Klaseak aire zabalean emateko aprobetxatuko bagenu egoera?
Eskola presentzialetara itzultzean, ahal den neurrian klaseak aire zabalean izatea gomendatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, leku itxietan errazago transmititzen baitira birusak. Hormarik gabeko eskolak, dena den, ez dira kontu berria, batzuek aspaldi deskubritu zituzten espazio irekien onurak.
Baso-eskolak tradizio handiagoa duen Europa iparraldean, hainbat herrialdek kasu egin dio Osasunaren Mundu Erakundearen proposamenari, eta ikastetxeetara itzultzearekin batera klaseak ahalik eta gehien kalera ateratzen saiatzen ari dira adibidez Norvegian eta Danimarkan. Eskuak bizpahiru orduro garbitzeko protokoloa ere zorrotz jarraitzen dute ikasleek. Azken finean, osasunean bakarrik ez, ikasleen motibazioan eta garapen psikosozial eta emozionalean ere eragin baikorra du aire zabalak, zer esanik ez naturaz inguratutako eremua bada. Hala azpimarratu ohi dute ikerketek.
XX. mende hasieran, aire zabaleko eskolen mugimenduak arrakasta lortu zuen Europa iparraldean. Hasiera batean tuberkulosiaren areagotzeari frenoa jartzeko jaio ziren eskola hauek, baina zituen bestelako onurak kontuan hartuta, pixkanaka ugaritzen joan ziren Alemanian, Herbeheretan, Britainia Handian, Frantzian, AEBetan… Ikastetxe bereziak eraiki zituzten: itxi-ireki zitezkeen sabaiak eta irristailu-ateak egin zituzten, nahi zutenean guztiz ireki eta ikasgelak terraza handi bihurtzeko. 1970eko hamarkadara arte luzatu zen mugimendua, harik eta antibiotikoen eta osasun zerbitzuen orokortzeak eskola hauen itzaltzea ekarri zuen arte.
Egungo egoera abagunea izan daiteke, berriz ere ikasgela itxietatik atera eta kanpora sarriago jotzeko. Horretara bultzatu nahi du baita ere Naturan hezi udako ikastaroak.
Denok basora joan behar dugu orain?
Klaseak emateko ikastetxeko patioa orain baino gehiago aprobetxatzea hasiera bat izan daiteke, baina naturaz inguratzea beti da aberasgarriagoa, jakina. Horrek ez du esan nahi mendira aldatu behar dugunik eskolako jarduna, ikastetxe inguruan dauden berdeguneak aprobetxatu ditzakegula baizik. EAEko baso-eskola potentzialen lehen hurbilketa lanean esaterako, baso-eskola izateko beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituzten berdeguneak identifikatu eta ikastetxe batetik 500 metro edo gutxiagora daudenak zerrendatu dituzte mapa batean. Bada, EAEko ikastetxe asko eta askok inguruan bertan baso-eskola egiteko modua badutela erakusten du mapak.
Euskal Herrian eguraldi txarra egiten du
Gure klima kanpora ateratzeko muga izan daitekeela uste duenarentzat, gakoa arropa dela argi dute Europa iparraldean: ikasgelatik kanporako (eta kanpotik berriz barrura sartzeko) trantsizio guneak dituzte, eta bertan, besteak beste, katiuskak eta eguraldi traketsari aurre egiteko jantzi aproposak gordetzen dituzte. Donostiako Ekogunean martxan duten baso-eskolarako ere, arropa berezia eramaten dute haurrek, arrantzaleek jantzi ohi dituzten buzoen modukoak, egiten duen eguraldia egiten duela kanpoan eroso aritu ahal izateko.
Gainera, badakigu egun batetik bestera ez direla ikastetxeak aire zabaleko eskola bihurtuko, baina zergatik ez hartu gehiago kontuan kanpoaldea? Zergatik ez egokitu klaseak kanpoko espazioetara, ahal denetan arnasa hartzera ateratzeko, hainbeste orduz lau hormen artean konfinatuta egon ordez? Pandemiak irakatsi digun gauzetako bat ez al da helburu akademikoetatik harago bestelako lehentasunak izango dituen eskola behar dugula?
Gaur egungo argazkietan, Ordiziako natur eskola eta Ekoguneko baso-eskolako haurrak buzoa jantzita. XX. mende hasierakotan, aire zabaleko eskolen mugimenduko irudiak.
Unibertsitateak ere azterketak, campusean egin beharko lituzke, ikasleen arteko distantziekin, ez bideokonferentzien bidez.
Aukerarik ez da falta, ekintzaileak dira hezkuntzan orain ere falta direnak
Zoragarria litzateke! Probatzea besterik ez da, nik aspaldi egiten dut solasaldi literarioak ditugunean