‘Foray 48B’ pinuentzat… eta guztiontzat
Foray 48B ari zen zabaltzen abioneta bat Irungo mendietan urriaren 11an, goi tentsioko kable bat jo eta doi-doi iritsi zenean Hondarribiko aireporturaino. Intsinis pinua Prozesionario (Thaumetopoea pityocampa) deitu harrak kutsatu duenez, hura sendatzeko asmoz Gipuzkoako mendiak eta bide batez haietako zein inguruetako baserri, sagasti, belaze, etxadi, erreka eta jendeak igurtzi dituzte Foray 48Bz.
Hemerotekan erreparatuz gero, duela lau hilabeteko kroniketako batzuek –Noticias de Gipuzkoako honek, esaterako– aipatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Landa Garapen departamenduaren aginduz mendietan egindako fumigazioen kontra protesta egin zuela Eguzki ekologi taldeak. Eguzki kexu zen ordurako Gipuzkoan agintzen urte eta erdi zeramatzan Bilduko agintarien jokabideaz. Elgoibarko Okil Beltzak elkartekoek protesta egiteaz gain bideoz erakutsi zuten abioneta fumigatzen.
Hain txarra ote da hegazkinetatik Gipuzkoa gainean lurrindutako produktua? Wikipediak dio Foray 48B dela “intsektizida bat Valent BioSciences-ek ekoiztua usatzen dena basogintzan era berezituan [‘selectively’] hiltzeko Lepidopteroen ordenako xomorroak (sits eta tximeletak) larba direnean. Bere osagai aktiboa da Bacillus thuringiensis var kurstaki (Btk)”.
Nekazaritza ekologikoan Bacillus thuringiensis onartuta dagoela dio Wikipediak: “Espezifikoak direnez, jotzen da pestizidok ingurumenarentzako ez direla kaltegarriak [‘environmentally friendly’ direla, alegia], eragin gutxi edo batere ez dutela gizakietan, bizi basatian, polinizatzaileetan eta gainerako intsektu onuragarrietan, eta Nekazaritza ekologikoan usatzen dira”. Hobea seguru lehen Gipuzkoa gainean lurruntzen zuten Dimilin hura baino.
Intsektizida eta kalterik gabea? Oximorona honela azaldu dute Andoaingo Eguzkikoek euskaraz: “Foray 48B Plagizidaren osagai aktiboa turigiensis Bacillusa da, nekazaritza ekologikoan erabiltzen den bakteria izan arren, tratamendu oso lokalizatuetan eta fruta arboletan erabiltzen da soilik. Plagizidaren arriskua fumigazio aereo masiboan dago, inongo diskriminaziorik gabe, iturburuak, errekak, haztegiak, flora eta fauna espezie basati ugariri eragiten diona: habitataren bioaniztasuna edo fumigatua izan den eremuari eragiten dio. Kanadan (http://www.sensociety.org/?q=nospray1) ekologisten, udalerrien, erlezainen eta nekazarien kexa handien ondoren, gobernuak gelditu egin ditu airetiko Foray 48B pestizida fumigatzeak, preziski gaur egun Foru aldundiak Gipuzkoan erabili nahi dituenak”.
Arazoaren iturria edozein herritarren begien bistan dago, Gipuzkoako (eta oro har pinuz betetako Hego Euskal Herriko) bazter orotan: intsinis pinuek agerian dauzkate harren habiak, izurritearen zorne-poltsa nabarmenak. Aspaldi nagusitu zen pinua parajeotan, baina aspalditik da jakina ere lehenago harragatik eta orain gainera beste gaixotasunengatik etorkizunik gabeko basoak direla. Hala eta guztiz ere, instituzioek segitu dute pinu horren landaketa eragotzi ordez sustatzen.
Ororen buru, lurjabe batzuek pinuak landatzen dituzte -beste batean aipatzeko utz dezagun eukaliptuen moda berria- jakinik Prozesionarioa edukiko dutela. Eta baso-jabeek errentagarritasuna eduki dezaten, baimentzen zaie kosteak externalizatzea: ekonomikoak, ekologikoak eta orain baita osasunezkoak ere. Zu zure pinuekin tematu eta Foray 48B denontzat. Azkenean Bilduk gobernatzen duen Aldundiaren atarian naturzaleak eta ekologistak pankartarekin azaltzera iritsi arte. Ez da hain erreza, antza, nekazaritza industrialak ezarritako errutinak erauztea, edo urte luzez antolatutako interes sare batzuk indargabetzea.
Izan ARGIAko bazkide: Astekariko harpidedun edo webgunearen laguntzaile.
Azken azkenean ematen duzu arazoaren arrazoiarekin bete betean nire ustez.Urte luzeetako nekazal industriak antolatutako interes sareak indargabetzea ez da hain erraza. Oso ondo ikusten dut Aldundiaren atarian protestak egitea, eta Bilduk ere barne kritika izatea, instituzioetan beharrezkoa dela esango nuke gainera, baina eztabaida guneetatik, ekarpena egin daitekeen guneetatik aldentzea ez da zuzena, hor behar ditugu eta eztabaida eta kritika egingo duteen talde naturzaleak beharrezkoak ditugu gauzak aldatuko badira.
Izan ere, kritika orain lehertu da ez direlako behar bezala egin egin beharrekoak eztabaidagune eta erabakiguneetan. Bestalde, zer alderdi politiko da gaur egun gauza ekologisten eta naturazaleen eskaerak eta ikuspegiak taxuz defendatzeko Batzar Nagusietan edo Legebiltzarrean?
Baaa… arlo honetan Bildu gaizki egiten ibiliko da, baina zaborren edo kanpo portuaren gaiarekin egiten ari den lana txalogarria iruditzen zait, ikuspegi ekologista batetik. Eta egurra ari da jasotzen lan horregatik!
Legebiltzarrean ekologia zainduko duen alderdi bat aukeratu beharko banu, Bildu aukeratuko nuke. Eta kritikatu behar denean kritikatu, eta txalotu behar denean txalotu eta lagundu.
Ados, oro har, baina talde ekologisten kritika ez da Aldundiaren ingurumen-politka osoaren kontrakoa izan, naturaren kontserbazioari arloaren kontrakoa izan da (EFEk esandakoa gorabehera). Ez dugu hondakin-politikaren kontra, esaterako, kritika-ixpi txikiena ere egin. Gure blogean duzu dokumentazioa: naturkon.blogspot.com.es