Misil mezularia
Norentzako izan ote zen obus hura? Haren eztandak astindu zituen Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolan eskegita zeuden kubo marroiak. Barruan zeuzkaten letxuga-hosto, ogi zahar eta arrain soberakinak bazter guztietan azaldu ziren sakabanatuta. Gipuzkoan esatea gutxi da, EAEn, Hegoaldean, Espainiako erregeak agintea duen lurralde osoan beste konturik ez zen maiatzaren 14an, pepinazoaren uhinak errepikatzen zituztelarik Radio Nacionalen, Telecincon, La Unon, La Dosen, La Sextan… la letxe! Erreplika amaiezinak ekarri zituen goiz hartan El Pais egunkariak jaurtitako misilak.
Triskantza handiko sutanpa erabili zuen munduan gaztelaniaz plazaratzen den berripaper nagusiak: lehen orrian “Rebelión contra el plan de basuras de Bildu”, 36. orrialde osoan barrena “Los ayuntamientos de Bildu defienden un severo régimen de separación de residuos en cinco tipos”, “Los cubos se colocan en la calle y hay inspecciones”, “Cómo tirar bien la porquería”, “Si los desechos tienen líquido, la multa es de 60 euros en Usurbil”… eta editorialen txokoan, hedabide globalaren sancta-sanctorumean, errematea: “Basuras soberanistas”. Baina norentzako oparia zeraman petardoak?
Politikaren jarraipena egin ohi dutenak ez ziren ados jartzen proiektilaren jomuga erabakitzerakoan. Batzuen ustez, Gipuzkoan agintzen duen Bildu eta EAEn aurreratuko omen diren hauteskundeetan garaile izan litekeen Amaiur astindu nahi zituen. Beste batek esan zuen Gipuzkoan eta EAEn PSE-EAJ koalizioa ezarri nahian ari zela Juan Luis Cebrian azeri zaharraren papera. Izan zen kalkulu taktikoagoa egindakorik, alegia, gerta zitekeela Donostiako hondartzan etsaiez inguraturik zegoen Denis Itxaso zapadorearen posizioa babesteko sua.
Espekulazio haien berririk gabe, J.I. hernaniarrak behin eta berriro begiratzen zion baratzeko konpostagailuari, ezin ulertuz zein izan zitekeen kajoia “basura soberanista”, “porquería” eta antzeko graffitiz edertu zion periodista. Kalean, herritarrek beti bezala bildu zituzten posteetatik nork bere kuboak, hara, galernak jo du berriro. Maiatzaren 14eko ilunabarrean, zintzilikarioak plastiko arinez eta poto metalikoz betetzen ziren bitartean, pankarta bat azaldu zen herriko Plaza Berrian: “Florentino, utzi bakean gure patata-azalak”. Izan ere, zoriontsu izateko dena daukan Florentino Perezek, Cristiano Ronaldo barne, zer nezesidade dauka denen txerri-janak bereganatzeko?
(P.S.) Aste bete beranduago, astelehena 21, El Paisen kainoikada berria, Mikel Ormazabalek tirata: “Tu vida expuesta en la basura“. PRISA taldeak astero bidaliko ote ditu konpitteak?
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks