Fukushima, asteazkena 23
10:50 Fukushimako 3. erreaktorea (uranioz gain plutonioa daukana) estalkirik gabe ote dago? [Estreina, goizeko kafe ttikia: astelehenean ohartarazi zuten arren Frantziako telebista publikoak eta CRIIRAD erankunde independienteak gaur-biharretan helduko dela Fukushimatik aire erradiazioduna gureganaino, Hego Euskal Herriko hedabibe bakar batean ez dut horren oihartzunik ikusi. Pello Mari Otañok duela 100 urte kantatu zuen “Ibai koxkor bat besterik ez da / Utsa… balitz itsasoa / Elkarren urbil daude zazpiak / Muga deitzen da Pausoa…” eta oker zegoen, 2011n Bidasoa sekula baino mugago daukagu]. Edu Lartzaguren kazetariak tuiteztaturik jakin dugu: Nouvel Observateur astekariaren talde berekoa den Sciences et Avenir hilabetekariaren zuzendari Dominique Legluk uste du oso posible dela Fukushimako 3. erreaktore arriskutsua biluzik egotea, horrek esan nahiko lukeelarik zentrale japoniarreko istripuak Txernobylekoaren larritasun maila bera duela gaur.
Kontua ez denez arinkeriaz alarma faltsuak piztea, argitu behar da nor den Leglu eta zer den bere blogean idatzi duena joan den astelehenean, 21. Dominique Leglu Wikipediak diosku 1978tik doktorea dela fisika nuklearrean eta partikulen fisikan. Aipatu informazioan zentratu da justu gaur berriro ke beltza jaurti duen eta inguruko langileak alde egitera behartu dituen 3. erreaktorean. Astelehenean, 21, arratsaldeko 18:00etan idatzi du: “Argi eta garbi [solennellement] pausatzen dugu itauna: benetan zertan da Fukushimako 3. erreaktorearen nukleoa, MOX (uranio eta plutonioa nahasturik) erregaiz beteta dagoena? ‘Biluzik’ ez bada ere (bestela esanda, ontzi barrutik aterata oso zartatuta dagoelako esate baterako) gutxienez airearekin kontaktoak ote dago? Horrek esan nahiko luke egun luzez gezurretan aritu zaizkigula, esanez erreaktorea babesten duen estalkiak iragaitz jarraitzen duela? Eta, benetan, behin eta berriro erreaktorearen gainean agertu-desagertu diren ke horiek ia eten gabe ari direla atmosferara jaurtitzen fisioaren hondakinak -horien artean plutonioa- %100ean hondatuta egon litekeen nukleotik ihes eginda? Beste hitzez esanda, horrek esan nahiko luke dagoenekoz Fukushiman gertatu dela istripu larria deitzen dena, inkluso INES erakundearen araberako 7. maila harrapatu duena, Txernobylena alegia? [Jatorrizkoan beltzez] Baina hori esatera inor ez ausartzea ere! Salaketa larria da, zeren eta esan nahiko luke atmosferara gai erradiaktibo oso arriskutsuak jaurtitzen ari direla eta azken egunotan esan dizkiguten informazioek pentsarazi dutenaren oso beste maila batekoak. Eta horrek esplikatuko luke zergatik gaur [astelehenean idatzia da, baina gaur asteazkena berriro gertatu da gauza bera] zentrala ebakuatu behar izan duten langileentzako erradiazio bortitzegiak zeudelako!”
Legluk postaren hasieran ipini du Fukushimako erreaktoreei airetik egindako argazki bat, non ikusten den 3. erreaktorea hormigoizko estalkirik gabe dagoela. Inork ez du eztabaidatzen martxoaren 14ko leherketarekin erreaktoreak galdu duela misilen kontra gainean ipinitako botonezko tapa. Hori horrela izanik, Legluk bi hipotesi aurreratzen ditu erreaktorearen nukleoaren egoeraz. Hipotesi baikorra: misilen kontrako tapa lehertu bai baina erreaktorearen altzairuzko ontzia babesten duen hormigoizko kaxa ez da zulatu. Hipotesi ezkorra, eta Legluk probableena dela uste duena: nukleoa zuzenean atmosferarekin kontaktoan dagoela.
Zertan da prezeski 3. erreaktorea? Erantzun zehatzak eskatu dizkie Dominique Legluk Frantzian gai honetan ardurak dituzten Autorité de Sûreté Nucléaire (ASN), Institut de Radioprotection et Sûreté Nucléaire erakunde publikoei eta zentral nuklearrak dauzkaten AREVA eta EDF enpresei.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks