Eskola garaian jasan zuen bullyinga komiki arrakastatsu bihurtu duen idazlea
10 urte zituenean, Fanny Britt idazle kanadarrak eskola jazarpena sufritu zuen, urtebetez. Batez ere bi heldulekuk atera zuten zulotik: liburuetan aurkitutako babesak, eta ezagutu zituen beste neska batzuen laguntasunak. Jane, le renard & moi (Jane, azeria eta ni) komikian jaso du “haurtzarotik bizkar gainean daramadan istorioa”, nerabeentzat eta hezitzaileek material gisa erabiltzeko aproposa.
Pintadak komunean eta txutxu-mutxuak
12 hizkuntzatara itzulia (berriki azkena, gaztelaniara) eta sari mordoxka jasotakoa, komikiak Hélène gaztearen bizipenak kontatzen ditu, ikaskideek baztertua. Egun batean, komuneko atean honakoa irakurriko du protagonistak: “Hélènek 98 kilo pisatzen ditu… eta kiratsa dario”, txutxu-mutxuak sumatuko ditu nonahi, eta pixkanaka itzaltzen eta autoestimua galtzen joango da neskatoa. Literaturan, zehazki Jane Eyre eleberrian, aurkituko du kontsolamendua, baita lagun berri batengan ere. Isabelle Arsenault ilustratzailearen irudi finek lagunduta, irakurleak protagonistaren sufrimenduarekin bat egitea eta haren egoera ulertzea da helburu nagusia.
“Umeek krudeltasuna esperimentatzen dute, baina baita enpatia eta maitasuna ere”
“Biktima den umearen ikuspegitik kontatu nahi izan dut istorioa, ez erasotzailearenetik, baina ez dut hura demonizatu, azken finean umeak dira eta ez dut uste inor jaiotzez krudela denik, baina egia da umeek krudeltasunarekin eta biolentziarekin esperimentatzen dutela, gizakion ezaugarria da. Aldi berean, enpatia eta maitasuna ere esperimentatzen dituzte, eta hauek dira gure alde ilunenari gailendu behar zaizkion ezaugarriak –dio autoreak–. Taldetan dagoen dinamika konplexua da eta hainbat jarreraren aurrean isiltzea dakar horrek, taldean dugun lekua galtzeko beldurrez, baina berriz diot: balore positiboak berenganatzeko aukera erakusten bazaie umeei, badakit azkenean horiek ateratzen direla garaile”.
Nerabeen hezitzaileek benetan zerbait egin nahi badute … jar diezaiotela arreta aurrean dutenari, dena agerian dago eta. Urte bete… batzurentzat tortura soziala eskolaurrean hasten da eta ikasketak amaitu arteko eguneroko bizitza dute hori. Zenbat, 18 bat urte? Eta gero gerokoa …
Eta irakasle zein hezitzaileak hor daude… entzungor edo…