Fukushima, astelehena 21
22:30 Asteazken edo ostegunean iritsiko dira Fukushimako lehen arrasto erradiaktiboak Europara. Telebista publiko frantsesak iragarri du ilunabarreko albiste saioan. Frantziako Segurtasun Nukleararen Agintearen presidente André-Claude Lacostek berretsi du. Institut de Radioprotection et de Surté Nucleaire erakundeak simulazio honetan erakusten du nola hedatuko den erradioaktibitate hodei hori. Dagoenekoz Saint Pierre et Miquelonera iritsi dira lehen arrastoak (Ternua aldera) eta beranduenik ostegunerako zeharkatuko dute Atlantikoa. . Arrasto oso-oso txikiak, hori bai, baliteke horretarako prestatutako neurgailu batzuek nabarmendu ere ez egitea. CRIIRAD erakunde independienteak berak garbi dio haize masa honek ez dakarrela arriskurik (baldin eta Japonian ez badute erradiaktibitate isuriez zerbait larriagoa ezkutatu, Txernobilekoaren ondoren eskarmentua hartuak daude CRIIRADeko kideak).
Zabaltzen eta azaltzen ari da aste betez Fukushimako zentralak airera jaurtitako erradiazioa, batean eta bestean. Japonian bertan, segurtasuneko perimetrotik landa barazkietan eta esnetan kausitu denaz gain, Tokyon ere neurtu da ohikoak baino partikula erradiaktibo gehiago zeudela, ipar haizeak bertaratuta. Gainera euria ari du han, berri txarra (euri tantekin erradiaktibitatea airetik lurrera dator). Frantses telebistako albistegian aipatu dutenez, Tokyoko herritarrei gomendatu zaie euripean aterkiarekin ibiltzeko eta oinetakoak etxean sartu baino lehen garbitzeko.
13:30 Lortu dute ala ez Fukushimako zentrala egonkortzerik? Gaurko El Pais paperezkoak dio azalean: “Fukushima logra estabilizar cuatro de sus seis reactores“. Eta hirugarren esaldian: “Los esfuerzos se centran ahora en los reactors 1 y 4, que en breve podrían quedar estabilizados”. Eguerdiko ordu bata da eta New York Timesek diosku: “Fukushimako zentral nuklear hondatua egonkortzeko lanek eragozpenekin egin dute topo astelehen goizean, ohartu direnean erreaktoreetako baten tresneria garrantzitsua konpondu beharra daukatela, honetarako beharko delarik bi edo hiru egun”. Ondoren dio 3. errektorea ketan hasi zela eta langileak handik atera zituztela, bazkalondoan (gure goizean goiz). Gero beste erreaktore batek ere isuri du kea. Ondoren ematen dituen xehetasunek garamatzate ulertzera Fukushimakoa, tamalez, ez dagoela hain egonkortua.
Xabier Lete bizi balitz, esango genioke hemen gabiltzala Xalbador bezala “hitzen lioa iruten”. Barkatu txiste txarra. Baina liatzen gaituzte. Fukushimako krisi nuklearraren lehen asteak irakaspen batzuk eman dizkigu soportatzen ari garen krisi-komunikazioaz. Bat oso garrantzitsua: albiste txarrak ematen berandutu egiten dira enpresa, gobernua eta komunikabide nagusiak eta onak berriz gertatu baino lehen saltzen dituzte (gero hala ez gertatzeko arriskuarekin, baina herritarrak xehetasunen uholdean itoko dituztelakoan). Atzerapenak eta aurrerapenak egun bat edo bikoak izan ohi direnez, albiste txarren eta onen artean bizpahiru eguneko tartea irabazten dute krisi gabineteek. Iritzia ematen duten adituetatik gutxi ausartzen dira hori salatzera. Julio Gutierrez fisikako katedradunak aitortu zuen Canal 24n, galdetu ziotenean ea zer uste zuen hurrengo orduetan teknikariek Fukushiman egin behar omen zuten ahalegin berri batez: “Hori esan baldin badute da edo dagoenekoz egin dutelako edo egiten ari direlako”.
Gaiotan interes handiko informazioak eskaintzen ditu Frantziako CRII-RAD (Comission de Recherche et d’Information Indépendantes sur la Radioactivité) erakundeak. Gutxi baina ona komunikatzen du elkarte txiki honek. Atzo igandez ohartarazi zuen Fukushimako emergentzi eremutik landa jakietan (funtsean espinakatan eta esnetan) aurkitutako kutsadura erradioaktiboak ez zirela hasieran aitortu bezain txikiak, benetan serioak direla: neurketen agiri originala frantsesezko itzulpenez osatuta ipini zuten sarean. Gaur, astelehena, informazio zehatzak eskaintzen ditu haizeak Tokyoraino eraman duen kutsadura erradioaktiboaz, neurketen taula eta guzti: “Erradiaktibitateagatiko alerta Japonian. Haizeak aire kutsatua darama jendea bizi den lekuetara“.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks