Eltzegor – Ebihotz – 1979-6-3an
Joxemi Zumalabe hil zela 20 urte bete zirelarik, 2013ko urtarrilaren 11n Andoainen antolatu zen ekitaldirako Juanba Berasategik Gladys del Estal animaziozko film laburra prestatu zuen, Zumalabek ARGIA astekarirako egindako irudietako batzuk biziaraziz Eltzegorren 1979-6-3an kantaren hotsen gainean.
Entzun Vimeon
1979-6-3an titulua dakarrena Eltzegor taldeak 1984an plazaratutako Ebihotz diskoan dator. Urte luzez taldeko pianojolea izan zen Jakes Etxeberriak musikatu zituen Joxemi Zumalabek Gladys del Estal militante ekologistari idatzitakoak.
Euskarazko Wikipedian irakur daitekeenez “Gladys del Estal Ferreño (Venezuela, 1956 – Tutera, Nafarroa, 1979ko ekainaren 3a) informatika programatzaile eta ekintzaile ekologista bat izan zen, Guardia Zibilak Tuteran egiten ari zen protesta antinuklear batean erail zuena. Euskal herritar gurasoengandik Venezuelan jaioa, Euskal Herrian bizi zen lau urte zituenez geroztik. Donostia hiriko Egiako Kolektibo Ekologista taldeko kidea zen”.
Aurrerago Wikipediak zehazten du nola hil zuten militante gaztea: “1979ko ekainaren 3an, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunean, José Martínez Salas guardia zibilak Gladys tiroz erail zuen, Nafarroako Tutera hirian.Protesta antimilitarista eta ekologistako ekitaldi batean parte hartzen ari zen Gladys. Bardeetako tiro eremuaren aurka, energia nuklearraren aurka eta Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntza geldiaraztearren eginiko ekitaldi hura erreprimitu zuten indar armatuetako kide batek hil zuen, bertatik bertara tiro eginda. Lekukoek diotenez, José Martínez Salasek «tía buena» esan zion Gladysi, hark «hijo de puta» erantzun zion, eta orduan Josék bere armaren kulatarekin jo zuen; Gladys lurrera erori zen, eta, altxatzen ari zela, Martínez Salasek tiro egin zion buruan. Tiroa garondotik sartu eta sudurretik atera zitzaion. Gladys ospitalera eraman zuten, larri zaurituta, eta laster hil zen”.
Hona kantuaren hitzak:
Hik maite hitunen landare eta loreak
Hazi daitezela
Eta beren hosto tartean
Estutu hiltzaileen
Birika madarikatuak
Akatu arte.
Hire eguzkia malkotan ikusi dinat
Negar malkoek ez bait lituzkete
Itoko hire heriotza
Lortu dutenen eztarriak
Eta beren hosto tartean…
Ebihotz
01 – 1979/1/13an eta 1980. urtean
02 – 1973. urtean
03 – 1979/06/03an
04 – Kanta dezagun
05 – 1976. urtean
06 – 1980/03/26an
07 – Hil ez da deus hiltzen
08 – Agurra
ELTZEGOR taldea
Jakes Etxeberria, donibandarra
Juantxo Garzia, urruñarra
Joxe Mari Ostolaza, donostiarra
Marko Josie, donibandarra
Benito Zubeldia, donibandarra
Fernando Unsain, beasaindarra
Joan Mari Beltran: Dultziñak, txistuak eta klarinetea
Markox Juaristi: Baxua
Iñaki Peña: Akordeoia
Nelly Agirre: Biolontxeloa
J.M. Txilibeia: Klarinetea
Esker anaikorrenak Ramontxo Sagarzazu eta Baigorriko Gaiteroei – Bettiri bereziki- eskainitako laguntzagatik
Grabaketak, argitaratzaile, banatzaile: IZ
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks