Hasiera »
Iñaki Bastarrikaren bloga - Lazzaretto vecchio
Iñaki Bastarrikaren bloga
Liburuak maite ditut, eta irakurri ahala azpimarratzen ditut eta haiei buruzko iruzkinak egiten. Batzuetan nobedadeak dira, baina beste askotan, liburu lehenagokoak edo erdi ahaztuak. Beste alde batetik kontu zaharrak egunetik egunera gehiago zaizkit atsegin.
Azken bidalketak
- Paradisuaren kanpoko aldeak, Lanbroa, Behinola 2024-04-26
- Umeekin egiteko ibilbideak 2024-04-20
- Artem Ivantsov: bi Iberiak elkartu nahirik 2024-04-14
- Tracce della lingua basca in Sardegna 2024-03-24
- Yehuda Ha-levi tuterar idazlea 2024-03-19
- Arteterapia (I) 2024-03-13
- Jorge Gimenez Bech itzultzailea [1956-2023] 2024-03-06
- Bichta éder 2024-02-27
- Kouroumaren eguzkiak 2024-02-20
- Babilonia 2024-02-09
Iruzkin berriak
- Ane Maiora(e)k Lola Viteri margolaria eta gaurko umeak bidalketan
- Izena *isabel(e)k Isabel Azkarateren kamera magikoa bidalketan
- ROBERTO(e)k Wyoming Handia: “Rupturista nintzen eta hala jarraitzen dut” bidalketan
- Roberto Moso(e)k Ihardukimenduaren teoria chit hordigarria bidalketan
- Juan(e)k Berriz Irigoien bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila (3)
- 2024(e)ko martxoa (4)
- 2024(e)ko otsaila (4)
- 2024(e)ko urtarrila (4)
- 2023(e)ko abendua (2)
- 2023(e)ko azaroa (2)
- 2023(e)ko urria (5)
- 2023(e)ko iraila (2)
- 2023(e)ko abuztua (1)
- 2023(e)ko uztaila (2)
- 2023(e)ko ekaina (1)
- 2023(e)ko maiatza (1)
- 2023(e)ko otsaila (2)
- 2023(e)ko urtarrila (4)
- 2022(e)ko abendua (4)
- 2022(e)ko azaroa (4)
- 2022(e)ko urria (5)
- 2022(e)ko iraila (5)
- 2022(e)ko abuztua (4)
- 2022(e)ko uztaila (3)
- 2022(e)ko ekaina (4)
- 2022(e)ko maiatza (5)
- 2022(e)ko apirila (4)
- 2022(e)ko martxoa (4)
- 2022(e)ko otsaila (4)
- 2022(e)ko urtarrila (5)
- 2021(e)ko abendua (4)
- 2021(e)ko azaroa (4)
- 2021(e)ko urria (5)
- 2021(e)ko iraila (4)
- 2021(e)ko abuztua (4)
- 2021(e)ko uztaila (4)
- 2021(e)ko ekaina (4)
- 2021(e)ko maiatza (5)
- 2021(e)ko apirila (5)
- 2021(e)ko martxoa (4)
- 2021(e)ko otsaila (5)
- 2021(e)ko urtarrila (5)
- 2020(e)ko abendua (6)
- 2020(e)ko azaroa (7)
- 2020(e)ko urria (7)
- 2020(e)ko iraila (8)
- 2020(e)ko abuztua (6)
- 2020(e)ko uztaila (15)
- 2020(e)ko ekaina (9)
- 2020(e)ko maiatza (9)
- 2020(e)ko apirila (11)
- 2020(e)ko martxoa (14)
Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo
2022-05-01 // bAst // Iruzkinik ez
Iñaki Segurola Amutxastegi gogoan
Bizia eta heriotza, bi anaia ama batenak. Etsai amorratuak dirudite eta ezin uztartuzkoak, baina irudipenetatik haruntzaxeago jo eta elkarren behar gorrian harrapatzen ditugu. Hi eta ni bezalatsu, edo hortxe nonbait: hi ni haiz hizketan; ni hi nauk ni ixiltzean.
Aise egiten dute bi senide horiek jauzia batetik besterenera. Bizia eta biziena, hiltzeko minbiziaren beste izen batzuk dira gure mintzamolde honetan. Herioa, berriz, pertsona biziaren herio-suharreko larria ere bada, eta laborria, estuasuna, zorabioa, edo bizirik gaudelako kontzientzia minena. Horrezaz gainera, hil-eta-biziko zernahi eratako nahaskiloak ditugu, noiznahi agintzen edo saltzen zaizkigunak: hil-ondoko bizia edo betierekoa, jaio-aurreko bizialdiak, bizi-bitarteko heriotzatxo behin-behinekoak, jaiotzatik hasten omen den heriotzako bidea, hila dirudien bizia dirudien hila dirudien…
Heriotzak ontzen du bizia; (nire) heriotzak izanarazten du (nire) bizia, eta alderantziz. Biziak, bizitzak, bizimoduak eta bizilegeak ontzen dute heriotza azkenerako. Eta gauzak argiago aditu nahi badira, betor Axular: bicitceaz hiltcen gara, eta hiltceaz bicitcen.
Elkarren ongarri izanagatik ere, inork ez du heriotzarik famatzen, baina, aitzitik, biziak izen ona du. Baita nire belarrirako ere, baina zer den ez dakigun eta ezin harrapa genezakeen zera horretaz ari baldin bagara, zeren bizia edo bizitza zer den badakigula uste dugun momentutik, bietako bat: edo biziaren predikatzaile bioenergetikoen gisa hasten gara (“bizia indar sortzaile bat da, askea, ederra, zoragarria, indartsua, gihartsua, geldiezna…”), edo bestela, etsi beltzean, honako honatagoko honetaz ari garelarik, “horixe da bizia” edo “bizitza holakoxea da” eta horrelakoak botatzeari ekiten diogu, eta hor bizia edo bizitza bizilege bat bilakatzen da, eta hilotz bat bezain gogorra; hor biziaz heriotzaz bezalaxe mintzatzen gara: “horixe” edo “holakoxea” den hori, edo heriotza bera da, edo heriotzaren koloreko ezbeharreko edo nahigabezko zeraren bat.
Biziak eta heriotzak gauak eta egunak ere ez daukaten etengabeko gurutzatze bat daukate elkarrekin. (Ederki zekien hori Schrödinger-en katuak).
Bizia eta heriotza ezin baten bi izen dira.
fotobAst 2022 Mihura saila
(Hil, akabatu…). Hemen, hil, pertsonak eta animaliak hiltzen gara eta gaituzte. Belar edo landare-jendea ihartu edo erre egiten da; ez da hiltzen, ez baitzegoen bizirik ere (biologiarentzat bai, jendearen hizkuntzarentzat ez; gauzak berezko zentzuan harturik beti ere, ez erabilera irudizko, hedatu edo norgauzatuetan). Heriotzak direnak oro berdintzen omen ditu eta ezerezten; gu, mendekuz, heriotzaren lana pusketan xehatzen ari gara, ea bere lan beltzean errazago harrapatzen dugun. Pertsonek eta animaliek badugu antz pixkat; jaten, lotan, bizitzen (bizimoduan?), lanean (lanbidean?), eta beste zera horretan ere bai: “arrak emea gainkatzea edo estaltzea” eta horrelako aukera sexualak garatzen dituzte askatasun osoz (hau barregura!), eta guk berriz, jo egiten dugu, eta bai, nahi izan ezkero, ez dugu antzik batere.. Eta hiltzeari gagozkiola zer? Animaliak eta gu hiltzen garela eta gaituztela esan dut gorago, baina hona aurreneko bereizkuntza edo aldea: gu, oraintxe arteko gure euskaratxo honetan bederen, geure kasa hil egiten gara, baina animaliak ez; animalia bere kasa akabatu egiten da. Bereizi egiten ditugu -hizkuntzak bereizi egiten ditu- gure hiltzea eta animalien azken “naturala”; gure hiltzea gauza bat da eta haiena beste bat. Zer den bata eta zer bestea ez dakigu, ez gaude esateko moduan, baina dakiguna da zerbait senti edo suma genezakeela gurearen gainean, gure hiltzeaz edo hiltzeko beldurraz, baina haienaz ez, eta badaezpada bestelako hitzez izendatzen dugu zuhurki, gure hiltzeaz bestelako zerbait delakoan edo izan daitekeelakoan. […]
Argazkilaria: Dani Blanco
fotobAst 2022 (apirilak 16)
Jexux Mari Irazu:
Orotariko zerbait
bazebilen Ogrun
hirekin ez nikek nahi
zurikerin jardun
ezin izan leizkenak
bazitezkek lagun
hire zabaltasuna
bihotz eta garun
ezin izan leizkenak
bazitezkek lagun
ze gerra eman deken ta
zenbat maite haugun!
fotobAst 2022 Mihura saila
bAst2022
fotobAst 2022 Mihura saila
fotobAst 2022 Mihura saila
fotobAst 2022 Mihura saila
bAst 2022 paradisu bat segurolarentzat
Ezdotrina-2: Zer da heriotza? Edo zer da hiltzea? Arima gorputzetik apartatzea?; bizi-bitartearen erremateko ertzean aurrera pasatzea?; osotoro ahantzia izateko bide bati lotzea?; ametsik eta esnaerarik gabeko loan etzatea?; zendu eta esistitze hutsean erortzea?; behingoz oreka oso-osoa lortzea?; munduarentzat (hila) itzaltzea eta mundua bera (hilarentzat) itzaltzea?; jaioak zor duena pagatzea?; gehienak (mundutar gehienak) dauden egoitzara edo egoerara lekutzea?; joatea, eta daitekeen erarik zeharokoenean joatea?; pixkanaka hiltzen joateari uztea?; erantzun ezinik gelditzea behin-betiko, Olloki xarra Txirritaren aurrean bezala?; denboratik eternitatera hankaz aurrera igarotzea?; zeharo eta osotoro arduragabetzea? (hala esaten omen dute Hego Ameriketako zenbait bazterretan hil berriaz: se ha vuelto indiferente); hiltzeko beldurra sentitu ezinik geratzea?; alferrik jarduteari ez baina alferrik egoteari ederrestea?; arnasa gastatzea? (gure bailarako batek esana: iltzie eztek ezer, arnasaik artu eziñe dek txarra).
Fina Cardona-Bosch-en gauerdiko eguzkia
2022-04-24 // bAst // Iruzkinik ez
Fina Cardona (Pessigolles de palmera)
Fina Cardona (Plouen pigues)
Plouen pigues liburutik:
«Nire derrigorrezko ganberaren erdian
bestea aurkitzen dut.
Eta eskuak eta lepoa luzatzen ditut: hautsi egiten naiz.
Garrasi egiteak eztarria erretzen dit: eta isildu egiten naiz.
Hartu eta musu eman nahi diot nire aire maiteari.
Banatzen nauen berdearen harresia daukat.
Loa margotzen dut izarren gainean zaldizko.
Ordua da…Ez zara. Eta aurkitzen zaitut.»
Fina Cardona-Bosch idazle eta olerkari valentziarra (1957-2022)
Idazlea zendu berritan prentsan agertutako albisteetatik atera ditugu honako jakingarri hauek:
Fina Cardona-Bosch idazle eta poeta, Valentziako Erkidegoko Letren egilerik ezagunenetako bat, hil da, denbora luzez gaixotasun baten aurka borrokan aritu ondoren. Gidoilaria ere bazen, Valentzian jaio zen 1957an, eta duela hilabete batzuetatik zegoen fokuetatik urrun.
Fina Cardona-Bosch eta bere bi poema-liburu handiak: ‘Plouen pigues’ eta ‘Pessigolles de Palmera’
Fina Cardona-Bosch XX. mende amaierako valentzierazko lirika femeninoaren ahots nabarmenetako bat bezala kalifikatua izan zen, nahiz eta bere ekoizpen poetiko laburra izan. Historia eta Geografia ikasi zuen Valentziako Unibertsitatean (UV), eta han lizentziatu zen Artean aipamen bat eginez. Handik gutxira, irakasle hasi zen institutu publiko batean.
70eko hamarkadaren amaieran, Cardona literatur panoraman sartu zen ‘Plouen pigues’ (1978) poema-liburuarekin, ‘Edicions 3 i 4’ argitaletxeak argitaratua eta Vicent Andrés Estellések hitzaurrea eginda. Obra, Premis de Octubreko finalista izan zen. ‘Pessigolles de Palmera’ (1981), bere bigarren poema-liburuak, Llibres del Mallek argitaratua eta Maria del Mar Bonet abeslariak hitzaurrea eginda, Valentziako egile oparoenetako bat bihurtu zuen.
Fina Cardona-Bosch, “Gure literaturako ahots berezi, berritzaile eta diskretuenetako bat”
Idazlea Carles Barranco kantautorearekin ezkondu zen, eta hau 2002an hil zen. Cardona-Boschek hainbat katetako telebista-saiotan aurkeztu, zuzendu eta lan egin zuen. Era berean, zenbait komunikabidetan zutabegile gisa aritu zen.
Bere heriotzak Valentziako literatura dolu-egoeran jartzen du. Hainbat pertsona ezagunek deitoratu dute idazlearen heriotza sare sozialetan. Besteak beste, Francisco Brines Fundazioak “gure literaturako ahots berezi, berritzaile eta diskretuenetako bat” agurtu nahi izan du.
València, quina paciència
Valenciaplaza egunkari digitalean blog hau egin du Fina Cardona-Boschek.
Azken artikulua (el sol de mitjanit-gauerdiko eguzkia) ilustratzeko argazkia
La paraula màrfega mira que té accepcions. A casa meua l’he sentida de sempre. Normalment qualifica una persona tranquil·lota, sense empenta, prou gossa i es diu precedida d’un “quina”. Quina màrfega! Amb el temps he sabut la varietat de possibilitats que té el mot en qüestió.
Márfega hitzak adiera ugari du. Etxean beti entzun izan dut. Normalki pertsona lasaikote, adorerik gabeko, aski zakur bati buruz esaten da eta aurretik “quina” (indargarria) jartzen zaio. Quina màrfega! Denborarekin jakin dut zenbat aukera dituen aipaturiko hitz horrek.
[…]El subconscient m’ha traït amb tant de tràfec de matalàs amunt i avall! Si el que us volia comentar és que faré vacances a Culturplaza en aquests mesos d’insuportable xafogor. Bon estiu! Salut! Ens trobarem quan la frescor cluque l’ull. Mentrestant, airejaré les idees escapolint-me dels dies forts, del foc etern, de l’estiu mediterrani. Potser m’escodrinye el sol de mitjanit, tan tafaner. I, si vol, que diga: “mira, quina màrfega!” A mi, plin!
[…] Subkontzienteak traizio egin dit koltxoi-trafikoarekin gora eta behera! Esan nahi nizuen opor egingo dudala Culturplazan, sargori jasan ezineko hilabete hauetan. Uda on! Osasuna! Hoztasunak begia kliskatzen duenean elkartuko gara. Bitartean, egun beroetatik, betiko sutik, uda mediterraneotik urrunduz aireztatuko ditut nire ideiak. Beharbada gauerdiko eguzkiak zelatatuko nau, hain begiluzea baita. Eta, nahi badu, esan dezala: “Begira, hori astun elkorra!” Neuri bost!
márfega (rae)
Del ár. hisp. márfaqa, y este del ár. clás. mirfaqah.
màrfega f. (plural màrfegues) (viccionari)
Fina Cardona-Bosch
Gabinete Caligari-koekin
Fina gazte
Fina adintsu
Carles Barranco kantautorea
Asseguren que encara no han xutat neurones, ni han sabut augmentar unes talles la intel·ligència per entendre la realitat. El greix neuronal, quan pren gust, és impossible d’absorbir, sempre passa factura. L’enteniment fa comprendre, enginyar-se-les bé, sortir d’un mal pas. El seny millora la imatge sense passar pel quiròfan, no cal fer el paperot, ni dissimular el postoperatori. Una societat liposuccionada de sentit comú mai no és perillosa, rumiem. “Peter Pan. El nen que no volia créixer” és un llibre on sempre està present la ironia, com en la vida, però cal saber entendre-la. Els mites continuen operant, són una mena d’estímuls col·lectius. Viure per sempre només és un desig humà. Ser eternament jove, també. L’envelliment és un bon senyal, un procés que tothom hauria de conèixer. Posar-se a punt de solfa, no tenir prou mans per fer una fi de festa amb dos-cents anys o més. Si en aquest planeta els “supermans” no tenen res a fer! Es dutxen amb kriptonita.
Forever young (blog)
Fina Cardona-Bosch
Porque además de la cançò, del folclore reivindicado por Sisa y Pau Riba, de las obras de Joan Fuster y Vicent Andrés Estellés, a Fina también le gustaban Elvis Presley, Guardianes del espacio, Lou Reed, Mariscal y El Hortelano, La familia Monster, las películas de Ann-Margret, Los Coyotes y, sobre todo, Gabinete Caligari, con cuyos miembros entabló una amistad que perdura hasta el día de hoy.
Rafa Cervera
Bortz liburu eta bi gehiago
2022-04-16 // bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain // Iruzkinik ez
Dakit argitaldari bixiak bortz berritasun dakartza udaberri, primadera edo bedatse honetan. Bertze bi ere jarri ditugu, lehenagokoak izan arren. Liburutik libururako jauzian, Juan Luis Aizpuru Beristainen argazkiak aurkituko dituzue.
Zuihitsua
Idazlumari jarraiki
Josu Jimenez Maia
Zuihitsua.
Zui, japonieraz, segitzea, jarritzea; hitsu, pintzela, idazluma; zuihitsu (随筆) japonierazko hitz bat da, arinki lotutako paragrafoz eta askotariko ideiez sortutako entsegu edo saiakera, egilearen gertuko kontuez beti ere.
Euskaraz egindako kamishibai, haiku eta haibun izeneko teknika japoniarrak maite edo ezagutu nahi dituenak aurkituko du zerikasirik liburu honetan; euskal artisauek Soetsu Yanagi handiaren hainbat ekarpen ezagutuko dituzte, zerpentsaturik ematen dutenak.
Zuihitsu hitzak idazteko tresnaren nahimen edo gogoa azpimarratzen du, idazlumak, neurri batean bederen, agintea hartuko balu bezala.
Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain
Izan eta Oroit
euskal lurraren oihartzunak
Joseba Aurkenerena Barandiaran
Mundu honetan badira errealitate anitz, ez da mundu bakarra, eta denok bizi gara gure errealitate berezian murgildurik. Errealitate hori f isikoa edota irudimenezkoa izan daiteke, mundu etnograf ikoarekin, politikoarekin, izpiritualarekin, zientziazkoekin…, loturikoa. Bakoitzak bereari eusten dio, eta bere errealitatean bizitzen ahalegintzen da. Horixe da niri gertatzen zaidana, gainerako gizaki guztiei bezalaxe, nire errealitatean, euskaldunen planetan, bizitzen saiatzen bainaiz. Badakit planeta gehiago badirela, gurea ez dela ortzian den izarbel bakarra, denak errespetatzen ditut, eta guztietatik zerbait ikasten eta ezagutzen ahalegintzen naizen arren, nire bihotzak euskal errealitatean bizitzera bultzatzen nau, hori izan baita ttikitandik berez etorri zaidana eta nire izate osoa bideratu duena.
Bada herri bat, Euskal Herria, munduko beste herrien artean bizi dena, eta bizirik jarraitu nahi duena. Badu bere nortasuna, badu bere historia, badu bere mintzaira eta baditu historian zehar jorratu dituen bideak, ezagutu dituen bizipenak. Eta horiexek dira, azalpen laburrez, liburu honen orrietara ekarri nahi izan ditudanak. Izan eta oroit, gure lurraren oihartzunak. Bihotzez egindako liburua da, eta bihotzez eskaintzen dizuet.
Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain
Gure Otto Piarre
Peio Jorajuria Iturria
2021eko ekainaren 28an ehun bete dira Jean-Pierre Iratchet bidarraitar apez, idazle, ikerle eta ohorezko euskaltzaina sortu zenetik. 1991ko azaroaren 10ean hilik 70 urtetan. Urtemuga aproposa bidarraitar idazle jeinutsua itzaletik ateratzeko. Zeren gaur egun nor oroitzen da hartaz?
Ez dut pertsonalki ezagutu Jean-Pierre Iratchet, nahiz 1983az geroztik haren sorterrian bizi naizen, 40 urte hauetan nonbait han beraz. Bainan gure bidarraitarra ordukotzat eta aspaldian Euskal Herritik haratago bizi zen, Landesetan (edo Landetan, Euskaltzaindiaren izendegiaren arabera), Buglose herrian. Handik haatik kasik aste oroz Herria astekariari igortzen zituen bere artikuluak, azken urtean Otto Piarre-ren izendurapean. Eta artikulu horien bidez nuen haren ezagutza egin. Haren luma xorrotx eta arraillanta oso gustukoa nuen. Eta astekari hunen langile bilakatu nintzelarik, artxiboetan bildu nituen Iratcheten idazlanak, Chilar, Piarre Iparla, J-P.I. eta Otto Piarre izenpetuak. Errebelazio bat izan zen enetzat. Zer luma aberatsa, zer jakitatea, zer kondatzeko talentua! Bertsu andana handia ere badu idatzia, zenbaitekin sari batzuk irabazirik. Nola utzi gorderik horrelako altxorra? Haren obrak merezi du gaurko eta biharko belaunaldiek ezagut dezaten. Hara liburu honen xedea, aldi berean xumea eta handia. Bidarrai Elixaldeko semea atxik dezagun luzaz bihotzean.
Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain
Euskal artikulua edo izaera
Alatz Robles-Arangiz Bernaola
Liburu hau bestetatik ezberdina da. Ziur aski behin baino gehiagotan gertatu zaizula, liburu bat irekitzean zure galdeen erantzun guztiak aurkitzea, antzinako misterioei eta unibertsoari buruz, filosofia eder batekin baina ez arras berria. Liburu honen gaia EUSKARA da, noizkoa den eta nortzuek egina. Aspaldidanik euskaldunek pentsatzen zuten euskara Adan eta Ebaren hizkuntza izan zitekeela, batez ere, bizkaitarrek, zeren beren euskalkian Ebaren izena bi aldiz agertzen baita filiazioan: AR-EBA eta N-EBA hitzetan.
Duela urte batzuk, euskal hilabetekari batean irakurri nuen euskarak 5.000 urte zituela. Nire lehengo liburuan, “Euskara edo sugearen zibilizazioa” izenekoan, esaten nuen data hori barregarria zela eta euskarak 50.000 urte gutxienik bazituela, non ez ziren 100.000 urte. Nire azkeneko ikerketek erakusten dute hau izan zitekeela benetako data.
Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain
Mendekatzeak
Txomin Peillen Karrikaburu
“Etxeko bi gizonak elkarren antzeko dira, mendizale errabiatuak, atleta gorputza, ilea beltzaran eta begiak urdin. Aita Ander, ordea, P.J polizi lanetan gaizkigile handien aurkako brigadan higatua. Hain zuzen Ama Anari eguneroko arrangura zaio, nola eta noiz etxera sartuko den? Senarrari emazteak ez dio gehiago erraten lanbide arriskutsu eta gaizki ordaindu hori noiz utziko duen.
Hamaiketan, bat batean telefonoa. Ahots latz ia ez ezaguna. Anderen begitartea nazka keinuz aldatzen da.”
(Txomin Peillen, “Sabukitarrak”, Mendekatzeak, 2022)
Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain
Eta bi gehiago:
Parisko Champs Elysées gunean jaiotako andere gaztea dugu Sofia Rafeli. Ume eta gazte garaian txandaka bizi izan da gurasoekin, eta hauek kanpoan zirenean, amonarekin batera.
Lege alorreko ikasketen munduan prestatu du bere burua, eta ondoren epaile izateko asmoarekin doktoradutza eskuratu nahi du. Tesia idazten hasten denean aitak zioen aipua gogoratzen du: “epaile izateko, eta justizia eskaintzeko aurrena injustizia zer den ezagutu behar duzu”.
Injustizia eta miserian bizi den jendea aztertzeko bidaian bere lagun Claudia izango du.
Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain
Osaba Joxeren sotoko kutxan
Marisa Arruabarrena Elizalde
Orioko udalak moila eraberritzeko lanekin hasi nahi duela eta Mirenen familiak moila gainean duen sotoa langileen lanerako lanabesak gordetzeko erabili nahi du.
Familiarentzat aitzakia ezin hobea izango da aurrekoek gordetako gauzetan ordena ipintzeko eta balio ez duen guztia zakarretara ateratzeko. Sotoa txukuntzen hasi direnean, traste zaharren artean egurrezko aintzinako kutxa eder bat topatu du Mirenek. Kontu handiz zabaldu ondoren paperez beteta dagoela ikusi du. Dirudienez amatxi Jonek bere irakasle garaian egin eta jasotakoak dira. Bere familiaren historia ezagutzeko aukera izango duela otu zaio Mireni.
Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain
Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain
Argazkilaria: Juan Luis Aizpuru Beristain
René de Obaldia idazlearen sekretua
2022-04-10 // bAst // Iruzkinik ez
René de Obaldia antzerki-idazlea, 103 urterekin zendua. Argazkia: AP
Panamako unibertsitateko blogetik atera dugu honako berri hau idazleaz, bizi zelarik berari buruz idatzi zutena hain zuzen:
Duela bost urte, Pariseko Literatura Hispanoamerikarraren Topaketaren lehenengo ekitaldirako ohorezko lehendakaririk onenaren bila, René de Obaldia izena sortu zen. Bi aldiz pentsatu gabe, mezu bat bidali zitzaion Frantses Akademiari, ez zegoen harekin komunikatzeko beste modurik.
Jose Clémente de Obaldía diplomatiko panamarraren eta Madeleine Peuvrel frantziarraren semea da; Panamako bigarren presidente José Domingo de Obaldíaren ondorengoa. Parisen hazi zen, Condorcet lizeoan ikasi zuen, 1940an gerrara joan baino lehen. Preso hartu zuten eta 1944an Frantziara itzuli zen gaixorik.
Ehun urteko irudia
De Obaldiak urriaren 22an ospatu zituen bere bizitzako 103 urteak. Hong Kongen jaio zen 1918ko urriaren 22an. Poeta, idazlea, antzerkigile frantsesa eta 22. eserlekua betetzen duen Akademia Frantseseko kidea da.
Sariak [asko]
Hispanoamerikako Literaturaren Topaketa
De Obaldiak Hispanoamerikako Literaturaren Lehen Topaketako ohorezko lehendakari izatea onartu zuen. Berarentzat jada garrantzitsua zen ekitaldia, nahiz eta ez duen gaztelaniaz hitz egiten.
Bere garaiko gizon guztiak bezala, ez da ordenagailuaren laguna, ezta mugikorrena ere, eta horregatik eskuz idatzitako mezu bat bidali zuen izendapen sinbolikoa onartuz, berak ezagutzen ez zuen pertsona batek eskainia, baina panamarra zela esatean nahikoa motibazio izan zuena.
1960an hasi zen antzerkigintzan, Jean Vilarri eta André Barsacqi esker, Frantziako eszenatokietan eta nazioarteko foroetan gehien antzeztutako egileetako bat da. Bere lanak 28 hizkuntzatara itzuli dira.
Frantziako akademiako kidea
Frantziako Akademiak 1999ko ekainaren 24an hautatu zuen, 22. eserlekuan. 2012tik Akademiako dekanoa da.
2008an, Pierrette Micheloud Poesia Saria eman zioten bere obra osoagatik.
Panamako sariak
Bere omenez antolatu zen afarian, 2017an, bi sari garrantzitsu jaso zituen distantzia eta errekorra gorabehera: Panamako Alkatetzarena eta Panamako Hizkuntzaren Akademiarena.
Bere adinagatik azkar nekatzen den arren, bisitak hartzea eta bere bizitzaz eta lanez hitz egiten denbora luzea ematea gustatzen zaio. Atsegin handia da dramaturgo handi honekin hitz egitea, baina plazer bat baino gehiago pribilegio bat da hain pertsonaia garrantzitsua barru-barrutik ezagutzea.
Blog universidad de panamá
René de Obaldia
René de Obaldiak berak igorri digu harainditik “sekretu” hau:
Sekretua
Basoaren ondoko bidean
altxor bat dut aurkitu:
Intxaur azal bat
Urrezko matxinsalto bat
Hildako ostadar bat.
Inori ez diot ezer esan
eskuan ditut hartu
barnean tinko atxiki
atxiki itotzeraino!
Astelehenetik larunbatera.
Igandean dut ireki
baina ez zen gehiago deusik
Aurkitu dut zakur bat
Bere etxola berdean etzana
Ai, neure atsekabea!
Esan dit zaunkarik gabe:
Gau honetan amets egingo duzu
Gauean, hain zegoen beltz ilun
Pentsatu dut dena kontu bat zela
Eta dena galdua nuela
Baina bat batean ikusi dut
Itsasontzi bat zeruan
Matxinsalto batek zeraman herrestan
Ostadarraren olatuen gain!
René de Obaldia
Obaldia? Finezia, kultura, jakituria, erlatibitatearen zentzu zorrotza, poesia, maxima eta aforismoak, elkarrizketarako zaletasuna, maitatu, bizi izan eta ulertu duenaren xarma argiezina. (Philipphe Labro)
René & Diane senar-emazteak
Axular-en hiztegia
2022-04-03 // bAst // Iruzkinik ez
Luis Villasantek, Axularren lanaren aditurik handienetakoak, 1973an argitaratutako Axular-en hiztegia liburuaren berrargitalpena da edizio faksimilean. Euskaltzainburuak, liburuan, Axularren lanaren hustuketa lexikografiko zehatza egin zuen, eta egilearen ekarpenaren garrantzia neurtu zuen. Horregatik esan izan da, maiz, ondoren argitaratutako hiztegi askoren oinarrizko ekarpena izan zela liburua.
AZALPENAK ETA ADIBIDEAK. Hiztegian, hitz bakoitzari buruz adibideak edo esaldi batzuk aipatzen dira eta, ondoren, hitz hura aurki daitekeen beste tokiak iragartzen dira. Hitz bakoitzaren sarreran, gainera, gaztelaniazko eta frantsesezko azalpenak aurki daitezke. Bukaeran, halaber, gaztelania-euskara eta frantsesa-euskara hiztegi lagungarriak gehitu zituen Luis Villasantek.
Oraingo edizioak Jerardo Elortza irakaslearen aitzinsolasa dakar.
Hiztegi horretatik hitz batzuk hautatu ditugu:
ARRAITU: alegrar, iluminar (el rostro) / réjouir, éclairer (le visage)
Hark etsaiari bihotza hautsten eta arrobatzen dio, hark begia arraitzen dio.
(AHOTIK) BIHURTU: vomitar, arrojar por la boca/ vomir, rendre par la bouche.
Ian ezazu bada neurriz, asko duzun bezain bertze, eta ez gehiago, ase-eginik okha eztagizun, ahotik bihur eztezazun.
BORTITZTU: robustecer / renfoncer.
Fidantzia da esperantza bat bortitztua, indarztatua, eta ustez ongi finkatua eta seguratua.
DOSTATU: divertirse/ s’amuser
Dezagun denbora iragan, gaitezin ioka, gaitezin dantza eta dosta.
ESTALGUNE: escondite/cachette.
Eta halatan, berak bere burua, bere falta ezaguturik eta hobendun zela nabarbendurik, estalgunea bilhatu zuen.
FITS-MITS: broza, suciedad/ saleté.
Bada nola isatsaz maiz iragaiten den etxea, erraz baita garbitzen, zeren hark fits-mits eta likitskeria guti baitu.
GUTIZIAMENDU: deseo, concupiscencia/ désir, concupiscence
Zeren nola ora bazkarekin hurbiltzenago baita, eta bai sua ere olioarekin pitztenago, hala haragiaren gutiziamendua ere, ian-edan harekin berretzenago eta handitzenago da.
HISTU: satisfacer, saciar, cumplir (un deseo); satisfacerse, vengarse/satisfaire, satier, accomplir (un désir); se satisfaire, se venger
Halako suertez, ezen nola nahi den dela, nahiz mendekaturik eta nahiz mendekatu gabe, nahiz bere gogoak histurik, eta nahiz histu gabe, ezta halakoentzat damurik, atsekaberik eta asaldurik baizen.
IGURIKITZA: aguante, paciencia/ patience, endurance
Eta halakoak nola bera ezin baitagoke, uste du ezen bertze guztiak ere hura bezala direla, hark bezain igurikitza eta pairu guti dutela.
KOMUNZKI: Comúnmente, por lo común, ordinariamente/ communément, d’habitude
Komunzki ahotan dabillan solhasa da. (Es un dicho común)
MEN: trance, momento crítico, instante, coyuntura ineludible y extrema/ transe, moment critique, instant, conjoncture extrême
Orai bada orai, men menean iarri gabe, sukharrak nahasi gabe, eta eritasuna iaundu gabe, egintzazu gero egin gogo ditutzun ongiak eta deskarguak.
NAHASTEKA: embrollo, revuelta, jaleo/mèlée, mélange, imbroglio
Eta handik nahastekak, diferentziak, guduak, hauziak, etsigoak eta kartagotarrekikoa baiño gerla perilosagoa bere arthean sorthuko zeiela.
PROBEZIA: pobreza/ pauvreté.
Nagitasuna da nezesitatearen eta probeziaren unhidea eta haz-ama.
SABELDARRAIO: glotón/ gluton.
Han sabeldarraio, golosa, lamitia, ian edanera emana, gulara eroria, gosez eta egarriz ur xorta bat ere ezin erdietsiz, amitua ibiliko da, flakatua eta iragana iarriko da.
UMO: maduro, sazonado / mûr.
Hor heldu da zahartasuna, denbora pausatua, umoa, erhokerien utztekoa.
ZORTHEATU: salir bien o mal librado / s’en tirer bien o mal
Fineraino eta finean perseberatzen duena izanen da salbatua eta ongi zortheatua.
Arraitu zuen aurpegiak, ez bihur ahotik jan duzuena, borthiztu zuen giharrak, dosta zaitezte, ezkutaketan, zuen estalgunean gordeta, fits-mitsik biltzeko beldurrik gabe. Zuen gutiziamendua bada, zuen gogoa histea, igurikitza beharko duzue, komunzki ez dira gauzak erraz eskuratzen, men-menean jarri gabe. Bizitza hau nahasteka bat da, batetik probezia, bertzetik sabeldarraio ugari. Umo izanen garenean ikusiko dugu, nola zortheatu garen.
Axular idazlearen jaiotetxea (Urdazubi)
Urdazubi, 350 biztanleko herri ttiki bezain ederra, Nafarroako iparraldean kokaturik dago, Frantziako mugatik Kilometro gutxitara. Hurbilean dituen herriak Zugarramurdi, Sara eta Ainhoa dira, lauen artean Xaretako alderdia osatzen dutelarik.
Biztanleria herria eta bere 7 auzoen artean banatzen da: Alkerdi, Landibar, Leorlas, Larrainta, Iribere, Telleria eta Dantxarinea, denak baserri, landetxe eta jauregiz jantziak.
Ugarama errekak herria erdiz erdi zeharkatzen du, Urdazubiko etxe dotoreak inguratuz. Pedro Agerre “Axular”-ena aipatzen ahal dugu adibide gisa, XVII mendearen lehendabiziko partean bizi izan zen euskal literaturako gizona.
Lezeez gain, zonaldean interes handiko errekurtso turistiko ugari dago, Urdazubiko San Salbatoreko Monastegia bezalaxe. IX. mendeko eraikin eder honek erdi aroko kutsu nabaria du eta egun herriko eliza parrokiala da.
Monastegiko barnealdean Museoa dago, momentu hauetan eraikitze lanetan, bere inaugurazioa 2009ko uda partera izanen da.
Metro gutxitara XVIII mendeko Urdazubiko Errota dago, bisita gidatuak eskaintzen dituenak bisitariei antzinako denboretan arto eta garia nola ehotzen ziren erakusteko.
Tokiko gastronomiak merituz irabazia du bere izen ona, bertako jakiak modu tradizionalean jakintasunez erabiltzen baititu.
Web orriko gainerako ataletan sartuz gero bestak, turismo baliabideak eta inguruari buruzko informazio gehiago aurkituko duzu.
Urdazubiko Lezeetako web orria
Holodomor: miseria gorria eta gosete beltza
2022-03-26 // bAst // Iruzkinik ez
Ez, ez da fikzioa. Gerra-garaia da eta gerran ez dago berriketarik, ez dago fikziorik. Jendea hiltzen da, haurrak, agureak, eta dena da tristea eta etsigarria. Goibela, negargarria. Ukraina aldeko hainbat herri eta hiri gernika bat eginda daude, eta ukrainarrak 10-1 galtzen ari dira partida hau. Ukrainarren presidentea deika ari da batera eta bertzera babes eske, laguntza eske. Herritarrak ihesean asko, bertze batzuk etxepeko sotoan gorderik, eta bertze batzuk abangoardian errusiarrei aurre egiten. Ez da giro. Ez dira garaiak ipuinetarako. Gerrak dena hartzen du; ezkutatzen ditu ziklo-krosa, eskolako emaitza txarrak, ogiaren garestitzea, garraiolarien lanuztea, aurtengo antxoak… Gainera, gerra hau ez da nolanahikoa; hirugarren mundu gerraren hasiera izan daiteke, gauzak berotu eta bazterrak sutzen badira. Gerra guztiak hasten dira izpitxo batekin eta gero gaiztotzen dira, milioika pertsona hiltzeraino. Hor daude lehen eta bigarren mundu-gerlak, Verdún, Nagasaki, Sartaguda. Eta bertze hainbat gerra. Gerra hau nork irabaziko duen ez dakigu. Nork galduko duen, beharbada bai. Hor dago Kiev, errusiarren erasoa jasaten, ahal bezala. Indartsuenak, diotenez, Mosku, Washington eta Pekin.
Errusiak Ukraina azpiratu nahi du, zuzen-kontra, eta ez da lehenengo aldia. Irakurgaiak badira gai horri buruz. Erraterako, Anne Applebaum-en “Gosete gorria. Stalinen gerra Ukrainaren kontra”.
Anne Applebaumek, Gulag filmagatik Pulitzer saria irabazi eta Altzairuzko Oihala lanagatik National Book Award txapelketako finalista denak, Sobietar Batasunaren garaiko krimenik txarrenetako baten historia kontatzen du.
1929an, Stalinek abian jarritako kolektibizazio handiaren ondorioz, milioika nekazarik lurrak entregatu behar izan zituzten. Emaitza aurrekaririk gabeko gosetea izan zen; gutxienez bost milioi pertsona hil ziren 1931 eta 1934 artean SESBen, eta horietatik lau ukrainarrak ziren.
Gosete Gorria lanean, Anne Applebaum-ek argudiatzen du heriotza horiek ez zirela ustekabekoak izan, ezta politika publiko txar baten albo-ondorioak ere, baizik eta erabat deliberatuak eta planifikatuak. Artxibo klasifikatuetara, bizirik atera zirenen testigantzetara eta mundu osoan zehar banatutako ukrainar akademikoen ikerketa zehatzetara sarbidea izanik, Applebaumek aztertzen du nola estatu sobietarrak hondamendia antolatu zuen, arazo politiko bati aurre egiteko. Stalin erabakita zegoelako: Ukrainak nazionalismo-nahiak baztertu behar zituen eta horretarako, bere benetako historia lurperatu behar zuen, milioika biktima errugaberekin batera.
Hala, ezohiko gaitz baten aurrean bizirauteko borrokatu zuen jende arruntaren izua jasotzen du liburu honek. Erudizio eta enpatia uztartze batean, Applebaumek Errusia eta Ukrainaren arteko krisi geopolitikoko garai batean ahaztutako historia bat berreskuratzen du, iraganak oraina zenbateraino moldatzen duen erakusten duena.
Gerra ez da fikzioa!
E il mio maestro mi insegnò com’è difficile
trovare l’alba dentro l’imbrunire
Prospettiva Nevski Eta nire irakasleak irakatsi zidan zein zaila den
egunsentia iluntzaren baitan aurkitzea Franco Battiatto
Elkarrekiko laguntza: mokogorri afrikar bat inpala baten gainean, mutualismo adibide bat. Argazkia: Charles J. Sharpe
Fikzio (hiztegi batua)
1 iz. Itxurapena; asmaketa.
2 iz. Literaturan eta zineman, irudimenaren sorkaria. Historiaren eta fikzioaren arteko jolasa dago antzezlanean.
fikziozko adj. Fikziozko obra moten sailkapena. Fikziozko zinemagintza.
fiktizio
adj. [Oharra: Euskaltzaindiak, fiktizio-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. gezurrezko; fikziozko].
“L’Ukraine a toujours aspiré à être libre”
Voltaire
Lehenik etxalde kolektiboetako biltegietan zegoen guztia eraman zuten, « lan egunekin » nekazariek irabazia zuten guztia. Ondoren ganadu-jana eta haziak eraman zituzten, eta ondoren etxoletara joan ziren, eta, aurrez nekazariei emana zitzaien zerealetik geratzen zenaz jabetu ziren […] Bazekiten lursail gutxiago zegoela landuta; Ukrainan 1932an uztan jasotako alea gutxiago izan zen. Halere, zereala eskuratzeko planak asko nahi zuen. Ez al da hau gosete bat antolatzeko lehen pausoa ? Errekisatzeko orduan, boltxebikeek ikusi zuten zereal kopuru oso oso txikia geratzen zela, baina aurrera egin zuten eta dena eraman zuten; hala antolatzen da, zalantzarik gabe, gosete bat.
Olexa Veretenchenko (olerkaria)
Zer gertatu da barre harekin,
San Juan festetan neskatoek pizten zituzten suekin?
Non daude herrixka ukrainarrak
eta haien etxe aurreko gerezi-ortuak?
Dena desagertu da su gosetiaren mende.
Amek beren seme-alabak irensten dituzte,
badira eroak gizaki-okela saltzen dutenak
merkatuetan.
Gosete Gorria
Holodomorra historian eta oroimenean
Holodomor hitzak erran nahi du gosez erail.
Info gehiago:
https://wikipredia.net/eu/Holodomor
Txomin Garmendiaren denbora-pasa
2022-03-20 // bAst // Iruzkinik ez
Txomin Garmendia
Paulino Garmendia eta Bittori Galartzaren semea. Autodidakta izan da ikasketei dagokionean. Nekazari, arotz, taxista, liburu-saltzaile eta Berrobiko alkate izan da. Bere kasa zaletu, eta lagunek bultza zuten plazara. 50. hamarkadan hasi zen jendaurrean kantari, eta 1967ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan txapeldun izan zen. 1980an bideko istripuz eritu zen. Harrezkero idazteari ekin zion. Bertso liburuak eta kontakizunekoak idatzi izan ditu. 1988an ezkondu zen.
(Xenpelar dokumentazio zentroa)
Txomin Garmendia argazkia: Gorka Estrada
MAITASUNA
Norbaitek galdera egin lezake, ea ni zer moduzko bertso-jartzallea naizen.
Ni, egia esateko, bertso-jartzalle urria naiz. Iñoiz pentsatu izan detenean ere, bi edo iru bertsotatik aurrera neke aundia sumatzen det. Bearbada, gauza aundiaren billa asten naizelako, eta ni gauza aundietara ez iristen.
Ala ere, baditut bertso banaka batzuek jarri ta argitaratuak, eta hogei urte nituanean lenbizikoak, len aitatutako Soroarenak; eta len aitatutako soldaduzkakoak ere bai.
Bañan oiek len ere publikatuta daude Auspoa liburutegian (39 eta 139), eta orain ez naiz berriro emen jartzen asiko.
Geroxeago, Maitasuna izenburuarekin, beste batzuek jarri nituan, Aizak,i mutil mañontzi’ren doñuarekin.
Azpeiti’n baziran garai artan Unai deitzen zioten neskatx kantari batzuk. Oso ondo kantatzen zuten.
Ta Abaltzisketa’n egokitu giñan behin.
Aiek kantatzeko zerbait jarriko al nuan erregutu zidaten, da nik bertso auek atera.
Baña ez det uste iñun kantatu zituztenik. Ez izan nunbait egokiak kitarrarentzako.
Zeruko Argia asterokoan argitaratu ziran, 1970’eko azaroaren 29an:
1
Iru edo lau iritzi
eman gabe ezin utzi,
bestela damu izango nuke
bihar edo etzi;
orrenbeste baile itxi,
asko ez al gera jetsi?
Arrokeria ugari baiña
maitetasun gutxi.
2
Neska-mutillen artean,
gizartearen kaltean,
moda berriak indartu dira
kaleak betean;
bizi nai baratz batean,
pentsatzen jarri gaitean,
maitetasunik ezpada gabiltz
arantza tartean.
3
Guk daduzkagun ametsak
sarri dira aldrebesak,
geure erri ta geure izkuntza
aztutzen errezak;
kalera joateko presak,
etxeratutzen nekezak…
O, zenbat kalte egiten duan
maitasunik ezak!
4
Moda berrian jokatu,
lengo dana zokoratu,
txantxo gisara lenengo jantzi,
urrena drogatu;
jaunak, hainbeste pekatu
nundik da gureganatu?
Bide ortatik zorionikan
guk ezin topatu.
5
Zer etorkizun dauzkagun,
zer egiteko daukagun?
Gure oiturak eta izkuntza
baiño oberik non?
Errian egiñik lagun,
maitatuz jator da txukun,
nungo seme ta alabak geran
aztu ez dezagun.
—
O, zenbat kalte egiten duan
maitasunik ezak!
Ой, скільки ти шкодиш
відсутність любові!
Oy, skilʹky ty shkodysh
vidsutnistʹ lyubovi!
(ukrainera)
О, сколько вреда это наносит
отсутствие любви!
O, skol’ko vreda eto nanosit
otsutstviye lyubvi!
(errusiera)
Playa Honda
2022-03-12 // bAst // Iruzkinik ez
Playa honda -lanzarote-
Han,
non haize leuna
sorgin-fereka bihurtzen den.
Hantxe zaude, bai,
ur-uhin isilak lehertzen diren gunetik hamar bat metrora,
kresalaren usainak bilduta,
harean etzanda,
begiak itxita,
goxo-goxo,
paleomusker bat bezala
gorputza alferturik,
atseginaren atseginez…
Itsasoa bare dago…
eta entzumenera iristen zaizun
musika ere
bake-baketsua da,
inguratzailea,
umetan
kiribil baten aterpean entzuten zenuenaren antzekoa,
munduko itsaso ororen musika entzungai,
kiribilak kiribildua eta leundua:
Haurtzaroko musika hura,
belarria ez ezik,
gorputz osoa ere hartzen zizuna:
buru-bihotzak eta bihotz-buruak…
Hantxe zaude, bai,
ur-uhin isilak lehertzen diren gunetik hamar bat metrora,
lehertu ahala aparrezko milaka globo sortzen dituztenak,
sortu ahal desegiten,
olatuen hurrengo astinaldian berriro sortzeko…
eta hurrengoan eta hurrengoan…
Hantxe, bai, zu,
globotxoak sortu eta desegiten diren gunetik hurbil,
amets hautsien eta amets berrien borborrean,
kresal usainak gero eta bilduago,
murmuak jota,
musika isilaren nota ezin isilagoak
amets goitiarren itsaskirrian kulunka
nabaritu dituzun bitartean,
non, bat-batean,
sentitu zaren,
taupadaz taupada eta olatuz olatu,
atomo bat hutsezko
atomo bat jainkozko…
Lanzarote (playa honda)
Azaleko irudiaren egilea: Imanol Irigoien.
Lanzarote (playa honda)
Lanzarote (playa honda)
Punta Mujereseko amets iturria
Horra hor amets dudan iturri ttikia,
ttanttaz ttanttako jarioa duena,
bere erretilutxo konkaboarekin….
Horra nola dagiten goitik behera ttanttek,
erretiluan bildutako uraren azala hautsiz
eta olatutxo zirkular zentrokideak sortuz,
ttantten musikaren erritmoan,
ttantta bat segundo bakoitzeko…
Niagarako ur-jauzietatik urrun nago, zinez,
baina urrunago banengo ere,
bost axola…
Izan ere,
zer da iturritxo hau,
aurrez aurre dudana
eta neure haurtzarora mugagabeki naramana!
une honetan, adibidez,
haizea naizela amets dezaket,
eta ur gardena amorante:
olatu txikiak, berriz,
gure maitasunaren fruitu
izan daitezke;
entzuten ditudan piano notak, berriz,
Erik Satierenak ote…?
Iturri minimo horrek
erabat sorginduta nauka
eta
-bere apalean apal,
bere xumean xume-,
munduaren ederra du laburbiltzen…
Niagarako ur-jauziak urrun daude…?
Beude!
(Punta Mujeres) Lanzarote.org
Lanzarote. Argazkilaria: Ramón Pérez Niz.
Jameos del Agua (Punta Mujeres) –ocio Lanzarote-
Niagara falls (international experience)
La Graciosa
La Graciosa
La Graciosa
(…)
Ona izan, bai,
hitzaren zentzurik onenean,
bigunkeria eta belaxkakeria orotatik urrun. (…)
Timanfaya (canary trip booking)
Macher
Timanfayako lur sakratuak:
sekulakoak,
lehen begi kolpean.
Okreak, sienak eta lur-koloreak,
haizeak mendetan landutako forma emeak,
egitura koniko kamutsak,
isiltasun minerala,
amets metafisikoen tenplu baztergabea…
munduan ba ote ederragorik?
(…)
Mancha Blanca –lanzarote-
Mancha Blanca
Batean nahiz bestean egon
-Mancha Blancan nahiz Bilbon-
jaiki bezain laster
degiot otoitz
on Gabriel Arestiri,
segi dezala eta segi dezagula,
hitzaren eta solidaritatearen mailua hartuta,
bazterrak astintzen,
ea mundu higuingarri honi
irauli bat ematen diogun,
eta ea,
haren hitzak iparrizartzat harturik,
garaile irteten garen
EGIAren aldeko
eta gezurraren aurkako gerran…
(…)
wt
Poz data
Bizitza badoakit,
eta pozezko oihu batekin
egin nahi nioke agur:
RIP-RIP: HURRA!
RIP-RIP:HURRA!…
Koiteretzia edo Segurolaren konfitamendua
2022-03-06 // bAst, Juan Luis Aizpuru Beristain // Iruzkinik ez
Beharbada asea zaude grafiko, zenbaki, bilakaera, intzidentzia, olatu eta txosten epidemiologikoekin.
Edo betexea zaude iritzi eta jarrera gogortuekin: jardun ofizialista gogorrarekin bezalaxe, kontrajardun ernegazionista merkearekin. Zeren, agian, zuk zalantzak dauzkazu, eta jarrera aldakorrak.
Beharbada aditu nahi zenuke jende ezezaguna hizketan beren bizitza ezezagunetan, ea zer dioten, «bizitzatik», 2020ko martxoko bizi-etenaz geroztikako mundu honetan; gure bizitzetako sasoi xelebre eta ustekabekoena gertatu den honetan.
Eta beharbada zure belarri euskalduna aspertua dago covid, sars eta holako aldrebeskeriak aditzen, eta agian zure belarrian eta aho-mihietan kobitemeretzia, esanaren esanez, KOITERETZIA bihurtua dagoke.
Giro errealean garatzen den fikzioa duzu eleberri hau, elkarrizketa hutsez emana, kronikaren eta saiakeraren uretatik edaten duena garai historiko baten eleberria eraikitzeko. Ahozkotasuna, ideia konplexuen bidelagun ere izan daitekeelako.
Juan Luis Aizpuru Beristain
Juan Luis Aizpuru Beristain
Juan Luis Aizpuru Beristain
Juan Luis Aizpuru Beristain
Juan Luis Aizpuru Beristain
Jainkoak guarda emakume nafarren mendekutik…
2022-02-27 // bAst // Iruzkinik ez
Beste udaberri bat hasi berria da, baina andreak ez du udaberri onik izan orain dela zortzi urte luze Nafarroatik atera zenez geroztik.
Nekatua daukate Anjouko lasaitasun latzak eta Poitierseko noble baztar-nahastaileek, baina, oroz gain, senarrak dauka nardaturik, Lehoi-bihotzak, hiriz hiri ibilarazten baitu pasatzen ikusten duten guztien esamesen artean.
Lehoi-bihotzak ez zuen sekula maitatu, eta berari berandu gabe lausotu zitzaion haren zaldun xaloaren irudia, bere amaginarreba Leonor ezkongileak hainbestetan aipatu ziona.
Berehala ohartu zen ezin zela lehian ibili Rikardok denen artetik zinez estimatzen zuen maitale bakarrarekin, hots, haren ezpata beti odol-gosearekin. Irria eragiten zioten erregea zakilzalea zelako zurrumurruek. Ez zebilen gizonei segika, ez, soldaduei segika baizik. Egiari men, edozeini segika, baldin eta “balentria” edo ekintza gogoangarri bat kontatzen bazion: ezin menderatuzko gotorlekuei egindako setioak, aizkora ongi zorrotzek moztutako besoak, edo daga florentziarrek trenkaturiko lepoak. Deusek ere ez zuen aterarazten bere mozkor etengabeen laxokeriatik, baldin eta sare-kotan bildua heldu ez bazen eta berriki erauzitako erraien kiratsa ez bazerion.
Gizon grinatsu guztiek bezala, erregeak ere damualdiak izaten zituen, eta haietan amodio eta barkazio kanta ederrak egiten zituen, baina, heraldoaren tronpetari gudura deitzen aditu bezain laster, bere agindu xelebreei zakur ongi heziaren gisara obeditzen ez zien jende orori tripak ateratzeko irrika berritzen zitzaion.
Eta andreak ezin du gehiago jasan. Itogarri zaio bere senararren ospea, nahiz eta orain bakanetan ikusi elkar, nahiz eta oso noizbehinka baizik ez izan haren berri eta, zoritxarrez, beti ekintza bortitzen bat dela-eta edo kanpaina militarrak finantzatzeko urre bila egindako oldarraldi doilorren bat dela medio.
Aski da. Bada garaia Zipren apezpiku hark ezkondu zituenez geroztik elkarri lotuta dauzkan lokarria eteteko.
Eta, orduan, bere haurtzain leial Goizederri deitu dio, umetatik ondoan baitu, eta, elkarrekin, behar den guztia prestatu dute Berengela berriz libre izan dadin: Zugarramurdi misteriotsutik, hots, neskamearen sorterriko leizeetatik ateratako buztinaz egindako irudi txiki bat. Eta erreginak, panpinan, Ingalaterrako hiru lehoinabarrak margotu ditu, eta buruan, amorru ankerraz, Rikardoren ile-xerlo gorri bat txertatu du, senar ezin zozoagoak mozten utzi baitzion ustez eta andreak ere, mundu guztiak bezala, itsu-itsuan miresten zuen.
Chalûseko gaztelua
Eta Berengelak, gerrikotik zintzilik duen poltsatik, Tafallan hazten diren arrosen arantzak baino zorrotzagoko ezten bat atera du, eta, bi emakumeek hiru aldiz errepikatu duten otoitz fedegabe baten ondotik- Châlus, Châlus, Châlus-, panpinaren lepoan hondoratu du, eta panpina uzkurtu egin da, zinez mina sentitu ahal izan balu bezalaxe.
-Amaia da hasiera!- egin du oihu neskameak.
Bai, erreginak ere hala du uste: Rikardoren heriotza bere bizitza berriaren hasiera izanen da, eta, orduan, hondarrean, nahi duena egiten ahalko du, nahi duenean eta nahi duenarekin.
Eta zazpi egun gabe, mezulari baten zaldia lauhazka sartu da Berengela bizi den jauregira, eta mezulariak iragarri dio batek-daki-nondik ateratako gezi batek zauritu zuela erregea lepoan, Châluseko gaztelua setiatzen ari zen bitartean, joan zen martxoaren 25ean, eta Rikardoren gorpua Fontevraudeko abade-etxean ehortziko dutela.
Eta alargunak negar-zotinka abaroa Goizederren bularrean bilatzen duenean, denek uste dute berri zorigaiztokoak eragin dion nahigabeagatik dela, eta haren erruki dira, eta harekin batera egiten dute negar, baina oso bestelakoa da egia: ez dago malkorik bere begietan, baizik eta bizitza erabat berri baten esperantza.
Amaia da hasiera…
Itzultzailea: Fernando Rey
Batzuetan ez gara ohartzen nolako arrasto eta oinatzak uzten dituen iraganak gure hurbileneko ingurunean. Ez gara ohartzen egunero ibiltzen garen kalean, herrixka polit horretan edo igo gogo dugun mendi horretan ahanzturatik salbatzea merezi duten historia txiki asko gertatu zirela. Erdi Aroko Nafarroari buruzko kontakizun hauek hori dute xedea, baina errealitatea eta fikzioa nahasiz, hainbeste nahasiz ezen nekez bereiziko baitugu zer den gertatua eta zer asmatua.
Hiru.eus
Ricardo I.a Lehoibihotza Euskal Herrian
Enrike II.a Plantagenet-en eta Akitaniako Leonorren seme Rikardo I.a, izengoitiz Lehoi-Bihotza, Oxford-en jaio zen, 1157an eta Chalus-en, Limousin-en hil zen, 1199an. Akitaniako duke eta Ingalaterrako errege (1189-1199) izan zen.
Akitaniako Leonorrek bi seme izan zituen Enrike II.a Ingalaterrakoarekin: Rikardo I.a izengoitiz Lehoi-Bihotza eta Joan Lurgabea. Enrike II.ak semeekin konponezinak zituen, eta emazte Leonorrek semeenganako isuria eta jarrera ona erakusten zuelako, senarrak espetxean sartu eta bertan hamabost urtez eduki zuen. Enrike II.a hil eta bere seme Rikardo I.ak, erregetu zenean, espetxetik atera zuen ama.
Akitaniako duke titulua amarengandik jaso zuen eta haren agindupean geratu zen Ipar Euskal Herria.
Nafarroako iparraldeko mugak ziurtatzeko asmo sendoarekin, Antso VI.a Jakitunaren alaba Berengela Rikardorekin ezkondu zen. Bere koinatu Antso VII.a Azkarrak, Nafarroan erregetu aurretik, Rikardoren alde jardun zuen: Gaskoniaren eskubideak babesteko lehenik eta Frantziako Felipe II.aren kontra egiteko gero.
Rikardo I.a Lehoi-Bihotzak Baiona hiria Lapurditik aparte utzi zuen, bereiz, –Uztaritze bilakatu zen Lapurdiko hiriburu– eta Nafarroa Beherea Nafarroari itzuli zion. Akitaniarren matxinada gogor zapaldu zuen, III. gurutzadan parte hartu aurretik.
Rikardo hil zenean, Ingalaterrako erregina izateari uko egin eta Le Mans-era erretiratu zen Berengela.