Fukushima = Txernobil+25
19:20 Le Mondeko erredakzioak kasik minutuoro aktualizatzen duen iturrian erantzuten dio irakurle askok egin duen itaunari: zer gerta liteke erreaktoreak hozteko ahaleginak helburua lortuko ez balu? Erantzuna: “Hozteko ahaleginak porrot egingo balu, erreaktoreen muinak erabat urtuko lirateke. Sortuko luketen beroa hain handia litzateke ezen eta estaltzen dituen ontzia ere urtuko bailukete, atmosferara ixuri erradiaktiboak modu masiboan boteaz. Baina egoera hau hipotetikoa da gaur arte, ez baita sekula gertatu, Three Mile Islandeko erreaktorearen muina bera ez zen erabat urtu eta Txernobilgoan aldiz ontzirik ez zegoen. Baina erreaktoreen muinetik landa, beldurrik handienak erregai usatuak dauzkaten piszinek sortzen dituzte: irakiten hasitakoan ura lurrindu egiten ta eta hortik aurrera erregaia ez hozteko arriskua dago, horko erregaiak usatuak egon arren oso erradiaktiboak dira eta. Hozketarena ez bada konpontzen, erregai guztia batere urik gabe aurkituko da eta orduan ixuri erradiaktiboak oso handiak izango dira, babesgairik gabe piszinak kasik aire librean daudelako. Hori gertatuz gero, Txernobilekoen ixuri maila berean geundeke”.
18:10 Fukushima eta Txernobil alderatzea ez da katastrofismo merkea. Atzo, asteazkena, Frantziako gobernuak Japonen gertatzen denaz balorazio hau egin zuen, Le Mondek bildu duenez: “(…)gobernuaren bozeramaile François Baroinek aitortu zion prentsari: ‘Eszenariorik okerrena da hipotesi bat gaur baztertu ezin duguna’. Ondoren zehaztu zuen: ‘eszenariorik okerrena, bistan da, kolpea Txernobilekoa baino handiagoa gertatzea da’. Xehetasun handiagotan sartu barik, ogasun ministroak justifikatu du hain gordin hitz egitea ‘argitasunez jokatu behar delako’ eta ‘gertatzen denaren larritasuna ez ukatzea’ erabakita daukalako”.
17:20 Txernobilgo hondamendi nuklearra duela justu 25 urte gertatu zen, 1986ko apirilaren 26an. Bere garaian astindu zituen jendeetako askok ahaztu egin dute orduko beldurra, eta berrogei urtez behetiko gazteek ez zuten ezagutu. Hauek eskubidea dute harriturik egoteko; 45 urtetik gorakook ez. Euskarazko Wikipedian Txernobilgo hondamendia atala irakurtzea komeni da. Asko ikasi daiteke bertan. Tartean, 600.000 gizonez goiti (seirehun mila likidatzaile!) aritu zirela hura itzali-hoztu-estaltzeko lanetan. Diru, lan, kalte eta oinazeen kopuruak izugarriak dira. Orain esaten zaigunean Fukushiman sei erreaktore zaintzen 50 langile besterik ez dutela utzi, pentsatu behar dugu hondamendi honek ekarri behar duen trajeria humanoari usainik ere ez diogula hartu oraindik.
16:30 Simon Rogers-ek honela laburbildu du The Guardianen zertan diren Fukushimako ureztatze operazio famatuak. Ur maila baxua da 3. erreaktorearen erregai usatuen urtegian. Hor datzaten erregai barrak gehiago hondatu ez zitezen hiru ahalegin egin dira ura eramateko. 1) Japoniako Autodefentsak helikopteroekin lau ontzikada handi ur jaurti ditu bertan. Erradiazioa saihesteko, berunezko xaflak zeramatzaten helikopteroek azpikaldean eta eskifaiak jazki bereziak. 2) Polizia arratsean ahalegindu da ura botatzen bere kamioi punpadunekin. Halabaina, erradiazioak urrunegi edukiarazi ditu kamioiak eta urik ez da iritsi putzuraino. 3) Japoniako Autodefentsak 30 tona ur isurtzea lortu du lurretik bost kamioi punpadunetatik, 19:30 eta 20:09 artean (Japoniako ordua). Kamioi bereziak dira, operazioa gidaria kanpora atera gabe burutzea baimentzen dutenak. Neurtu gabe dago operazio honek zer nolako emaitza lortu duen. Operazioa bere horretan geratu da ilunarekin (00:30 da orain Japonian).
12:30 Larrialdi nuklear batek abiarazi dezakeen panikoa gai askotan mamitu daiteke. Txinan azken orduotan jendea ero moduan ari omen da gatza erosten. Ez dago argi ote den edo gatzari erradiazioetatik babesteko ahalmenen bat aitortzen zaiolako (itsasoko gatzak berez iodo amini bat duelako?) ala den hemendik aurrera iritsiko den gatz berria erradiazioz kutsatuta helduko den beldurrez.
Bitartean, helikopteroz jaurtitako urez zentrala hozteko asmoak porrot egin du. Lurretik ura bertaratzea da azken itxaropena. Hiri askotan argindarrik gabe geratu dira eta Tokyon bertan hori laster gerta daitekeela abisatu du gobernuak.
12:10 Espainiak aurkitu du sistema Fukushimakoa hemen gertatu ez dadin: lege bat onartu dute aho batez. “Una ley protege 3.500 instalaciones contra catástrofes o ciberterrorismo“. Umore beltza ez… Espainia.
10:15 Lurrikarak eta tsunamiak eragindako biktimak ez dira ahaztu behar. Hauen egoera izugarri zaildu du Japonia osoa emergentzian daukan hondamendi nuklearrak. Hildako eta desagertuak aparte (azkenean 15.000 baino gehiago izan litezke) ia milioi erdi pertsona dago babeslekuetan. Oso eguraldi hotza daukate eta ia denetik falta dute, janari, edari, ur eta batik bat edozertarako behar den energia, gasolina funtsean. Gobernuak Fukushimako zentraletik 20 kilometro arteko eremua ebakuatzeko agindu du eta 20-30 kilometro artekoan debekatu da etxetik ateratzea eta bertara hegazkinez hurbiltzea. Etsipena eta haserrea ari omen dira nagusitzen bertako biztanleen artean, BBC britainiarrak jakinarazi duenez. Minamisoma herriko alkate Katsunobu Sakuraik esan du: “Lehenbiziko erreaktorea lehertu zela ez ziguten esan. Telebistatik jakin genuen. Gobernuak ez digu ezer esaten. Hiltzen utzi gaituzte”.
Fukushiman, helikoptero militarrak ari dira erreaktoreei eta piszinetan babesik gabe dauden erregai nuklearrei ura botatzen. Poliziak eramandako motobonbak ere lanean ari omen dira. Lehen informazioek diote inguruko tenperatura eta erradiaktibitate maila jaisterik ez dutela lortu. Datu berria zera da: enpresaren ondoan edo agian gainetik militarrek esku hartu dutela krisian.
07:30 Fukushimako zentral nuklearra kontrolik gabe dagoela dirudi. Aurrikuspenik beltzenak ari dira betetzen. Kulpa banaketari ere ekin diote agintariek: The Guardianek gaur azaldu du Europar Batasunako aditu askok diotela Japoniako gobernua oker ari dela krisia kudeatzen.
Bitartean, non arraio bizi dira espainolak? Bart gauean gaztelaniazko informatibo txukunenetakoa egiten duen Canal 24 publikoak irudirik patetikoena erakutsi zuen. Vicente Vallés zuzendariak bi kazetarirekin batera Julio Gutierrez fisika nuklearreko katedraduna zeukan konbidatuta. Hau leun bezain gordin mintzatu zen: berak larunbateko hidrogeno leherketatik garbi zeukan erreaktorea lehertua zela, agintari japoniarrek astelehenean aitortu zuten gertatua, babeseko ontziek hondatuta egon behar dute leherketaren tenperatura horretan, helikopteroz edo poliziaren kamioi batez ura eraman nahi izatea ezin du ulertu, zerbait gehiago gertatzen da hain hurbil daukaten itsasotik ura iritsarazi ezin dutenerako… Kazetaria harrituta zegoen, beste konbidatuak bezala. Baina non demontre informatzen dira kazetari lider espainiarrok? Ala hain handia da energiaren lobbyaren boterea?
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks