Hasiera »
ARGIAren jarraipen kritikoa - Donostiaren 2016 ertzak
Honi buruz
ARGIAren jarraipen kolektiboa Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzari. Informazioa, iritziak eta analisia.
Azken bidalketak
- Añorgako Belartza eremuan egiten ari diren obren aurkako mobilizaziora deitu dute
- DSS2016k zentsuratutako presoen lan batzuk Txantxarreka gaztetxean jarriko dituzte ikusgai
- “Non da parte-hartzea? Inposaketa da!” aldarrikatu dute eragile ugarik
- Donostia “Demokraziaren Munduko Hiriburu” izendatu dutela eta protesta deitu dute hainbat eragilek
- “Elkarbizitza gezurra da” aldarrikatuko dute Mozal Legearen zigor eta isunei erantzuteko festan
Iruzkin berriak
- Trinitateko auzo baratzea errespetatzeko eskatu ditoe Jazzaldia iragartzen duen garagardo markari | Donostiaren 2016 ertzak(e)k Udaltzaingoak Trinitate plazako auzo-baratzea desegin du bidalketan
- Andoni Lubaki(e)k Hainbat fotokazetari kexu, 2016ak ordaindu gabe erabili nahi izan dituelako euren argazkiak bidalketan
- Metroaren proiektua gelditzeko protesta egin dute bizilagunek udal plenoan | Donostiaren 2016 ertzak(e)k Kontxako hondartzan irudikatuko dute Donostiako metroaren “zentzugabekeria” bidalketan
- Metroaren proiektua gelditzeko protesta egin dute bizilagunek udal plenoan | Donostiaren 2016 ertzak(e)k Donostiako metroa geldiarazteko balkoietan banderolak jarri, sinadurak bildu eta manifestazioa egingo dituzte bidalketan
- Maiatzak 8: udaberriko jaia parkean // 8 de mayo: fiesta de primavera en Viveros - Uliako auzo-elkartea(e)k EAJk eta PSE-EEk ateak itxi dizkiote Uliako mintegien parkearen inguruko galdeketari bidalketan
Artxiboak
Kategoriak
- Alderdi politikoen 2016
- Azpiegiturak
- DSS2016EU
- Egitasmo ofizialetik nabarmenduak
- Espazio publikoaren erabilera
- Europar Batasuna
- Euskarriak
- Festa amaitu da
- Herri galdeketak
- Herri kultura
- Herritarren aldarrikapenak
- Hiri eredua
- Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera
- Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa
- Inaugurazio ekitaldia
- Iritzi artikuluak
- Kortxoenea
- Kultur eragileen iritzia
- Sailkatu gabea
- San Joan baleontzia
- Zezenketak
Donostia 2016ri buruz hausnarketa kolektiboa egiteko tailerra larunbat goizean Egian
2016-04-15 // DSS2016EU, Herritarren aldarrikapenak // Iruzkinik ez
Larunbat goizean Donostia 2016ari buruz hausnarketa egiteko tailerra antolatu dute Egian, 11:00etan Txoko Internazionalistan. Egia eta Donostia mailako talde berri bat osatu dute ARGIAri antolatzaileetako batek esan dionez, “Burujabetza Taldea” izena jarri dioten arren, oraindik finkatzen ari dira.
Antolatzaileetako batek sarean jarri duenez, “kultura hiriburutzak dakartzan eragin, interes, arrisku eta beste hainbeste ondorioen inguruan hitz egingo dugu, ikuspuntu kritiko batet”.
(gehiago…)
‘Donostia, kulturaren hiria?’ monografikoa argitaratu du Aldirik
2016-04-12 // DSS2016EU, Kultur eragileen iritzia // Iruzkinik ez
“Donostia, kulturaren hiria?” izenburupean argitaratu dute Aldiri arkitektura eta abar aldizkariaren azken alea. Bertan kultura, hirigintza eta turismoari buruzko artikulu ugari jaso dituzte. “Hirien arteko lehiakortasuna, kultura hiri-garapen berritzaileen berme ala hirien merkatuan lehiatzeko aitzakia?”, galdetzen dute.
Koordinatzaileek azaldu digutenez, helburua DSS2016 ulertzeko gakoak ematea izan da, arkitektura abiapuntu gisa ulertuta baina diziplina askotako kolaborazioekin. Ondorengoek hartu dute parte besteak beste: Jule Goikoetxea zientzia politikoetako irakaslea, Aritz Tutor geografia ikertzailea, Kepa Korta Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendaria, LaPublika arte-ikerketarako programako kideak, Markel Ormazabal soziologoa, Ainara LeGardon musikaria, Joseba Larratxe marrazkilaria, Edorta Subijana arkitektoa…
(gehiago…)
2016an ere zezenketak egingo direla dio Donostiako Udalak
2016-04-05 // Zezenketak // Iruzkinik ez
Zezenketa Illunben.
Herri galdeketa egin bitartean, Eneko Goia alkateak “bai” erantzun dio 2016ko Aste Nagusian Illunbeko plazan zezenketak antolatzeko eskaria egin dion Chopera familiari. Zehazki Goiak esan du 2016an baietz, eta ondorengo urteetan auskalo, ez baita ahaztu behar 10.000 donostiarren izenpeak martxo erditik daudela udaletxean, haiek ere oso bestelako eskari batentzat erantzun zain: herri galdeketa egin dadila zezenketei buruz.
Araudia errespetatuz galdeketa ekainaren 19an egin litekeela esan zuten Donostia Antitaurina Orain plataformako kideek, udal agintariei sinaduraz betetako orri piloa eman zieten egunean. Eskatu zuten galdeketaren emaitza jakin arte Illunbeko plaza Aste Nagusian erabiltzeko inolako hitzarmenik ez egiteko.
Argi esan du alkateak, ordea: “Aurten ez dira beteko herri galdeketa gauzatzeko epeak”. Auzia ez da politikoa, nonbait; kalkuluetan desberdintasun txiki batzuk dira gakoa, ez besterik. Zezenketen aurkarien ustez ekainaren 19an amaitu litekeen prozedura, ezin abuztu erdirako gauzatu Udalaren aburuz. Bitartean, esan du Eneko Goiak, araudiak ezarritakoaren arabera jokatuko dute: Illunbe legearen barruko zerbait egiteko eskatzen bada –eta zezenak torturatu eta hiltzea legearen barrukoa da Europako Kulturaren Hiriburuan–, eta eskatzaileak prezioa ordaintzen badu, ez dago arrazoirik plaza erabiltzeko baimena ukatzeko.
“Galdeketa aurrera badoa eta aldaketarik badago, ikusiko da datozen bi urteetan zer gertatuko den”, gehitu du Goiak.
Uliako Lore Baratzak: kultura eta elkarbizitza, hirigintzaren mehatxupean
2016-03-22 // Hiri eredua // Iruzkinik ez
Uliako mintegien parkea babesteko lanean ari dira hainbat auzotar. Urtea bukatu baino lehen sartu nahi ditu Udalak makinak, etxeak eraikitzen hastreko.
Jakoba Errekondok badu esaldi hori, urbanita bat baino gehiago urduritzen duena: “Kultua izateko baratzeaz jakin behar da”. Baratzea eta kultura, bai asoziazio ezinezkoa kulturaren ideia kontsumitu daitezkeen formatu estandarretan pentsatzera ohituta dagoen galipotakumearentzat.
Zementukoak baikara gu ere, baina Jakobitak izaten hasiak, porlanpeko baratzearen bila abiatu ginen joan den igandean Mirakruzeko gainean behera. Laster aurkitu genuen sarrera eskuinera, joan eta bertan Uliako lore baratzak.
(gehiago…)
Antimilitarismoaz, gudaz eta bakeaz gogoetatzeko parada ‘Stop War’ festibalean
2016-03-21 // DSS2016EU, Egitasmo ofizialetik nabarmenduak // Iruzkinik ez
Stop War festibalaren barnean, gudaren aurkako topaketak egingo dituzte martxoaren 25 eta 26ean, “mundua astintzen duten gatazken eta giza eskubideen urraketen inguruko hausnarketan sakontzeko”. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barnean antolatutako ekimen honek egitarau oparoa prestatu du: Euskal Herriko eta nazioarteko ekintzaile antimilitaristak bilduko dituzte. Helburua gai honi buruz eztabaidatzea, ideiak elkarbanatzea eta proposamenak egitea da, gudari eta militarismoari aurre egiteko udalerri, kultura, hezkuntza, genero eta aktibismoaren ikuspuntutik.
Asteburuko programa segidan, eta StopWarFestibala.com webgunean festibaleko egitarau osoa.
Martxoak 25 ostirala, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean:
09.00 Ongi etorria eta karpeten banaketa.
09.15 “Urtean 25 gerra, ihes egindako 61 milioi pertsona…”
– Carmen Magallon Portoles. SIP (Bakerako Ikerketa Mintegia) Fundazioko zuzendaria eta Bakea eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligako (WILPF-Espainia) lehendakaria. “Mujeres en pie de paz” liburuaren egilea.
– Staša Zajović. Belgradoko Women in Black, Women’s Peace Network, The International Network of Women’s Solidarity against War, Network of Conscientious Objectors and Anti militarism in Serbia, The Coalition for a Secular State taldeen kofundatzaile, koordinatzaile edo partaidea.
– Alfonso Sanchez Ramirez. Irakaslea eta Amnistia Internazionaleko Espainiako sailaren lehendakaria.
– Pere Ortega. Centre Delàs d’Estudis per la Pau-ko lehendakaria. Desarmean eta Bakean ikertzailea. “El lobby de la industria militar española” (2015) liburuaren egilea.
Moderatzailea: Bertha Gaztelumendi Caballero. Kazetaria, Argituz Giza Eskubideen elkartekoa, eta “Mariposas en el hierro” filmarenegilea.
11.30 Atsedenaldia / Kafea
11.45 “Kultura, Hezkuntza eta Gerrak”
– Mari Luz Esteban Galarza. EHUko gizarte antropologiako irakaslea.
– Begoña del Teso Feijoo. Zinema‐kritikaria eta Euskadi Irratiko eta El Diario Vasco-ko kolaboratzailea.
Moderatzailea: Rosa Zufia Sanz. Kazetaria eta ‘EITB Kultura-Transit’ telebista saioko zuzendaria.
13.45 Bazkaria
15.30 “Posible da segurtasun eta defentsa bestelako eredu bat? Armadarik gabe?”
– Marj Olivella i Sole. Nova-nnovació Social taldeko lehendakaria. Kontzientzia-eragozle (1975) eta Kataluniako Bake Mugimenduaren kide historikoa. Seminari Estat de Pau-ko bultzatzailea (2015).
– Tica Font i Gregori. Institut Català Internacional per la Pau-ko zuzendaria. Catalunyako GKEetako Bakearen aldeko Federazioaren lehendakari ohia.
‐ Amadeu Recasens i Brunet. Bartzelonako Udalaren Segurtasuneko komisariotza. Hainbat kargu izan ditu Barne eta Herrizaingo sailetan. Kataluniako Polizia Eskolako zuzendari ohia.
Moderatzaile eta aurkezlea: Pepe Beunza. Lehenengo kontzientzia-eragozle antimilitarista Estatu espainiarrean (1971) eta Col·lectiu Pau i Treva-ko partaidea. Indarkeria‐eza Aktiboaren bultzatzailea.
17.30 Atsedenaldia
17.45 “Antimilitarismoa non gelditu da?… Iragana eta etorkizuna”
Eztabaida irekia. Saioa irekiko dute:
Mabel Canada (Lakabe)
Inaki Carro (Kakitzat)
Aitziber Lasa (Bilboko Bakearen Etxea)
Teo Llorens (Alternatiba Antimilitarista KEM/MOC, Iruñea)
Dominique Saillard (War Resisters International)
Imanol Zubero (EHU)
Martxoak 26 larunbata, Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan
11.00 “Hiriak eta Udaletetxeak gerren aurrean”.
– Eneko Goia Laso. Donostiako alkatea, EAJ.
– Manuela Carmena Castrillo. Madrilgo alkatea, Ahora Madrid.
– Josep Majoral i Antigas. Granollers-eko alkatea, PSC. Mayors for Peace-ko presidenteordea.
– Julen Mendoza Perez. Errenteriako alkatea, EH Bildu.
– Eneko Larrarte Huguet. Tuterako alkatea, Izquierda-Ezkerra.
Moderatzailea: Iratxe Momoitio Astorkia. Gernikako Bakearen Museoko zuzendaria.
Metroa geldiarazteko kontzentrazioa egin dute Kursaalen
2016-03-18 // Azpiegiturak, Hiri eredua // Iruzkinik ez
Kursaalean egindako elkarretaratzea.
Metroa gelditzearen alde lanean ari den Donostiako Sator Alaia bizilagunen mugimenduak deituta, kontzentrazioa egin dute 80 lagunek ostiralean 12:30etik 13:00ra Kursaal jauregian egiten ari den Hiri Handien Sare Iberoamerikarraren (CIDEU) Kongresuaren aurrean. Deitzaileen esanetan, Donostian Metroa eraikitzeko egitasmoak “gure hirian egin nahi den astakeria eta zentzugabekeria” da eta horren aurkako salaketa eraman nahi izan dute bilkura horretara.
(gehiago…)
Museoak ez nau izango
2016-03-18 // DSS2016EU, Iritzi artikuluak // Iruzkinik ez
Markel Ormazabal
Bagara, omen, dagoeneko Europako Kultur Hiriburu. Heldu eta hasi da. Argi eta txistu artean hasi ere. Ez kapital bakarra, baina Europako hiriburu, izan bagara. Ordea, eta espektakuluez (edo hauek sortu harrabotsez) harago, Kultura hitzaren esanahi, praktika eta kontraesanez behar baino gutxiago solastu, eztabaidatu, gogoetatu dugu. Hala uste dut. Eta aitzakia edo akuilurik ez zaigu falta izan. Bat ez, hamaika, eta askotarikoak. Ez naiz Tabakalera edo halakoetara egokitu espazioetan jazotakoez ari. Horietan bai, horietan programatu dira gogoeta eta eztabaida. Tabernetako eztabaidak ditut hizpide, eskola atari eta itxaron-geletako eztabaidak, autobusetan dutenak oihartzun. Alegia, kulturalak (kulturaren jabe izateko, kultura hori erosi egin behar dugun herritarren artean, eta ez bitartean, ematen diren eztabaidak. Bestela esanda, Hansel Cerezak haizatu eztabaidaren hedapen eta tamainakoak.
Egitasmo eta egitarauaren barrutik mintzo da Igor Rezola Dizebi kale-mural ederrak egiteagatik ezagun den Itsasondoko artista. Berari egokitu zioten, antolatzaileen hitzetan, Hormek diote “proiektuaren barruko hormarik ikusgarriena Donostia 2016ren balioak hedatzeko egokitzea”. Eta bertatik egin digu gonbita, murala baino konplexurik gabeko artibismo zuzenaren bidez, “ekimen hauek zertarako egiten diren”, “kulturak hiriburutzan zer paper jokatuko duen”, are “kultur hiriburutza zer den pentsatzeko”. Urumeako igogailuaren paretak proiektuaren ikurra izan behar omen zuen. Kapital irakurri daiteke orain bertan.
Ez bakarra, baina gu ere bagara Europako kapital, esan dugu. Baina kultura, edo zehatzean kaleko arteari buruzko eztabaidaren arreta, eta Dizebi-k gonbitea luzatu arren, Bolonian (Italia) dago. Mundu mailan aski ezagunak dira Blu kale-artistaren muralak; ezagunak bezain preziatuak. Bada, azken asteotan, bere jaioterria den Bolonian egin lan denak ezeztatu (ezabatu) ditu bolondres aritu den herritar talde baten laguntzaz. Genus Bonoiae kultur erakundeak, kaleko arteari buruzko erakusketa zabaldu du banku-etxe baten babesarekin Pepoli Palazioan, eta bertan, kaleko hormetatik erauziak izan diren Blu-ren hainbat lan paratu. Museoak ez nau izango, aldarrikatu du artistak. Ez da halakorik egiten duen lehen aldia. Iragan uztailean, Berlingo Kreuzberg auzoan, gentrifikazioa salatzeko ezabatu bere lan baten arrastoak ikusi ahal izan nituen.
Ilegalitatean ondu da kaleko artearen kultura, ilegalitatea du marka. “Nik kalean lanak egin ohi ditut, batzuetan enkarguak jasotzen ditut, eta nik erabakitzen dut arau horien barnean sartzea, jolas egitea” dio Dizebik egunkari honek jaso erreportajean. Arau horiek dira, hain zuzen ere, gaur egunean eta alderantzizko norabidean baino, kultura egiten dutenak. Kulturaz gogoeta egiteak, kultura aldatzeko aukera ekarri beharko luke bere horretan. Eta ondorioz, arauen aldaketa. Arauak ezbaian jartzea lehenik. Kaleko artea instituzioetatik, eta legen barnean, erabiltzen denean, beste adierazpen batzuk kaleetatik kentzeko erabiltzen dela gehitzen du artistak: “horregatik, kalearen parte diren espresio horiek erreskatatu nahi izan ditut: pintadak eta partxeak. Marginalagoak diren espresio horiek zentrora ekarri nahi izan ditut, kapitalitateko mural baten mailan jarri”. Ez da eztabaidarako puntu makala. Eztabaida ez bada museoko aretoan ematen, bederen.
Markel Ormazabalen artikulua, Irutxuloko Hitzan argitaratua.
Madrildarrok, erosi hemen zuen hiper luxuzko etxea
2016-03-17 // DSS2016EU, Hiri eredua // Iruzkinik ez
Engel & Völkers inmobiliariak luxuzko etxeak saltzeko Donostia 2016 argudio gisa erabiltzen du
Erredakziora iritsitako prentsa oharrak honela dio: “Donostiako Engel & Völkers Inmobiliariak ekitaldi berezia antolatu du Madrilen, Donostiako, Hondarribiko eta Gipuzkoako berezitasunak eta potentzialitateak erakusteko eta Madrilgo Autonomi Erkidegoko erosleen eta inbertsoreen aurrean bere luxuzko etxebizitzak aurkezteko”.
(gehiago…)
Zezenketei buruzko herri galdeketa egin dadin 10.000 sinadura aurkeztu dituzte
2016-03-16 // Zezenketak // Iruzkinik ez
(Argazkia: Facebook/ Donostia Antitaurina Orain)
Donostia Antitaurina Orain mugimenduak 10.000 sinadura aurkeztu ditu Udalean zezenketen inguruko galdeketa egin dadin. Aurreko legegintzaldian indarrean jarri zen araudiak dio kontsulta bat egiteko gutxienez 8.000 aurkeztu behar direla. Herri galdeketaren emaitza jakin aurretik Illunbeko instalazioetan Aste Nagusirako inongo hitzarmenik ez dadila itxi eskatu dute.
Araudiaren epeak errespetatuz, galdeketa ekainaren 19an egin litekeela adierazi dute plataformako kideek. Modu honetan, emaitzak Aste Nagusi honetan bertan eragin lezakeela uste dute.
Zezenketak iaz berreskuratu zituen Eneko Goiaren udal gobernuak, bi urtez debekatuta izan ostean, EH Bilduren ekimenez. Zezenketak berreskuratu izana eta Espainiako Errege ohiaren presentziak polemika eragin zuten hirian.
Antitaurina Orain-eko kideek egindako protesta.
DSS2016: Kultura? Espektakulua? Simulakroa?
2016-03-11 // DSS2016EU, Iritzi artikuluak // Iruzkinik ez
Joseba Barriola
Azken bost mende hauetan merkantzien eremua zabalduz joan da. Lurraren pribatizazioak eta langileen esklabotasunak bidea egin dute, lurra eta langilea merkantzia bihurtuz. Prozesu hau ez da amaitu. Globalizazio kapitalistarekin muturreraino ematen ari da. Ez da soilik babes soziala, hezkuntza eta osasungintzaren pribatizazioa, estatuen funtzio sozialen pribatizazioa eta/edo merkantilizazioa. ADN-a, jakintza, klima, haziak, sexualitatea, afektibitatea, zaintza, ezagutza eta pentsamendua, erreprodukzio biologikoa bera… dena, merkantzia bihurtzen da. Truke balioa nagusi, “erabiltze balioa” morroi.
(gehiago…)