Lazzaretto vecchio
Hasiera » Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio

Legaireko tornadoa edo kürübiloa

2021-01-03  //  bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain, Koldo Goitia  //  Iruzkinik ez

Legaireko tornadoa edo kürübiloa

Legaireko zuhaitzak: tornadoak etzanak

 

Oh, Legaireko basoak!

Tornadoa heldu da

ohartaraztera.

Haize bihurri-bihurri hori.

Haize kiribil hori.

Zuhaitzak hausten dituen hori:

“Ez zabiltzate ongi!”

“Ez zarete ongi ari!”

————————–

Tornade: bahümet, kürübilo (junes casenave-harigile francais-eüskara hiztegia)

 

Tornade: tornado – orrona (BL) [ nola erran hiztegia]

Gure trena: aditzaile onari hitz guti.       (klima-aldaketa)      Marrazkia: Koldo Goitia Ormazabal

Tempus fugit

Euskal baleontzia (XVI. mendea)                                                            Egur-taila: Pruden Bastarrika

 

Oh, itsas-portua

Oh,

Arrantzaleen babeslekua.

Urak handi dira.

Urak handi dira.

Gero eta handiago.

 

bAst 2020               

Behatzen                                                                                   Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

 

SUA TA TXIMELETA

 

Egan dabil tximeleta,

ziru-zira;

su-mingain bati

begira.

Aizeak txiru-liru

gar argira.

Kontu, tximeletatxo,

jira-bira!

Zer zenduke egatxoak

erreko balira?

 

Itxu dabil tximeleta,

ziru-zira;

su gorriak jo dio

begira.

Bein da berriz, txoraxka,

gar argira

joanaz, ega ariñak

jira-bira,

su-mingain gorri artan

galdu dira.

 

Ikusi ta ikutu,

ikusi ta txoratu;

amaika gizon

jolas orretan

munduan dira

ondatu.

 

 

Nemesio Etxaniz 1967

Lur berri billa

 

Gure etxea                                                                                                                                                               bAst 2020

 

“Gure etxea sutan dago”

(Greta Thumberg)

Kristal hauskorraren ederra                                                            Mary Franco

 

Askoz hobeki egin dezakegu!

Lapitz-txartelak                                                                                                              Koldo Goitia 2020

 

Gauak zaindutako arrosak

Gauak zaindutako arrosak irekitzen baitira lurrean,
leihopean, armairu txikietan,
agurrezko hitzak bailiran.
Eta bihotzak, oso hauskorra den txori hori,
infinituaren ilusioa galtzen du.
Azkenean nekeak bereganatu gaitu,
ez dakigu nola igaro trena
atera arteko denbora luzea.

Garai batean ezagunak zitzaizkigun
lekuak orain erabat arrotz agertzen zaizkigu,
eta gustukoak genituen ametsei uko egin beharra.
Libre izaten ez dakigulako gorrotatzen gaitu haizeak.
Bizitza laburra da ekintza guztietan.

Agian maite dugu, agian asko maite dugu,
baina gure amodioa, horrela izenda badezakegu,
ezer ez idatzita dagoen liburu bateko aurkibidea da.

Gure izan zen hura guztia.
Oi errege baino areago eskale!
Gero dator denboren ura, mantso.

Agian maite dugu, agian asko maite dugu,
baina gure amodioa, horrela izenda badezakegu,
ezer ez idatzita dagoen liburu bateko aurkibidea da.

Eta bularreko sua itzaltzen digu,
maite nauzun istant honetako edertasuna aldendu.

 

Gauak zaindutako arrosak

(Gontzal Mendibil)

Niger

2020-12-26  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Niger ibaiertzeko ipuinak

 

Arrantzaleak Batik hausa (Jose Manuel Pedrosaren bilduma)

Niger ibaiertzeko ipuin xarmangarriak

  

Zergatik daude orbanak ilargian? (I)

Aspaldi-aspaldian bazen familia bat, aita, ama eta bi seme-alaba. Seme zaharrenak Eki zuen izena, eta arrebatxoak Ilargi.

Egunero joaten zen familia hura bere artaxehe sorora, oso urrun zegoen bizi ziren herritik. Oso goiz ateratzen ziren egunero eta arratsean itzultzen ziren. Herria eta soroaren artean zegoen bidean bazen putzu bat. Eta, etxeranzkoan, egun osoan gogor lan egin ostean, familiak putzu horretan geratu eta atseden hartzen zuen; ura edan, eta ondoren, banan-banan, ura ateratzen zuten balde batean dutxatzeko.

 

Egun batean, gainerako egunetan gerta ohi zen bezala, emakumeak ura atera zuen putzutik, bete zuen bere baldea, aldendu zen pixka bat senarra eta seme-alabak zeuden tokitik, eta ezkutatu zen sastraka batzuen atzean garbitzeko. Egun hartan, zeregin hartan hasi aurretik, arropa urrun samar utzia zuen, urak zipriztindu eta busti ez zezan. Baina guztiz biluzik dutxatzen ari zenean, ikusi zuen bere aurrean gizon batzuk zetozela zaldi banatan putzurantz. Ezin izango zuen eragotzi jaun haiek bera biluzik ikustea, hara hurreratu orduko.

 

Hala, emakumeak garbitu azkar bat egin zuen. Baina, zaldunak nola txit hur baitzeuden, ezin zuen sastraken atzean bere burua gorde, arropa jaso eta janzteko. Horregatik, bozgoran deitu zion bere alaba Ilargiri, eta esan zion:

–Ilargi! Ilargi! Ekarri iezadan berehala ene arropa, jaun horiek ni biluzik ikusi aitzin!

Baina alaba Ilargik ez zuen nahi izan arropa amari eraman. Amak bere seme Ekiri deitu zion:

–Eki! Eki! Ekar iezadak berehala ene arropa, jaun horiek ni biluzik ikusi aitzin!

Eki altxa zen eta lasterka eraman zion arropa amari. Ama hagitz haserretu zen bere alaba Ilargi esanekoa izan ez zelako.

 

Orduan, hura zigortzeko, gerturatu zitzaion eta baldean geratzen zitzaion ur parrastada bota zion, egundoko errieta egiten zion aldi berean. Eta Ilargi, amak gainera bota zion ur haren eraginez, bustita geratu zen eta orban batzuk geratu zitzaizkion betiko, sekula lehortzen ez zirenak, helburutzat baitzuten seme-alaba guztiei oroitaraztea, ez dagoela ongi gurasoak ez aintzat hartzea, eta ume batek gurasoen esana egiten ez badu, betiko jasan ditzakeela esana ez egitearen ondorioak.

 

Egun hartatik orbanak daude ilargian.

 

Salmou Hima, djerma etniakoa, 52 urtekoa, Niamey-ko biztanlea, 2002an telefonoz elkarrizketatua.

bAst 2020

Zergatik daude orbanak ilargian? (II)

Ilargiko orbanek atso bat irudikatzen dute, estera bat txirikordatzen ari dena kongu* landarea erabiliz, djerma-songay emakume adintsuek egin ohi duten gisan, egunez edo ilargitan.

Kongu*= afrikar sabanako landarea, zeinaren hostoekin zerriak edo esterak egiten diren.

Safiatou Amadou

 

Sugea eta ortzadarra

Ortzadarra suge-genio bat da, bizi dena putzu lehor batean, galdua sabanako zokoren batean. Zerua lainoz betetzen denean, irteten du gordelekutik eta zerura igotzen du euri ura edatera.

Horregatik, euriak diren sasoian, djerma-songay jendeak ortzadarra zeruan ikusten duenean, etsirik egoten da, sinesten baitu egun horretan ez dela euririk izanen, edo atertu eginen duela (euria hasia badu), suge-genioak beti edaten duelako euria, zeruan agertu bezain laster.

Safiatou Amadou

Niger ibaiertzeko ipuinak

2020-12-26  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Niger ibaiertzeko ipuinak

 

Arrantzaleak Batik hausa (Jose Manuel Pedrosaren bilduma)

Niger ibaiertzeko ipuin xarmangarriak

  

Zergatik daude orbanak ilargian? (I)

Aspaldi-aspaldian bazen familia bat, aita, ama eta bi seme-alaba. Seme zaharrenak Eki zuen izena, eta arrebatxoak Ilargi.

Egunero joaten zen familia hura bere artaxehe sorora, oso urrun zegoen bizi ziren herritik. Oso goiz ateratzen ziren egunero eta arratsean itzultzen ziren. Herria eta soroaren artean zegoen bidean bazen putzu bat. Eta, etxeranzkoan, egun osoan gogor lan egin ostean, familiak putzu horretan geratu eta atseden hartzen zuen; ura edan, eta ondoren, banan-banan, ura ateratzen zuten balde batean dutxatzeko.

 

Egun batean, gainerako egunetan gerta ohi zen bezala, emakumeak ura atera zuen putzutik, bete zuen bere baldea, aldendu zen pixka bat senarra eta seme-alabak zeuden tokitik, eta ezkutatu zen sastraka batzuen atzean garbitzeko. Egun hartan, zeregin hartan hasi aurretik, arropa urrun samar utzia zuen, urak zipriztindu eta busti ez zezan. Baina guztiz biluzik dutxatzen ari zenean, ikusi zuen bere aurrean gizon batzuk zetozela zaldi banatan putzurantz. Ezin izango zuen eragotzi jaun haiek bera biluzik ikustea, hara hurreratu orduko.

 

Hala, emakumeak garbitu azkar bat egin zuen. Baina, zaldunak nola txit hur baitzeuden, ezin zuen sastraken atzean bere burua gorde, arropa jaso eta janzteko. Horregatik, bozgoran deitu zion bere alaba Ilargiri, eta esan zion:

–Ilargi! Ilargi! Ekarri iezadan berehala ene arropa, jaun horiek ni biluzik ikusi aitzin!

Baina alaba Ilargik ez zuen nahi izan arropa amari eraman. Amak bere seme Ekiri deitu zion:

–Eki! Eki! Ekar iezadak berehala ene arropa, jaun horiek ni biluzik ikusi aitzin!

Eki altxa zen eta lasterka eraman zion arropa amari. Ama hagitz haserretu zen bere alaba Ilargi esanekoa izan ez zelako.

 

Orduan, hura zigortzeko, gerturatu zitzaion eta baldean geratzen zitzaion ur parrasta bota zion, egundoko errieta egiten zion aldi berean. Eta Ilargi, amak gainera bota zion ur haren eraginez, bustita geratu zen eta orban batzuk geratu zitzaizkion betiko, sekula lehortzen ez zirenak, helburutzat baitzuten seme-alaba guztiei oroitaraztea, ez dagoela ongi gurasoak ez aintzat hartzea, eta ume batek gurasoen esana egiten ez badu, betiko jasan ditzakeela esana ez egitearen ondorioak.

 

Egun hartatik orbanak daude ilargian.

 

Salmou Hima, djerma etniakoa, 52 urtekoa, Niamey-ko biztanlea, 2002an telefonoz elkarrizketatua.

bAst 2020

Zergatik daude orbanak ilargian? (II)

Ilargiko orbanek atso bat irudikatzen dute, estera bat txirikordatzen ari dena kongu* landarea erabiliz, djerma-songay emakume adintsuek egin ohi duten gisan, egunez edo ilargitan.

Kongu*= afrikar sabanako landarea, zeinaren hostoekin zerriak edo esterak egiten diren.

Safiatou Amadou

 

Sugea eta ortzadarra

Ortzadarra suge-genio bat da, bizi dena putzu lehor batean, galdua sabanako zokoren batean. Zerua lainoz betetzen denean, irteten du gordelekutik eta zerura igotzen du euri ura edatera.

Horregatik, euriak diren sasoian, djerma-songay jendeak ortzadarra zeruan ikusten duenean, etsirik egoten da, sinesten baitu egun horretan ez dela euririk izanen, edo atertu eginen duela (euria hasia badu), suge-genioak beti edaten duelako euria, zeruan agertu bezain laster.

Safiatou Amadou

Bizitzea usadio hauskorra da

2020-12-12  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Bizitzea usadio hauskorra da

Disoluzio agiriak liburutik

ALDAKETAK DATOZ MUNDURA

 

 

Mahaiaren inguruko solasak diost

hitzez eskas nabilela

ez dakidala gorritzen ari diren hostoen izenik

ibai sutuaren azalean zure poza igaro dela

distiratsu bai

baina gertu eta eskuragaitz:

beste poesia molde bat behar du une honek

herri honek

eta ez daukat nik

jada ez dago hemen

dena mintzo da baina

nire aldiaren seinaleak ez ditut barrundatzen

 

erraz dakar txingor ale batek hurrengoa

bestelako ekonomia eredua

maitasunak makinen urtarora

edo oihan itsu batera naramala

aurreikus nezake:

behartzen denarentzat

familia jada ez da aterpe segurua

—hain gutxi estatua—

ixten diren ateen danbatekoak

zuri eta niri zer

inor kanpoan edo barruan uztea

berdintsu bazaigu

 

oinezkoen eta auto gidarien artean trabaturik

egungo argitasunak ez daki

ez biharkoaren promesarik dakarren

ez itxaropena urtu egingo den azkenean:

bizitzea usadio hauskorra da

 

herri honek

bestelako zuhaitzak eta ilunabarrak behar ditu

bestelako hitzarmen moduak

bestelako lantegiak eta armak

bestelako itsaso bat

denbora neurtzeko beste kristal batzuk

—salbaziorik egundo aginduko ez duten orenez—

bestelako hortzak

bestelako istripuak eta poetak

hildakoen batzarretan denbora larregi

emana dut aspaldi

 

aldi honek

bere mendearen

bere klasearen

bere emetasun berrituaren mintzoa behar du

beldarrak

lupua eta

txoriak bezala

bere aroaren ekintzak

jaulkitzeko prest den

justizia poetiko bat

jainkorik gabeko zazpi eguneko disoluzioan

 

 

hil dira

arrosaz eginiko hesiak

esku epelik gabe

hil dira

ene gerrateko zaldiak

zaldunik gabe

hil dira ametsak

orain denbora kristalezkoa da

 

w 1987

Musika: Bide Ertzean

 

 

 

 

 

 

 

 

Omar Jayyam: bozkario eta amorrurik gabe

2020-12-09  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Omar Jayyam: bozkario eta amorrurik gabe

 

 

Ez nion bizitza inori eskatu. Ahaleginak egiten ditut onartzen, bozkario eta amorrurik gabe, bizitzak eskaintzen duen oro. Eta aldamenekoari nire mundualdi bitxi honetaz galdetu gabe alde egingo dut hemendik.

Omar Khayyam.

Platera, Neishabur. Iran, IX-X. gizaldia.

 

X

 

Zein gutxi den maitatzen ez dakien bihotza,

maitasunez horditu ezin dena! Ez baduzu maitatzen,

nola esplika dezakezu eguzkiaren argi itsugarria

eta ilargiak dakarren argitasunik sotilena?

 

 

XVII

 

Udaberriko brisak arrosen gorputza freskatzen du.

Eta lorategiko itzal urdinxkak ere freskatzen du

ene maitearen gorputza. Gozatzen ari garen

orotasunaren gainetik, gure iragana ahanzten dut.

Hain baita erakargarria Orainaren fereka!

 

Neyshabur da Omar Jayyam olerkariaren jaioterria.

 

XXI

Noiz jaio nintzen? Noiz hilko naiz? Inork ez du

gogoan jaio zen eguna eta ezin du inork aurrez

jakin heriotzarena. Zatoz, ene maite otzana !

Horditasunean nahi dut ahantzi gure ezjakintasunaren samina.

 

XLIII

Edan ezazu zeure ardoa! Bizitza eternala

erdietsiko duzu. Ardoa da gaztetasuna berpiztuko

dizun gauza bakarra. Arrosen, ardoaren eta lagun

onen garai zorionekoa!

Zure bizitza den une iheskor horrekintxe goza ezazu!

Neishabur

 

LIV

Lorategi bat, neskato zinbel bat, txarro bat

ardo, ene desira eta ene samintasuna: hona

hemen nire Paradisu eta Infernua. Baina nork

ditu ibiliak Paradisua eta Infernua?

 

LXXXII

Esaten didate: “Khayyam, utziok edateari!”

Eta nik erantzuten dut: “Edaten dudanean arrosak,

tulipak eta jasminak entzuten ditut. Entzuten dut,

baita ere, nire maiteak ezin esan diezadakeena”.

 

Neishaburko zeramika, X. gizaldia.

 

Kayaam planetarioa

 

Matematikari eta astronomoa, poeta izateaz gainera, bere garaian aski ezaguna izan zen egin zituen aurkikuntza zientifikoei esker. Bera izan zen astronomoen artetik Isfahaneko behatokia eraikitzeko sultanak aukeratu zuenetako bat. Hura izan zen bere Izar Etxea. Mekara ere egin zuen joan-etorria eta ondoren ez zen Nishapurretik mugitu. Gizon argia eta oso azkarra, maisu bilakatu zen filosofia, jurisprudentzia, historia, matematika, medikuntza eta astronomia zientzietan. Zoritxarrez, idazki horietatik oso gutxi iritsi zaizkigu (horien artean metafisikaz idazki batzuk eta Euklidesi buruzko tratatu bat). 1131. urtean hil zen eta Nishapur jaioterrian du hilobia.

Hitzaurrea (J. Iturralde)

 

CII

Hiltzen naizenean, nirekin hilko dira arrosak, zipresak, ezpain gorriak eta ardo lurrinduna.

Ez da orduan izango goiz-argirik ezta iluntzerik ere, ez penarik ezta pozik ere.

Mundua ez da existituko orduan.

Mundua gogoaren arabera baizik ez da benetakoa.

 

Olerki hauek guztiak Joxe Mari Iturraldek

eman ditu euskaraz, hiru hizkuntzatako itzulpenak aintzat hartuta.

Hitzaurrean hala dio:

[…]

Mila urte igarota ere, Omar Khayyamen kezka guztiak, haren zalantza eta larritasunak oro, haren poz, alaitasun eta gozamenak, gure-gureak ditugu gaur egun. Garai hartako lurrin zantzua iritsi zaigu nolabait poema eder eta zoragarri hauen bitartez, eta orain, irakurtzen eta dastatzen ditugun une honetan, ohartzen gara literatura dela mundu honetan gizakiak sortu duen gauzarik paregabeenetakoa, Omar Khayyam sortzaile bikain eta aparta gure ondoan adiskide kutun gisa eser dadin uzten digulako. Bere ahoa gure belarriraino inguratu du eta hasi zaigu bere jakinduria poetikoa, apaltasunez, xuxurlatzen: “Begira! Entzun! Brisaren eraginez arrosa dardari…”

 

Margo ariketen gara(i)pena & Idurreren zoriona

2020-12-05  //  bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain  //  Iruzkinik ez

Abiadura                                                                               Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

astiro                                      hiztegi batua

adb. Behar adina asti hartuz. Ik. geldiro. Astiro hitz eginez. Arazoaren alde guztiak astiro aztertu ondoren. Astiroago egin.

astiro-astiro adb. astiro-ren indargarria. Ik. poliki-poliki; mantso-mantso. Honela, denborak, astiro-astiro, gauza guztiak bistara ateratzen ditu eta arrazoiak argitan ipintzen. Astiro-astiro aurreratzen dira.

Ariketa (1)                                                                                                          mikelbAst 2020

  

bizileku                                           hiztegi batua

1 iz. Norbait bizi den lekua edo etxea. Ik. bizitoki; egoitza. Kanaan-en bizilekua hartu zuten. Hiri hura bizilekutzat hartu zuen. Ezkontzak, biziera ez ezik, bizilekua ere aldarazi zion. Lurra beren bizileku bakartzat dutenak. Gesen-en beren bizilekuak egin eta bizi izan ziren. Mundu urduri eta aldakor horretan aurkitu behar dugu bizilekua, biziko bagara. Hilobiak bizilekuen aldamenean eraikitzen zituzten. Jana, edana, bizilekua, soldata.

2 iz. Irud. Bergarako irakastegia jaso zuten, jakite berriaren bizileku izan zedin.

 

Ariketa (2)                                                                                                                       mikelbAst 2020

 

Ez badugu onartzen energia gutxiagorekin bizi behar dugula, are gehiago suntsituko ditugu beharrezko ditugun ekosistemak.

[…]

Garapenaren mitoa ideologema kaltegarrienetako bat da, behar ditugun aldaketa sakonak egiteko muga handi bat. Zentzu horretan, garapenaren erabat aurkakoak izan beharko genuke.

[…]

Uste dut hiru eremutan errotu behar dugula. Lehenik, oso zaila da hain etorkizun gogorrari aurre egitea; ezin gara bakarrik gelditu arazo hauei erantzuteko garaian, erraz etsi baitezakegu. Bigarrenik, mendeetan barrena sortu ditugun baliabide kulturalak erabili: poesia, arteak, filosofia, pentsamendua, zientzia… Azkenik, espiritualitatea ere kontuan hartu behar dugu gogoetarako, laikoa bada ere; zentzu horretan, egotik edo ni-tik aldendu, eta gainerako izakiekin dugun loturaz jabetzeko.

 

 

Jorge Riechmann (idazle ekologista)

Berria

 

Ariketa (3)                                                                                                                     mikelbAst 2020

 

garapen iraunkor                       hiztegi batua

Hurrengo belaunaldien beharrak asetzeko aukerak arriskuan jarri gabe, uneko belaunaldien beharrak asetzen dituen garapen ekonomiko eta soziala. Ik. garapen jasangarri.

Ariketa (4)                                                                                                                   mikelbAst 2020

Ariketa (4)                                                                                                                             mikelbAst 2020

 

hazi1, haz, hazten                                    hiztegi batua

1 du ad. Haur edo animalia jaioberriak elikatu eta zaindu; haurra elikatu, zaindu eta hezi heldutasunera iritsi arte. Umea hazten ari den emakumeak ez du barau egin behar. Hazi zaitut neure ugatz garbiaz. Haurrak ongi hazi eta hezi. Bere izebak hazi zuen. Haz gaitzala eta eman diezagula behar dugun mantenua. Baserrian hazitako mutila. Sendi abertzalea hazi duten gurasoak. Erdaraz hazi zutelako. Gaizki hazitako umea. Umeak zerurako haz ditzaten. || Esr. zah.: Haurrak hazi, nekeak hasi. Otsoa haz nezan [=hazi nuen], berak jan nenzan [=jan ninduen].

2 du ad. Irud. Landuko duk lurra eta lurrak haziko hau. Egia da artoak mutil morroskoak hazten dituela. Peru jatorra, Basarteko Unibertsitatean ikasia, mendiak hazi eta basoak hezia.

3 du ad. Animaliak elikatu eta zaindu, bereziki bizibidez edo helburu jakin batekin. Behiak hazten ditu. Artalez hazitako oiloa. Txerri bat hartu zuen hazteko, urte guztiko koipetarako. Orduan, nagusiaren artaldearen aldean, zenbait ardi hazi zituen.

4 du ad. (Landareez mintzatuz). Lur ondo landuan hazitako artoa. Mota askotako barazkiak hazten ditu bere baratzean.

5 da ad. Izaki bizidun bat ezarian-ezarian handituz joan. Hazten eta handitzen garenean, gure bizia txikitzen eta laburtzen da. Arin hazten den landarea. Asko hazi da zure haurra. Hamar zentimetro hazi. Haziko dira berriak. Garunak behar bezala hazi ez zitzaizkidalako. || Bizarra hazten utzi du.

Elorrixa                                                                                          Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

Adierazpen askatasunik ez (sprachkritik)

 

Salgai naukagu. Asko gustatzen hatzaizue. Gero-eta gehiago hurbiltzen ari natzaigu eta elkarrekin egoten erakusten ari gatzaizkit. Pixka-pixkat maite hauzue eta, era berean, maite zaituztek. Hondamendira garamatzat. Marrubi mordo bat ekarri nizkigun. Oheraino eraman gaitzadala. Erruki zakizkiate.

Zergatik ez didagu uzten nahi dudana esaten?

 

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo

Iñaki Segurola

Olatu/Uhin: hamaika ikusteko                                       Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

Ikerlan honi zergatik lotu nintzaion azaltzean, bihotzari edo dena delako errai horiei doazkienak nituzke aipagai. Euskaldun “terminal”en lurralde batean sortu izanak badu zerikusirik hortan; izan ere, Axular ttipi batzuk izan gabe, bagenekien, gure auzunean, Lapatzako hamar baserrietan eta sei etxetarik hirutan euskaldun jenderik bazela: gurean gurasoak, bestetan aiton-amonak, izeko-osabak. Denboraz ohartu nintzen orduko euskara bastart hura, erdalkeriez josia, abantzu verborik gabea, lagun askorena zela, euskara galduz eta ahantziz zihoan jendearena.

 

(…)

Lan honetan azken bi mendeetako euskaldungoaren higatze, gutitze eta galtzearen prozesua ikertzen da. Bi lerrotan, letratu eta ez-letratuen baitan.

 

14.or. (aitzakisolasa)

Euskaldungoa erroizturik

Jose Maria Larrea Muxika

(in memoriam)

Hondarra ur-tantan                                                                Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

Errango nizuke inork ezin duela zu izan zuk baino hobeki. Gure bizitzaren erranahia gehiago dagoela egiten dugunaren menpe, gure bizitzaren zirkunstantzien menpe baino…. Konfiantza izan dezatela prozesuetan, ulertu ez arren… Bat batean, egun batean guztia ordenatzen da… Sinets dezatela euren buruagan. Ez dezatela menpetasunik izan ezerekiko eta inorekiko. Haiek direla euren bizitzaren jabeak, eta hala jokatu behar dutela, euren bizitzaren jabe izanik. Zoriona ez dagoela “maite zaitut” entzutearen pean,  ez-zoriona ez dela, zu maitatzeari uzten diotelako. Bikote bat hausten denean eta zailtasunak gainditu behar direnean, aitzi egin behar zaie, aurkakotasunari aurre egin behar zaio. Eta errango nieke altxa dezatela asfaltoa, azpian loreak daudela.

 

Raquel Perera

Psikologoa

Bizikleta                                                                                     Argazkia: Juan Luis Aizpuru Beristain

 

ZORIONA

Idurre Eskisabel (Goseak janak, 2019)

  

Merkataritza zentroan

gertatu zait errebelazioa

kosmetika bio, organiko eta ez-kutsatzailean

espezializatutako saltoki

berri eta zen-ean

begi ondoko zimurrak lisatzeko seruma

edo kokospeko okelak irmotzeko ukendua

zein lehenetsi

erabaki ezinik nabilela,

orduantxe ailegatu zait memea,

whatsappez,

eta argi ikusi dut Argia:

Zoriona

(eskuin zein ezkerreko politikarien

agindu programatikoa,

aberrigintzaren zutabe berria)

ez dute gaztetasunak eta edertasunak ematen

ezta diruz eros daitezkeen

gainerako zirtzilkeriek ere

Zoriona

ez baitu ezerk ematen

Zoriona

nigan baitago

Zoriona

neu bainaiz

ni

ni neu

 

Bentrilokuoaren panpinak

bezain arin errezitatu ditut

meme mandamentuak:

Zoriona da

daukadanaren gainetik ni naizen hau preziatzea

Zoriona da

trukean ezer jasotzeko asmorik gabe asko ematea

Zoriona da

unean unea bizitzea gerokoaz kezkatu gabe

Zoriona da

beldurrak, nahiak eta itxaropenak eranztea

 

Arima berriturik

abiatu naiz mundura,

aingurak itzulikatuta,

biluzik:

ez dut hartu ez begietarako serumik

ez kokosperako ukendurik

titiak teinkatzeko olioa bakarrik

—baina hori must bat da—

 

Errebelazioa lankideen

whatsapp taldera berbidali dut,

kuadrillakora,

eskolako amenera,

sindikatukora

 

eta Lucianari,

konketa ertza hobeto garbitzeko

mezuarekin batera

 

Zoriona

opa diet

 —————

Hain “proche” eta hain “lejos” Espagne

2020-12-02  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Hain proche eta hain lejos Espagne

Jacques Chena-ren “Espainia hain hurbil eta hain urrun” liburua

Sarako Idazleen Biltzarrean, joan den irailaren 6an, bere liburua sinatzen idoro genuen Jacques Chena Basanta idazlea. Adeitasunez hartu gintuen. Bere aita Joseren bizitza kontatzen du liburuan. Erbesteratu batena.

Madrilen hasten da XX. mende hasieran Jose-ren abentura, gazte-gaztetatik ordena ezarriari buru egin beharrean gertatu baitzen. 1936ko uztailean Espainiako gerra zibila hasi zen eta ondoren, Joserentzat, berrogei urteko borroka, sufrimena, jaioterritik urrun.

Ezagutu zuen, Espainiako gerrako galtzaileekin batera, erbeste luze mingarria Algerian.  Toussaint-en 1954an “gertatutakoen” eraginez, markatu baitzuten Algeriako gerraren hasiera, erabaki zuen dena saltzea eta Donibane Lohitzunen kokatzea, aberrira gerturatzeko.

 

Hau da liburuaren hasiera:

Saint-Jean-de-Luz, 1975

Enfin!!! Quarante ans que José attendait ce moment, quarante ans passés à échafauder ce que seraient ces instants de délivrance, quarante ans à attendre que le combat d’usure qu’il livrait au vieux dictateur prenne fin!

[Azkenean!!! Berrogei urte eman zituen Josek une haren zain, berrogei urte pasaturik askatze une hauek izango zirenak biltzen, berrogei urte itxaroten, diktadore zaharrari egindako higatze gudua buka zedin!]

 

Jose, emazte Simone eta semea, Jacques, Vizcayan 1966an.

 

  1. or.

[Gidatzeko baimena]

Goiz hartan, Jose itzarri zen, buruan asmo bat zuela: garaia heldua zen, berrogeita hamar urteak pasaturik, gidatzeko baimena aterako zuen. (…)

Bazetorren gidatzeko baimena ateratzeko azterketa eguna. (…)

  • Nik erran dizut lehena eskuin hartzeko- erran zion lehor inspektoreak.
  • De touta façon poco importa, on va a nulla parte –erantzun zuen Josek, kontraesan izpirik onartzen ez zuen tonu batekin.

 

  1. or.

[Berrogeita hamarreko hamarkada amaierako erotismoa]

Orduan, hirurogeiko hamarkada hasieran, espainiarrak erakartzen zituztenak ez ziren, ez, Nouvelle Vague-ko filmak, baizik eta “films de cul” izenekoak, eta orduan, Le Magic zineko egitaraua kontsultatu gabe, banekien Vizcayako terraza Bidasoaz bertzaldeko jendez betea ikusirik, film kiskil kokin baten proiekzioa programatua zela bederatziak eta laurdenetan.

 

  1. or.

[Extremadurako langileak]

Neska gazteak etortzen ziren kozinan lanera udan eta ikasi ahal izan nuen alfabetatu gabeak zirela asko eta asko, bereziki Espainiako hegoaldetik zetozenak. Extremadurako azken muturretik zetozen, galdutako herrietatik, hezkuntza frankistak ahaztuta zeuzkan herrietatik.

 

 

Liburu honen idazleaz

Jacques Chena Basanta, Algerian jaio zen 1950ean, eta 1955ean konfiatua izan zen gurasoei Grenoble inguruan. Urte beteren buruan berriro topatuko ditu guraso erbesteratuak Donibane Lohitzunen. Liburu honetan bere aita Jose ekartzen du hizpidera, kontakizun irrigarri eta hunkigarri baten bidez.

Horrela, naturaltasun osoz, semea gaztelania irakasle bihurtuko da Euskal Kostaldeko hainbat lekutan, sagarra ez baita sekula zuhaitzetik urrun jausten!

Semeak aitari egiten dion omenaldi hau, da halaberean, errepublikar espainiar guztiei eginikoa, zeinak izan baitziren garaituak, mespretxatuak, eta zerraturik atxikiak eremu ahalkegarrietan.

Garuneko hodietako istripu (GHI) edo apoplexia batek elbarritasun handia ezarri zion eta ondotik Jacques-ek jakin du indarrak biltzen lan hau idazteko.

Osasun arazoren bat duten guztiei, eutsi goiari!

Nahikundeak beti edireiten du azkenean bide bat!

150 orrialdeko liburua, atal laburretan emana.

 

 

 

 

 

Zaldiarraina

2020-11-28  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Zaldiarraina

Zaldiarraina                                    argazkia: N.Geographic

Arraina da, bai. Zaldi itxura badu ere. Isatsa kiribilduz heltzen die itsas-belarrei. Forma eta kolorea alda ditzake, beharraren arabera. Bitxia benetan izaki honen izaera. Zaldiarrain arrak izaten ditu kumeak, bai, arrak, haren poltsan arrautzak jartzen baititu emeak eta ondoren arrak ernaldu. Umealdiak aste bi edo irauten du eta hortik jaiotzen dira hamarka zalditxo. Haragijalea da: izkirak, krustazeo txikiak, ornogabe batzuk… jaten ditu. Tamaina askotarikoak daude zaldiarrainak. Txikienak, munduan, ilar-ale baten alturakoak dira; handienak, gure besoaren luzerakoak. Uretan hotsak ere ateratzen ditu. Ur epelak nahiago ditu hotzak baino. Uretan bizi arren, oso igerilari motela da, metro batzuk egiteko orduak behar baititu.

Hori guztia jakin zuen Joek, aldizkari batean irakurrita. Aquarium batera joanda bere begiz ikusi zituen, eta liluraturik geratu zen, haien mugimenduei begira. Zaldiarrainak!

Ordura arte zelaiko zaldiak bakarrik zituen ikusiak. Larrean, jauzika, isatsarekin euliak uxatzen, kaka egiten, askan jaten… behin osabak kontatu zion nola ikusi zuen hondartzan zaldi bat hila. Itsasoak ekarria. Azala leun-leun, urek harat-honat erabilia. Eta animalia oso-osoa, inolako zatirik falta barik. Negua zen, eta apenas zebilen jenderik hondartzan. Beharbada osaba bera izanen zen zaldi hura ikusten lehena.

Kobazuloetako margolan antzinakoetan ere agertzen ziren zaldiak eta Joe harrituta egoten zen haiei begira. Oso oso aspaldikoak ziren zaldiak. Nolakoak izan ote ziren lehen zaldi haiek? Leizezuloetan sartzen ote ziren ala beti libre ibiltzen kanpoan? Zergatik zeuden zaldi batzuk lehorrean eta bertze batzuk uretan?

Joek urpekari izateko ikastaro bat egin zuen, eta aurrezten aritu zen traje osoa erosteko, betaurreko eta arnasodi. Bi hegatsak ere beharko zituen oinetarako. Gertuen zuen hondartzan itsasoratuko zen, nahiz eta jakin, nahiko zaila izanen zela zaldiarrain horietako bat aurkitzea. Bizpahiru ordu urpean pasa arren, ez zuen zaldiarrainik batere ikusi; bazekien azken aldian asko murriztu zirela, gizakiak izadiari egindako kalteengatik. Bigarren murgilean zorte  hobea izanen zuen beharbada.

Sakonago jo zuen, birikak ongi beteta. Behera egin zuen itsas belarretara. Han zebilela trabatuta geratu zitzaion oin bat itsas belarretan eta larritu zen. Ezin zuen hegatsa askatu eta bertan hilko zela pasa zitzaion burutik. Batera eta bertzera itzulikatu zen, baina alferrik. Madarikatu zuen bere jakinmina eta madarikatu zituen zaldiarrainak. Nork agindu ote zion bakarrik uretaratzea, lagunduko zion inor ondoan izan gabe?

Begiak itxi zituen, azkenaren zain. Hots bat entzun zuen, zaldi bat lau hazkan bezala. Zentzugabekeria. Une batetik bertzera bortzehun zaldiarrain agertu ziren, eta isatsarekin Joeren beso eta hankei heldurik, gorantz atera zuten mutila, ur gainera. Bizirik eta onik. Begiak zabaldu zituen, eta arnas handi bat hartu ahal izan zuen.

Azken urteotan zaldiarrain anitz galdu dira. Gero eta nekezago aurkitzen da zaldiarrain bat uretan. Gainera, badira zaldiarrain-arrantzale furtiboak ere, zaldiarrainak saltzen dituztenak, nahiz eta jakin, edukiontzi barruetan gehienak hil egiten direla. Sendagai miraritsuak egin asmoz ere hartzen dituzte zaldiarrainak, baina ez dago ezer sendatzen duten frogarik.

Haien habitata, zalditxoen bizilekua, hondatzeagatik asko galdu dira eta galtzen dira, izan ere itsas-zelaiak eta alga handien sailak kaltetzen ari baikara. Koral uharri edo arrezifeak modu askotara kaltetzen ditugu, antza: Nabariena, arrasteko arrantza da eta horrekin itsas-zoruaren suntsitzea. Bertze bat, itsasoaren beroketak dakar ondotik -koralak antza oso oso sentikorrak dira uraren tenperaturarekiko eta ura berotu ahala hil egiten dira-.

Guk akabatzen ditugu zaldiarrainak eta era berean miresgarriak iruditzen zaizkigu, beharbada hauskorrak direlako eta itxura hain berezikoak. Zaldiarrainak zaintzen baditugu, gogoan izango dugu, uretako bertze izakiak ere zaindu behar ditugula, animalia nahiz landare. Joek lagunduko digu zeregin horretan. Joek ez du zaldiarrainik erosiko, ez bizirik ez hilik. Apaingarrietarako zaldiarrain lehorrak saltzen dituzten salpostuak ikusten baditu, zaldiarrainek jasaten duten egoera zein den esplikatuko die saltzaileei. Joe urpekaritzan ariko da eta bizirik dauden zaldiarrainak agurtuko ditu aldiro, bizia salbatu ziotelako, katigatuta geratu zen hartan. Hilda aurkitzen dituen zaldiarrainak gurtuko ditu, benetako debozioz. Jadanik ezagutzen ditu haien hezurdurak.

Zaldiarrainaren hezurdura                                                                              argazkia: N.Geographic

 

Urria, urria: urrea eta aurria

2020-11-25  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Urria, urria:  urrea eta aurria

Handik eta hemendik heltzen zaizkigun bizi-hariak bilduz egiten ahal ditugu gogoetak. Edo gogoeta ezak. Bizi-hari horietatik sortzen zaigu gogoa edo gogorik eza. Batera daude,  gugan, bizitzaren urrea eta aurria.

Autorretratua                                                                                                           bAst 2020

 

Aurretik eguzki goxoa

atzetik hamaiketako

                                   kanpaiak

 

zigarro purutik

errautsa,

 lurrera.

 

Une hau!

 

      bAst

Jose Luis Sampedro (Octubre, octubre)

 

 

 

Zertarako behar dut denbora?

 Urria, urria

J.L. Sampedro

 

Urria, urria lanaren bi liburukiak, Jose Luis Sampedro idazlearenak

  

-Barka galdera zentzugabe bat- esaten du neskak, jakinik mutilak badakiela zein den-, baina mania hori daukat. Susmoa dut oraingoan ez duela zentzurik izanen, baina zein egunetan jaio zintezkeen zu?

 -Zergatik ez atzo?- erantzun zuen, irribarretsu.

 -Santu Guztien egunean? Omiasaindu egunean? Egun horretan jaio?

 -Asko jaiotzen dira. Eta ni… ez duzu uste?

 -Egia da… Scorpio, gainera…

 

 

 Urria, urria

J.L. Sampedro

 

 

Iduzki                                                                                                                  bAst 2020

                                                                                                                                                                 

          Beti da ezinezkoa Maitasuna. Litekeena balitz, maitasuna bakarrik izango litzateke, su-ontzi, baina ez sugar. Berdin bizitza, korrontean norbera joaten uztea besterik ez baita. Aldiz, Bizitza eroentzat da, Maitasuna bezala; Ezinezkoaren oinaze-zaldian tortura dastatzeko duin direnentzat. Antzinako munduak eta Islamak jainkoengandik hurrerago ikusten zuten eroa. Ah, Hölderling! Lulioren Laguna, suziri kartsu. Nerissa eta Hallaj, su berbera.

 Urria, urria

J.L. Sampedro

Kamioia                                                                                                                              mikelbAst 2020

 

 

Ayané-k bere buruari galdetzen zion ea jokabide haiek (herrian geratzea ala erbestera joatea) ergelkeriaren ala jakinduriaren emaitza ziren: bidean heriotza topatzen bazuen, heriotza hura bertze batzuena baino erranahi handiagokoa izanen zen? Gainera, amaiera batzuk loriatsuagoak al ziren bertze batzuk baino?

Gauaren barnealdea

Léonora Miano

Hesolak                                                                                                                                mikelbAst 2020

Egunsentietan kulparen zamak kolpatzen gaituela jakitea, horretaz konturatzea, hori da poesia, eta jakitea maite dugun guzti hura iragankorra dela, hauskorra; maite ditugun izaki eta pertsonak ezin ditugulako zoritxarretik eta heriotzatik libratu. Poesia, beste era batean esateko, otoitz etsiperatu bat izango litzateke, gure izate iluna noraezera daramaten jainko uzkurrei zuzendua.

Poesiaz gogoeta bat

Xabier Lete

 

Txalupa                                                                                            bAst 2020

                                                                                                      

 

 

 

Feminista naiz, berdintasunaren alde nago,

baina klima-aldaketaren arazoa

askoz garrantzitsuagoa da.

 

 elkarrizketan

mikelbAst

Argioilarra                                                                                                              bAst 2020

 

LAO ZI GOGOAN

 

Jakintsuak ez du bere burua

jakintsu bezala aurkezten.

Kokotsetik

erretiroan hazitako bizarra

zintzilik darama.

Ez du inor epaitzen

ez du inor gorrotatzen

hitz gutxi egiten du

soilik beharrezkoa.

Lasaitasunak biltzen du

bere izatea.

Bakarrik bizi da

ez du gaiztakeria tantarik

errespetatzen ditu besteak

beren isiltasunean.

 

Denek maite dute.

Isiltasunetik irakasten du.

 

Diot

 

Gabriel Korta

 

Malgukiaren martxa                                                                     bAst 2020

 

Nazio aberatsek, Hegoaldeko ekonomia urrien bizkar industrializatu zirenek, lasta bota behar lukete, tolerantzia erakutsi, bisioa eta eskuzabaltasuna. Garapenari ematen zaion laguntza publikoa nabarmen igotzeak, hitzarmenaren bidez ekimen afrikarrei laguntza finantzarioa emateak, eta, batez ere, kanpo zorra deuseztatzeak,  bide hobeak dira askoz, terrorismoa eta antzerakoak eragozteko, mendebaldeko potentzia handiek hasia duten gizon-ehiza baino; bihotzean kolpatuak izan baitira eta haien harrotasunean zaurituak. Zeren, lehen erran dudan bezala, produkziotik kanpo utzitako gazteak, eta beraz gizartetik kanpo utzitako gazteak, gero eta gehiago dira, eta leku bat bilatzen dute:  erbestean edo fundamentalismo erlijiosoan.

Bertze leku baten beharra

Imaginarioaren bortxaketa

Aminata Traoré

Mendiak                                                                                                    bAst 2020

 

 

Non ote daude

 ez daudenak?!

 

Joshep Y

Filosofo huskaldunaren ekheia: Egiategiren egiak

2020-11-18  //  bAst  //  Iruzkinik ez

Filosofo huskaldunaren ekheia: Egiategiren egiak

Irakurketa heavy bat aditu ez garenontzat

Hemezortzigarren mendeko liburu bat dugu aipagai gaurkoan. Zubereraz eta filosofiari buruz. Uffff. Erraz-erraza ez da, baina tira, aipatzea merezi du. Mendizaleen artean beti egon ohi baita eskalatzaileren bat edo bertze.

Eskalatzailea                                                                           tumblr

 

Lehen filosofia liburua, euskaraz dio hitzaurrean Txomin Peillen adituak.

Duela hamazazpi urte (1983an idatzia), pariseko Bibliotheque Nationale delakoan euskal esku-idazkien katalogoa irakurtzen ari nintzelarik, izenburu bitxi ta arraro batekin topa egin nuen, D’Abbadie Urrüstoikoaren lege emaitzan: nº 155, J. Eguiateguy, Le Philosophe basque, copie sur l’edition de Francfort, 1785, XIXeme s. 8sic), papier, pages 225/185 s. rel. Uste nuen eradarazko lan bat zela, alabainan, baezpada ere eskatu nuen. Liburuak azalean La Philosophie basque izena ekartzen du bizkarrean eta egiazko, benetako izenburua barrenean baizik, Filosofo Hüskaldünaren Ekheia, fotokopian ikusten den bezala.

Liburua ez zuen iñork ezagutzen –ezpada d’Abbadiek- eta idazlea iñork ez aipatu. Halere, ez zen oraindik Egiategi ilunpetik ateratzeko tenorea, zeren geure orduko aitzin-iritziekin, geure ustekeriekin ikusi eta epaitu baikenuen haren lana. Egan-en (Juseff Eguiateguy, Larramendiren zuberotar jarraikizale bat” Donostia, 1963, 1-3 zb, 75 orr.), ediren, aurkitu berri genuen liburuaz, txostena, artikulua eman nuen eta zoritxarrez, hizkuntza iritzi, mintzaira ustekeria batzuen gatik apurbat gaitzetsi. Egiategi ez da irakur aisa; gure idazle giza gaixoa bere Zuberoa zokoan bizi izanik eta 2euskara batu” baten biltzen eginahalez ibili zen: gure euskalki txipiari, lapurdi, Gipuzkoa ta Bizkaiko hitz asko gaiñeratuz baita Zuberoera zaharraren aberatstasun gehienak; Larramendiren hiztegiak inganaturik, bairaturik, jesuita handiak asmatu hitzak ere, anitz erabiltzen ditu. Hartakotz Larramendiren jarraikizale itsu bezala gaitzeritzi nuen.

Baloriaz

Gizonaren baloria da haren balioaren doiala. Behar bazalako denian, hegaltaz gaitzür güziak dütü erdiratzen, saldoak behezten ta bihürtü nahi direnen lekhü eragiten. Haren baloria arranoaren pare dü odeiak xilhatzen (233), düründarekila da borrokatzen. Lehon (234) berze animal güziak garhaiten dütianaren pare da. Arroka itxasoaren ühin gahüntsüak jin zereitzon beno laisterrago urthukitzen dütiana. Deus erez beldür ezta, deuserek etzereio gaitzik ta gaitza izan bada azkarrago, dago bera harritürik, halako da edo behar dizatekina (235) aitoren semiaren bihotza; bena aharretara, ez etare auzietara ezta apaltzen. Bera beno handiagorik eztü isternegirik, pare zereitzonier dü ohore egiten, borthak bethi behardüner dütü zabalik üzten.

233 odeiak xilhatzen: orain odeiak xilatzen, odeiak zulatzen.

234 Lehon, baita lehu ere. Lehoin.

235 behar dizatekina: dizatekina: orain Z. behar lizatekina, lizatekiana.

Denbora galdiaz

Elhe zahar bat honki heltzen da heben, dena ainharbaren eta (505) zeta harraren elhestak. Ainharba gaxoa zen mingarki plainitzen (506), egünez eta gaiez, abaiñ egitian zütiala indarrak nekatzen ziano sabela hüsten ta ürhentü zianian bere obra ürrhezko telaren pare zagoena, neska txar batek erhatzez (507) zereiola porrokatzen. Lan güzia hamar urthetan egin e’lirokiana. Ta halako zela aberatsen etxetan haren sorthü gaitza, etzialarik han üillü (508) txar zonbait baizik hatzamaiten ta ogenik inhuri ez egiten.

505 Aiñharbaren: armiarmaren.

506 plainitzen: kexatzen.

507 erhatzez: jatsez, ezkobaz.

 

Izterbegiak (544)

Hiru kasta omen dirade, jendien isterbegiaren ausikirik eztieneik: kargüdantak (545), eskelegoan bizi diradianak, ta senhar-emazte gaitzak dütienak.

Izterbegia da, infernia, gozomenik batere eztiana ta gaiza güziek diena, megopiaren estiran jarten (546). Han dago sü bat argirik eztiana, bethi mina begietarik bihotziala doana ta medikarik eztiana, gar bat bethi erratzend ena ta sekülan hautsik egiten eztiana. Dolore mingarrez janik akitzen eztena? Lana ütsarterik eztiana., thormentü harrigarria ta dolürik ihurek eztereioana. Lürreko  kharaztarzün (547) güzien da bilgüra (548). Errabiaren boiltak (549) orotan dütianak. Bizi deno herioa itxurian diana ta bere minetzaz bizi dena. Zer erranen dügü haren zorthü gaitzaz habororik.

544 izterbegiak: jende bakoitz baten etsaia, baina Egiategik, envidioso, bezala.

545 kargüdantak: gobernuko enpleatuak, kargudunak, c funcionarios.

546 megopiaren estiran jarten: megopia estiran jarten (bejar luke) ispiritua estiratua jartzen.

547 kharaztarzün: garraztasun c. Amargura.

548 bilgüra: bilgunea, biltokia.

549 Errabiaren boiltak: errabiaren bueltak, errabiaren oldarrak.

Aita amen eginbidiaz

Dügun jar Jinkoak diala beredikatü izkontze bere borhondatiala (853) egina zena, ta haurrak hantik nahi bezalako diradiala sorthü (854). Dügün ikhus orai zertan dagoan hentzat, haien eginbidia. Gaiza sinhets eztaitiana (855), alabadere egia dena, dagop hontan aita amak zordünago diradiala, eziez haurrak beren aita amareki. Jinkoaren legen erakiroanian (856) dagoena, da menpetiago (857) eziez ezagütze hetarik eztiana. Othian (858) zer dereie zor haurrak beren aita amer, eziez bizia hetarik ükhen diena, ta ützül diena, ta ützül etzerekeiena bena bai errespetu hümilena ta beharrian diradianian zokhorri ahalenak (859).

853 beredikatü (Z. zhar): benedikatü, orain.

854 sorthü: jaio.

855 eztaitiana: eztitekena.

856 legen erakiroanian: c. En la conformación de las leyes.

857 menpetiago: eskupekoago

858 othian (Züb Zah): orain, othe, ote, al.

859 zokhorri ahalena: laguntza ahalena.

 

Axolgabiaz

Noizpait zen filosofo suerte bat bere büria haiñ maite ziana non berzetzaz dremenden (1123) axola expeitzian Epikura deitzen zen. Egobia (1124) oso harekila dereie iraunatü (1125) zela gogozeto ta erregale (1126), zerbait balizate lükian hetarik; bena bere ezkiribü haboenetan (1127), gaztiarentzat, lekazietzaz (1128) ta berze baratze belharretzaz baizik eztelakoz mintzo, hen ere honki apaintzia ageri da etziala sabela haiñ Jinko eziez arranküra ta ohoriaren axolik bage bizitzia. Berari baizik gogorik etziala bakhoitzari; bera mündian (1129) izan baliz bezala ere ari zela, da ageri izkontziaz mintzo denian; ezi nahi zialarik gizonak emaztiaz gozo laidian haurretzaz errekeitü batere gaberik (sic) nahi zütian agindü (1130). Hezitzia zena hori?

1123 berzetzaz dremenden: bestetzaz demendren (Z.), gaur: bestetaz den gutien.

1124 Egobia: ezaxoltarzüna (Z.), axolgabetasuna (Larramendi).

1125 harekila dereie iraunatü: harekin diete fama txarra jarri.

1126 gogozeto ta erregale (Larr.): jale handi ta koleratsu.

1127 bere ezkiribü haboenetan: bere ezkiribü haboroenetan, bere idazki gehienetan.

1128 lekazietzaz: leka azietaz, illar hazietaz. (Barazki G.)

1129 bera mündian: bakarrik munduan.

 

Gizonaren biziaz

Bizia lüzatu nahiz ahalena ari girade, medio güzietzaz errekeitatzen, osagarria (1416) ardüra ere hetzaz dügü llabürtzen, Vestal en süiari atixatzez bethi bizi zenari, ezta gure khorpitza pare, hartan abentiak (1417) üda hozten ta negiak kharrustatzen (1418): urthiek ere dereie süiari emeki emeki hur hotz ixurten, lehenik garra gero ilhintiak, azkenekoz inkhatzak itzalten, hiltzen dereitzona; sü hau ezta errekeitüz arrapitz (1419) daitekiana. Alpor beriaz (1420) bizi zeno zen ganargi ta flakatzen zeno, zokhorri zereio eman, bena lehen bezala ezta destieraziren beraren alporraz baizik eztialakoz alporrik; sü gabiak ere dü bizia atzenkidatzen (1422) khorpitza abartzen, ximaltzen ta nekatzen (1423).

1416 osagarria: osasuna.

1417 abentiak: abenduak.

1418 negiak kharrustatzen: neguak izozten.

1419 arrapitz: beriz piztu.

1420 alpor beriaz: bero-arnas bereaz.

1421 destieraziren beraren alporraz: distiraziko berren bero-arnasaz.

1422 atzenkidatzen (Larramendi): c. Consumar.

1423 ximaltzen ta nekatzen: zimeltzen ta nekatzen.

 

 

Escalada.pro

Magnesioa                                                                                                                       vertiprotect

 

 

 

Page 15 of 24« First«...10...1314151617...20...»Last »

Iñaki Bastarrikaren bloga

Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.

Azken bidalketak

  • Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
  • Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
  • Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
  • Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
  • Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
  • Arteterapia (I) 2024-03-13
  • Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
  • Bichta éder 2024-02-27
  • Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
  • Babilonia 2024-02-09

Iruzkin berriak

  • Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
  • Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
  • ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
  • Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
  • Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan

Artxiboak

  • 2024(e)ko apirila (3)
  • 2024(e)ko martxoa (4)
  • 2024(e)ko otsaila (4)
  • 2024(e)ko urtarrila (4)
  • 2023(e)ko abendua (2)
  • 2023(e)ko azaroa (2)
  • 2023(e)ko urria (5)
  • 2023(e)ko iraila (2)
  • 2023(e)ko abuztua (1)
  • 2023(e)ko uztaila (2)
  • 2023(e)ko ekaina (1)
  • 2023(e)ko maiatza (1)
  • 2023(e)ko otsaila (2)
  • 2023(e)ko urtarrila (4)
  • 2022(e)ko abendua (4)
  • 2022(e)ko azaroa (4)
  • 2022(e)ko urria (5)
  • 2022(e)ko iraila (5)
  • 2022(e)ko abuztua (4)
  • 2022(e)ko uztaila (3)
  • 2022(e)ko ekaina (4)
  • 2022(e)ko maiatza (5)
  • 2022(e)ko apirila (4)
  • 2022(e)ko martxoa (4)
  • 2022(e)ko otsaila (4)
  • 2022(e)ko urtarrila (5)
  • 2021(e)ko abendua (4)
  • 2021(e)ko azaroa (4)
  • 2021(e)ko urria (5)
  • 2021(e)ko iraila (4)
  • 2021(e)ko abuztua (4)
  • 2021(e)ko uztaila (4)
  • 2021(e)ko ekaina (4)
  • 2021(e)ko maiatza (5)
  • 2021(e)ko apirila (5)
  • 2021(e)ko martxoa (4)
  • 2021(e)ko otsaila (5)
  • 2021(e)ko urtarrila (5)
  • 2020(e)ko abendua (6)
  • 2020(e)ko azaroa (7)
  • 2020(e)ko urria (7)
  • 2020(e)ko iraila (8)
  • 2020(e)ko abuztua (6)
  • 2020(e)ko uztaila (15)
  • 2020(e)ko ekaina (9)
  • 2020(e)ko maiatza (9)
  • 2020(e)ko apirila (11)
  • 2020(e)ko martxoa (14)

Kategoriak

  • bAst
  • Juan Luis Aizpuru Beristain
  • Koldo Goitia
  • Sailkatu gabea

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA