Zure umeak galtzen ba al daki?
“Irabazi edo galdu, berdin dio” esaten diegu seme-alabei, baina Errege Kopako finalak islatzen du nola bizi dugun gaia helduok, eta umeak ez dira inozoak. Irabazi nahi dute, eta horretarako prestatzen ditugu. Zein lezio handia den, ordea, bizitzan galtzen ikastea.
“Umetan galtzeari iheska ibilita ez da ezer ikasten”, dio Iñaki Artola pilotariak. Ez du arrazoirik falta. Maiz gurasoak saiatzen gara joko eta jolasetatik lehia ezabatzen, edo zuzenean haurrari irabazten uzten, gozatzeari laga ez diezaion. Baina lehenago edo beranduago, guk eraikitako burbuilatik at lehiatuko dira. “Kostatzen zaigu haurrak frustratuta ikustea, beraiek gaizki pasatzen dutenean guri barruraino sartzen zaigulako, baina ez dago ikasteko beste modurik”, dio Esther Martinez adituak. Eta hori ere jakin badakigu gurasook, badakigu huts egitea dela ikasteko bidea, praktikan desio dugun arren seme-alabek garaipena baino ez dezatela dastatu.
Jokoak berak erakutsiko dio haurrari galtzea zer den, akaso guk geuk nola bizi dugun kuestionatzea eta zer transmititzen dugun birpasatzea dagokigu. Norberak irabazi eta galtzea natural eta ongi bizi badu, prozesuan akonpainatzea besterik ez dela esan dit lankideak: haurrari ateak irekitzea bere beldurrez, ahuldadeez eta segurtasun-gabeziez hitz egiteko, erakustea huts egiten duenean ez dugula gaizki bizi. Prozesu gisa ulertzeak ere laguntzen du: haurra amorratu eta frustratu delako harekin haserretu beharrean, galtzea ez dela horrela jartzeko errieta egin beharrean, hobe izan daiteke bere sentimenduak ulertu eta kanalizatzen laguntzea; haur bat parkean, frontoian, zelaian sumindu delako hura eta haren gurasoak epaitu beharrean, egoerarekin enpatizatzea ere gaizki ez (“azken finean, nire seme-alabak ere desegoki jokatuko du uneren batean, ikasten ari direlako, besterik gabe, eta hori onartu egin behar dugu”, gogoratu digu Martinezek).
Zenbat umek bizi dute irabazteko presioa, galtzeagatik gurasoei kale egiteko beldurra, ingurukoen espektatibak ez betetzeko estualdia? Beharbada, lehenengo helduok ikasi behar dugu galtzen eta irabazten
Kontua zera da, zenbat etxetan bizi ote dute –kontzienteago, inkontzienteago– kontrakoa? Zenbat umek dute irabazteko presioa, galtzeagatik gurasoei kale egiteko beldurra, ingurukoen espektatibak ez betetzeko estualdia, etxekoen onespena bilatzeko beharra? Ongi azaltzen du Artolak: “Galdu duenean umeari sortzen zaion sufrimendua baino handiagoa da askotan gero ematen zaion irakurketak sorrarazten diona; gurasoek edo lagunek diferentexeago tratatzen badute irabazi edo galdu duenaren arabera, arazoa hor hasten da”.
Beharbada, haurrek zuzenean edaten baitute gurasook jolasa eta jokoa bizitzeko dugun modutik, lehenengo helduok ikasi behar dugu galtzen eta irabazten, ondoren haurrei irakatsi ahal izateko.
Ez gara haientzat adibide. Ta paradoxikoki gero gu, kejaka.