Aitziber eta Gurutz
(Testu hau irakurri nuen atzo Hernaniko udaletxean komunikabideen aurrean Aitziber Ezkerra eta Gurutz Agirresarobe ETAko kide izatearen akusaziopean atxilotuen senideek deitu agerraldian. Han esandakoak ondoen Garak –Marlaska deniega medidas para amparar a los detenidos– eta Berriak –Ertzainek Agirresarobe eta Ezkerra torturatu egingo dituzten beldur, ‘Garzon protokoloa’ eskatu zuten sendiek; epaileak ezetz esan du– bildu dituzte).
Pello Zubiria Kamino naiz eta Aitziber Ezkerraren eta Gurutz Agirresaroberen senideen ondoan nire lekukotasuna agertu nahi dut zuen aurrean.
Alde batetik, nabarmendu nahi dut Aitziberrek daukan gaixotasuna. Aitziberrek Espondilitis Ankilosatzailea deitzen den artritisa dauka. Gaitz mingarria da berekin daramatzan inflamazioengatik, pixkanaka giltzadurak hondatu eta fusionatzen ditu, mugitzeko ahalmenak murrizten ditu eta bestelako konplikazioak ere ekartzen ditu, begietako minak direla, hesteetako inflamazioak, larruazaleko arazoak, eta abar. Gure anbulatorio eta ospitaleetako medikuek sintomak baretzeko medikazioekin borrokatzen dute Espondilitsa, bizi osorako gaitza dena, baina botika horiek berekin alboko kalteak ekarri ohi dituzte eta gainera ez dute lortzen gaitza bera sendatzea.
Aitziberrek artritis gogor honen erasoak oso gaztetatik nozitu ditu, nerabezarotik, eta dagoeneko baditu sekuela nabarmenak hark utziak. Espondilitisaren erasoak gogorrak izaten dira edozein adinetan, baina erruki handiagoa eragiten digute 12-14 urterekin minez eta ezintasun handiz bizi behar duten haur eta gaztetxoek.
Hala ere, berak kontatuta dakigu Aitziberrek lan asko egin duela bere gaitzaren jatorria eta sendabide edo aringarri posibleak ezagutzeko, eta esfortzu handi horren ondorioz azken aldian hasia da argi pittin bat ikusten soinean daraman Espondilitisaren eboluzioan. Sufritzen dituen minengatik eta urteotan gaitzak eragin dizkion ondorioengatik, arreta berezia behar du Aitziberrek, bai janariari dagokionez, bai hartu behar dituen erremedioetan, edozein posturatan egoteko edo mugitzeko, eta giltzadura gogortuak biguntzeko ariketak egin ahal izateko baldintzetan.
Adibide bat jartzeko, osasun ona daukan herritar batentzako eserita edo zutik egoteko aldi bat edo postura normalak direnak, Aitziberrentzako tortura latza gerta daitezke.
Beste aldetik, mahai honetako beste pertsonek nabarmendu dutenari segituz, nik ere azpimarratu beharra daukat edozein herritarren duintasunarentzako, osasunarentzako eta segurtasunerako, polizi-etxeetan inkomunikazio aldia kentzeak daukan garrantzia. Hasi Nazio Batuen Erakundetik eta instituzio, elkarte eta pertsonalitate ugarirenganaino iritsiz, eten gabea da atxilotu aldiko inkomunikazioa desagertarazteko egindako eskaria.
Milaka gara euskal herritarrak inkomunikazioa nozitu dugunak eta horren barruan klase askotako tratu txar edo torturak nozitu ditugunak. Tratu txar edo tortura kasu berri bat ikusten dugun bakoitzean frogatzen dugu euskal gizarteak gizarte moduan urteotan egindako frakaso historiko nabarmenetakoa dela, gure zergekin ordaindutako poliziek ez bermatzea tratu duin eta egokia epaileek atxilotzea edo interrogatzea agindutako pertsonei, giza eskubide minimoak garantizatu gabe jarraitzea. 2010. urtean eta Europaren erdian.
Oraingoan berriro gaude kezkaturik. Euskal Herrian bizi dugun gatazka zibilizatzeko, gizatiartzeko eta humanizatzeko aukera asko galdu ditugu urteotan, tamalez. Baina inoiz ez da beranduegi arerioak edo etsaiak, ez animaliak bezala baizik eta pertsonak bezala tratatzen hasteko. Hori gabe, gatazkaren humanotzean urratsak eman gabe, gureak ez baitauka soluziorik.
Guzti horregatik, dei egin nahi diet Aitziber eta Gurutz atxilotzea egindu duen Fernando Grande-Marlaska epaileari, biak arrestatu dituzten ertzainei, haien buruzagia den Rodolfo Ares sailburuari, eta Patxi Lopez lehendakariari: tratu duinez zaindu itzazue Aitziber eta Gurutz, zuen esku dauden bitartean tratatu itzazue mila bider giza eskubideen aldeko mugimenduek proposatu dizkizueten protokoloen arabera, eta gizatasunez. Zuei begira gaude.
eskerrik asko Pello.