AEBetan hiru gune atomiko larrialdian, uragatik bi zentral, suagatik Los Alamos famatua
Gaur Estatu Batuetan ez bat, hiru zentral edo biltegi nuklear daude larrialdian. Gezurra dirudien arren, albistea hain garrantzia handikoa izanik eta irudiak benetan ikusgarriak (ikusi ABCnews eta NBC zerbitzuen erreportajeok), gurean ez zaie oihartzunik eman oraino. Baina begira:
– Nebraska estatuan Missouri ibaiko urak, azken hamarkadetako uholderik handienean, Fort Calhouneko zentral nuklearraren barruraino sartu dira. Honetaz informazio gehiago eman genuen atzo hemen bertan. ABC kateak irudi berriak eskaini ditu gaur.
– Missouri ibaian beherago, egoera hobeagoan dirudi Cooperreko zentral nuklearrak, nahiz eta urak hurbildu zaizkion. (North Dakotan Minot herrian hirugarren zentral nuklear bat dago urez inguratua baina antza denez hor arriskua txikiagoa da. Albistegietan aipatu egiten dute, bertako uholdeen irudiak eskaini ere bai, baina ez Minoteko zentralarenik bat ere).
– Askoz kezkatuagorik daude New Mexico estatuko Los Alamos herrian dagoen laborategi atomikoaren inguruetan, Bigarren Mundu Gerraz geroztik famatu egin den gune nuklearrean. Laborategiez gain hondakin nuklearren biltegi handia dago Los Alamosen eta inguruetan piztu den sute erraldoia inguruetaraino hurbildu da; agintariek herritarrei alde egiteko agindu diete. Beste erregaien artean, zehaztu gabeko plutonio kopurua dago gordeta hainbat bonba atomiko ekoiztu diren Los Alamosen.
Los Alamos laborategian Blas Pedro Uberuaga Interneteko pionero euskal-amerikanoak lan egiten du. Facebooken irakurri diot bera lasai dagoela oraindik, baina bueno Santa Fe-n bizi da, ez Los Alamos bertan.
Ez dirudi txit osasungarria base militar horretan lan egitea. Los Alamoseko arduradunek orain aitortu dute lur gainean dauzkatela, aire librean, 200 litro inguruko 30.000 bidoi hondakin nuklearrez beteak. Hori gutxi balitz, 300 kilo plutonio gehiago (50 bonba atomiko egiteko adina) pilatzeko baimenaren zain daude. Bertako teknikariak urrutiratu dituztenean, suaren kontra gune nuklear arriskutsuan aritzera kondenatutako suhitzaile gizajoak ez dabiltza kontent.