Japoniatik Kokoro Fujinamiren aldarria
Fukushimako honamendi nuklearraren urteurrenean mundu osoan esan eta azaldutakoen artetik bat nabarmentzekotan, Kokoro Fujinamiren mezua. Atzo Frantziako Fessenheimen eta beste zenbaitetan entzun zen. Japoniako haur eta gaztetxoen artean oso famatua den Kokoro Fujinami kantari eta aktoreak -15 urte- duela hilabete Tokyoko elkarretaratze batean parte hartu zuen, zentral nuklearrak ixteko aldarrikatuz, bukaeran jendearekin kantatzeko Fukushimakoa gertatuz geroztik ereserki bihurtu den Furusato (Sorterria) abestia. Ikus bideoan: http://www.youtube.com/watch?v=uB_vG-FH6oM&feature=player_embedded
Kokoro Fujinamiren mezua euskaraz honela geratzen da:
«Egun on, guztioi, Kokoro Fujinami dut izena. Urtea bete da Japoniako ekialdeko lurrikara handia gertatu zenetik. Martxoaren 11z geroztik nire iritzien norabidea asko aldatu da. Gobernuak eta komunikabideek lausotu egin dituzte istripu nuklearraren ondorioak, nahiz eta gizakiaren historian geldituko den katastrofe izugarri bat izan. Erradiazioei buruzko arau malguegiak ezarri dira ekonomia babestearren, elikagaien kontrola bera oso arina da. Nazio mailan era arduragabean abiarazi dute “Janez lagundu ezazu” kanpaina, jendeen biziak ez die deus axola. Egoera zinez beldurgarria dela uste dut. Hariturrik nago konturatuta Japonia zein tipotako nazioa den. Japoniak aurre egin behar dio krisi historiko sakon bati. Herrialde txiki honetan, lurrikaraz jositako herri honetan, 54 erreaktore nuklear dauzkagu. Ez dira aberastasunaren ikur. Denbora-bonbak dira. Beste lurrikara handi bat gertatuko balitz eta beste zentral nuklear bat gehiago lehertu, ziurrenik herrialde honen akabera litzateke. Inondik inora ez dut bizi nahi edozein unetan lehertu daitezkeen bonbekin. Mendi ederrak dauzkagu eta errekak eta itsasoak eta herri zaharrak. Itsasoko eta mendietako ekoizpen zoragarriak. Ez dugu sekula beste Fukushima bat sortu behar gure herrian. Azken finean izaki ahulak gara. Ez dugu inoiz menderatuko Natura, ezta gure indar guztiekin saiatuta ere. Oker handia da sinestea gizakiak dena kontrola lezakeela bere aurrerapen zientifikoekin. Naturan bizi gara eta inoiz ezin dugu baztertu. Giza harrokeria gehiegiz jokatzea da natura mesprexatu eta hain herrialde sismikoan zentral nuklear mordoa eraikitzea. Kontua ez da “zentral nuklearrek mantendu gaituzte” esatea, baizik eta “guk, jende ezjakinok, geuk mantendu ditugu zentral nuklearrak”. Askok diote zentral nuklearren beharra dugula gure ekonomia ez arruinatzeko. Alderantzizkoa iruditzen zait: gure ekonomiak hondoa jo du Japonian zentral nuklearrak dauzkagulako. Garaia heldu da birdefinitzeko zer diren benetako zoriontasuna eta benetako aberastasuna. Azken finean, ondorioak beti sufritzen ditu jendeak, ahulenek eta haurrek. Baina gutako bakoitzaren ahalmena bihur daiteke indar handi. Mesedez: zaindu ezazue gure haurren eta gure herriaren etorkizuna. Bukatzeko, nire hitzaldia bukatuko dut Furusato kantarekin».
Furusato kanta Marian Davis ikertzaileak argitzen duenez XX. mende hasieran sortu zuten Takano Tatsuyukik (hitzak) eta Okano Teiichik (musika). Honek kristauen ereserkien ereduari heldu zion kanta osatzerakoan. Haur guztiek ikasten dute eskoletan. Azken urteotan, batik bat 2011ko lurrikara-tsunami erraldoiez eta Fukushimako hondamendiaz geroztik, Japoniako ereserki alternatibo bilakatua da askorentzako. Hona hitzak euskaraz kantatzeko moduan jarrita, japonieratik euskarara ingelesean barrena egokitzapen hobe bat egingo duen poetari aldez aurretik bihotzez eskerrak emanda:
Furusato – Sorterria
Untxiei segika mendietan
Arrain harrapatzen erreketan
Ametsetan dakusat gure etxe zaharra
Ezin dut ahaztu sorterria.
Nola ote dira gurasoak
Nola txikitako lagun za’rrak
Euria delarik, haizea txistuka
Beti dut gogoan sorterria.
Noizbait lortuko dut amestua
Itzuliko naiz sortetxera
Mendiak berde diren sorterrira
Ura garbia den sorterrira.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks