Gipuzkoako batzarkideen odolean
“2004ko ekainaren 24an –idatzi du Carlos de Pradak La Epidemia química plazaratu berrian– orduan ingurumen ministro espainiarra zen Cristina Narbonak onartu zuen proba berezi bat egitea. Zientzialari talde batek odol pixka bat atera zion. Ez zen ohiko parametro saila neurtzen duten odol analisietakoa. Ez zebiltzan odolean zeraman azukre mailaren edo globulu gorri kopuruaren bila. Ez. Egin behar zioten analisiak neurtu behar zuen gaur arte, tamalez, espainiarren odolean gutxitan neurtzen dena.
Bere odolean bilatzen zituzten, zehazki, zazpi kutsagarri talde ezagunenetako 103 substantzia kimiko. Substantziok berez inork odolean eraman beharko ez lituzkeen arren, harenean aurkitu zituzten. Baziren konposatu perfluoratu batzuk menturaz zartagi baten antiadherentean egon zitezkeenak, baina ministro andrearen odolean ez. Aurkitu zituzten ere garrak berandatzeko substantziak teorian ordenagailu baten osagaietan aurkitu zitezkeenak baina ez inoren zainetan barrena zirkulatzen. Era berean, ikusi ziren pestizida organokloratu batzuk fabrikatuak izan zirenak ez Cristina Narbonaren soinera iristeko baina moxorroak hiltzeko, eta PCBak (poliklorobenifiloak) transformadore elektriko batean egoteko bai baina ez odol analisi batean egoteko ekoiztuak. Analisiotan aurkitu zituzten beste substantzia batzuk izan ziren ftalatoak, plastiko batean egon daitezkeenak hau bigunago egiteko, baina giza organismoetan egon behar ez luketenak. Eta aurkitu zituzten beste batzuk, almizkle sintetikoak, gure usaimena perfume usainez engainatzeko sortuak, esaterako detergente batean edo garbikarian edo xanpuan egon daitezkeenak, baina sekula izaki bizidun baten kimikaren osagai izan beharko ez luketenak.
Gure ministro andreak bazeuzkan inork eduki beharko ez lituzkeen substantziotatik 43. Dozenaka substantzia, beste ondorioen artean, haren gorputzaren barruan eragin dezaketenak sistema hormonalaren oreka aldatuz. Baina, esan beharrik ez, ez zen ministro andrea arazo hori zeukan bakarra.
Analisi hau, WWF erakundearen Detox kanpainaren barruan zihoana, hamazazpi herrialdetako pertsona askori egin zitzaien, dozenaka ministro, eurodiputatu eta bestelako herritarrei. Odol laginak analisigune famatuetara bidali ziren. Eta ikusi ziren odol haietan bazirela 76 produktu toxiko, horietako asko iraunkorrak eta bioakumulagarriak. Pertsona haietako bakoitzak bataz beste 41 konposatu zeramatzan.
Eta nabarmendu bahar da emaitza horrek ez zuela esan nahi dozenaka substantzia toxiko horiek direnik pertsona horien odolean zeuden bakarrak. Esan nahi zuen horiek aurkitu zituztela bilatzen zituzten 103en artean. Horregatik, AEBetako Environmental Working Groupek 210 bilatu zituenean, azterketa egindako pertsonen odol eta pixetan 167 produktu kimiko aurkitu zituen, pertsonako 91 batez beste.
Laburbilduz, egitate objektiboa da gure gorputzetan ehunka substantzia kimiko toxikoz osatutako koktela daramagula. Egitate objektiboa den bezala, liburuaren ondorengo kapituluetan erakutsiko dugunez, zorroztasun handieneko milaka ikerlan zientifikok lotzen dutela substantziok soinean eramatea -PCBak, dioxinak, furanoak, pestizida organokloratuak, ftalatoak…- osasun arazo larriekin“.
(Carlos de Prada, La epidemia química, Ediciones i – Fondo para la Defensa de la Salud Ambiental, 2012)
Gipuzkoako Batzar Nagusietako jaun eta andreen odoletan, uztailaren 6an Donostian Juan Karlos Alduntzin ingurumen diputatua kargugabetu eta gipuzkoarroi errauste planta berri bat eraiki diezaguten bozkatzera bilduko diren batzarkideenetan, zenbat pozoi kimiko ote dabil gaur bertan jira eta bira? Jabetu ote dira dagoenekoz zenbat kutsagai kimiko daramaten beren senar, emazte, seme eta alabek bularretan urdailean giltzurrunetan burmuinean?
Batzarkide andreek arreta bereziz erreparatu beharko liokete toxikologian munduko erreferenteetakoa den Vyvyan Howard doktoreak gehitutako ñabardurari. WWFk europarlamentarien odola ikertu zuenean, 2003an, Howardek aurkeztu zizkion Margot Wallstrom presidenteorde suediarrari egindako analitikaren emaitzak. “Kopuru handia zeukala zirudien, baina esan nion are handiagoa edukiko zukeela baldin eta ez balitu bi haur eduki, bularra ematean kimiko asko haiei pasa zizkielako”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks