Ez fidatu espainolez… Fukushimari dagokionez ere
Telebista frantsesak ikusi behar dira egunotan. Atzo Espainiako kate publikoan ari zen orain modan dagoen kazetari-imintziogile gazte bat Tokiotik esaten han bizitza kasik normal doala. Frantziakoa jarri eta David Pujadas-en zuzendaritzapean azaldu zirenek justu alderantzizkoa adierazi ziguten: Tokion bertan hamar minutuz goiti iraun zuen lurrikara handia jasan zuten, jendea kalera irteten da edo etxean geratzen haizeak nondik jotzen duen arabera (iparra bada, erradioaktibitate arrisku handiagoa), jende asko ari da ihes egiten hiriburutik, atzerritarrak trumilka doaz… eta Frantziako Segurtasun Nuklearraren arduradun nagusiak Fukushiman gertatzen ari denaren irudirik beltzena erakutsi zuen. Jokatuko nuke Heletako herritarrek informazio zuzenagoa dutela Fukushimakoaz Garoñatik hogei kilometrotara bizi diren gehienek baino.
Ordu historikoak bizi ditugu, hondamendi nuklearra ari da gertatzen gure begien aurrean. Larrialdirik handienean bizi diren milioika japoniarrekin nigar egiteaz eta gure seme-alaben etorkizuna izorratzen ari direnak madarikatzeaz gain… balio du informaziorik onenei adi egotea.
Pantaila aurrean lan egin behar duen honentzako egunotan informazio iturri interesgarriena The Guardian egunkariaren webgunea da (eskertuko ditut bestelako pistak). Richard Adams, Tania Branigan eta Peter Walker kazetarien ardura da Japoniakoari jarraipena egiteko Japan nuclear crisis – live updates bloga.
Bestalde, horrelako estualdietan sarri gertatzen den gisan, urte luzez estalitako egiak hasten dira azaleratzen, hilzorian omertà haustea zilegi bailitzan. Orduero ustekabeko berria. Atzo New York Times egunkariak jakinarazi du aitortu du 1972tik aditu batzuek salatu zutela Fukushiman eta Garoñan diren Mark 1 motako erreaktoreen diseinu akats larria, gero lobby nuklearrak estaltzea lortu zuena. Artikulu horren zati bat gaztelaniaz eskaini du Crisis Energética guneak, honek ere jarraipen interesgarria egiten baitio Japoniako krisi atomikoari, bere atal garrantzitsuenetan.
Gara egunkarian elkarrizketa bikaina egin diote Marcel Coderch adituari. Euskal Herrian ez dagoela lurrikara arriskurik? Coderchek xehetasunez argitzen du Europako zentral nuklearren beldurrak nondik piztu diren: “Esango dizut Garoñari eteten bazaio Euskal Herritik doakion argindarra, Fukushiman ikusi dugun gertakizun kate bera abiatuko dela. Ez da terremoto beharrik, are gutxiago maremotorik, korrontea eten daiteke bestelako arrazoiengatik”.
Tokion larri daude 240 kilometrotara daukaten Fukushimakoa iritsiko zaielako. Idatzi “Garoña” Googlen eta ikusi zein euskal hiri dauzkan 25 kilometrora, 50era eta 100era.
P.S. 1. 11:55 dira hemen. Frantziak Tokion diren herritarrei eskatu die hiriburutik alde egitea, gutxienez hegoaldera eta ahal izanez gero Japoniatik kanpora. Eric Besson industria ministroak adierazi du agintari japoniarrek egoera ez daukatela kontrolpean, edo behintzat gertatzen dena ez dela agintariek esaten dutena.
P.S.2. 13:25 hemen. Lemoiz aipatzea egunotan gogorra da. Bego horretan. Mikel Arizaletak ekarri du akordura duela 30 urte tenkatu zen Lemoizko afera Rebelion gunean, oihartzun eginez Juan Luis Olaranen El contubernio nuclear, Lemoiz liburuari
P.S.3. 21:10 hemen. Iluntzeko albistegian, David Pujadasi aitortu dio Frantziako zentral nuklearren segurtasun arduradun nagusiak ondoko 48 orduak hil ala bizikoak izango direla: erreaktoreak baino gehiago kezkatzen zuten usatutako erregaiak dauden piszinak, horiek urik geratzen badira akabo, kasik estalkirik gabe baitaude. Txernobilen kalteak gaindituko ote zituen insinuatuta, ez du ezezko argirik esan. The Guardianek dioenez, berriz, Greg Jaczko AEBetako segurtasun nuklearreko arduradunak azaldu du usatutako erregaien piszinak dagoenekoz urik gabe geratu direla. Aski gaurkoz. Saia gaitezen lo egiten: biharko egunsentia benetan latza izan liteke.
Bejondeikela Pello!
Arriskua latza dela bazekiagu, baina eskapea izan al da? Eta zenbatekoa?
Ondo segi
Isuri erradiaktiborik? Bai. Zenbatekoa? Dagoenekoz handia, seguru, baina hori deskontatutzat eman dezakegu (airera isuri dena, itsasoko uretara jaurtitakoa…). Ez da katastrofismorik egin behar, baina egia ezkutatu ere ez. Egunak dira ez antinuklearrek baizik eta lobby nuklearreko adituek esan zutela Fukushimakoa Harrisbourgekoa baino latzagoa izango zela, Txernobilen ondoren bigarren txarrena. Egunotan auzitan dagoena da bigarren postu horrekin konformatuko ote den…