Euskararen eta zaborren kudeaketak
Bizkaian eraiki duten TMBak hondakinen kudeaketari dakarkionaz ari zen Bizkaiko zaborren formula kronika. Horrek euskararen erabilerarekin eduki ditzakeen parekotasunez M.E.k ondoren doazen lerrook bidali dizkit, talkual utzi ditudanak.
“Honek denak hizkuntzaren (euskararen) erabilerarekin gero eta antz handiagoa dauka. Esan nahi dudana da, gizartean zabaldu den mezua edo diskurtsoa dela norbanakook ez dugula ahalegin edo esfortzurik txikiena ere egin behar gizartearen onerako. Administrazioak, eskolak, euskara elkarteek, kanpoko horiek denak, azken batean, konponduko dutela ‘arazoa’, nik aparteko lanik egin gabe (horretarako pagatzen dugu: bazkidetza, harpidetza, Korrikako kilometroa,,…).
Guretzako aurrekoek zer egin zuten? (ikastolak antolatu, euskarazko komunikabideak sortu, euskara ikasteko gaueskolak,…). Bueno… haien egitekoa izango zen, gustoz egingo zuten, oso egoera larrian zegoelako dena… baina orain ez dago ‘arriskurik’.
Eta guk ondorengoei zer utziko diegun? Bueno, saiatzen gara gure seme-alabek ikasi dezaten, eta horretarako administrazioari exijitzen ikastola txukunak izatea; Udaletxean ere egon daitezela langile euskaldunak ni atenditzeko, eta Kutxan ere bai. Zer esanik ez tabernan, barran dagoenak ulertu dezala nik bi ardo eta zuritoa eskatzen dudanerako,… baina nik neronek koadrilan, kirol taldean, elkartean, etxean,… euskaraz egiteko ahalegina egin behar dudala? Uff! Hori konplikatua da, ohitura,… gure arteko harremanak txartuko ditu,… deserosoa da,… eta zein naiz ni ondokoari esateko euskaraz egin behar dugula? Eta, gainera, horrek halako garrantzia al dauka?
Bueno, ba horixe, konpromiso eta ardura gehiago hartzean dagoela hemen ‘gakoa’. Eta hori mentalitate aldaketa handia da; komunitatearentzako zerbait egiteko neronen jokabidea aldatzea eskatzen du, neronetik zerbait jartzea (dirua ez den beste zerbait)…
Baina, edo norabide horretan jartzen gara edo inpas egoera honetatik ez dugu aurrera egingo.
Eta nola egiten da hau hizkuntzaren kasuan? Pleno erabaki batek ez du balio, ezta? Horri bueltaka aritu ginen atzo euskara dela eta herrian antolatu nahiko genukeen ‘zerbaiti’ begira. Barkatu txapa, baina gero eta lotuago ikusten ditut kontu hauek guztiak”.
Ez da, ez, txapa inondik.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks