Fukushima, larunbata 19
17:30 Zentraletik landa jakietan eta uretan aurkitu den erradiaktibitateaz xehetasunak eskaintzen ditu The Guardianek “Gai erradiaktiboak aurkitu dituzte Tokioko uretan” kronikan. Hedabide guztiek aipatzen duten esnea zentraletik 30 kilometrora dagoen baserri batean aurkitu dute eta espinakak berriz 100 kilometrora. Agintariek adierazi dute erradiaktibate arrastoak besterik ez direla, konparazio hau eginez: urte osoan esne horretatik edanez gero erradiografia bat egitean hartutakoa adina erradiazio hartuko luke pertsonak. Kontua da geroxeago jakin dela Tokion eta beste bost hiritan iturriko urean erradiaktibate arrastoak aurkitu dituztela. Txikiak hauek ere, arriskutsuak izateko mailatik oso urruti geratzen diren kopuruak. Baina Fukishimako zentraletik 220 kilometrora dago Tokio.
Bestalde, Los Angeles Timesek eman du xehetasun interesgarri gehiago “Argindarrik oraindik ez da iritsi Japoniako erreaktoreetara” kronikan. Elektrizitatea ez da helduko igandea arte, eta hori ere aditu batzuek baikorregitzat daukate. Bitartean, suhiltzaileek lortu dute asko hobetzea ura erreaktore eta erregai usatuen piszinetara iritsarazteko sistemak. Gizakirik gabe funtzionatzen duten punpa bat bederen badarabilte eta badirudi gero eta beste autopunpa arruntek ere denbora gehiagoz jaurtitzen dute ura. Informazio batzuek diote ahalegin horri guztiari esker lortu dela zentralean erradiaktibitate maila jaitsiaraztea. AEBetako aditu askok uste dute argindarra zentraleraino eramatea dela gakoa egoera berriro kontrolpean edukitzera iristeko ahaleginean. Bitartean, itsasoko urarekin nahastuta boroa jaurtitzen dute, erradiazioa hein batean neutralizatzeko. Boroa ere ahitzen hasi denez Japonian, Korea eta Frantziak 150 tona bidaltzea agindu zuten ostiralean.
11:10 Fukushimako zentralaren patua zintzilik dago [erregaien] fusioak aurrera darraielako. Hitzez hitz Scientific American aldizkariaren webguneak duela 11 ordu plazaratu kronikaren titulua. Dauzkan datuetatik ondorioztatzen dute egoera larriagotzen ari dela. Gauarena ez zen ordu horietan ilun bakarra. Zentralean gertatzen dena ezagutzeko (monitorizatzeko) sistemak hondatuta daude, ezin jakin barrukoa zertan den. Garaiz eta nahikoa kopurutan ura iritsiarazi eta erregai nuklearra hozterik lortzen badute, oraindik posible da erregaiak urtu eta ondoko materialekin (ura, altzairua, eta abar) nahastearekin leherketa gertatzea.
10:45 Zentraleko erregaiak hozten hasterik ez dute lortu oraindik. Atzo eta gaur harrituta ikusi dut gurean energia gaietan independienteen jokatzen duten egunkariek ere tituluetan adieraztea Fukushimakoak hobera egin duela: tenperatura jaistea lortu dela, erradiazioa jaitsi dela… Barkatuko didate kolega eta lagunek baina erne ibili behar dugu energiaren lobbyak agenda erabiltzeko duen indarrarekin. Oihanaz dakiguna kontatu, ez dakiguna aitortu… eta ez eman oihartzun handiegia oihaneko albisteak kontrolatu nahi dituen behatzari.
Los Angeles Timesen egoki titulatu dute: “Japonia oraindik borrokan ari da zentrala hozteko [beharrezko] argindarra iritsiarazteko“. Horra egia laburtua: 1) ahalegin gogorrean ari dira, 2) argindarra eramaterik ez dute lortu, 3) erregai nuklearrak hozten hasterik ez dute lortu orain arte.
Los Angeles Timesek eskainitako xehetasun gehiago. Fukushimako zentralaren inguruko 20 kilometroen barruan 300 langile ari dira, dozena bakan batzuk zentralean bertan. “Bai gobernua eta bai zentralaren operatzailea, Tepco, defentsiban ageri dira eta bitartean jendea gero eta haserreago dago, askok uste baitute zentralean gertatzen ari denaren argazkia ez dela osorik erakusten eta hura konpontzeko ahalegin txikiegia egiten ari direla”.
10:20 Zentraleraino argindarra eramaterik ez dute lortu oraindik. Bart zioten El Mundok eta El Paisek interneteko edizioetan argindarra iritsi zela Fukushimako zentralera. Gurean, gaurko prentsan gauza bera irakur daiteke. Zer da “elektrizitatea iristea”? Albistea txukunen emana The Guardianen aurkitu dut, goizaldeko (Euskal Herrian) 04:55ean plazaratua. Titulua: “Emergentziazko kable elektrikoa heldu da Japoniako zentralera“. Bigarren lerroan: “Erreaktoreak eta piszinak hozteko sistemak berriz abiarazteko itxaropena handitu da”. Kablea bai baina argindarra ez da heldu oraindik, gaur larunbata eta bihar artean konexioa egiteko itxaropena dute. Horretarako, hala ere, kable gehiago eraman beharko omen dituzte zentraleraino. Martxan jarri dute, bai, errefrijerazio punpa bat baina 5. erreaktorean, oraindik lehertu ez direnetako batean. Ahalegin honek arrakastarik ez badu, hasi dira aztertzen erreaktoreen eta usatutako erregai bistan geratu direnen gainean porlana, area eta bestelakoak botatzen hastea. Txernobylgo soluzioa berriro.
Txernobylgo sarkofagoaren aipamenak gero eta zabalagoak dira gaurko prentsan: egin ote daitekeen, egin beharko dela, egiteko zailtasun handiak egongo liratekeela (Txernobylen erreaktore bat estali behar zen, hemen lau edo sei dira…), eta abar.
Kaixo Pello,
Hik idazten dekena horrela izango dek, baina Tokion bizi diren Espaiñolak esaten dute, han “zerbitzuz kanpo” dagoen bakarra Españako enbaxada dela.
Irakurri hau
http://www.nipobloc.com/2011/03/carta-abierta-los-medios-espanoles.html
Ni askoz gehiago fidatzen naiz bertan bizi direnak esaten dutenaz, Espainiako prentsa sentzainalizta askorekin baino.
Irakurri Yoshida Hiromi euskaldunak Tokio-tik esaten dituenak ere. ARGIA-n agertzen dira.
Aste bete bakarrik pasa dek eta paketeria dagoeneko bazter guztietara ailegatzen ari da. Chapeau!!!
Golpe latza izan da, baina Japonia berriz aurrera aterako da.
Agur bero bat
Jon