‘Arazo estrukturala da Garoñarena; ezin izan du konpondu duen korrosioa’
Alberto Frias, Garoñarik Gabeko Araba
Nola baloratzen duzu Espainiako Gobernuaren jarrera Garoñako zentralaren itxierarekiko?
Zentrala ixtearen aldeko konpromisoa PSOEk ez zuen soilik 2008ko kanpaina politikoan hartu, 2004an ere, bizi-epea bukatzen zitzaionean itxiko zutela agindu zuen, baina epe hori datorren uztailaren 5ean iraungiko da eta orain dio 2011ra arte luzatuko dutela… Zergatik sinetsi? Zapateroren hitza jada ez da sinesgarria. Kontua da Endesa eta Iberdrola daudela atzean, bi enpresa boteretsu: horiek duela 15 urte amortizatu zuten Garoña eta orain negozio handia da, ez da erraza aurre egitea presio horri, ezta González, Aznar, lobby nuklearra… eta halakoen presioari.
Nuclenorrek esan du itxiz gero, argindarraren prezioa hilean %10 igoko litzatekeela.
Gezur hutsa da hori. Garoñak ekoizten duen elektrizitatearen hirukoitza edo laukoitza esportatzen du Espainiako Estatuak Portugalera eta Marokora. Garoñak Estatuko argindarraren %1,3 baino ez du ekoizten, nola igoko da salneurria %10? Ez da zilegi krisi garaian halako gezurrak esatea herritarrei.
Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak luzapenaren alde egin du.
Ez genuen zalantzarik, lehenago Zoritako zentralarekin eta Garoñarekin berarekin hartutako erabakiak ikusita. Azken finean, ez da kontseilu tekniko bat, politikoa baizik: PPko bi kide, PSOEko beste bi eta CIUko bat dira txostena sinatzen dutenak eta guztiz politikoa da erabakia. Azpimarratzekoa da Europako Parlamenturako hauteskundeak igaro arte itxaron zutela, astelehenera, txostena argitaratzeko.
Beraz, ez duzu uste Kontseiluak proposatutako diru inbertsioarekin Garoñak dituen arazo teknikoak konpondu ahalko direnik.
Arazo estrukturala da Garoñarena; ezin izan du konpondu duen korrosio intergranularra (Zorita ixteko eman zuten arrazoia hain zuzen, eta ia-ia berdina da Garoñaren arazoa). Gauza asko konpondu ezinak dira mantentze lanak eginda ere. Duela 15 urte esan zuten 25 urterako zentrala zela, gero 40 urterako zela, eta orain 60rako? Erruleta errusiarra da hau. Garoñak azken 40 urteetan izan dituen akatsen txostena azaleratu genuen eta akats gehiegi dira irekita jarrai dezan, geroz eta akats gehiago dira gainera, onartezinak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks