Pakita E.
Heroi izateko aukerak bakan eskaintzen dizkigu bizitzak. Loria irabazi edo mixerian hondoratu jokatzen dugun minutu laburrean, kinka larrira ekarri gaituen patuak zintzurretik itotzear gauzkala, mila argudio dauzkagu eskueran kobarde izateko. Horregatik gara koldarrak hainbeste, dira heroiak hain urri. Burua, bihotza, ausardia, errukia… Zergatik konplikatu behar zuen bizimodua Pakita E. erizainak? Protokoloa hautsi beharra zeukan, gainera, hala egin dio gero errieta Galindoren mutilen abokatuak. 35 urte joan diren arren Franco hil zenetik, Espainiak potrokoloetan sartuta dauka poliziek atxilotuak torturatzea, nahiz eta Wikileaksera ez zaien filtratu –oraindik- eskuliburua. Hamarreko Igor Portu/Mattin Sarasola taldea izatea egokitu zitzaigunean, 2003ko otsail hartan, gure etxean ez zen jaso Madrildik ez Hospital Clinicoko ez Gregorio Marañoneko telefonazorik. Ez ditugu gorroto, menturaz errukituko zen norbait terroristaz eta honen senideez baina ezin numeroa lortu; edo agian egin zuen mugimenduren bat gerizpean geratu dena, heroitasunaren mailarik gorena. Asko eskatzea da. Izatezko edo ustezko nahiz badaezpadako etakide askoren etxeetan hunkitu gaitu Pakita E.ren adoreak. Musu bana zor dizugu. Gurean, zure aipamenak izango dira beste laurogei urtean.
aupa pello