Ingelesak liluratuta
Guraso euskaldunak haur txikiari ingelesez hitz egiten entzun izan ditut parkean. Gutxiengoa dira, baina ingelesari ematen diogun lekuaren adierazle ere bada, eta hezkuntza sisteman nozitzen ari gara dagoeneko.
Nafarroan dugu adibiderik garbiena: PAI edo Ingelesez Ikasteko Programa polemikoa hezkuntza sistemaren erroetaraino sartu da eta Nafarroako Gobernuak onartu nahi duen foru legearen bidez ingelesa duten irakasleen 300 bat plaza egonkortuko dira, egonkortuko diren euskarazko plazak baino askoz ere gehiago, sindikatuek salatu dutenez. Ingeles irakasleak behar baititugu, ingelesez bikain arituko diren ikasleak, euskaraz erdipurdi arituko badira ere.
EAEn, alderdi politikoek “euskara ardatz duen sistema eleanitza” adostu berri dute ikastetxeetarako, hizkuntza eredu malgua, errealitate soziolinguistikoaren araberakoa. Zenbateraino malgua eta zenbateraino eraginkorra denborak esango du, baina komeni da lehentasun linguistikoak argi izatea, euskara benetan izan dadin ardatz, ez bakarrik ikastordutan, baita ematen diogun balioan eta eraikitzen dugun kosmobisioan ere.
Ingelesa i(ra)kastea ongi dago, jakina, baina ikasleak mundurako prestatu nahi ditugun garaiotan, ez gaitezen ahaztu inguru hurbilerako eta egunerokorako ere prestatzeaz. Basque centerrez inguratutako lurraldean, globalizazioak eta distira kosmopolitak ez gaitzala itsutu, ez dezagun bukatu izaten “gero eta gehiago kanpokoak eta gero eta gutxiago etxekoak”, Amets Arzallusek zioen moduan.
Ama hizkuntzak indartu behar dira. Ingelesa ikastea ondo dago, baina ama hizkuntzek izan behar dute lehentasuna.
Ingelesarekin paranoia pixkat badaola ere pentsatzen det..
Maila oso eskasean ere topatu izan ditut semeari ingelesez, hobe beharrean ustez, kalterako gehiago.