Iruñeko herri harresiaren jarraipena
01:50 Eleak mugimenduko Zigor Olabarriak Info7 irratian gogorarazi du “292 euskal herritar daudela epaiketa zain. Hau da bidea, Askegune gehiago eraikiko ditugu”.
01:30 Sirena jo dute eta herri harresia osatu. Poliziak banaka atera ditu besoa elkarri lotuta zeuden harresiko pertsonak eta sei minutuan eraman du Luis Goñi atxilotuta. Ondoren, herritarrek poliziari atzetik jarraitu diote “ez gaituzue geldituko”, eta “Luis herria zurekin” lemak oihukatuz. Bi aldiz kargatu du poliziak eta bietan herritarrak lurrean eseri dira eskuak altxata. Zauritutako pertsonak izan dira. (bideoa: Lander Arbelaitz).
00:45 Jendea pixkana lo hartzen ari da eta isiltasuna gailentzen.
00:15 Hau da panorama. Batzuk berriketan, beste batzuk erdi lo.
^^Hemendik gora astelehena, urriak 14^^
23:50 Jendea etzanda, giro lasai dago AskeGunean.
23:20 Mikrofonotik esan dute adi egoteko, mugimenduak somatu dituztela eta polizia etor litekeela.
22:45 Lotara joateko prestatzen hasi dira. Lurrean moketak jarri dituzte jende asko baitago esterillarik gabe etorria. Entsaioa egin dute, polizia etortzean sirena hotsa jarriko dute eta simulakroa egin dute. Honako itxura izango du Iruñeko herri harresiak.
21:00 Larraindantza Askegunean. Jendea giro onean.
20:30 AskeGunean lo egitea planteatzen dutela adierazi dute mikrofonotik. Hainbat lan banatu dituzte, janaria prestatzeko gunea, propaganda gunea eta azpiegitura besteren artean. Iruñeko jendeari mantak eta lotarako zakuak ekartzeko eskatu zaie.
19:25 Luis Goñik adierazi du ahalik eta luzaroen eutsiko diotela Nabarreria plazan (bideoa: Lander Arbelaitz).
16:00 Giroa erlaxatu da eta jendea luze irauteko prestatzen hasi da. Kultur eragileei dei egin zaie bakoitzak bere harria jar dezan, eta harresia zena Askegune bihurtu da. Sare sozialetan oihartzun zabala lortu dute eta Espainiako estatuko TT bihurtu dira #HerriHarresia eta #FreeGoñi.
15:28 Luis Goñirekin hitz egin berri. Oso lasai dago. Eguna iristeko gogoa ere bazuela dio. Oso eskertuta dago.
15:24 Sasoia pentsionisten elkarteko Patxi Erdozain Info7 irratian: “Giro beroa dago, indar handia batu da, nahiz badakigun poliziak inguruko kaleak hartuta daukala. Hemen gaude gu ere, interes handia dugu egoera aldatu dadin, gaztedia babestu nahi dugu eta estatu euskalduna sortu. Gaztedia da etorkizuna, eta pozgarria da gaurkoa ikustea: gu falta garenean ere Euskal Herriak zutik jarraituko du”.
15:21 EHBilduko Nafarroako ordezkariak harresi inguruan.
15:16 Luis Goñiren hitzak (bideoa: Lander Arbelaitz).
15:00 Luis Goñiren adierazpenak Info7 irratian: “Oso pozik nago babesten zenbat jende dagoen ikusita. Ez dut hitzik jendeak hartu duen konpromisoa deskribatzeko. Carmen Alba ez da nire gainetik pasa behar, hemen dauden denen gainetik baizik, eta asko gara. Eskerrak eman nahi dizkiot konpromisorako pausoa eman duen jende horri, eta azpimarratu beste biderik ez dagoela, desobedientziaz libre izango garela”.
14:52 Herri Harresiaren irudiak goitik (bideoa: AskeGunea)
14:45 Luis Goñi gaztea. Laranjaz jantzitako jendearen artean berdez nabarmenduta.
14:41 Lehen lerroan dagoen jendea elkar kateatu da. Bi adinekok oihua harrotasunez: “Aya jóvenes tenemos”.
14:30 Luis Goñi agertu da Nabarreria plazara eta Herri Harresia eraiki da bere inguruan.
14:00 Goizeko martxaren laburpena (bideoa: topatu.info)
13:30 Jendetza manifestazio amaieran. Herri harresiak sortzen jarraituko dutela esan dute bozgorailutik. “Euskal gazteria aurrera!” ohiuak entzun dira. Jendea sakabanatzen joan da pixkanaka. Tentsioa sumatzen da, polizia kale kantoi guztietan baitago.
13:20 Tentsioa gora doa. Gaztelu plazako sarrerak poliziek hartuta dituzte eta geroz eta agente gehiago datoz. “Alde hemendik, utzi bakean” oihuak.
13:15 Desobedientzia martxa (bideoa: Lander Arbelaitz).
13:00 Manifestazioa orokorrean isilean doa. Noizean behin #HerriHarresia aurrera! ohiuak entzuten dira. Tentsioa nabari da.
12:00 Manifestazioa hasi da Golemdik.
Carmen Alba espainiako gobernuak Nafarroan duen ordezkariak adierazi du poliziak Goñi atxilotuko duela “manifestazioaren aurretik, manifestazioan zehar edo ondoren”. Manifestaziora joandako herritar ugarik Goñi babesteko herri harresia osa lezakete arratsaldean.
Blog honetan gertaeren kontakizuna egiten joango gara Iruñeatik bertatik.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks