Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Ostiralero ‘black friday’
2018-11-23 // Eutsizale // Iruzkinik ez
Juantxo Rodriguezek piztu dit argia 2019ko Euskara Ari Du-rako nire erronka zehazteko. (Udazken honetan Euskal Herria blaitu duen euskararekiko atxikimendu kanpaina tsunamitsuaren espejismoa amaitutakoan, lehen bezaintsu maizter segitu bainezake urtarrilaren 1ean nire buruari disziplin zorrotza ez jartzekotan). Hernaniko Rugby Elkarteko lehendakaria da Juantxo. Erretretan sartu ostean euskaltegian abiatuta, benetan euskara ikasi eta erabiliko duela bermatzeko bigarren urte honetan bere buruari ariketa zorrotza ezarri dio, horrelakoak dira kirolzale lehiakorrak: ostiraletan euskaraz hitz egingo du, ahal duen eran eta ahal duenarekin. Bilobarekin hasi da baina ezagutzen dutenei ere dei egin die laguntza eske. “Euskarazko black friday egin nahi dut ostiralero”. Mila esker, Juantxo. Nik ere nahi dut, baina ez dakit ausartuko naizen.
Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna
2018-11-21 // Euskara, Eutsizale // 4 iruzkin
Andoaingo udaletxea. (Argazkia: Wikipedia-Zarateman)
Azaroaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da Andoaingo Udalak onartu duen lanpostuen zerrenda berria. Euskararen normalizazioa axola zaion herritarrarentzako albiste inportantea dakar zerrendak: Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna.
Udaleko lanpostuen berrikusketa sakon baten baitan, 149 lanposturen hizkuntz eskakizunak ere berrikusi dira. Eskakizunok zertan geratu diren zerrendak ikusten hasita, harrigarri gertatzen da Andoain bezalako herri batek –euskarari estuan lotutako saila alde batera utzita– 4. eskakizuneko lanpostu bakar bat edukitzea eta administrari bakar bat ez geratzea 3. hizkuntza eskakizunarekin.
Iturri fidagarriak erabiliz jakin ahal izan dugu orain arte Andoainek zeukan lanpostu zerrendarekin alderatuta, 36 lapostutan euskararen exigentziak behera egin duela. Horietatik 15 lanpostutan 4. hizkuntza eskakizuna 3.a bihurtu da, eta beste 21 lanpostutan, berriz, 3. hizkuntza eskakizuna 2.a bihurtu da.
Goi mailako teknikari bakar bati mantendu diote 4. hizkuntza eskakizuna Andoainen, udal idazkariari. Goi mailako eta erdi mailako beste 14ri jaitsi egin diote 3.era, hala nola, kontu-hartzaileari, arkitektoari, aholkulari juridikoari, kulturako teknikariari, enplegu eta gazteria teknikariari, eta abar. Administrari lanpostu guztietan, berriz, 3. hizkuntza eskakizuna 2.era jaitsi dute.
Euskara eskakizunen jaitsiera handiarekin kontrastea bi kasuk baizik ez dute egiten: Hezkuntza eta Kulturako harreragileari eta Eskolazainari 1etik 2ra igo diete.
Andoainen EHBildukoak dira Ana Carrere alkatea eta udal gobernu taldea; gutxiengoan agintzen dute (EHBk 6 zinegotzi, PSEk 5, EAJk 4 eta Andoain Irabazi eta Andoaina Irabazteak bana). Udaleko Euskara teknikaria Patxi Baztarrika da, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohia (EAJ).
Antton Urrutikoetxea, bihotz 68tar bat
2018-10-22 // Iritzia // 2 iruzkin
Lagunez ondo babestua arren, Esther Sein lehenbizikoz zihoan bakarrik euskal preso politikoen aldeko manifestazio handian. Antton barik, alegia. Bezperan erraustua zuten… “Eginetik kanporatu zuten 25. urteurren egunean”. Antton Urrutikoetxea Bolibar, 85rekin hila, makaltzen hasi arren duela aste gutxi arte Kontxan bainatzeko sasoia zeukana. Jesuita ikasia apez egin arte, 1968an iritsi omen zen Oreretara obrero, “hori bai dela maitasun 68tar bat!” irribarrea aterarazi nahian esan diogu alargunari. Ezkerra, ETA, Fronte Obreroa, eszisioak, Niessen, sindikatuak versus mugimendu asanblearioa, Komiteak, kaleak sutan, frankismoaren azken urte odoltsuak, krisi ekonomikoa, trantsizioa… Galdetu El Viejoz oraindik Oreretaz akordatzen diren errenteriarrei. Beste batzuek beranduago ezagutuko genuen Antton Urrutikoetxea, A.U., Egineko erredaktore Ekonomia orriak gehiago zirenean Laboral, dena industriako langileen greba eta mobilizazio. Antton beti irribarrez baino gehiago barre konplizez, enkargutara (“argazki bat hartu nahi nuke artxibotik, bihar itzuliko dugu sinfalta…”) edo ordukako lan eta gehigarrigintzara hurbiltzen ginen gazteoi. Aljerren biharamun Oldartzenen bezperatan kanporatu zituztenean, ekonomiako kronika bat behar genuela eta A.U.ren bila jo genuen, euskara idazteko adina ez menderatu arren itzulpena geuk hartuko genuela gure gain. Anttonek, eskuzabal beti eta elegante, bera jubilatzeko atarira ondo iritsiko zela eta gomendatzen zigula Juan Mari Arregi gazteagoari egitea proposamena, kroniketatik bai baina aurpegiz ezagutzen ez genuen Daniel Udalaitzi. Baten prezioan bi ez hiru laguntzaile irabazi genituen. Geroztik Anttonek zenbat ez digu eman ARGIAkooi Estherrekin batera, hainbat etxetan Egutegiari eusten dioten oholetatik hasita askoz diru gehiago balio duten opari eskergaitzetara. Antton, fin eta dotorea, Antiguako bilbotar bikaina, espanturik gabeko euskaltzale zorrotza, ezkertiar makurrarazi ezin eta eskuzabala.
Martak ez ditu baztertu nahi kanpotar itxurakoak
2018-10-11 // Eutsizale // Iruzkin bat
Entzun Martaren arrazoi autokritikoa: “Beste bat kanpotarra dela somatzen dugunean, badugu joera gaztelerara jotzeko eta iruditzen zait ez dela euskararen erabilera zabaltzeko politika ona: batzuek badakite euskaraz eta ez diegu aukerarik ematen”.
Euskaldun akonplexatu naizen honek zenbat estimatzen dudan Marta edo Petra bezalako euskaldunberri ahaldunduen laguntza. Kanpotarrarekiko errespetua ez dela gaztelaniaz hitz egitea, euskaraz betiko euskaldun tradizionalei bezala itxura ezberdinekoei ere euskararen aukera ematea baino. Kanpotar itxurakoz betetzen ari diren gure herrietako euskaltzaleek hobe dute Martari entzutea.
Oreinako zubia
2018-10-05 // Iritzia // Iruzkinik ez
Hor egon behar zuen Khalil eta Martinen aurrean baina ez dago, zorionez. Pelix Bereziartua eta Maria Luisa San Sebastianen Uriberri baserrian zaude, ongi etorria paradisuaren atari honetara. Laulad Ahmed Salehren ezkerreko sorbaldaren parean ageri den kainaberadia da hasi, aurreratu baina bukatu ez zuten zubiak utzitako arrastoa, justuan huts egindako krimenaren froga: Oria ibaiak bere bidea aldatu zuen zubia eraikitzeko bete-lanaren eraginez. 1977 baino lehen Oriotik ekarritako hondarrez lepo sartzen zen Irisasi baporea horraino eta harentzako urak bazeukan jiratzeko adina sakon eta zabal. Orduan hasi ziren mamitzen Franco hil aurretik ezkutuan martxan zetorren espekulaziozko operazio handi bat, Aginagatik hasita Ortzaika parean barrena Aia eta Oriorainoko erriberak hormigoiztatu behar zituena. Hura dena egin balitz, Koldo Almandozek ez zion erreparatu ere egingo Mapil inguruari, zer izango ote ziren Isostegi, Itzao, Motondo… Orduan ikasi genuen Aginaga eta Usurbilgo batzuek zer zen eskutik helduta gainera etortzea Diputazioko goi-funtzionario ustela, aurpegia garbi erakusten ez duten kapitalista handiak, lekuko bizilagun sikarioa eta ahoa Euzkadiz beteta herria saltzeko pronto zeuden udal hautetsi nazionalistak. Berrogei urte beranduago Joseba Egibarrek –Erabakitzeko Eskubidea ahoan, Banco Santander bihotz ondoan– bere erraustegiarekin gehiegi ez harritzeko eskarmentua ere jaso genuen orduan gazte ginen batzuek. Euskal Herrian ez dira asko izango hasi, ia bukatu eta hala ere desmuntatzera –nork eta Jaurlaritzak berak– behartutako obra ilegalak, bakarretakoa izan da Aginagako zubia. Bataila hark emango zizkion Koldo Almandozi Oreinan sartzeko eszena gehiago, saldukeriak, herritarren manipulazioa (nonbait egongo da Aginagako 500 biztanleei prometitzen zitzaien piszina olinpikoaren planoa, olinpikoa bai, sic), telefonozko mehatxuak, aurre egitera ausartu ziren baserritarrei metak erretzea, jipoiak, pistola… Hori dena ikusi zen urte hartan Oreinako zubiaren inguruan, Xabier Amurizak oraindik akorduan izan behar du bertso jarrien aspaldiko bira hartan aipatu izana. Adiskide, hurrengoan Oriako erribera oparoetatik pasatzean oroi zaitez txikizioari aurre egin zioten bakan haiez. Usurbilgo zinegotzi abertzale ezkertiarrek beren lana zuzen egin zuten, Errebal Txikiko Felix buru zutela. Benetako ausardia lau baserritar obrerok eduki zuten: Ezpaldi Txikiko Balentin, Galardi Azpiko Praixku, Uriberriko Pelix eta Urruzmendiko Kandidok.
Belarrifest
2018-07-06 // Euskara, Eutsizale, Iritzia // Iruzkinik ez
Pasaidazu txapa, maitea, azkenean ulertu dut-eta txistea. Aitortzen dut arinegi deskalifikatu nuela euskaltzaletasun zentralizazalearen jokaldi berri irudimentsua, “orain Belarriprest txapa euskaraz oso ondo mintzatzen diren baina hitz egin nahi ez dutenek ere eraman ahal izango dute, borondate onaren seinale”. Broma errazegiak bururatu zitzaizkidan, zein hizkuntzatan ariko dira bi euskaldun-zahar-oso-uematar-belarriprest-txapadun ezezagun elkarrekin topo egitean, eta horrelakoak. Nire aurreiritziengatik zen Euskaraldiak zapore gez motela uztea ahoan, maizter akonplexatuok ahalduntzearen bidean herriz herri bi urrats eman ditugun orduko suhar berria urardotzeko presarena. Baina Ibonen dendan entzun dut argia goizean, Faktoria programako komentario baten eta hurrengoaren erdian Euskadi Irratia gaztelaniaz hasi zaidanean. Lurrera jausi zaizkit albertxikoak, zer huan hori. A, bai, Onceren anuntzioa. Hori bai hamaikakoa, eta ez nolanahikoa. Nola ez dut eramango, bada, txapatxoa harro? Gu baino belarrihandiagorik ez baita munduan, Eire-Irlandan ez bada.
Zabalgarbira? Badaukagu erraustegia Añorgan
2018-05-21 // Ingurumena, Iritzia // Iruzkin bat
Entzuten da Gipuzkoako hondakinak Bizkaiko Zabalgarbi erraustegira eta hango zabortegietara eramateko aukera. Aldi baterako soluzioa ustez, baina ezagutzen ditugu soluzio probisionalak betikotu direnak. Gipuzkoan herritar asko saiatu eta saiatzen gara geuk sortutako hondakinak errausketarik gabe konpontzearen alde, arrazoi askogatik, osasunagatik, ingurumenagatik, ekonomiagatik, enpleguagatik… Baina arrazoi guztien sustraian dago sakonekoa: etika eta justiziagatik. Geu gara sortzen ditugun hondakinon arduradun eta erantzule, ez dugu eskubiderik guk gaizki bideratutako arazoen ondorioak jasan arazteko arazook sortu ez dituzten inguruko jendeei, ez da zuzena gure opari pozoitsuak pasatzea ondorengo belaunaldiei. Erraustegirik ez, ez Zubietan, ez Zabalgarbin… eta ez Añorgan. Gipuzkoarrok ezikusia egiten diogun arren, dagoenekoz badaukagu erraustegi bat martxan Donostian bertan, Rezola porlan-fabrikaz mozorrotuta Donostialdeko jendeok pozoitzen gaituena, protesta gutxiren truke gainera. Zabalgarbira? Ez, eskerrik asko. Ez opa gure zaborren dioxinarik Bizkaiko haurrei, ez pasatu bizkaitarrei hondakinekiko gure jokabide okerragatik geuri eta geure seme-alaba eta bilobei dagozkigun minbizi eta malformazioak.
Erraustegi berriek ere kantzerra sortzen dute (aurrerapena eta bideoa)
2018-01-19 // Zero Zabor // Iruzkinik ez
“Montpellierren erakutsi dute: Erraustegi berriak ere kantzerra ugaritzen du”, horra datorren asteko ARGIAk ekarriko duen erreportajearen titulua. Izan ere… egia al da hondakinak errausteak jendea hil dezakeela? Eztabaida berotzen ari da berriro Frantzian. 2017ko abenduan epaitu dituzte Vaux-le-Penileko erraustegi zaharraren arduradunak, inguruko herritarrak dioxina eta bestelakoz kutsatu izanagatik. Baina puntako azken teknologiak dauzkatenak ere auzitan daude, Montpellierreko Lunel-Vieleko erraustegiaren inguruko ikerketa epidemiologiko batek erakutsi duenez.
Lunel-Viel eta Monpellierren izan gara gaia aspalditik salatzen duten medikuei galdezka. Eta erreportajearen aurrerapen gisa, hona hemen hango AMIES Ingurumenaren eta Osasunaren aldeko Medikuen Elkartearen bozeramaileak erraustegiaren atarian urtarrilaren 13an esan diguna:
Gasteiztar beltxaranak
2017-10-16 // Eutsizale // Iruzkinik ez
Eta globalizazioa haragi egin zen Gasteizko Landatxon, a zer bioaniztasun genetikoa Liernik eta Ainhoak trebeki kudeatutako Nendo Dango saioan. Hurbildu neska-mutikoen erdia baino gehiago izango ziren beltxaranak. Gehienek ulertzen zuten euskara. Bi anaiok, zero. ARGIA Egunean ere espainola derrigorrezko lingua franca? Buztinezko zalapartaren erdian anaia bati entzun diogu besteari: “Put it!“. Hara! Nire ingeles artritikoan “Du-iu-spik-inglix?” eta baietz, bi anaiek. Gurasoak Nigeriatik etorriak dituzte. Jolasa azaldu diet berena baino ingeles askoz baldarragoan. Beranduxeago, hazi-piloten zikulusaltsari aldamenetik begira dago mutiko luxe bat, dozena bat urte agian, Ekialde Hurbiletik harago eduki behar ditu sustraiak. Euskaraz ulertzen du, estu samar ordea. “Ingelesez?”… guk baino errazago. Haren gurasoak Pakistandik etorriak direla, ez, ez dakitela ingelesez baina urdua eta punjabera, han eskolatik pasatako jendeak ikasten duela ingelesa. Mutikoak berea hemen ikasia behar du izan. “Hazi… bola?” “Bai, seed… seed ball“. Ai, nola esaten da buztina… “clay, buztina, gorria, ulertu?” Eta horrela, euskararen arnas-une izan nahi zuen ARGIA Egun arabarrean minutu batzuk gehiago lapurtu dizkiogu gaztelaniari.
August Gil Matamalari mila eskerrez irailaren 28an
2017-09-28 // Iritzia // Iruzkinik ez
Anna Gabriel eta David Fernandezek aurkeztu dute berarekin egindako liburua: “August Gil Matamala. Al principi de tot hi ha la guerra”. Munduaren hasieraren mitoa parafraseatuz (“Hasieran, kaosa zen”), bere bizitzan bederen dena gerrarekin hasi zela ulertu diogu. CUPeko kide ezagunen artean ari zela, August Gil Matamala (1934) abokatu antifrankista eta obreristari –dio Nació Digitalen kronikak– “bere 83 urteetan ahotsa urratu zaio gogora ekarri dituenean Txiki ETAko militantearen azken orduak exekutatua izan aurretik”. Irailak 27, krimenaren +42. urtea. Gezurra dirudi Bartzelona urrunean abokatu zahar bati eztarria korapilatzea, euskaldunok espektakulutan entreteniturik gabiltzan bitartean. “Ez dut lortu barkatzea iraganeko kriminalei…”, esan omen du bileran, “…eta gaur egunekoei”. Liburua prestatzeko lehenbiziko elkarrizketan Gil Matamalak esandako aurreneko perpausa omen da: “Al principi de tot hi ha la guerra“. Mila esker, maisu, memoria flakatu zaigun euskaldunoi oroitarazteagatik.