33, 53, 83, 92… 2011
Zizareek zerbaiten abisua ematen ziguten ostiraletik, baratzetik eta kainu-zulotik etxeko atariko porlanean babestera atereak ziren, agian astebururako iragarriak ziren eurien beldurrez, baina ez zen erreza haien mezua ulertzea. Larunbatean euria suilez ari zuen eta alerta horia adierazia omen zuen Jaurlaritzak. Igande goizean anaia Lontxok iratzarri gintuen Oria bazterretik. Ur-kolpe batengatik ez zigun deituko.
Anaiarenera iritsita, auzoko bizilagun koadrilla dago urari begira. Pixkanaka baina eten gabe gora ari omen da. Aspaldi ez bezala. Atertzeko itxurarik ez. Lehen auzoa dugun Antton Pikabeari galdetu diot. “Bai, bai, sartu egingo zaiguk”. Gutaz ari denean gutxienez hiru etxez ari da, aspaldiko bizilagun asturiarrak bizi diren zokoenekoaz, bereaz eta gureaz, anaia eta koinatarenaz. Buztinezko loreontzi txikia ipini dugu uraren mugan. Ordu erdian estali du, 12 zentimetro. Metro bete baino gutxiagora dago Ezpaldi-zaharreko sukaldea. Hurrengoan ontzi handiagoa, 20 zentimetro, ordu betean.
Nola ikusten duk, Antton? “Aspaldi ari ninduan esaten: 33, 53, 83, beranduenera jota 2013an egokitzen zela. Gaur duk eguna”. Neronek ere ez nuen sinetsi nahi, nahiz eta inguruko bat baino gehiago gogaitu dudan urteotan kafea jokatu nahian ezetz pasa 2013tik uholde handia gabe. Eguna iritsita, urak mantso baina erruki gabe egiten du gora. Marea ordu biak aldean omen da, baina Aginagaraino ordu betez berandutuko da. 1983an orduko zaharrenak zeuden kalkuluak egiten, deitu Lasarteko norbaiti, ea Tolosatik zer dioten, aber hemen mendiak zer dakarren, mareak nola diren, eta erabaki noiz etxe bat hustu. Bizitzaren lehen lubakian gu gaude orain.
Hernanin erreka bazterrean bizi diren lagunei deitu. Juxtu juxtuan libratzen dute etxea oraingoz, baina mendia izugarri ari omen da ematen. Erne ibili, atera zait, zalantzarik baldin bada behe-barrukoak atera goiko solairuetara eta kontuz, baina oso kontuz, errekak heriotza dakar. Gaurkoa kristorena izango da, inportantea bizirik ateratzea da, ez ahaztu.
Interneten sartu naiz. Non daude kazetariak, zein larretan? Eta komunikabideon zerbitzu sozial izakera? Eta herritar oro kazetari bihurtu behar omen zuten sare sozialak? Ez al zuten gaur kea dariola aritu behar? Urak ito ote ditu aifonak/blakberriak, ala jolasak? ARGIAko lankideak behintzat hasi dira albisteen laburpenak ematen. Gu beste inor ez al dago itotzeko zorian?
Urak gora eten gabe eta zirt edo zart egiteko unea heldu da. Arriskurik handienean diren bizilagunek etxebizitza bera daukate uraren mende eta lagundu behar zaie tresnarik garestienak ateratzen, gainerakoak barruan geratuko dira armairuen gainetan-eta kokaturik, izan koltxoi eta bestelakoak. Ondoko bi etxeetan sotoak besterik ez dira arriskuan, autoak aspaldi mugitu zituzten, dauzkaten tresna elektriko urriak igo, gainerakoetatik ahal direnak apaletan kokatu metro betetik gora, hortik gora jotzea milagro txarra beharko luke. Eskerrak Aginagan argia baden, erruki ditugu ilunpetan ariko direnak. Iritsi da azkenean. Itxi ateak ahal den moduan, plastikoak, blokeak, egurrak, zakuak, ahal zena egina dago.
Mantso, lasai, errukigabe sartu da ura etxean. Negar bat, ondoren jarioa, laster estolderia borbor, behatz bat, ahurra bete, etxe barruko bigarren eskailera maila, hirugarrena atzazal puntta batengatik ez du estali. Utzi bakean eskailera eta goazen gora. Ez sufritu horri erreparaka, goia jo du, ez da ezer pasako, ikusiko duzu, gogorra da norbere etxea putzu ikustea baina oheratu baino lehen alde egingo du, lasai, sartzeko bezala dauka bidea irteteko Oriak.
Anaiaren koinatu Mikelek bere ostatutik patata tortila eta tripakiak ekarri ditu, larri daudenak elikatuz kontsolatu nahi ditu mahaian eseri arazita. Iloba gazteak belarria erne dauka. Etorri behar zian. 1933an izan omen huen sekulakoa, orduan Guipuzcoana autobusa eraman zian Urolak Zestoa ondoan, dozena eta erdi jende itoaz. 1953an hurrengoa jesukristorena, orain urpean dagoen etxean ezagutu genian hark utzitako marka mutikotan. 1983koa etorri zen gero, gaurkoa baino handiagoa. Hemen bertan gutxienez metro erdi bat gehiago izango huen, hala izorratu zizkian hark Gipuzkoa eta Bizkaia osorik. 1992an menditik etorri huen kolpea, hemen ez hituen urak atera baina Txokoalden akordatuko dituk, ingeniari azkarren batek asmatuta estalia baitzieten aurretik erreka, jakin ezak geroztik zenbat diru xahutu zuten hura berriro harrotzen. Ikus’tak nola estutu dioten zintzurra Urumeari Donostian Loiolako erriberetan, gorago igarriko ziotek, Loiolan, Martutenen, Ergobian, Astigarragan, Hernanin… Urak bere lekua eskatzen dik.
Animo, hasi dela igo bezala jaisten. Hamarrrak-hamar eta erdietarako hustua izango da sotoa. Lantegi ederra utziko du lohiak garbitzen, arimaraino barnatzen da mausar hori. Handienak kentzen ahalegindu beharko oheratu aitzin. Eta bihar etxekoentzako tarea galanta. Pentsatzen jarrita, alferrikako hainbat traste zahar gainetik kentzeko aitzakia ederra. Horrelakoak dira krisiak, suntsituz berriarazten dute. Ez da hain konplikatua uletzeko, aurretik gertatuen markak bistan egon ohi dira. Baina zikloa osatuko duen estualdi berria iritsitakoan kosta egiten da sinesten, ura gerritik gora eduki arte, eta orduan sarritan beranduegi da altzariak osorik ateratzeko. “Bai, zera sartuko duk!” esan zigun batek igandean, “hortxe jaioa nauk ni!”. “Seguru ez duala ahaztu non jaioa haizen?” erantzun behar nion.
Zure artikulua irakurri berri dut eta esango nuke Zestoan Guipuzcoana autobusa ibaira erori zen uholdeak 1953koak izan zirela eta ez 1933koak, zuk diozun bezala. Wikipedian ere hala jartzen du, hemen duzu lotura:http://eu.wikipedia.org/wiki/1953ko_Gipuzkoako_uholdeak
Mila esker zuzenketagatik, Nerea. Etxean entzunda nekien Guipuzcoanako autobusean zihoazen bidaiarien akabera tristearen berri. Iraetatik Zestoarako errepidetik doan bidaiariak oroitarriaren aldamenetik pasa behar du. Zuk aipaten duzun Wikipediak ondo argitzen du 16 pertsona eraman zituela Urolak.