera etorri diren kideei. Beren webgunean irakur daiteke osorik. Finean diote EH Bilduk bultzatutako ekimena dela, “ETA banda terroristako hiltzaileak onartzen dituztenen errelatoa nazioarteko panorama legitimatzeko pentsatua”.
Nazioarteko hiru alkateren txanda da orain. “Hiriak, gatazka eta bake prozesuak: egun gatazkak eraldatzeko prozesuetan diharduten hiri batzuetako alkateen ikuspegiak”.
Palestina: Abedallah Saleh, Banizid al Sharkiako alkatea. Israelgo Estatuak palestinarrei eragiten dizkien sufrikarioak jorratu ditu. Estatu independente bat sortzeko lanean jarraituko dutela aldarrikatu du, Jerusalem hiriburu lukeena. “Gora Palestinaren alde hildako guztiak eta askatasuna munduko preso politiko guztiei”, esanez amaitu du. Gerora, galderen txandan adierazi du terrorismoaren ideia iristen bada ere nazioartera, “palestinar herria bakearen aldeko herria da, elkar maite duten herrien artean bizi nahi dugu”. “Munduan herri asko dira uste dutenak Palestinak estatu independente izateko eskubidea duela, baina nazioartetik inork ez du ezer egiten eta ez zaizkigu horretarako bitartekoak jartzen”.
Sahara: Salek Baba, Auserd Valierriko gobernadorea: “Sahararrok bizi dugun injustiziarekin, bakeaz hitz egitea zaila da”, esanez hasi da. “Marokok ez dauka borondaterik nazioarteko zuzenbide juridikoa errespetatzeko eta nazioarteko erakundeek ez daute beren politika ezartzeko asmorik. Negoziaketa prozesu batean aurkitzen gara, bitartekari bat baitago. (…) Tokiko erakunde gisa lanean jarraitzen dugu herritarren artean kontzientzia eraginez. Nazioarte mailan lanean jarraitzen dugu, anaiartekotzeak eginez, 800 anai-artekotzea dute herriek, Euskal Herriarekin horietako asko (…) nazioarteko presioa mantentzea garrantzitsua da, kanpainak eraman behar ditugu lokalean eta nazioartean, kontzientzia har dezagun NBEk saharar herriari emandako soluzioa urruntzen ari dela, eta etorkizun politikorik gabe jarraitzen badu, egoera okerragotu egiten du “.
Kurdistan: Osman Baydemir, Diyarbakirko alkatea. Kurdistango gatazka azaldu du hasieran. 30 urte daramatzate gudan. Guztira 17.000 zibil hil dira, desplazamenduak, errepresioa, presoak. Errealitate hauek udal mailan lantzen ari direla adierazi du, zentro sozialak eginez, omenaldia… Turkiako gobernuaren jarrera salatu du. “Gure identitatearen arabera bizi nahi dugu, gurea dena guk autogestionatzea”. Kurduera bultzatzen ari dira, bakegintza zilegia izan dadin herritarren aurrean. Emakumeak 30 urteetan biktima handienak izan direla adierazi du, eta “Emakumeen legebiltzarra” daukatela non gizonek ezin duten ezer egin bertan. “Amedeko hurrengo alkatea emakumea izango da, eta oso pozik nago horregatik, ziur bainaiz emakumeen askatasunak emango diola askatasuna Kurdistango jendarte osoari”.
20:00etatik aurrera.
Jorge Tapia, Salvador Allenderen gobernuko Justizia ministro ohia: Bakegintzaren konplexutasuna jorratu du zehaztasun handiz. “Bakea hil nahi zaituen horrekin negoziatzen da, horregatik da hain ariketa zaila”, berak esandako esaldiarekin laburbilduko nuke. “Benetan axola duen askatasuna, bestela pentsatzen duen horrena da (…) beren eskubideak aldarrikatzen dituzten masak garaiezin bilakatzen dira prestakuntzarik onena duten indar armatuen aurrean”.
Twitter bidez #DonostiaPeace etiketarekin jarrai daiteke konferentzia.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks