Zer espero dugu seme-alabengandik?
Zer espero dugu seme-alabengandik? Zoriontsu izan daitezela erantzungo dizute guraso guztiek, noski, berdin dio ez badituzte gure pausoak jarraitzen, ez badute gure antzik, ez badituzte aurreikusitako espektatibak betetzen… Teorian garbi dago dena, praktikan ez hainbeste. Galderaz eta gogoetaz betetako istorio bikaina da Kore-edaren Like father, like son.
Bonba baten moduan jaurti diete berria ospitaleko buruek: jaioberriak zirenean beraien semea beste batenarekin ordezkatu zuten duela sei urte. Mundua gainera eroriko zaio amari, “orain zentzua dauka” pentsatuko du aitak. Dilema itzela izango dute aurrean: sei urtez hezi eta maitatu duten semearekin jarraitu nahi dute ala umea ordezkatu? Ospitalekoek argi adierazi diete: “Orain arte, kasuen %100ean seme biologikoarekin geratzea hautatu dute gurasoek”. Baina, garrantzitsuagoak al dira geneak, sei urtetan garatutako harremana baino? Noren onerako hartzen dira halako erabakiak? Benetan zer bilatzen dugu seme-alabengan? Eten al daiteke bortizki eta behin betirako harremana sei urtez hezitako haurrarekin? Aukeratu al daiteke nor maitatu? Nolako gurasoak izan nahi dugu? Eta errudun sentitu behar al du amak, “nire semea ez zela konturatzeko gai ez izateagatik”?
Galdera asko, pertsonalegiak, erantzun kategorikorik emateko. Patxadaz, azken erabakiaren tentsioa mantenduz eta tartean sortzen diren zalantzak, emozioak eta hausnarketak sotilki harilkatuz, aurrera egingo du lanak. Epaimahaiaren merezitako saria lortu zuen Cannesen. Familia ereduak ez ezik, gurasoen rola jartzen du jomugan Kore-edak, lezio moralik gabe, baina mezu gardena utziaz: eskaini denbora seme-alabei, haiekin ahalik eta denbora gehien pasatzea da egin dezakezun onena.
ZABALTEGI PERLAK
Soshite chichi ni naur / Like Father, Like Son
Zuzendaria eta gidoilaria: Hirokazu Kore-eda
Aktoreak: Masaharu Fukuyama, Machiko Ono, Yoko, Maki, Lily Franky
Japonia, 120 minutu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks