Buen Pastorren udaltzainak hernaniarren zain
Hala egon behar dute Donostiako polizia munizipalek, Garayarren autobus grisa noiz iritsiko, ondo erreparatuz zer dakarten eskuetan hernaniarrek. Garai batean barazkiak-eta eramaten zituzten Hernanitik hiriburura, baina azken urteotan dirua baizik ez, donostiarren ostatu eta komertzioetan uzteko, esku hutsik joan eta konprak paketetan sartuta etxeratu. Hala uste genuen denok, Eneko Goia zinegotzi jelkideak egia gordina salatu zuen arte. Dena esateko, edozein joxemaritar petok dakien gauza korrientea izan behar du, El Diario Vascoko kazetariak berak, Aingeru Mungiak, azaltzen duenez kronikaren hasieran: “El PNV pide al gobierno municipal que tome medidas para evitar que el avance del puerta a puerta en los municipios del entorno le pase factura a la ciudad. Se trata del fenómeno conocido como «turismo de la basura». Los vecinos de municipios como Usurbil, Hernani u Oiartzun traen su basura hasta los contenedores donostiarras ante la incomodidad y los problemas que el puerta a puerta genera en sus localidades de origen“. Aingeru Mungiari “omen” sartzea ahaztu, hain da “fenómeno conocido” Usurbil, Hernani eta Oiartzungo jendeon ohitura berria, zertarako ibili “algunos vecinos” eta epelkeriekin. Ezin jasanezkoa, zabaldua, ezaguna, en fin, pasada bat Eneko Goiak berak ondo azaldu bezala: “El portavoz del PNV indicó que el fenómeno del turismo de la basura es algo incontestable. ‘Todos conocemos a una, dos, tres personas que lo practican’“. Eta hemen gabiltza gu beldurrez, zorroa miatu nahi digun munipari ezin esan “oiga, que vengo de Urnieta“, hasi hadi gainera karneta erakusten. Benga, Eneko, egiek errieta hire bat, bi edo hiru lagun zaborturista horiei eta udaltzainei aitortu errauskailuaren kea zigarretarekin alderatzean bezalatsu pittin bat esajeratu egin duala, ea Usurbildik bezala Hernanitik bakean joan gaitezkeen gure betiko Parte Zahar maitia ederrera hurrengo ostiral ilunabarrez.
Argia ez al zen euskarazko astekaria? Hau ulertzeko espainolez jakin behar… eta, Pellok erdaraz egiten al du udaltzainekin?
Bai, gaztelaniaz ateratzen zait lehen hitza Donostian ia beti. Aginagako ume baserritar haren konplexua ezin gainditu.