Balio gehiago eman behar al zaio esperientziari hezkuntzako oposaketetan?
Espainiako Hezkuntza Ministerioak erkidegoetako ordezkariak deitu zituen pasa den ikasturte amaieran. Proposaturiko aldaketen artean, oposaketetan balio gehiago ematea irakasleen esperientziari. Eztabaida piztu da sarean, zein ote den filtrorik egokiena, azterketa ala urtetako lana.
EAEko azken oposaketetan, gutxiago hartu dute aintzat esperientzia: lehen, azterketa gainditu gabe ere bigarren fasera pasa zitezkeen hautagaiak, eta esperientziak emandako puntuak aintzat hartzen ziren; orain, azterketa gainditu beharra daukate aurrera egiteko, eta merituak puntuaketaren heren bat dira (esperientziaz gain, ikastaroak, nota akademikoa eta bestelakoak ere zenbatzen dira merituen barruan). Ordezko hasiberri askok ez du bidezko ikusten oposaketetan nota altua atera eta esperientzia gutxi dutelako zerrendetan atzean geratuko balira. Ilusioz iritsi diren maisu-maistrek aukera berdintasuna eskatzen dute, eta aldarri ulergarria da. Azterketak, ordea, ez du frogatzen irakasle ona edo txarra zaren; eskola zaharreko etsamina izaten jarraitzen du lehen proba horrek, edukien gaineko ebaluazioa, hezkuntza munduan gero eta gehiago konpetentziez hitz egiten denean, komunikatzeko gaitasunaz, elkarrekin aritzekoaz, egoera konplexuak askatzen jakiteaz…
Sakonean, langileen egonkortasuna bermatzen ez duen eredua da gako eta arazo nagusi: irakasle ordezkoak punta batetik bestera dabiltza dantzan urtero, eta karreran gainditutakoa buru-belarri berrikasten jartzen dira bat-batean, gobernuak erabakitzen duenean oposaketak egingo dituela. Ez al litzateke zentzuzkoagoa urteak pasa ahala, azterketa akademiko bat pasa behar izan gabe, esperientziak lanpostu finkoa ziurtatzea eta irakasleari jarraipena egitea, esaterako zuzendaritzak eta mintegi-buruek irizpide egokiagoen arabera egindako barne-ebaluazio bidez?
Guztiz ados amsieran proposatzen denarekin. Lanean hainbat urtez dabiltzan irakasle askok ezin du teorikorako ikasi hain zuzen lanean dagoelako baina behar bezalako irakasleak direla erakutsi dute.Lanbide honetan esperientziak asko laguntzen badu,baloratu beharko litzateke.
Lanpostu batean hainbat urtez egon izanak ez du bermatzen eta ez du erakusten inor “behar bezalako irakaslea” denik. Behar bezalako irakasleek inork baino hobeto menderatu beharko lituzkete dagozkien gaiak (are gehiago urte asko eman badituzte irakasle-lanetan), eta oposizioaren alderdi teorikoaren erdia baino gehiago buruz eta ohituraz menderatu beharko lukete.
Denbora faltarena ez da aitzakia merkea besterik. Beste kontu bat da zertarako erabiltzen duten irakasle gehienek ustez formaziorako erabili beharko litzatkeen uztaila, adibidez, edo zenbat ikastaro egiten dituzte beren gaiak egiazko minteresa eragiten dielako.
Iñaki ez naiz zurekin eztabaidetan sartuko, bainan irakasle askok uztaila eta lanbide heziketan behintzat lana egiteko erabiltzen dugu, gonbidatzen zaitut hurrengo urteko uztailean nerekin lanera etortzea.