“Jakietako etiketak iruzurra dira. Ebaluatuak izan ez diren osagaiak gehitu eta osasungarriak direla diote”
“Astakeriaz betetako informazioa dago etiketetan, kontsumitzailea erakartzeko amarrua dira. Adibide zehatz bat: DeMemoryk fosforoa du eta horregatik iragarri dezake memoriarako ona dela, baina sardina bakar batek DeMemoryren hiru kaxak adina fosforo dauka!”.
José Manuel López zientzialariaren hitzak dira, kaleratu duen Vamos a comprar mentiras liburuaren harira egin dioten elkarrizketan. Beste adibide bat: platanoak Actimel potetxoak baino hiru aldiz B6 bitamina gehiago dauka. Edo beste hau: “C bitaminari onura ugari aitortzen zaizkionez, produktuari C bitamina gehitu eta produktu batek saltzen du oso ona dela nerbio-sistemarako, beste batek ona dela hortzetarako, edo osasunerako… Eta errealitatea da limoi txorrotadatxo batetan hori guztia daukazula, askoz merkeago”. Lópezen mezua garbia da: dieta normal bat eramanez, ez dago halako produktuen beharrik.
Sistema immunitarioari on egiten dion munduko lehen hanburgesa
Elikaduraren industriaren iruzurra harago doa: “Produktuari gehitzen diote ebaluatua izan ez den osagai bat eta gero esaten dute osagai horrek ezaugarri osasungarriak dituela”. Ondorio zuzena, elikagai enpresek ez dutela ikerketan inbertitzen, dirurik gastatu gabe eta tranpa eginez ongi doakielako. “Gaur egun, munduko oliorik txarrenarekin egindako hanburgesa atera dezakezu merkatura, B6 bitamina pixka bat gehitu eta esan dezakezu sistema immunitarioari on egiten dion munduko lehen hanburgesa dela”.
Soluzioa? Zientzialari honen esanetan, kontsumitzaileon heziketa batetik, eta lege eta kontrol zorrotzagoak bestetik; produktua bere osotasunean ebaluatuko duen profil nutrizionala ematea, eta ez produktu horren ezaugarri isolatuak.
“Sartu bio hitza, beste hitz tekniko bat eta bata daraman tipo baten irudia”
Kosmetikoen etiketak ere aztertu ditu Lópezek: “Are gordinagoa da, hitz zientifiko entzungabeak erabiltzen dituztelako. Produktua saltzeko sartu bio hitza, beste hitz tekniko bat eta bata daraman tipo baten irudia. Eta gainera unibertsitate edo mediku talde baten zigilua badarama, iragarki borobila daukazu. Jendeak gero eta konfiantza handiagoa du zientzialariengan, eta horretaz aprobetxatzen dira. Azkenean, zientziaren kalterako da hau guztia”.
Gaiaz gehiago:
Irakurri Supermerkatuan moldatzeko gida erreportajea.
Saltzeko ez dakite nola engañatu jendea…..Argi ibilli beharra dago ta al dala gauza naturalak eta bertakoak jan behar dira…
Ba ni gauza naturaletaz ez naiz fio, bakterio kaltegarriez josita daude. Nahiago frogatuta dauden kontserbanteak eta antioxidatzaileak dituzten elikagaiak.