“Euskararen aldeko mugimendua ezagutzea senide batekin topo egitea bezala izan da”
“Zertarako lorpen guztiak, hizkuntzarekin batera nortasuna galtzen badugu?”. César Pilataxi kitxuaren gogoetak zabaltzen du Beltzean Mintzo: Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz dokumentala. Zer ari da gertatzen Atlantikoaren bestaldean? Euskaldunon esperientziak nola lagun dezake prozesu horretan? Garabide elkarteak gaia mahai gainean jarri nahi izan du lan honekin.
Garabideren Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak masterra egitera Euskal Herrira etorritako hainbat kide dira protagonista. 45 minututan ondorengo hizkuntza komunitateak ordezkatzen dituzte: Kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek.
Dokumentalaren lehen partean, hitz ezberdinekin, egoeraren gordina azaltzen dute. “Transmisioa moztu egin da”. “Atzerapenaren sinbolo bilakatu dituzte bertako hizkuntzak”. “Kitxua berehalako galeran sartu da”. “Gurasoek haurrei beren hizkuntza erakusteari utzi diote”. “Beldurra daukagu”. “Ardura”…
Gaztelania eta portugesa jaun eta jabe diren Hego Amerika eta Ertamerikan, ehunka hizkuntza hitz egiten dira. Dokumentalak zazpi handienak jaso ditu, denen artean 15 milioitik gora pertsonaren mundu ikuskera ordezkatuz. Eta hauen egoera hain da larria, ikusleari burura galdera tristea etortzen zaio: nola ote daude gainontzeko ehunka hizkuntza eta milioika hiztunak?
Hizkuntza da kulturaren ardatza
“Maiaz dena da atseginago”. “Ketxua hizkuntza gure bizimodua da”. “Itzuli ezin diren hitzak dauzkagu hizkuntza guztietan, eta itzulita ez dute esanahi edo karga bera”.
Dokumentalean aipatzen ez badituzte ere, gaztelaniaren izenenean mendeetan egindako zigor eta mota guztietako umiliazioek izan dute eraginik herri hauek hizkuntza beren kulturaren ardatz nagusitik ateratzeko.
“Nasa herriak lurraldearen defentsan oinarritu du kultura azken urteetan, eta hizkuntza bigarren mailan geratu da”, dio Viviana Gonzálezek. Errituak, egutegi propioak, musika, tradizioak… mantentzen dituzte orokorrean denek, baina ados daude, mundu ikuskera propioa hizkuntzak ematen du. “Askotan ikusten dugu geure hizkuntzari buruz kolonizatzailearen hizkuntzan aritzen garela”, dio penatuta Marisol Cabrera aimarak.
Lan ildoak identifikatu eta ekin
Diagnosi ilunetik, ordea, lan esparruetara igarotzen dira. Asko dago egiteko: Hezkuntza sistemak garatu, hizkuntzak modernizatu, alfabetoa bateratu nahuatlen kasuan, hizkuntzak teknologia berrietara egokitu, herri ekimeneko hedabideak sortu, erakundeetan hizkuntzaren aldeko jarrerak indartu… “Mundua gure hizkuntzan bizitzeko baliabideak jarri”. Eta kontzientziak piztu. Harrotasuna transmititu.
“Ikaragarri gustatuko litzaidake maiaz bizitzea. Esnatzen naizenetik, gure hizkuntzan egunkari bat izan, telebista ikusi, haurra bere hizkuntzan heziko duten eskolara bidali… eta batez ere, maia hiztunek ez dezatela beren buruaren penarik sentitu”.
Garabideko kide batek kontatuta, Mexikoko 60 bat nahuatl herritarrekin dokumental honen aurre proiekzioa hunkigarria izan zen, asko negarrari eutsi ezinik egon ziren lana amaitu bitartean. Euskaldunok bezala mendeetan jasandako kultura zapalkuntza zauri sakona da herri askorentzat.
Euskararen herria senide
“Munduari erakutsi diozue posible dela hizkuntza bat berreskuratzea”. “Inspirazio ederra”. “Euskara oso erreferente garrantzitsua da”. “Miresmena eragiten didate euskaldunek. Ausartak izateaz gain, bisioa izan dute”. Ahizpa, arreba edo anaia handia.
“Niretzat, kitxua honentzat, euskararen herria ezagutzea, familiarekin topo egitea bezala izan da”. Beren burua islatua ikus dezaketen herri bat deskubritu dutela nabarmantzen dute dokumentalean hainbatetan. Euskaldunon eta herrion antzeko mundu ikuskera nabarmentzen dute. “Kosmobisioa”.
“Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ez dutelako ikasten, dakitenek ez dutelako hitz egiten baizik; baieztapen horrek barru-barruan ukitu nau”. “Euskaldunok zirrikitua ireki diguzue. Azken 50 urteotako borroka eredua da guretzat”. “Euskal Herrian egon ostean, nire izaera kitxua indartuta noa, zuen laguntzarekin bidea egingo dugu”.
Munduko 7.000 hizkuntzetatik erdia mende honetan desagertuko dela diote aditu batzuek. Denok penatzen gaitu albisteak, eta zientzialariak batean eta bestean desagertzear dauden hizkuntzen azken arrastoak erregistratzen ari dira. Inor gutxi ari da baina hizkuntzen arteko berreskuratze teknika horizontalak eraikitzen. Komunitate ezberdinetako gizarte zibilen artean zubiak eraikitzen. Herri gutxietsiak ahalduntzen. Garabideko kideek beren buruari eman dioten funtzioa da.
Herri indigenek milaka urtetan garatu dituzten kultura eta hizkuntzak bazterrean utz al daitezke? Hori al da lankidetza? Euskaldunok, umiltasunetik, metatutako esperientzia partekatzeko ardura daukagula uste du Jon Sarasua zuzendariak.
Eta emaitzak ematen hasi da. Bi aipatzearren, Ekuadorren hizkuntzen legearen aurreproiektua atera dute, haiek aitortuta Euskal Herriko esperientziak eraginda. Kolonbian “Luuçx Lesxkwe” izeneko eta nasa hizkuntzan funtzionatzen duen lehen “ikastola” sortu zuten orain bi urte. Ordutik gora doa bertara bidaltzen dituzten haur kopurua.
Ez direla 18 pertsona diote, beren hizkuntza galdu nahi ez duten 18 herri baizik. “30-35 urte barru itzuliko gara esateko: ‘Begira, gure haurrak beren hizkuntzan ikasten ari dira, hauek dira zuek irakatsi zenigutenaren fruituak’”. Hizkuntzaren alde lan egitea Justiziaren alde lan egitea dela uste dute.
“Euskara korapilo unibertsal bateko kide da, eta hizkuntza komunitate gisa, funtzio bat bete dezakegu”, hartu du hitza Sarasuak dokumentala amaitzean. Asteartean aurkeztu dute Andoainen eta proiekzioak antolatzen ari dira leku gehiagotan. Dagoeneko lotu dituzte martxoan hainbat herritan: Eskoriatza, Oiartzun, Durango, Azkoitia eta Otxandio. Beren webgunean informazio gehiago.
Euskara munduan kokatzeko gure etxea izateaz gain, beste hizkuntza minorizatu batzuen paisaiara irekitako leihoa ere badela diote Garabidetik. Inongo harrokeriarik gabe, gu geu ahalduntzeko eta hizkuntzaren alorrean lanean jarraitzeko beste arrazoi bat.
ARGIAn Garabidek ekarritako herritarrekin elkarrizketak:
Sacha Rosero: “Kitxua biziberritzea posible dela ikusi dugu Katalunian eta Euskal Herrian”
Veronica Yuquilema: “Hirian herri indigena aldarrikatzen ari gara”
Bonifacio Iturbide: “Izugarrizko menderakuntza jasaten ari gara eta geldirik gaude”
Javier López Sánchez: “Mexikok hizkuntza dibertsitatea duela onartzen hasi dira mexikarrak”
Pedro Viegas Barros: “Don Blasen ilusiorik handiena hizketa laguna aurkitzea da”
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks