“Ez gara manteroak merkatari txikiak kaltetzen ditugunak, enpresa handiak baizik”
Udako festetan oso presente izan ditugu kale-saltzaileak, beti poliziaren atezuan. Euskal Herrian baino askoz gatazkatsuago eta gaiztoago dago eztabaida Bartzelonan, eta bideoa atera du aurten hango Manteroen Sindikatuak, beraiei buruzko hainbat uste gezurtatzeko asmoz.
Produktu ilegalak saltzen dituzue.
Daouda Dieye: “Gezurra. Badalonako nabeetan erosten ditugu produktuak eta mundu guztiak daki nabe horietan saltzen dena Bartzelonako portuetatik datorrela. Erosi eta kalean berriz saldu, hori da egiten duguna”.
Mafiek esplotatzen zaituztete.
Yakhya Niane: “Gezurra. Elkarri laguntzen diogu merkantzia erosten, sarri senideak gara gure artean, eta norbaitek merkantzia erosi ezin badu, gutakoren batek lagundu diezaioke. Ilegalak garela diote, baina ezin gara besoak gurutzaturik geratu, zerbait egin beharra daukagu bizirauteko”.
Ez duzue lan egitea gustuko, diru-laguntzen atzetik zatozte.
Mamadou Seck: “Gezurra, gure herrialdea utzi eta lan egitera gatoz honaino, ez diru-laguntzen bila. Kalean saltzen ari den inor ez da ari diru-laguntzarik jasotzen. Ez dugu lanik eta horregatik saltzen dugu kalean, bizirauteko”.
Merkatari txikiak kaltetzen dituzue.
Lamine Sarr: “Gezurra, ez ditugu eurek saltzen dituzten produktu berdinak saltzen. Merkatari txikiei enpresa handiek egiten diete min, gure jatorrizko herrialdeetan negozioak abiatzen dituztenak, jendea esplotatuz eta gaizki ordainduz”.
Biolentoak zarete, polizia probokatzen duzue.
Lamine Bathily: “Gezurra, ez gara biolentoak eta errealitatea kontrakoa da: polizia da probokatzen gaituena eta jotzen gaituena, gizakiak ez bagina bezala. Ez gara inozoak, nola egingo diot nik aurka polizia armatu bati, paperik ez badaukat eta kaltetua aterako naizela baldin badakit?”.
Gaiak zeresana eman du uda honetan Bartzelonan eta galduta dirudi Udalak: kale-saltzaileen gaineko kontrol poliziala lehenengo arindu eta gero gogortu egin du, nahiz eta Ada Colau alkateak berak onartu duen erantzun soziala eta ez poliziala dela irtenbidea. “Lan egin eta bizimodu duina izan”, besterik eskatzen ez dutela diote top manta delakoaren ordezkariek.
Merkatari txikiek zergak ordaintzen dituzte baina manteroek ez dituzte gauzak saltzeagatik zergarik ordaintzen.
Manteroak kanpora!