Haurrentzako udalekurik ez, helduentzako aisia bai
Berriz ere haurrak zigortu eta bide batez etxe askotako kontziliazioa hankaz gora jarri du Eusko Jaurlaritzak. Koronabirus kasuen hazkundea medio, segurtasun neurri zorrotzekin ari diren haurren udaleku publikoak ixteko agindu du, baina foku ugariren epizentro izan diren taberna eta terrazek zabalik jarraituko dute.
Pandemiaren kudeaketan haurrak jasaten ari diren diskriminazioa zaila da ulertzen: etxean konfinaturik egun eta ordu gehien eman zituztenak dira; haur parkeak zerrendan azkenetakoak izan ziren zabaltzen; eta orain udalekuak itxi zaizkie EAEn, administrazioaren aginduz. Kutsatuak han eta hemen ezagutu ditugu, dela lantokian, ospitaleetan, kanpinean, taberna giroan… baina horiek guztiak ez dituzte gelditu, lanak eta kontsumoak aurrera darrai. Parranda giroaren arriskuaz behin eta berriz ohartarazten zaigun arren, barra librea da nagusi helduen aisialdian, eta leku batetik bestera garamatzan barne-turismoa sustatzen kementsu ari da Jaurlaritza.
Amona-aitonekin hobeto?
Umeak, ordea, ez dira lehentasun. Ez lehen eta ez orain. Eta erabaki honekin gainera erori egin da etxe askotako kontziliazioa. Ziurrenik, amona-aitonekin utziko ditu guraso ugarik umeak, alegia arrisku taldean diren adineko pertsonekin.
Dirua baldin baduzu, lasai
Seme-alabak udaleku pribatuetara bidali dituztenek, horiek ez dute arazorik. Izan ere, udalek kudeatzen dituzten udalekuei eragin die administrazioaren erabakiak. Pandemiak haur eta ikasleen artean areagotu duen arrakalan sakontzen segitzeko balio duen erabaki harrigarria dirudi.
Bitxia da baita ere Jaurlaritzak udalekuetan ikustea deskontrolerako arrisku handienetakoa–eguneko zentroak ere itxi dituzte–. Segurtasun protokoloa zorrotza izaten ari da aurtengo udalekuetan: beste taldeekin kontakturik ez duten talde txikitan banatuta ari ziren haurrak, denak maskararekin –3 urteko umeak maskararekin ikusteak sortzen duen sentsazio arraroarekin–, bakoitzari tenperatura sartu-irtenean hartuz, herritik kanpoko txangoak debekatuta… Bada, hala ere, alternatiba onena umeak etxean –haur-parkean? Hondartzan? Aitona-amonekin?– izatea dela uste du Osasun sailburuak.
Kaixo Mikel! Artikuluan jaso duzunarekin ados nago. Baina, Jaurlaritzaren erabaki honetan beste kolektibo bat seinalatu da neurri hauek hartzeko arrazoiak zerrendatu dituztenean. Gazteria. “Begiraleen profila” oker ez banago. Gazteria errudun Murgaren hitzetan. Garbi baitago hezitzaile gehienak, ia guztiak ez esatearren, gazteak direla.
Hau da, teoria horren arabera, hezitzaile hauek euren lan orduetatik kanpo arduragabeak, festarik festa dabiltzanak, musukorik gabe elkarri lepotik helduta barra ertzean txupitoak edaten ari diren moxkor txolinak dira. Are, birusa zabaltzen ari direnak eta berriz ere ospitaleak kolapsora eramateko arriskua sortzen ari direnak gure umeen begiraleak dira.
Pandemiaren hasieran nortzuk izan ziren herri ugaritan laguntza talde/sareak sortzen ibili zirenak? Inguru urbanoetan behintzat, portal askotan, adineko bizilagunei erosketak egiteko eskaini direnetako gehienak zeintzuk izan dira? Gure mozkorrak.
Umeak biktimak eta gazteak errudun.
Amaitzeko, atzo arratsaldean Donostialdeko herri bateko terraza batean 45-50 urte inguruko gizon bati entzundakoa: “Gazte golfo hauengatik abuztuan oporretara joan ezinda geratuko gara, dedio!” Beste 7 lagunekin, garagardoak eskuetan, musukoa lepora jaitsita guztiek ere, distantzia errespetatu gabe eta desinfektatu gabeko mahai batean jarrita lasai asko botatakoa.
Aupa gure umeak eta eutsi gaztiak!!!
Ados zurekin, Xabier!
Gogoeta biziki interesgarria. Mila esker
Neurria ulertzekoa da baina, beti berdinak dira jasaten dabenak. Umeak dira etxean azken momenturarte egon direzenak eta ointxe be eurak zigortuak!!!. Honik ez dabe botorik ematen eta!!!
Neurria ez da ulertzen, inondik inora. Udaleku publikoak moztu eta pribatuak aurrera. Dirutza ordaintzeko aukera dutenei erreztasunak eman, eta dirurik ez duten familiak izorrai. Nola uler daiteke halako erabakia? Gehiago kutsatzen al dute haur batzuk besteak baino? Lotsagarria
Haurrak, helduak eta bizitza bera ere lehen gauza behar deguna EGIA da, eta agintzen duten guzti hauek egiten ari da autopsiak behar diren guztiak egin gabe,bakar bakarrik agindutakoa betetzen.
Giza mamu baten aurrean gaude,eta nortasun eza, eta ikutu ezina behartuz bizitzea,”tratu txarrak” dira,gure haurrari askatasun ezaren bizitzea erakusten ari gera, eta…hori dena aginduta oinarrik bate gabe?
Eta guk agintzen dutena zentzu gabekoa ba da,OBEDITZEN?
Osasuntsuak gaude,eta askatasunean bizitzeko eskubidea dugu.
Udaleku publikoak ixteko Jaurlaritzak egindako eskaria berez gomendioa dela baliatuz, Oñatiko Udalak erabaki du udalekuak ez ixtea eta Donostiakoak eta Pasaiakoak berriro zabalduko dituzte, egoera berraztertu ondoren. “Haurren ongizatea da oinarrizko premisa”:
https://www.argia.eus/albistea/udaleku-publikoak-mantentzea-erabaki-duten-herriak-badira