Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Espondilitisak ia izorratu ninduen
Atalak: Izorrategikoak
[Osasungintza Euskalduntzeko Erakundearen biltzarraren barruan
2012ko maiatzaren 19an irakurritako hitzaldia. “Espondilitisak ia izorratu ninduen” tituluak bigarren lerroburutzat zeraman “Espondilitisa, teknologia eta hirurok”]
Egun on, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundean lanean ari zareten emakume eta gizonok. Mila esker gaur zuekin hitz egiteko konbitea egin didazuelako. Ohore bat da niretzako, osasunaz formazio akademikorik batere ez daukan gaixo kroniko honentzako, eskaini didazuen tribuna baliatzea. Esan behar dudanaren mamia 30 minututan laburbiltzen ahaleginduko naiz, eta azken 15 minutuetan zuen galderen mende egongo.
Ez nago ohituta medikuekin hitz egiten Espondilitis Ankilopoietikoari buruz, aldiz, eritasun kroniko hau duten ehunka pertsonaren bizipenak ezagutu ditut, eta horietan oinarritutako jakintza pittina da nik gaur hemen aportatu dezakedana.
1987an diagnostikatu zidaten Espondilitisa. Kroniko gehienei gertatu zaien bezala, urte batzuk neramatzan oinazeak nozitzen, diagnostiko zehatzik gabe. Beti eskertuko diot orduan gaztea zen Iza doktore jakintsu eta bizkorrari nire kasua ikusita eduki zuen begi zorrotza.
Urte hartatik 2001a bitartean gaixo kroniko askoren ibilbide berdintsua egin nuen. Alegia, Osasun Sistema publikoko medikuek, familiakoak eta espezialistak, emandako botikak hartu eta aldika errehabilitazio saioak egiteaz gain, bestelako medikuntza eta sendabide alternatibo mordoxka probatu nuen: magnetoterapia, Reiki, akupuntura, kiropraxia, osteopatia, naturopatia… Ahaztu gabe piszinan igerian emandako orduak, behar bada urte horietan egin nuen inbertsiorik emankorrena. Ez nago ezertaz damututa, ez mediku alopatek agindutako drogak hartu izanaz, ez bestelako terapiekin saiatuaz. Seguruenik denek lagundu zidaten gero eta gogorrago azaltzen zen nire eritasunaren aurrerapena mantsotzen.
Urte horietan egokitu zait ikustea teknologiak zein aldaketa ekarri dituen gaixo kronikoon bizitzara. Lan egiten dudan ARGIA astekarian 1997an hasi ginen murgiltzen orduan sorginkeria zirudien Interneten. ARGIAn eta honen taldean dauden enpresetan, nagusiki Antza inprimategian eta Adur informatika enpresan, berehala egin zuten apustu Interneten garatze aldera eta horrek niri, paperezko kulturako gizona naizen “teknotrakets” honi, eman zidan aukera sarearen aukerak baliatzeko nire gaixotasunarekiko harremanerako.
Hasteko, Espondilitisaz ordura arte publikatuta zegoen hainbat informazio eskuratu zidan Internetek. Funtsean farmaziako industriak plazaratu edo ordaindutako eskuliburuak, baina baita ere munduan zehar gaixoen elkarteek eskaintzen zutena, eta tarteka pertsonaren baten esperientziaren kontakizuna ere bai. Horri esker hobeto ezagutu nuen nire eritasuna, erabiltzen nituen tratamenduak testuinguru zabalago batean kokatu nitzakeen, eta nire egoera alderatu ere bai nirea baino eboluzio arinagoa edo larriagoa zuten besteekiko. Aldi berean, medikuekin neuzkan hitzorduak aurrez prestatzeko aukera ere ematen zidan Internetek, aurrerantzean zer gomendatu edo aginduko zidan aurreikustea oso erreza bihurtuz.
Gauza bat egiten zitzaidan, halere, deigarria Espondilitisaren jakintzan: informazio guztiek “Jatorria” atala laino artean uzten zuten, “ez dakigu zerk eragiten duen”, “jatorririk ez zaio ezagutzen”, eta abar. Hau da: zuk daukazu gaitz bat immunitate sistemak oker funtzionatzearekin lotua baina zure soina horretara zerk daraman ez dakigu. Tarteka nonbait irakurtzen zen “zenbait patogeno susmagarri aipatu izan da” eta horrelakoak. Ordu asko eman nituen orduko bilaketa sistemekin arakatzen… baina ezin aurrera egin.
Barkatuko didazue abenturatxo pertsonal bat kontatzea. Badut lagun bat gaztetxo zenetik urdaileko ultzera sufritu duena. Ni baino hamar urte zaharragoa, behin baino gehiagotan egokitu zait berarekin hurbildu beharra farmaziara ultzera arintzeko botika bila, harekin ikasi nituen Tagamet, Malox eta beste hainbat izen polit. Eta lagun hau izan zen medikuntzak egin dituen aurkikuntza handietako baten lekuko: halako batean medikuak antibiotiko tratamendu bat agindu zion eta harekin akabatu zizkion ultzera kontuak. Nerbio kontuak zirela, estresa, gaizki eramandako traumak… Bai zera… Helicobacter Pylorii. Bakterio bat urdailean? Sakrilegioa! Iruzurra! Baina egia zen, aurkitu zuten Barry Marshall eta Robin Warren-i Nobel saria eman zitzaien.
Eta Espondilitisaren kasuan horixe bera gertatzen baldin bazen? Eritasunaren deskribapenetan garbi ageri zen gurean askotan erabakigarria zela immunitate sistemaren ezaugarri baten, HLA-B27 genearen jabe izatea, baina hori bezain egia da gure HLA sistema B27koa daukagun 100 pertsonatatik 20 edo gutxiagok garatzen duela gaixotasuna. Zergatik ari nintzen ni okertzen eta gogortzen eta aldiz nire B27kide asko ez? Zein ote zen ni izorratzen ari ninduen ditxosozko “ingurumeneko faktore” hori? Birus bat, onddo bat, bakterio bat…? Hauetakoren bat baldin bazen, zenbat urte pasako zituzten erruduna aurkitu arte? Hori aurkitzen dutenean, norbaitek Nobel saria irabazten duenerako, ordurako ni nortaraino egongo nintzen izorratua?
Lagunok… mediku emakumezko eta gizonok… galdera horiez akordatzen naiz Bartzelonara autoz noan aldi bakoitzean, Monegrosko basamortua zeharkatzean. 2001a zen eta ni gero eta okerrago nindoan. Indometazina, guretako gehienoi ondoen datorkigun antiinflamatorioa, dosi kasik maximoan hartzen nuen. Hari laguntzeko kortisona pixka bat hartzen nuen. Kortisonaren kalteez gauza itsusiak entzun eta irakurria nintzen, baina medikuak esan zidanez nolabait kaleko berriketak zirela, txintxo-txintxo hartzen nuen. Artritisak bereziki hondatua zidan belauneko hantura hertzeko kortisona “txutea” injektatua zidaten hiru-lau aldiz eta infiltrazio berri bat egin aurretik erreumatologoak eskatu zuenean hezurren densitometria egitea… azaldu zen nire hezurrak kaltzioa galtzen ari zirenez, kortisona bazter batera laga beharko nuela.
Une horretan aurkitu ginen aurrez aurre Espondilitisa, Teknologia eta hirurok. 2001eko udaberrian.
Nik justu aste haietan aurkitua nuen informazio eta harreman iturri berri bat: Kickas.org foroa, Espondilitisa daukaten ehunka pertsonaren arteko elkarrizketa idatziak biltzen dituena. Nire ingeles artritikoarekin hasi nintzen ulertzen bazirela Amerikako Estatu Batuetan eta Britainia Handian gaixoak Espondilitisa borrokatzen zutenak dieta berezi bat egiten, Almidoi Gutxiko edo Almidoirik Gabeko errejimena. Kickas izenak iradokitzen du “kick” ostikada ematea “as” Ankylosing Spondylitis gaitzari eta ez da dietari buruko foroa, ez orduan eta ez orain, atal askotan dago banatua: ongi etorrizkoa, eztabaida orokorra, botika eta erremedioak, “party” edo bilerak, familiak, ikerketa, alternatibak, txisteak, eta abar. Kickas-eko kide guztiak ez ziren dieta horrekin bizi, gutxiengoa ziren, eta sarritan eztabaida gogorrak egoten ziren, bai dietaren eraginkortasunaz eta bai haren oinarrian dagoen teoriaz.
Teoriaz esan dut, bai. Zeren eta Kickaseko lagunei esker jakin dugu askok Espondilitisaren jatorriaz teoria ofizial maioritarioak dioen lekuan “ez da ezagutzen gaitzaren susmagarria”… badirela zuek bezain mediku alopata ortodoxo eta aldi berean minoritarioak, kulpante batzuk seinalatzen dituztenak. Horien arteko bat da Alan Ebringer doktore australiar-ingelesa. Kings College unibertsitatean irakasle izana eta oraindik ikertzaile emeritua den eta Middlesex ospitalean erreumatologian aritu den Ebringer doktoreak aspaldi plazaratu zuen bere teoria: Espondilitisa eragiten duena da Klebsiella Pneumoniae bakterioa eta bakterio hau gizakion hesteetan endemikoa delarik –eta beraz, antibiotikoekin ezin suntsitua- lortzen baldin bada elikadura aldatuta Espondilitisdunon hesteetan Klebsiella kopurua txikiagotzea, inflamazioa gutxitu egiten da.
Ez naiz luzatuko Klebsiellak gure inflamazioetan eragitearen mekanika esplikatzen, ingelesez “molecular mimicry” deitzen den molekulen arteko antzekotasuna dela, askoz lehenago beste eritasun artritiko bat –sukar erreumatikoa- Estreptokokoen infekzioarekin lotu zuen aurkikuntzaren antzeko logikari jarraitzen zaiola, eta abar. Alan Ebringer doktore eta unibertsitarioaren bibliografia zientifikoaren erreferentzia xehetuarekin batera, haren oinarrizko dokumentazioa www.izorrategi.org gunean daukazue, euskaraz eta gaztelaniaz. Han irakurri ahal izango duzue, halaber, Ebringerrek proposatzen duela Espondiloartropatientzako diagnostiko goiztiar bat lantzea, gaur egun mediku batek –funtsean froga erradiologikoen laguntzaz- mota honetako artritis bat konfirmatzen duenerako eritasunak bost edo hamar urte baitaramatza organismo hori hondatzen.
Entzuten ari zareten lagunok, zuen aurretik egunero pasatzen oinazez betetako gaixoak ikusten dituzuenok, ulertuko duzue zer nolako emozioak bizi izan ditudan nik Internet bidez mundu osoko nire minkideen istorioak irakurriz, dramak, baita tragediak ere, pozak, eskuzabaltasuna, eritasunaren fase aurreratuagoan daudenen argazkiek eragindako beldurrak, beste batzuek lortutako hobetzeak norberak ere lortu ahal izateko itxaropenak… Almidoirik gabeko dietak mesederik egin ez balit ere Australiatik hasita Palestinako Ramallah arteko espondilitiskideekiko elkartasungatik bakarrik bizi naizeno egongo nintzaion eskertua Kickasi. Baina “okerrena” zera da… almidoirik gabeko dietak funtzionatu egiten zuela ohartu nintzela 2001ko uda hartan.
Horregatik, uda hartan nire erreumatologoak proposatu zidanean medikuntzaren teknologiak asmatu zituen botika mirarizkoetako batzuekin abiatzea, ezetz esan nion. Bueno, ez hain borobil, gaixoei ez baitzaigu komeni medikua haserraraztea, etorkizunean zer gerta ere. Zehazkiago honela planteatu nion erreumatologoari nire hautua: orain arte txintxo egin ditut zuk agindutakoak, baina orain urrats berri oso garrantzizko bat egitea proposatzen didazu eta nik denbora bat behar dut pentsatzeko, beste gauza batzuekin ere ari naiz saiatzen, zure gomendioari erantzun aurretik urte beteko tregoa behar dut. Diplomaziarako ni baino dohaintsuagoa den Malores Etxeberriak lagundu zidan taktika fintzen.
Mediku harekin izandako solasaldietan ohartua nintzen ez ziola arretarik jartzen nik mundu zabaletik bilduta ekarritako informazioari. Ondo nekien medikuntza ikasi eta erreumatologian espezializatzen urte batzuk eman dituen profesional batekin eztabaidan hasteko mailarik ez nuela, baina gaixotasun bereko jende mordoxka baten erreferentziak neuzkan alde batetik auzitan jartzen zituztenak hemengo osasun sistemak proposatzen zizkidan erremedioak eta bestetik adierazten zidatenak beraiek hobera egin zutela elikatzeko modua aldatze hutsarekin. Fidatzeko moduko erreferentziak ziren, tartean maila handiko profesionalak, haien idazkeran eta argudioetan nabari zitzaien, eta gainera eritasun honetan berezitutako mediku minoritario baina alopata ortodoxo baten bibliografia zekarten oinarri teorikotzat. Posible al zen informazio guzti hark ez merezi izatea ordu beteko irakurketa txukun bat ere benetan nire gaixotasunaz kezkatuta zegoela zioen profesional haren aldetik?
Aitortzen dut apustu gogorra egin nuela orduan. Une gogorrak bizi izan nituen. Gaur nire eritasunaz dakidana jakinda ez nituen urrats guztiak berdin egingo. 2001ko irailaren 11n islamista erradikal batzuek hegazkin komertzialak bahitu eta New Yorkeko Dorre Bikietan lehertu zituztenean, irudi guzti haiek ohean etzanda ikusi nituen, ez bainintzen jaikitzeko gauza. Bai, astakeriaren bat ere egina banaiz sendatzeko nire ahaleginean. Gaur dakidanarekin terapia batetik besterako trantsizioa bestela antolatuko nuen. Baina hori izan da ordaindu behar izan dudan prezioa mediku gehienak bahituta zauzkaten teknologiaren hatzaparretatik ihes egin ahal izateko.
Gaur badakit gure Espondilitisean, eta seguruenik beste eritasun gehienetan, aurrez aurre talka egiten dutela bi teknologiak edo, hobeto esanda, teknologia usatzeko bi moduk.
Alde batetik, multinazionalen logikak Espondilitisaren kasuan ekarri ditu immunosupresore zaharren ondoren Anti-TNF botika berriak. Botika sofistikatuak, ingeniaritza genetikoarekin lotuak, inbertsio handiak eskatzen dituztenak, hain berriak izatean oraindik alboko kalte eta arrisku guztiak ondo ezagutzen ez zaizkienak, oso industria berezitu eta zentralizatu batek baizik ekoiztu ezin ditzakeenak… eta izugarri garestiak.
Niretzako prezioa izan da “biologikoak“ deitzen zaien droga berriotatik ihes egiten saiatzeko argudio nagusietakoa. Duela urte bete hil zen gure ama Eustaki, 85 urterekin, eta Usurbilgo osasun etxera harentzako botikentzako errezetak hartzera nindoan bakoitzean galdetzen nion nire buruari: nola da posible 85 urteko amonarentzako pixoihalak hartu ahal izateko errezeta horrek Donostiako inspekziorainoko joan-etorria egin behar izatea, eta aldiz, niri hilabetean 600 euro balio duen tratamendua hain alaiki eskaintzea?
Aspaldi azaldu zidaten iruzurraren gakoa espondilitiskide amerikarrek. Aurrena bati eta gero beste bati hasi nintzen irakurtzen: “Remicade hartzen ari naiz, oso ondo sentitzen naiz, baina aseguruak esan dit datorren urtean ez didala gehiago pagatuko”. Eta zer egin behar du artritiko gaixoak urte pare batean heroinara ohitu eta dosia ukatzen diotenean? Duela sei-zortzi urte, batek baino gehiago idazten zidatenean galdetuz nire iritzia medikuak proposatu zion Remicade, Enbrel edo Humiraz, hori kontatzen nien. Duela sei-zortzi urte hemen ere behi gizenak bizi genituen, bazirudien diruak ez zuela inporta. Orain? Eta oraintxe bertan ere, edo aspalditik agian, zer ari da gertatzen aseguru pribatua daukaten espondilitisdunekin? Nork pagatzen die “txutea”?
Garbi utzi nahi dut gaixo kroniko naizen aldetik eta herritar soil bezala aldarrikatzen dudala sufritzen dagoenari osasun sistemak daukan onena eskaini behar diola. Edozein delarik ere bere prezioa. Baina inmorala eta burugabea iruditzen zait despilfarroa, diru publikoaren xahuketa. Gure ekonomia aberatsetan behiak gizen egon direnean hala baldin bazen, are gehiago behiak argaldu dituztenean.
Nik zortea izan dut, Kickaseko lagunei esker, ezagutzeko Espondilitisari aurre egiteko modu logiko, merke eta iraunkor bat. Almidoirik Gabek dieta ez da asko urruntzen Neolitoa arte gizakiak milaka urtez eraman duen elikaduratik. Badira mediku jakintsuak, Jean Seignalet frantsesa eta beste asko, proposatzen dutenak elikatzeko modu orokor bezala zereal modernorik eta esnekirik gabekoa, janariak ahalik eta gutxien kozinatuta. Niri ere horixe iruditzen zait, modu orokorrean hartuta, araurik burutsuena. Baina ez naiz hasiko dietetikaz eztabaidatzen. Aldiz, bai esan dezaket Neolito aurreko elikatze sistema hori pixka bat gogortuta, almidoiak kenduta, asko arintzen duela Espondilitisaren inflamazio prozesua. Aitortzen dut horrela elikatzea pittin bat garestiago ateratzen dela, multinazionalen erabakiz: merkeago ateratzen dira makarroiak. Baina punttu hori kenduta, Espondilitisa daukan gaixoak ez du aurkituko terapia ez hoberik ez sinpleagorik ez eraginkorragorik eta ez merkeagorik Almidoirik Gabeko dieta baino.
Nire kasuan, ez dakit Jainkoak edo patuak oparitu didaten Espondilitisa benetan egoskorra denez, Almidoirik Gabeko dieta aski ez eta erleen produktuez osatutako terapietara jo behar izan nuen, gaixotasunaren kontrola hobetzeko ahaleginean. Ez dizuet orain Apiterapiaren propaganda egingo, ez kezkatu. Baina bai Kuba aipatzeko baliatuko.
Osasun arloan egin behar eta dezakegunaz, pista inportante bat Kubak eman digu urteotan. Kubari egokitu zaio Amerikako Estatu Batuek deklaratutako enbargoagatik zuek, mundu aberatseko sendagileok, darabiltzazuen botika moderno horietako asko gabe artatu beharra bere herritarrak.
Bere txarrean, horrek eman die aukera ahalegin handi bat egiteko multinazionalek kontrolatzen ez dituzten terapia asko –batzuk herri jakintzatik datozenak, beste batzuk Apiterapia bezala II. Mundu Gerrarekin baztertuak, eta abar- unibertsitatearen eta kliniken galbahetik pasatzeko. Esperientzia oso bitxiak gertatu dira Kuban, esaterako Europan alternatibotzat jotzen ziren medikuek hango kliniketan esperientziak modu kontrolatu eta estandarizatuetan egiteko aukera izan zuten, eta horrela homologatu ziren eztiaren edo propoliaren bertute asko, esate baterako. Ni neu ez nintzen hasiko eztia, propolia eta polena hartzen Almidoirik Gabeko Dietaren osagarritzat, baldin eta ez banitu irakurri Kuban eta gero mundu osoan publikatutako informazio zientifikoak.
Jakitun egongo zarete erleen produktuak berriro ate handitik ari direla itzultzen medikuntzara, farmazietako apaletan erreparatu baizik ez dago, edo kirofanoraino nola sartu den eztia. Baina nik, eztiaz, propoliaz eta polenaz gain, erlearen pozoia bera ere erabili eta erabiltzen ditut nire artritisa artatzeko, almidoirik gabeko dieta sekula utzi gabe. Ez naiz luzatuko gai honetan, luzeegi joko liguke eta.
Gauza bat bai nahi dizuet azpimarratu honetan: ez nintzen hasiko erlez ziztatzen, baldin eta ikusi ez banu nire begiekin oso zabala dela apitoxinari buruzko informazio zientifikoa eta klinikoa. Euskaraz publikatu genuen Julio Cesar Diaz mediku argentinarraren “Erlea gure sendagile” liburuan badaukazue azalpen interesgarri bat, osoagoa den gaztelaniazko “Apiterapia Hoy” bertsioan bezala.
Erleen produktuez, tartean pozoiz, egindako erremedioen historia txit antzinakoa da. Batzuetan herritarren sineskeriaz beztiturik iritsi da, baina gehienetan dauka mende luzeetan herritarrek enpirismoz frogatutakoen bermea. Hala ere, harrigarria da mundu osoko medikuen artean, baita Europako eta Ameriketakoen artean ere, zenbat dagoen aztertuta, ikertuta eta publikatuta Apiterapia deitzen den horretaz.
Dena dela, ni ez nintzen hasiko nire burua erlez ziztatzen soilik Julio Cesar Diazen liburua letuta, Hugo Agirre mediku argentinarrari entzunda edo Bodog F. Beck mediku austro-hungariarraren “The Bible of Bee Venom” (Erlearen pozoiaren eskuliburua) irakurrita. Ez, horretan hasi nintzen batez ere aurkitu nituelako artritikoak erleen pozoia erabiliz beren egoerak hobera egin zutela aitortu zidatenak. Niretzako, ez dago terapia baten berme hoberik.
Hala ere… gaur da eguna konbentzituta nagoena Espondilitisa kontrolatzeko edozein estrategia terapeutikoren oinarria Almidoirik Gabeko Dieta dela. Ez diot nik, ehunka eta milaka artritiko aurkituko dituzue gauza bera esango dizuetenak. Nik mordoxka bat ezagutzen ditut aski hurbil, ziento bat akaso, edo gehiago; batzuek aurrez aurre ezagutzen ditut, beste askorekin telefonoz edo Internetez daukat harremana.
Pentsatuko duzuenez, Almidoi Gabeko Dieta batek edozein gaixori aldez aurretik kezka batzuk sortzen dizkio: lehendik hondatua daukadan organismoari ez ote diok desoreka gehiago erantsiko, zerealik gabe elikatzea sanoa ote da, eta abar. Ahaztu gabe hurbileneko arazoa: nola antolatu eguneroko otorduak sistema honetan. Zorionez, aspalditik geneuzkan galdera horietako askorentzako erantzunak Carol Sinclairren “The IBS Low Starch Diet” (Kolon Suminkorrarentzako Almidoi Gutxiko Errejimena) liburua. Australian sortu eta Britainia Handian bizi den idazle horrek liburuaren lehen edizioa idatzi zuenean ez zekien Espondilitisa zuenik. Kolon Suminkorraren oinaze eta biziezinak sufritua zen haurtzarotik, eskuetara iritsi zitzaizkion botika, tratamendu eta terapia guztiak probatua, eta Almidoi Gutxiko edo Almidoirik Gabeko Dietara iritsia zen ia enpirismo hutsez, zerk on eta zer kalte egiten zion frogatzearen poderioz.
Sinclairrena gidaliburu zehatza izan da guretzako, ehunka gaixok eskuzabaltasunez Kickasen partikatu duten informazioa bezala. Guztien artean nabarmenduko dut John Merchant, 2001ean “Surviving the Autoimmunity Challenge” plazaratu zuena, bera gaitzak arras izorraturik egonda ere besteoi hainbeste laguntzen digun DragonSlayerrekiko. Horrela,Alan Ebringer doktoreak oso era orokorrean proposatutakoa –almidoi kontsumoa murriztea- praktikan ondo eta errez burutzea erreztuta, gaur egun ehunka eta milaka gara Espondilitisa daukagun gaixoak Almidoirik Gabe elikatuta bizi garenak, eta gure familiako medikuek zertifikatu dezakete elikaduragatik ez dakarkigula inolako desorekarik. Hori erdiesteko ez dugu suplemento garestien beharrik, otorduak pixka bat berrantolatzea da gako nagusia.
Entzuten zaudeten sendagileok… hona nire galdera. Urte dexente da informazio guztiok Interneten daudela. Niri dagokidanez, Izorrategi.org-ek oraintxe betetzen ditu 10. Gaztelaniaz badira gaixo askoren testigantzak foro eta blogetan. Ingelesez gehiago. Orduan… zergatik Espondilitisa diagnostikatzen zaion gazte bati ez zaio aukera terapeutiko hori aipatzen?
Gai honetan zuek profesional moduan daukazuen erantzukizunaz serio gogoeta egitea eskatzen dizuet. Aztertu behar duzue noren zerbitzuan eta noren onetan ari zareten eta aritu behar duzuen lanean. Badakit zuen etxean ari naizela sudurra sartzen, baina barkatuko didazue aurreraxeago jotzen ausartzen banaiz.
Osasungintzako profesionalok aztertu beharra daukazue zein diren zuen informazio iturriak. Espondilitisaren eta Dietaren kasuan, gaixoei gomendioak eman behar dizkietenek ez badute informazio hori eskuratu, Alan Ebringerren edo Jean Seignaleten proposamenen berririk ez baldin badute, nondik jaso dute informazio guztia? Noren kontrolpean dago zuen formazioa, eten gabea izan behar duena? Medikuntzako ikerketa noren mesederako daude antolatuta? Zein paper jokatzen dute farmaziako multinazionalek guzti honetan?
Gaixoei zor zaien egia ahaztu gabe aipatu beharra dago. Lehenago Anti-TNF botikak aipatu baititut, ez dut maite horien alboko arriskuez aritzea. Minez ebakita dagoen batek galdetzen badit niri, horrela egotea zer den ondo dakien honi, ume txiki bat besoetan eduki ezina sentitu eta pentsamendu ilunenak bururatzea zer den dakien honi, izorratuta dagoen horrek galdetzen didanean Anti-TFNaren arriskuez… neke egiten zait horretaz hitz egitea. Baina dokumentazioa badago.
Iraunkortasun eta jasangarritasun kontzeptuak inportanteak dira osasungintzan ere. Urte batzuetan jokatu dugun arren baliabideak amaierarik gabeak balira bezala, orain badakigu hori horrela ez dela. Gure osasuna ere zaindu behar dugu modurik merke, eraginkor eta alboko kalterik gutxien sortzeko moduan.
Entzuleok… denok ibili gara mareatuta azken 20 urteotako beroaldi ekonomikoaren baitan, gu kazetariok ere bai. Krisi larri hau, mundu aberatsaren gainera etorri den tsunamiaren ondoko txikizio hau, baliatu beharko genuke gure lana berriro oinarri sanoen gainean eraikitzeko. Medikuen artean, hainbeste aipatzen diren Deontologia eta “Primun no noscere” famatuak ez daitezela hitz hutsak izan.
Ezagutu, aztertu, gomendatu eta erabili itzazue guretzako dauden terapia on, merke eta eraginkorrenak. Ez gaitzazue kondenatu farma-industriako multinazionalen atzaparretan gogorturik hiltzera.
Mila esker denoi.