Haurrek manifestazioetan parte hartzea haurrak manipulatzea da?
Nafarroako Hezkuntza kontseilari José Iribasek argi du: “Amorragarria, ustez zuriketa delituetan edo talde armatuetan parte hartzeagatik atxilotu dituztenen aurrean manifestatzeko umeak erabiltzea”. Modu horretan salatu zuen Iribasek (eta ABC egunkariak) Guardia Zibilak Amaia Izko abokatua atxilotu ostean honen semearen ikastetxean, Iruñeko Frantzisko Deunan, ikasleek Izkori babesa adierazi izana.
Hala mintzo den kontseilariak Euskal Herriko mapa duten testu-liburuak Nafarroako ikastetxeetatik ezabatzea du obsesio, begi onez ikusten du ikuspegi espainiar zentralizatua duen curriculuma ezartzea ikasgeletan (LOMCE bidez), erlijioa irakastea (erlijio katolikoa, jakina), Guardia Zibilek armak erabiltzen erakustea haurrei eskolan (Onintza Enbeitak azpimarratu duenez), edota ikasleen artean Espainiako Erregearen aldeko idatziak sustatu eta saritzea (Santi Leonék Iribasi gogoratu dionez)…
Iribasen hipokresiatik harago, kontua zera da, batzuentzat balore dena besteentzat manipulazio eta doktrina direla, eta alderantziz. Seme-alabak baloreetan heztea ala manipulatzea da abortu eskubidearen aurkako manifestaziora eramatea? Eta interes politikoengatik egindako atxiloketa batzuen kontrako protestara? Umeekin Lasa eta Zabala filma ikustera joatea? Eta La casa de mi padre? Jaiotzean bataiatu eta Elizara eramatea? Etxean egunkari bat edo bestea erostea?…
Munduari zein betaurrekorekin begiratzen diogun –eta haurrei zein betaurreko janzten dizkiegun–, horra gakoa. Oinarrian gehienek balore berak defendatzen ditugu, baina errealitatera egokitzerakoan dator talka: askatasuna, ingurumena, kultur aniztasuna, berdintasuna… bai, baina adierazpen askatasuna, hondakinen kudeaketa, migrazio politika, aldarrikapen feministak… ez ditugu denok berdin ikusten.
Doktrinatzea vs. heztea
Neutraltasuna ez da existitzen, ez fio kontrakoa saltzen duenarekin. Egiten dugun edozerk –eta ez egitea aukeratzen dugunak– jarrera bati erantzuten dio. Eskolan ere, ez da berdina ikasgai –eta hizkuntza– bati edo besteari eskaintzea arreta gehien, eduki batzuk edo besteak ematea, Geografian mugak harago edo honantzago jartzea, Historian bertsio bat edo bestea ematea… Ez dugu eskola neutrorik nahi, balore jakinen gainean eraikiko den eskola baizik, hortik LOMCEren aurkako borroka, hezkuntza propioaren aldeko aldarria, euskal curriculuma zehazteko zailtasunak… Eskolan, etxean, telebistan jasotzen duen “manipulazioak” –eraginak– lagunduko dio haurrari bere mundu-ikuskera eratzen, garrantzitsua da beraz zein eduki eta balorek nahi dugun osatzea inguru hori, baina pentsamendu kritikoa eta iritzi propioa garatzen erakustea dira egin dakiokeen oparirik onena, eta doktrina hezkuntzatik bereizten duena.
Umeen erabilera manifa/prentsaurrekoetan, transmititzen dizkiegun baloreak, jarrerak… Halakoez eztabaidatzean, beti oroitzen naiz Mikel Astarloza ziklistak positibo kasu baten aurrean bere “errugabetasuna” agertzeko 2009an eman zuen prentsaurrekoaz… https://www.youtube.com/watch?v=gxCkF2P_Tgw
Sinetsi ala ez, umeak bere atzean txaloka ikusteak barrenak astindu zizkidan…
Aupa Mikel, lehenengo eta behin milesker hain gai interesgarria mahai gainean jartzearren. Eztabaidara beste elementu bat gehitzearren adin txikiko (ze itsusia den esamolde hau) den haur-gaztearen borondatea zein den jakitea ere ez letorke gaizki. Alegia, ez zait berdina iruditen gurasoek haur-gaztea borondatez kontra eramatea, heldu zein haur-gazteak ados egotea agerpen publikoarekin edota kontrara helduak ezados egonda haur-gazteek parte hartu nahi izatea. Horrek debatea zabaltzen du haurtzaroko eskubideen atalera, hemen UNICEF eko 2006ko itunaren linka http://www.unicef.es/sites/www.unicef.es/files/CDN_06.pdf . Uste du to be continued bat dela gai hau, beraz ondo segi!