Biktimak, presoak, gatazka
Berria egunkariko gutunen atalean maiatzaren 18an publikatu zen “Itzulezinezko Bake Prozesurako pausoak” idatziak (*) merezi du eman zaiona baino oihartzun handiagoa. Gutunak berak, osorik eta hutsik. Andoni Alza Hernandez, Rafa Caride Simon, Koldo Carrasco Aseginolaza, Fernando de Luis Astarloa, Josu Garcia Corporales, Carmen Gisasola Solozabal, Kepa Pikabea Ugalde eta Joseba Urrosolo Sistiaga ETAko presoek ondoko hilabeteotan eztabaidagai garrantzizkoak izan behar duten puntuak aipatzen baitituzte. Laburki aipatu, baina konplexurik gabe.
El Pais egunkariak “Ocho presos históricos de ETA piden dar reparación a las víctimas. Animan por carta a sus compañeros para que participen en el fin del terrorismo” hiru osagai nagusi bereiztu zituen presoon idatzian: ekintza armatuen biktimei ordaina aitortu beharra, presoek prozesu politikoan parte hartzea eta presoek kalera ateratzeko espetxe sistemaren onurak aprobetxatzea. Ausardiaz plazaratutako idatzia da beren buruak “Itzulezinezko Bake Prozesuan konprometitutako presoak” izendatzen dituztenona.
Ideia horiek berak jorratu ditu atzo El Pais egunkariaren Pais Vasco edizioan IRAko kide ohi Pat Mageek “La paz requiere diálogo y abordar los daños causados“. Magee Sabino Arana fundazioak konbidatuta izan berria da gurean, baina lehendik ere ezaguna da Euskal Herrian. 2006ko azaroan Bidea Helburu indarkeriarik eza aktiboa lantzen duen taldeak ekarri zituen Pat Magee eta Jo Berry, IRAko militante ohia bata eta bigarrena IRAk (Mageek berak, zehazki) hil zuen diputatu kontserbadore baten alaba, urteotan adiskidetzeari buruzko jardunaldi eta bestelako ekintzetan elkarrekin parte hartzen dutenak. Bidea Helburuk webean ipinita dauzka 2006an Magee eta Berryren historiaz El Paisek, Diario Vascok, Garak eta bestek publikatu zituztenekiko loturak. 2006ko azaroan izan ziren jardunaldiok, abenduan joan zen pikutara ETAren tregua izotzaldi berria ekarriz.
2010ean, ETAren gelditze definitiboa eta Batasunaren oinordeko ezker abertzalearen estrategia berria finkatzen doazen neurrian, Euskal Herrian ziklo politiko berria egonkortzen joan ahala, Eusko Jaurlaritzak biktimak (batzuk) eskoletara eramateko dauzkan planak ahaztu gabe, seguru esan daiteke ondoko hilabeteetan gatazka armatuaren biktimak eta estatuek preso dauzkaten militanteak gero eta gehiago izanen dira aktualitate. “Itzulezinezko Bake Prozesuan konprometitutako presoak” maiatzeko idatziarekin aitzindariak izan dira.
(*) Hona agiria osorik:
Itzulezinezko Bake Prozesurako pausoak
Euskal Herrian gatazka konpontzeko egon diren saiakera zapuztu ezberdinen ondoren eta urte mordoz borroka armatuaren amaiera eskatu izan dugunok (bide politiko huts eta demokratikoetatik aurrera jarraitu ahal izateko), hasiak gara jada zentzu honetan urrats zehatzak ematen; gure ekarpenak bakea eta konponbide orokorra beti helburu duelarik.
Itzulezinezko Bake Prozesu hau zehazten joate aldera, presoen askatasun prozesua nola emango den pentsatu eta hitz egiten hasi behar dela uste dugu. Irlanda eta beste antzerako egoeretan nola egin izan den jakin eta zer-nolako konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartu zituzten aztertuz.
Irlandan adibidez, Stormonteko Hitzarmena izenpetu aurretik, preso politikoen ekarpena, bake prozesuari zegokion gogoeta politikoan parte hartzea izan zen. Espetxeetan fase berri horretara egokitzeko dinamika bultzatu zuten: gradu aldaketa onartuz eta ziklo aldaketaren aldeko batzarretan kanpoan parte hartu ahal izateko baimena eskatuz: «It’s time for peace»zen beraien aldarrikapena.
Ezker Abertzalean ostera, espetxea «borroka frontetzat» jotzen jarraitzen dute batzuek oraindik: Herrietan bukatu berri den gogoetan presoek parte hartzea ekidin dute nahiz eta bete-betean presookin bereziki lotura zuzena izan gaiak. Amnistia eta Askatasunaz hitz egiten da soilik, hau zerutik iritsiko zaigulakoan. Ez da kontuan hartzen horrela jarraituz gero, presoen askatasuna lortzea denboran luze joango denik. Hori dela-eta, garrantzitsua deritzogu hori oztopatzen duen dinamika eta mentalitatea gainditzea gaur bertatik eta presooi dagozkigun zenbait eskubide geure egitea.
Hemen, baimenak onartzeak, hirugarren graduaz edo baldintzapeko askatasunaz espetxetik irteteak, tabu izaten dirau oraindik. Frantses estatuan adibidez, baldintzapeko askatasuna eskatu egiten da horretarako behar diren baldintzak onartuta. Espainiar estatuan ordea, antzerako baldintzak onartezinak direla sinestarazi nahi zaigu.
Duela zenbait aste, norbaitzuk EPPKren izenean, errealitatearekin zerikusirik ez zuen agiria atera zuten, non beraien borondatez hilabete batzuk lehenago kolektiboa utzia zuten zenbait kide iraintzen zituzten.
Orain arte presoen kolektiboak funtzionatu duen modura funtzionatuta, presoek bi aukera zituzten: kolektiboan egon edo amildegira salto egitea (bigarren honek esangura duen guztiarekin). Hain zuzen, jakin behar da, amildegira salto egiteak ez dituela soilik ondorio latzak presoarengan, baizik eta baita bere familia eta ingurukoengan ere. Haatik, gure nahia ez da inolaz ere kolektiboaren aurka jartzea, ezta urrundik ere; soilik nahi duguna da: Itzulezinezko Bake Prozesu honekin bat egiten duten presoek (EPPKn egon ala ez) nahi duten jarrera adierazi eta hartzeko aukera izatea, inongo amildegirekin aurrez aurre topo egin gabe edo-eta irainik jasan gabe.
Biktimen gaia eta gatazkak eragindako kalteen ezagutza eta konponketa ere plazaratu behar da. Oso gai delikatua dela kontuan izanik, ez litzateke korapilo gisa planteatu behar. Baina bai, onartu beharko genuke gatazkaren ondorioen egintzatzat Hegoafrikan eta Irlandan egin bezala. Han bezala, elkar-ulertzeko espazioei bide ematen hasi beharko ginateke denon artean komunikazioa erraztu asmoz, urteetako gatazkaren zauriak gainditu eta giro hobeagoa sortze aldera.
Eskubide guztiak guztiontzat, baita preso guztientzat ere.
Andoni Alza Hernandez, Rafa Caride Simon, Koldo Carrasco Aseginolaza, Fernando de Luis Astarloa, Josu Garcia Corporales, Carmen Gisasola Solozabal, Kepa Pikabea Ugalde eta Joseba Urrosolo Sistiaga.
(Itzulezinezko Bake Prozesuan konprometitutako presoak)
Iritzi-artikulu hau FACEBOOKean zabaltzea eskertuko nizueke. Mila esker.
Aurretik joatea, haratago ikustea, jipoitua izan da beti. Pinturan, letretan, zineman… eta politikan ere, gizon-emakume askoren izenak ditugu horren adibide. Eskerrak Pello Zubiriari preso hauetaz hain argi mintzo delako eta dagokien tokia ematen dielako. Beste guztiak atzetik joango gara.”Ikusi eta gero denok jakitun!”
Kaixo Maider, zabaldu dugu gure Facebook orrian.
http://www.facebook.com/argia.astekaria
Mila esker.
Ez dut uste, inondik inora ere, zortzi preso horien agiria bat datorrenik Pat Mageek diskurtsoarekin
euskaldunak ez gara gauza presoak gure presoak askatzeko orduan nomala hauek hartu duten pozizioa zeren kartzelan usteltzea inori etzaio gustatzen